Edukira joan

Lankide:Txikillana/Josep Melcior Prat i Solà

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikillana/Josep Melcior Prat i Solà
Bizitza
Jarduerak

Josep Melcior Prat i Solà (Els Prats de Rei, Anoia, 1779 - Donostia, 1855eko abuztuaren 21a), José Melchor Prat bezala ere ezaguna farmazialari, idazle, itzultzaile eta politikari liberala izan zen.

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Els Prats de Rei herrian jaio zen 1779an, Ramon Prat farmazialariaren semea eta Pere Solà medikuaren biloba. [1]

Masoia izan zen.[2]

Formakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cerverako Unibertsitatean ikasi zuen, eta Filosofiako batxiler-gradua lortu zuen, Farmazian lizentziatu zen 1816ean[3] eta Kimikan doktoratu geroago. Bartzelonako Santa Cruz Ospitalean ere medikuntza ikasi zuen.[1]

Iberiar Penintsulako Gerra (1808-1814)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar Penintsulako Gerran, Protomedicato del Ejército de Cataluña erakundean lan egin zuen, eta Cadizko Gorteetan parte hartu zuen. 1811an takigrafoa izan zen, eta Gorteetako Bilkura Egunkaria idatzi zituen. [1]

Fernando VII.ren erregetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seiurteko Absolutistan (1814-1820) Els Prats de Rei jaioterrian botikari izan zen;[1] garai horretan, 1817an, Bilbo eta Euskal Herriko kostaldea bisitatu zituen, besteak beste Lekeition geldituz, Mariano Lagasca Madrilgo Errege Lorategi Botanikoaren zuzendariaren enkarguz, Juan Antonio Aboitiz belar biltzailearekin egoteko.[4]

Hirurteko Liberalean (1820-1823) Espainiako Gorteetako diputatu eta idazkari izan zen, liberal asaldatu edo veinteañista joerakoa.[2] Erregearen funtzioak eteten zituen dekretua sinatu zutenetako bat izan zen.

Hamarkada Doilorrean (1823-1833), absolutismoa berrezartzearekin batera heriotza-zigorra ezarri zioten, baina Erresuma Batura ihes egitea lortu zuen.

Erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonako argitalpenaren azala, 1836, Lo Nuevo Testamento lanarena, Josep Melcior Pratek itzulia

Hilabete batzuk eman zituen Londresen, eta gero Knaresborough-era (North Yorkshire) joan zen. Han, ingelesezko lanak gaztelaniara itzultzen aritu zen, eta gizarte garatu, antolatu eta liberal haren funtzionamendua ezagutu zuen. British and Foreign Bible Society elkartearen enkarguz, testu protestante asko itzuli zituen gaztelaniara, Latinoamerikan zabaltzeko. Han Itun Berria eta Itun Zaharraren zati bat itzuli zituen.[5] 1824 eta 1828 bitartean, Ebanjelioak katalanera itzultzen lan egin zuen, 1832an Lo Nou Testament de Nostre Senyor Jesu-Christ traduhit de la Vulgata Llatina en llengua catalana, amb presència del text original izenburupean argitaratu zirenak. Espainiako erlijio-zorroztasunaren aurrean (bertsio protestantea baitzen) lana ez sinatzea erabaki zuen.[6]

Espainiara itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fernando VII erregea hil ondoren, 1833an Bartzelonara itzuli zen, eta han gobernu zibileko idazkari izendatu zuten. Lehen Karlistaldian (1833-1840), Katalunian eraikin erlijiosoen kontra 1835ean eginiko erasoen ostean,[7] gobernadore zibilak dimisioa eman zuen; orduan Pratek hartu zuen behin-behineko gobernadoretza. Garai honetan batzorde bat sortu zuen, Espainiako desamortizazioen ondorioz desagertutako komentuetako artxiboen, liburutegien eta pieza artistikoen inbentarioa egiteko.[8] Ostean, gobernadore zibil izan zen hainbat lekutan: Lleida (1837), Tarragona (1837-38), Castelló (1838), Kordoba (1839), Oviedo (1840-42) eta Kordoban berriro (1843). 1845ean Bartzelonako probintzia-kontseilari izendatu zuten, 1854an Kontseilua ezabatu arte.

1835eko urriaren 15ean Zientzia eta Arteen Errege Akademiako kide izendatu zuten, eta bi alditan (1847-48 eta 1854-55) izan zen horren buru. Reial Acadèmia de Bones Lletres erakundearen kidea izan zen, eta lehendakaria 1835 eta 1837 artean; garai horretan, disolbatutako komunitate erlijiosoetatik zetozen liburu asko berreskuratu zituen.[9] Bartzelonako Medikuntzako Errege Akademiako kidea ere izan zen.

1834ko abenduaren 22an, Albert Pujol presidenteordeak proposatuta, Societat Econòmica Barcelonesa d'Amics del País (SEBAP) elkartean sartu zen, Instrukzio eta Ongintza sailean. 12 alditan SEBAPeko lehendakari izan zen, eta elkartearen bilguneak sortu zituen Igualada, Manresa, Mataró, Vilafranca del Penedès, Vilanova i la Geltrú eta Vic hiribilduetan. 1835ean, suteen aurkako sorospen-sozietate bat sortzen hasi zen; itsuen eskola berritu zuen; Banc de Crèdit Agrícola sortzea bultzatu zuen (1855); eskola lancastertarrak sortu zituen; Damen Batzordea sortu zuen neska pobreak hezteko. 1835an Caixa de Barcelona eratzeko batzordeko kide izan zen (1844an sortu zen azkenean).

Gipuzkoako gobernadore zibil zela, Donostian hil zen 1855eko abuztuaren 21ean, koleraren ondorioz.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Kategoria:1855eko heriotzak]] [[Kategoria:1779ko jaiotzak]] [[Kategoria:Valentzia Erkidegoko idazleak]] [[Kategoria:Kolerak hildakoak]] [[Kategoria:Donostian hildakoak]] [[Kategoria:Kataluniako itzultzaileak]]