Agatha Christie
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Agatha Christie, jaiotzaz Agatha Mary Clarissa Miller Christie Mallowan, ( Torquay, Devon, Ingalaterra, 1890eko irailaren 15a – Wallingford, Oxfordshire, Ingalaterra, 1976ko urtarrilaren 12a) idazle britainiarra zen, 66 misterio eta hilketa-eleberri idatzi zituelako ezaguna.[1] Horregatik Hilketen Erregina deitzen zioten. Hercule Poirot eta Miss Marple pertsonaiak sortu zituen, biak detektibeak, bata profesionala eta bestea zalea, hainbat eleberritan agertzen direnak.
Eleberriez gain, ipuin labur eta antzezlanak ere idatzi zituen. Mary Westmacott goitizenarekin amodiozko eleberriak argitaratu zituen.[2]
Guinness Errekorren Liburuak liburu gehien saldu duen garai guztietako idazletzat dauka, eta William Shakespearekin batera, literaturaren arlo guztietan gehien saldu duen idazletzat.[3] Bibliak bakarrik gainditu du bere liburuen salmenta eta gaur egun munduan gehien itzultzen den egilea da. Bere eleberriak gutxienez 103 hizkuntza ingurura itzuli dira.
The mousetrap (hots, "sagu-tranpa", gaztelaniaz La ratonera izenburua duena) antzezlanak denbora gehien irautearen errekorra du munduan. 1952ko azaroaren 25ean estreinatu zen Londresen, eta 2018an taularatzen jarraitzen dute, 23.000 ekitaldiren ondoren.[4] Antzezlan hau euskaraz ere egin da.
Bere liburu eta ipuin gehienak zinera eraman izan dira; horietako batzuk, behin baino gehiagotan (Murder on the Orient Express, Death on the Nile eta 4.50 From Paddington). Bestalde, telebista, irrati, bideojoko eta komikietara ere egokitu izan dira.
Autobiografia bat ere idatzi zuen.
Eduki-taula
Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Agatha Mary Clarissa Miller 1890eko irailaren 15ean jaio zen Torquayen (Devon, Ingalaterra). Bere aita Frederick Alvah Miller Estatu Batuetako burtsaren artekaria zen, eta ama, Clarissa Margaret Boehmer, Britaniar Armadako kapitain baten alaba. Azken hau, bere izeba batekin, amaren ahizparekin, bizitzera bidali zuten zeina amerikar aberats baten bigarren emaztea zen. Margaretek bertan ezagutu zuen Agatharen aita, bere aitaordearen semea baitzen, eta ezkondu egin ziren. Aitak estatubatuar naziotasuna izan arren, Agathak ez zuen inoiz herritartasun bikoitzik eskatu.
Hiru senideetan gazteena izan zen; Margaret Frary Miller (1879 – 1950), Madge deitua, bera baino hamaika urte zaharragoa eta Louis Montant Miller (1880 – 1929), Monty deiturikoa, hamar urte zaharragoa. Gurasoek ikasketak etxean egitea nahi izan zuten[5] eta irakurri, idatzi eta matematika ikasteaz gain zenbait musika istrumentu jotzen ere ikasi zuen[6]. Ama izan zen gainera txikitatik idaztera bultzatu zuena. Agathak hamaika urte zituenean aita hil zitzaion, bere haurtzaroari amaiera emanez. Hamasei urte egin zituenean, Parisko eskola batera joan zen eta bertan abesten, dantzan eta pianoa jotzen ikasi zuen.[6]
Literaturan hasierak eta Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztaroan zenbait istorio eta nobela bat idatzi zituen baina ez zuen arrakasta handirik izan.[6]
Bere lehen ezkontza, batere zoriontsua izan ez zena, 1914ko Eguberri Egunaren bezperan izan zen Archibald Christie koronelarekin, Royal Flying Corpseko abiadorea.[2] Bikoteak alaba bat izan zuen, Rosalind Hicks.
Lehen Mundu Gerran Agathak ospitale batean egin zuen lan eta ondoren, farmazia batean, senarra Frantziara bidali zuten urteetan.[7] Lanpostu horiek bere lanean eragina izan zuten, bere eleberrietako hilketa asko pozoinen bidez gauzatzen baitira.[2] Archie 1918ko irailean itzuli zuten Britainia Handiara, Aire ministerioan koronel gisa eta biak Londresera joan ziren bizitzera.[6]
Wilkie Collinsen The Lady in White eta Ilargi-harriak eta Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen lehen istorioak irakurri ondoren, Christie detektibe-istorioen jarraitzaile bihurtu zen. Horrela 1920an bere lehen istorio detektiboa idatzi zuen Stylesko gertaera misteriotsua izenekoa, non Hercule Poirot detektibea aurkeztu zuen, Belgikako alemaniarren inbasioaren ostean Britainia Handian errefuxiatu zen belgikar polizia ofizial ohia bezala irudikatua, bere «bibote bikain» eta arrautza itxurako buruagatik ezaguna.[6]
Eleberria sei argitaletxek bota zuten atzera eta, azkenik, The Bodley Head etxeak kaleratu zuen amaiera aldatzearen baldintzapean.[8] Gerra amaiera aldera, Archiek Royal Air Force utzi zuen eta Londreseko finantza sistema lanean hasi zen nahiko soldata baxuarekin.[6]
Christieren bigarren eleberriak, The Secret Adversary (1922), The Bodley Headek argitaratua, detektibe pare berria ekarri zuen Tommy eta Tuppence Beresford. Hirugarrenak, The Murder on the Links (1923), Poirot berreskuratu zuen. Bikoteak 1919an jaiotako bere alaba Rosalind Agatharen ama eta arreba batekin utzi zuen, Hegoafrika, Australia, Zeelanda Berria eta Hawaiira bidaiatzeko, British Empire Erakusketa sustatzeko helburuarekin.[9] Waikikin surfean ibili ziren lehen britaniarretakoak izan ziren.[10][1]
Desagerpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1926. urtearen bukaeran Archie Christiek beste emakume bat, Nancy Neele, maite zuela aitortu eta dibortzioa eskatu zuen. Urte horretako abenduaren 3an bikotearen liskar baten ondorioz Agatha hamar egunez desagertu zen, Sunningdalen (Berkshire) zegoen bitartean. Gertakariak zalaparta handia sortu zuen garaiko prentsan.
Bere autoa Newland's Cornereko (Surrey) harrobi batean aurkitu zuten abandonatuta. Azkenean, Agatha Christie Harrogateko hotel batean aurkitu zuten, Swan Hydropathicen (gaur egungo Old Swan Hotel), bere senarrak engainatu zuen emakumearen izenpean.[2] Agathak ez zuen bere desagerpenari buruzko azalpenik eman nahi izan. Medikuek amnesia zuela esan zuten arren, jendearen artean zurrumurru desberdinak zebiltzan. Batzuek pentsatzen zuten urte hasieran bere ama hil izanaren eta senarrak izandako desleialtasunak eragindako nerbio krisialdiaren ondorioa zela; beste batzuek, ordea, publizitatea lortzeko trikimailu bat zela esaten zuten. Bere senarrarengan mendekua hartu nahi zuela ere esaten zen, poliziak bera hil zuela pentsatzeko muntatu zuela desagerpenaren kontu guztia.
1928an dibortziatu egin ziren.
Bigarren ezkontza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1930ean Max Mallowan arkeologoarekin ezkondu zen, bera baino hamalau urte gazteagoa zena.[1] Ekialde Hurbilera egin zituen bidaietara lagundu zion, eta lurralde horiek, gero, bere eleberri batzuen eszenatokia izan ziren. Hasieran zoriontsuak izan ziren, baina urteak pasa ahala garraztu egin zen harremana Mallowanen etengabeko abenturak zirela eta. 1977an, Agatharen heriotzaren hurrengo urtean, Barbara Parkerekin ezkondu zen Mallowan.
1961ean Exeterko Unibertsitateak honoris causa titulua eman zion, eta 1971n Britaniar Inperioko Dama izendatu zuten. Hau, garai hartan oso gutxitan ematen zuten noblezia titulua da.[2]
1971tik aurrera osasun arazoak izaten hasi bazen ere, idazten jarraitu zuen. 1975ean, gero eta ahulago somatzen zuenez bere burua, Agathak bere antzezlan arrakastatsuenaren (The Mousetrap) eskubideak eman zizkion bere bilobari. Azkenean, 1976ko urtarrilaren 12an hil zen, 85 urte zituela, arrazoi naturalengatik, bere Winterbrookeko etxean. Cholseyn izan zen lurperatua.
Idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Agatha Christieren liburu gehienak "whodunit" estiloan garatuta daude, hau da, irakurleak hiltzailea zein den asmatu behar du eta horretarako idazleak aztarna desberdinak emango dizkio istorioan zehar. Ingalaterrako gizarte klase ertain eta altuaren ingurugiroan kokatuta daude.
Detektibeak hilketa batekin topo egingo du, eta hortik aurrera susmagarri guztiak banan-bana itaundu, hilketa gertatu den eszenatokia aztertu eta aztarna guztiak zerrendatuko ditu, irakurleari bere kabuz guztia analizatu eta misterioa argitzeko aukera justu bat emanez. Bat-batean, istorioaren erdialde edo bukaera aldera susmagarrietako bat hil egingo da, seguruenik hiltzailearen identitatea jakin duelako eta honek isilarazi egin nahi izan duelako. Azkenik, detektibeak susmagarri guztiak bildu eta pixkanaka guztia azaltzen joango da, bidean hilketarekin lotuta ez dauden baina misterioa argitzen lagunduko duten susmagarrien sekretuak kontatuz.
Hilketak oso burutsuak izango dira kasu batzuetan, iruzur eta amarruz josiak. Agatha Christieren eleberriek, gainera, atmosfera estu eta suspense psikologiko handia izatearen ospea dute.
Birritan gertatu da hiltzailea istorioaren narratzailea bera izatea, eta lau aldiz utzi dio justiziaren eskuetatik ihes egiten (horietatik hirutan, gainera, delitua inplizituki onetsi egiten zuen).
Bere obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Obra euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Monsieur Poiroten ikerpenak (Txertoa argitaletxea, 1989)
- Hamar beltx (Txertoa argitaletxea, 1990; 2005ean Igela argitaletxeak euskarazko itzulpen eguneratua argitaratu zuen, Eta ez zen alerik ere geratu izenburupean)
- Gizon Mantsoa (Hiria argitaletxea, 2004)
- Orient-Expresseko Hilketa (Igela argitaletxea, 2004)
- Roger Ackroyden Hilketa (Igela argitaletxea, 2004)
- Eta ez zen alerik ere geratu (Igela argitaletxea, 2005; Txertoa argitaletxeak 1990ean Hamar beltx izenburupean argitaratuta zeukan nobelaren euskaratze eguneratua da)
- Heriotza Nilo ibaian (Igela argitaletxea, 2006)
- Katua Usategian (Igela argitaletxea, 2006)
- Bikarioetxeko Hilketa (Igela argitaletxea, 2008)
- Hilketa lokartua (Igela argitaletxea, 2008)
- Stylesko gertaera misteriotsua (Igela argitaletxea, 2010)
- Bost txerrikume (Igela argitaletxea, 2018)
- Etxe Bihurria (Igela argitaletxea, 2018)
Inspirazio-iturri suertatu zitzaizkion toki erreal batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Abney Hall[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Abney Hall 1847an eraikitako viktoriar estiloko mantsio bat da, Manchester hiriaren aldirietan kokatua. Gaur egun erakunde publiko baten bulegoak hartzen baditu ere, etxe honek izandako azken jabe pribatua, James Watts, Agatha Christieren koinatua izan zen. Horrela, ba, Agatha Christiek maiz egin izan zituen bisitak bere ahizpa eta koinatuarena zen etxe honetara, eta bertan zegoela bere bi obra idatzi zituen: After the Funeral eleberria eta The Adventure of the Christmas Pudding istorio laburra. Halaber, Agatha Christie mantsio honetan inspiratu zen "Chimneys" izeneko landa-etxea irudikatzeko. Landa-etxe hori The Secret of Chimneys eta The Seven Dials Mistery eleberrietan agerrarazten du.
Burgh Island[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Burgh Island itsasgorako uharte bat da (alegia, itsasgora denean urpean geratzen den hondartza baten bidez lotua dago lur nagusira eta, beraz, soilik itsasgora denean bihurtzen da uharte), Ingalaterrako Devon konderriaren hegoaldeko kostan dagoena, Bigbury on Sea herritik hurbil, lur nagusitik 250 metrora. Gaur egun, uhartean zenbait eraikin daude; horietatik handiena, Art Déco estiloko Burgh Island Hotel deritzona.
Uharte honetan inspiratu zen Agatha Christie Eta ez zen alerik ere geratu nobela (ingelesez, And Then There Were None) eta Evil Under The Sun nobela idazteko.
Obra guztiak, kronologikoki zerrendatuta[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jatorrizko hizkuntzan argitaratu zen urtea eta jatorrizko izenburua (ingelesez)
Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1920: The Mysterious Affair at Styles (Stylesko gertaera misteriotsua)
- 1922: The Secret Adversary
- 1923: The Murder on the Links
- 1924: The Man in the Brown Suit
- 1925: The Secret of Chimneys
- 1926: The Murder of Roger Ackroyd (Roger Ackroyden Hilketa)
- 1927: The Big Four
- 1928: The Mystery of the Blue Train
- 1929: The Seven Dials Mystery
- 1930: The Murder at the Vicarage (Bikarioetxeko Hilketa)
- 1931: The Sittaford Mystery
- 1932: Peril at End House
- 1933: Lord Edgware Dies
- 1934: Murder on the Orient Express (Orient-Expresseko Hilketa)
- 1934: Why Didn't They Ask Evans?
- 1935: Three Act Tragedy
- 1935: Death in the Clouds
- 1936: The A.B.C. Murders
- 1936: Murder in Mesopotamia
- 1936: Cards on the Table
- 1937: Dumb Witness
- 1937: Death on the Nile (Heriotza Nilo ibaian)
- 1938: Appointment with Death
- 1938: Hercule Poirot's Christmas
- 1939: Murder is Easy
- 1939: And Then There Were None (Eta ez zen alerik ere geratu) edo Ten Little Niggers (Hamar beltx)
- 1940: Sad Cypress
- 1940: One, Two, Buckle My Shoe
- 1941: Evil Under the Sun
- 1941: N or M?
- 1942: The Body in the Library
- 1942: Five Little Pigs (Bost txerrikume)
- 1942: The Moving Finger
- 1944: Towards Zero
- 1944: Death Comes as the End
- 1945: Sparkling Cyanide
- 1946: The Hollow
- 1948: Taken at the Flood
- 1949: Crooked House (Etxe Bihurria)
- 1950: A Murder is Announced
- 1951: They Came to Baghdad
- 1952: Mrs McGinty's Dead
- 1952: They Do It with Mirrors
- 1953: After the Funeral
- 1953: A Pocket Full of Rye
- 1954: Destination Unknown
- 1955: Hickory Dickory Dock
- 1956: Dead Man's Folly
- 1957: 4.50 from Paddington
- 1958: Ordeal by Innocence
- 1959: Cat Among the Pigeons (Katua Usategian)
- 1961: The Pale Horse
- 1962: The Mirror Crack'd from Side to Side
- 1963: The Clocks
- 1964: A Caribbean Mystery
- 1965: At Bertram's Hotel
- 1966: Third Girl
- 1967: Endless Night
- 1968: By the Pricking of My Thumbs
- 1969: Hallowe'en Party
- 1970: Passenger to Frankfurt
- 1971: Nemesis
- 1972: Elephants Can Remember
- 1973: Postern of Fate
- 1975: Curtain
- 1976: Sleeping Murder (Hilketa lokartua)
Ipuin laburrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1924: Poirot Investigates
- 1929: Partners in Crime
- 1930: The Mysterious Mr. Quin
- 1932: The Thirteen Problems
- 1933: The Hound of Death
- 1934: The Listerdale Mystery
- 1934: Parker Pyne Investigates
- 1937: Murder in the Mews
- 1939: The Regatta Mystery and Other Stories
- 1947: The Labours of Hercules
- 1948: The Witness for the Prosecution and Other Stories
- 1950: Three Blind Mice and Other Stories
- 1951: The Under Dog and Other Stories
- 1960: The Adventure of the Christmas Pudding
- 1961: Double Sin and Other Stories
- 1971: The Golden Ball and Other Stories
- 1974: Poirot's Early Cases
- 1979: Miss Marple's Final Cases and Two Other Stories
- 1991: Problem at Pollensa Bay and Other Stories
- 1997: The Harlequin Tea Set
- 1997: While the Light Lasts and Other Stories
Mary Westmacott izenpean idatziriko eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1930: Giant's Bread
- 1934: Unfinished Portrait
- 1944: Absent in the Spring
- 1948: The Rose and the Yew Tree
- 1952: A Daughter's a Daughter
- 1956: The Burden
Antzezlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1930: Black Coffee
- 1943: And Then There Were None
- 1945: Appointment with Death
- 1946: Murder on the Nile/Hidden Horizon
- 1951: The Hollow
- 1952: The Mousetrap
- 1953: Witness for the Prosecution
- 1954: Spider's Web
- 1956: A Daughter's a Daughter (1930. hamarkadan idatzia)
- 1958: Verdict
- 1958: The Unexpected Guest
- 1960: Go Back for Murder
- 1962: Rule of Three
- 1972: Fiddler's Three
- 1973: Akhnaton (1937an idatzia)
- 2003: Chimneys (1931ean idatzia)
Ez-fikzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irratirako obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1937: The Yellow Iris
- 1947: Three Blind Mice
- 1948: Butter In a Lordly Dish
- 1954: Personal Call
Telebistarako obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1937: Wasp's Nest
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c «Agatha Christie Lehenetarikoa Europan surf egiten - GARA» gara.naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-18 .
- ↑ a b c d e «Agatha Christie, misterioaren dama» www.ikasbil.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-18 .
- ↑ Libro Guinness de los Récords 210. orrialdea .
- ↑ (Ingelesez) «The History» The Mousetrap . Noiz kontsultatua: 2019-01-18 .
- ↑ (Gaztelaniaz) Brecha Editorial H. Alfaro. 254-265 zk. .
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Morgan, Janet (1986) Agatha Christie Barcelona: Ultramar ISBN 978-8473864022 .
- ↑ «Archie Christie» www.poirot.us . Noiz kontsultatua: 2019-02-01 .
- ↑ «Agatha's Life» www.poirot.us . Noiz kontsultatua: 2019-02-08 .
- ↑ (Ingelesez) Jones, Sam; agencies (2011-07-29) «Agatha Christie's surfing secret revealed» The Guardian ISSN 0261-3077 . Noiz kontsultatua: 2019-02-08 .
- ↑ (Ingelesez) Agatha Christie 'one of Britain's first stand-up surfers' 2011-07-29 ISSN 0307-1235 . Noiz kontsultatua: 2019-02-08 .
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agatha Christie ![]() |