Lankide:Iagirre013/Proba orria
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelerazko wikipediako «Ecosistema» artikulutik itzulia izan da. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria. |
Ekosistema ingurune jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek eta elkarren arteko harremanek osatzen duten sistema biologikoa da. Osagai fisikoei faktore abiotiko (tenperatura, hezetasuna, lurzorua, ura, etab.) deritze eta eratzen duten iguruneari, berriz, biotopoa. Osagai bizidunei faktore biotiko (landareak eta animaliak) deritze eta eratzen duten inguruneari, berriz, biozenosia.
Aipatutako faktore abiotiko eta biotikoek kate trofikoen bidez lotutako sistema irekia osatzen dute, kanpoko ingurunearekin materia eta energia trukatzen dituena. Truke horretan duten zereginaren arabera, ekosistemaren parte diren izaki bizidunak bost maila trofikotan sailkatzen dira:
- Ekoizleak: organismo autotrofoak, landareak, adibidez.
- Kontsumitzaile primarioak: organismo heterotrofo belarjaleak (hausnarkariak, adibidez).
- Kontsumitzaile sekundarioak: organismo heterotrofo haragijaleak (felidoak, adibidez).
- Deskonposatzaileak: materia organikoaren deskonposizioaz arduratzen direnak (onddo batzuk, adibidez).
- Eraldatzaileak: konposatu ezorganikoak organiko bihurtzen dituzte zikloa itxiz (bakterio batzuk, adibidez).
Ekosistema versus bioma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia: Bioma
Bioma antzekoak diren azaleren sailkapen globala da, klima, landare eta animalia komunitateak kontuan hartuta, besteak beste. Horregatik, biomak hedadura handiko ekosistemak direla esan ohi da.
Biomen definizioa landareen (zuhaitz, zuhaixka eta belarrak) egituran eta haien arteko distantzian (basoa, oihana edo sabana) oinarrituta egiten da. Hori horrela izanik, ondorengoa litzateke biomen sailkapenik sinpleena[1]:
Bioma lurtarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bioma mota hauek klima eta ekosistema antzekoak dituzte, nahiz eta geografikoki banatuta egon. Lur planetan existitzen diren bioma lurtarrak ondorengoak dira: oihanekoa, basokoa, belardietakoa, sabanakoa, taigakoa, estepakoa, basamortukoa eta tundrakoa.
Bioma urtarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur planetako urez estalitako eremu guztiak barne hartzen dituzte, hau da, ozeanoak, itsasoak, ibaiak, lakuak, etab. Bi talde nagusitan bana daitezke: ur gazikoak eta ur gezekoak. Lehenengoen artean ur-lasterretakoak (lotikoak), hau da, ibaietakoak, eta geldirik dauden uretakoak (lentikoak), hau da lakuetakoak, bereizten dira. Bigarrenak, berriz, litoralekoak (argiztatuak, sakonera txikikoak eta mantenugai ugaridunak) edo ozeanikoak (argi eskasekoak eta sakonera handikoak) izan daitezke.
Biomen eta ekosistemen arteko desberdintasunei dagokienez, lehenengoak bigarrenen multzoa dira. Horrez gain, bioma baten parte diren izaki bizidun guztiek ingurunearekiko eta elkarrekiko harremana dute. Ekosistema batean berriz, izaki bizidunek ingurune fisikoarekin duten harremana da aztertzen dena.
Egitura fisikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistemek egitura fisiko bereizgarria dute, homogeneotasunetik aldentzen dituena.
Horrela, balditza desberdindun atalek osatzen dituzte, uniformetasun handiago edo txikiagokoak. Ekosistema baten egitura fisikoa bi norabide desberdinetan garatu daiteke eta bietan agertu ohi da estratifikazio fenomenoa.
Egitura bertikala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasu honetan, altueraren araberako geruza desberdinak agertzen dira ekosistemetan. Horren adibide argia dira lakuak, non epilimnion, mesolimnion (edo termoklina) eta hipolimnion izeneko geruzak bereizten diren, tenperatura, argiztapen eta hezetasunaren arabera. Beste adibide bat lurzoru profila litzateke, horizonteetan azpiegituratuta dagoena.
Egitura horizontala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasu honetan, egitura horizontala da definituta dagoena ekosistemetan, askotan periodikoki agertzen dena. Urbazterreko ekosistemetan, adibidez, ibaiaren ibilguarekiko paraleloak diren zintak agertu ohi dira, maila freatikoaren araberakoak. Beste ekosistema batzuetan, ordea, egitura horizontalak mosaikoan garatzen dira, ezaugarri berberak dituzten gune desberdinak tartekatuz.
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistemak lau talde nagusitan sailka daitezke: urtarrak, lurtarrak, hibridoak eta mikrobiarrak.
Ekosistema urtarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema urtarrek ozeanoetako eta kontinenteetako urak (gaziak eta gezak) barne hartzen dituzte. Horietako bakoitzak egitura eta propietate fisiko bereizgarriak ditu, argitasun, tenperatura, olatu, ur-laster, konposizio kimiko eta antolaketa ekologikoari dagokienez.
Itsas ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeanografia da ekosistema mota hauen ikasketaz arduratzen den zientzia. Argitasunaren arabera, bi motatakoak izan daitezke: fotiko edo afotikoak. Lehenengoek fotosintesia aurrera eramateko argi nahikoa jasotzen dute, 200 m baino gutxiagoko sakontasuna izateagatik, kostaldeko ekosistemetan gertatzen den bezala. Bigarrenen kasuan, ordea, ez da fotosintesia gertatzeko argi nahikorik iristen, ekosistema abisaletan gertatzen den bezala[2].
Ur gezeko ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Limnologia da ibai eta lakuetako ekosistemetako ikasketaz arduratzen den zientzia. Talde honetan, aurretik aipatutako ingurune lotiko eta lentikoez gain, iturburuak edo ura metatzen den landareetako zuloak ere sartzen dira.
Ekosistema lurtarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema hauetan, flora eta fauna lurzoru edo lurpean garatzen dira. Ekosistema lurtarren aberastasuna hezetasuna, tenperatura, altitude eta latitudearen araberakoa da. Horrela, biologikoki aberastasun handieneko ekosistemak hezetasun eta tenperatura handieneko eta altitude eta latitude txikienekoak dira.
Landaredia motaren arabera sailka daitezke: biodibertsitaterik handiena basoetan dago eta maila hori txikitzen doa, sasi zein belardietan zehar, basamortuetako ekosistemetara heldu arte.
Basoko ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basoko ekosistemek lurreko biosferaren gehiengoa osatzen dute. Hauek ere, bi talde nagusitan sailkatzen dira: hostozabalen basoak eta koniferen basoak. Lehenengoetan, angiospermak dira nagusi eta mota horietako ekosistemen adibide dira oihanak, baso lehorrak edo baso epelak. Bigarrenetan, gimnospermak dira nagusi eta mota horietako ekosistemen adibide dira taiga, koniferoen baso epela edo koniferoen baso subtropikalak.
Sasietako ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sasietako ekosistemetan tamaina txikiagoko landareak dira nagusi, hala nola, zuhaixka eta sastrakak. Hiru motatakoak izan daitezke: zuhaixkadiak, xerofiloak edo mendietako sasiak.
Belardietako ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema mota hauetan belarrak, gramineak hain zuzen ere, dira nagusi eta urtaroko klima duten eremu erdilehorretan egon ohi dira. Hauek ere, lau azpitaldetan sailkatzen dira: belardia, estepa, sabana eta alpetar belardia.
Tundrako ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tundrakoa zuhaitzik gabeko ekosistema hezea da, izoztutako lurpea daukana. Eremu hauetan, goroldioak, likenak, belarrak eta zuhaixka txikiak dira nagusi eta taigaren eta elur iraunkorraren artean daude. Ekosistema mota honetako adibideak dira artikoko eta antartikako tundrak, esate baterako.
Basamortuko ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema mota hauek bi taldetan bereizten dira; alde batetik basamortua bera eta, bestetik, indlandsisa. Basamortuetako flora eta fauna oso eskasak dira eta klima subtropikala izaten da. Indlandsisa, ordea, izotz geruza edo basamortu polarra da eta kostaldean kokatu ohi da.
Eraldatutako paisaiadun ekosistemak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema hauek ez dira naturalak gizakiak eraldatu baititu. Horien artean, hiriko edo landako inguruneak agertzen dira, baita ekosistema artifizialak ere, gizakiak landatutako basoak edo eragindako basamortutzeak, adibidez.
Ekosistema hibridoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema hauek lurtar edo urtar gisa sailka daitezke, egoeraren arabera, edo haien arteko hibrido gisa, zehatzago esanda. Ur gazi edo gezez estalitako lurrak dira, une oro edo urteko zati handi batean. Ekosistema hibridoetan ageri den florari dagokionez, landare urtarrak, zuhaitzak, belarrak edo algak izan daitezke, ingurunearen ezaugarrien arabera. Faunari dagokionez, ordea, habitat jakin horretara egokitutakoa izango da. Mota honetako ekosistemak dira, adibidez, urperatutako sabana, koniferoen zingira, mangladia, etab.
Ekosistema mikrobiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikrobiologian ere, elkarrenganako interdependentzia duten eta habitat bera partekatzen duten organismo mikroskopikoez osatutako sistemak definitzen dira. Horien artean, mikrobiotak edo biofilmak nabarmendu daitezke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Bioma; Tipos, qué es, ubicación y sus características | OVACEN» El mundo de la biología, ecosistemas y biodiversidad | OVACEN (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
- ↑ «Marine Ecosystems» www.horseshoecreek.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ehrlich, P. & Walker B. (1998). Rivets and Redundancy, BioScience, 48 (5), 387. or.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Wikimedia Commons: Ecosystems
- (Gaztelaniaz) Wikcionario: Ecosistema