Mila gau eta bat gehiago

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mila gau eta bat gehiago

Mila gau eta bat gehiago (كتاب ألف ليلة وليلة arabieraz eta Alf leyla wa-leyla; edo هزار و یک شب persieraz) Ekialde Ertaineko ipuin arabiar sorta bat da, istorio baten barnean istorio asko biltzen dituena. Hazâr Afsâna (mila kondairak, هزارافسانه persieraz) izeneko liburu bat dago muinean. Antza denez, Abu abd-Allah Muhammed el-Gahshigar ipuin kontalariak bildu eta itzuli zituen arabierara istorio hauek IX. mendean. Xerezaderi buruzko istorioa XIV. mendean gehitu omen zen.

Zirrara handia sortu zuen mendebaldean XIX. mendean. Garai hartan metropoliek espedizioak eta kultura exotikoei eta geografiari buruzko ikerketak bultzatzen zituzten. Benetan 1704an itzuli zen lehen aldiz Mila gau eta bat gehiago, baina urte horretan argitaratutako frantsesezko bertsioa moldaketa bat zen, Antoine Galland-ek egina, liburuan ugari diren adulteriorik eta gertaera odoltsurik gabea. Richard Francis Burton diplomatiko, militar, esploratzaile eta afrikar kulturan adituak egindako itzulpenak arrakasta handia izan zuen.

Hiru kontakizun multzo ditu, India, Persia eta Egipto alegiazko ikuspuntu distortsionatu batetik islatzen dituztenak. 800 urte aldera, ahoz aho eta eskuizkribuen bidez transmititutako ipuinak ziklotan antolatu ziren. Historia gehienak Persia (gaur egungo Iran), Irak, Afganistan, Tajikistan eta Uzbekistango tradiziotik jasoak direla uste da, gerora konpilatu eta beste egile batzuen istorioekin elkartuz.

Obraren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mila gau eta bat gehiago ipuin-bilduma arabiarra da: moldeko lanok oso ohikoak izaten dira bai mundu arabiarrean, bai mendebaldean - ziur aski, lehenengoaren eraginez. Horrela, bada, oinarrizko gertabide-hari bat dago, non ehunka ikontakizun txertatzen diren. Askotan, ipuin baten barruan beste bat edo beste batzuk aurki daitezke, elkarri lotuta. Liburuaren hasieran, Shanriar izeneko sultanak emazteak eta neskameek morroiekin harreman sexualak eduki dituztela konturatu denez, emakume guztiak berdinak direla ondorioztatu du Horrenbestez, erabaki bat hartu du: gauero neska batekin ezkondu eta goizaldean hiltzea emakumeen berezko desleialtasuna saihestu nahian. Horretan hasi da, beraz, baina Xerezade bisirren alaba agertu zaio bizitza salbatzeko eta, bide batez, heriotza horiek guztiak amaitzeko asmotan: sultanarekin ezkondu eta gauero berarekin larrua jo ondoren, goizak moztuko duen ipuin luze bat kontatuko dio jakingurak jotako Shanriarrek hurrengo gauera arte itxaron dezan. Gazte ederrak behin eta berriro errepikatuko du gauza bera, arrakastatsu, eta sultanak bizirik uztea onartuko du mila gauren buruan. Xerezadek kontatutako istorioek, gainera, askotariko narrazioak ere gordeko dituzte: alegiak, umoristikoak, erotikoak, maitasunezkoak, poetikoak... Alabaina, denek daukate ezaugarri bat komunean, hain zuzen ere, osogai fantastikoak (izpirituak, mamuak, munstroak eta sorginak, besteak beste).

Azkenik Shanriarrek Xerezaderi bizitza barkatu zion.

Egilearen arazoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egilearen anonimotasunari begira, urtetan eutsi zaio iritzi erromantikoari. zeinaren arabera liburuak ez du autore bakarra izan. Izan ere, ahoz aho transmititu eta jaso izan delako dauzka horrenbeste aldaketa eta elementu berri. Horiek horrela, denboraren joanean, idazle ugariren jardunari zor zaio Mila gau eta bat gehiago gaurdaino heldu izana. Liburuaren egitura irekiak berak ahalbideratuko luke horrelako prozesua. Beste eguneko hipotesi batzuek, ostera, hasierako testugile bat edo batzuk proposatu dituzte eta, ondorioz, zenbait izen ere bai, behintzat, hasierako zirriborrorako. Esaterako, René R. Khawamek [1] jazoera askoren oinarri herrikoia onartu eta oso idazki landuak ikusi ditu ahoz-ahozko jatorriari bete-betean baietza ematearren, oso ondo idatzita daude eta. Hots, bildumaren garaia eta lehenengo eskuizkribuaren data nahiko hurbilak izateak egile baten lanaren gaineko teoria ziurtatuko luke. Oraindik orain, beraz, eztabaida irekia da.

Eskuizkribuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alf Leyla (Mila gau) bilduma, 850 urtean dago datatuta, Persian egindako beste bilduma baten itzulpena izan zen, Hazar Afsanah (Mila kondaira) izenekoa; azken honen jatorria Indian egon zitekeen. Geroztik beste eskuizkribu asko ezagutu dira eta horietako batzuk Vaticanon, Bartzelonan, Madrilen, Parisen, Istanbulen...

Parisen gordetzen den XIV. mendeko eskuizkribu siriarra.

Edizio ezagunenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Antoine Galland (1646-1715). Europan egin zen lehen edizioa, Les Mille et une nuits, contes árabes traduits en français izenburupean. Lehenengo liburukia 1704an agertu zen eta azkena 1717an. Modu batez edizio honek tradizio bat ireki zuen: liburuan pasarte gordinak, erotikoak eta odoltsuak ugariak dira eta horietako asko Gallandek ezabatu zituen. Edizio honek arrakasta handia izan zuen eta idazleak, publikoari asetzeko asmoz, jatorrizko bilduman ez zeuden ipuinak sartu zituen, bestean beste, Simbadenak, liburu hau baino zaharragoak direnak, Aladino eta kriseilu miragarriarena e.a. Osoan hamabi liburuki argitaratu zituen. Edizio hau oso plagiatuta izan zen Europa osoan eta, ondorioz, gaur egun liburuaren inguruan zabalduta dauden oker asko edizio horren ondorioak izan dira. Dena dela, Gallanden edizioak balore handia izan zuen ezen liburu honen ospea zabaldu baitzuen.
  • Francis Burton (1821-1890). Aurrekoa baino fidegarriagoa, behintzat ez zuen Gallanden puritanismoa erakutsi (garaiak desberdinak ziren). Edizio hau ingelesez eta hamasei liburukietan 1885tik 1888raino agertu zen.
  • Boulaq edizioa (Boulaq Egiptoko herri bat da). Hau Kairon agertu zen, 1835an. Antza denez edizio horren egileak unibertsitate islamikoaren klerigoen presiopean lan egin zuen eta horregatik, aintzinako bertsioak erabili beharrean, beste berriagoak erabili zituen, berriagoak eta doktrinaren ikuspuntutik egokiagoak. Edizio hau izan da arabiar munduan gehien zabaldu dena.
  • J. C. Mardrus idazlearen edizioa frantsesez agertu zen eta, antza, ausartagoa zen. Edizio hau 1899tik 1904ra kaleratu zen.
  • Max Henningek (1861-1927) alemanierazko edizioa egin zuen, 1895-1897 urtetan kaleratuta.
  • Rafael Cansinos Assens (Sevilla, 1882-Madril, 1964) gaztelaniazko edizio bat kaleratu zuen 1954an. Ez zen izan gaztelaniazko argitaratutako lehendabizikoa baina honek berezitasun batzuk zituen: arabieratik zuzenean eratorria zen eta, bestetik, zentzu okultistak erabili zituen ipuinak ulertzerko; horretan Mario Roso de Luna teosofo ospetsuak argitaratutako El velo de Isis o Las mil y una noches ocultistas (1923) liburuan oinarritu zen.
  • René R. Khawam (Alepo, 1917- Paris, 2004) arabistak frantsesez egindako itzulpena 1986-1987an argitaratutako edizioa. Irakasle horrek iturrietan bilatzen saiatu zen, itzulpen zuzen bat egiteko, aldi berean irispide moralak eta erlijiosoak saihestuz. Khawamek itzulpen kritikoa egin zuen, jatorriz liburukoa ez ziren pasarteak kenduz eta denborarekin baztertuak berriro ere liburuan sartuz.
One Thousand and One Nights17.jpg
Thousand and One Nights 29.jpg

Liburuaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da beharrezkoa esatea oso haundia izan dela. Liburuak oso bertsio desberdinak ezagutu ditu (umeentzako moldaketak, bertsio puritanoagoak, gaur egungo islamarekin talka egiten ez duten bertsioak, gordinagoak...) eta, ondorioz, oso publiko desberdinek ezagutzeko aukera izan dute. Gaur egun kultura arabiarraren benetako ikurra da liburu hau eta asko izan dira haren itzalean sortu diren lanak eta liburuak:

  • Mendebaldeko idazle askok, liburuaren egiturak liluraturik, kateatutako narrazio egitura imitatu zuten. Adibidez, Robert Louis Stevenson ingelesak The new Arabian Nights (1882) argitaratu zuen, Londresen kokatutako istorio arraro bilduma bat.
  • Mundu arabiarrean ere horrelako lanak burutu dira, esaterako Naguib Mahfuz Nobel Sariak Mila gau eta bat gehiagoren gauak liburua idatzi zuen.
  • Pier Paolo Pasolini zinemarako izenburu bereko moldaketa prestatu zuen. Aurretik, Mexikon, 1957an, Fernando Cortezek beste bertsio librea filmatu zuen.
  • Mario Vargas Llosa peruarrak antzerkirako bertsio bat moldatu du.

Zerrenda bukaezina izan daiteke. Horrek erakusten digu liburu hori benetako erreferentzi kulturala dela mundu osoan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [Les milles et une Nuits, Editions Phébus, Paris, 1986, hitzaurrean]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mila gau eta bat gehiago Aldatu lotura Wikidatan