Lankide:Zazpigarrena/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

"H"aren eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko 60. hamarkada aldaketa sakoneko garaia izan zen euskal gizartearentzat. Politikoki, belaunaldi berri bat gerra aurreko nazionalismo aranista atzerakoiarekin hausten ari zen. Aldi berean, Francoren diktadurak zapaldutako langile borroka indarra hartzen ari zen berriro ere. Maila internazionalean ere aldaketa politikoak gertatzen ari ziren: Aljeriako independentzia gerra, AEBko eskubide zibilen aldeko borroka eta Frantziako 1968ko maiatzeko protestak aipatu litezke, besteak beste[1] .

Testuinguru gatazkatsu horretan sortu zen euskara batua, baina prozesu erraza eta baketsua izatetik urrun, batasunaren aldeko borroka garaiko eztabaida politikoen isla izan zen. Batuaren alde eta kontrako tirabiran “H” letra  sinbolo gisa hartu zen. Letra honen erabileraren inguruko eztabaiden atzean, ordea, euskal gizartea eta euskal nazioa ulertzeko ikuspuntu ezberdinak ezkutatzen ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoak euskararen aurkako errepresio politiko gogorra ezarri zuen hego Euskal Herrian, eta euskal kulturarekin nahiz euskal abertzaletasunarekin lotutako alderdi eta erakunde gehienak ilegalizatuak izan ziren. Euskaltzaindia, ordea, ez zen sekula ilegalizatu, besteak beste, errege-akademia izateak ematen zion babesagatik eta haren burua, Julio Urkixo, Elkarte Tradizionalistakoa zelako. Gainera, Pedro Sainz Rodriguez ministroak haren egoitza konfiskatua zegoenaren ustea zabaldu zuen[1].

1941ean, gerra amaitu eta bi urtera, Resurreción Maria Azkuek, frankisten eskutan zegoen Bizkaiko Aldundiaren baimenarekin, Euskaltzaindia berriz abian jarriko zela adierazi zuen. Gutxinaka, jende berria hasi zen bertan sartzen, besteak beste, Federico Krutwig (26 urterekin, inoiz izendatutako Euskaltzain gazteena) eta Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi”. 1950ean Julio Urkixo hil zen, eta Krutwigen eskakizunei jarraituz Euskalatzaindiaren bilerak euskaraz egiten hasi ziren. Pixkanaka, jaialdiak, kongresuak eta literatura lehiaketak antolatzen hasi ziren berriro.

Euskaltzaindiak, ordea, muzin egiten zion ziur aski bere erronka handiena zenari: euskara batzeari, hain zuzen ere. Akademiaren immobilismoaren aurrean, 1963an Txillardegik akademia utzi zuen, eta beste idazle eta kultur figurekin batera Hizkuntza Saila sortu zuen Baionan, Eusko Idazkaritzaren baitan. Bertan ETA, Enbata, EAJ eta eliza katolikoaren ordezkariak bildu ziren zortzi hilabetez; besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” (ETA), Eneko Irigarai (ETA), Jean-Louis Davant (Enbata), Telesforo Monzón (EAJ), Jesus Solaun (EAJ) eta Pierre Andiazabal eta Roger Idiart apaizak [1].

1965ean, Euskal Herriko osoko kulturgile eta irakasleak elkartu zituen bilera irekia egin ostean, txosten bat atera zen Jakin aldizkarian euskararen ortografia arautzeko oinarri batzuk ezartzen zituena. Erabakien artean, euskaraz  idaztean “H”-a erabiliko zela. Hiru urte beranduago Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarra egin zuen euskara batuaren inguruko erabakiak hartzeko. Bertan Koldo Mitxelenak Baionako Biltzarreko erabakietan oinarritu zela aitortu zuen[2].

Euskara garbia eta euskara mordoiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, aranismoarekin lotutako belaunaldi tradizionalista eta erlijiosoa euskara batuaren aurka posizionatu zen. Hauek euskara “garbiaren” alde zeuden,  etimologikoki puruak ziren hitzak soilik onartu nahi zituzten, euskaratik zetozenak. Abertzale hauei “garbizale” esan ohi zitzaien. Euskaran errotuak zeuden baina beste hizkuntzetatik zetozen hitzak ordezkatzeko hitz berriak asmatzen zituzten, adibidez, “arraza, aingeru eta mundu” hitzen lekuan “enda, gotzon eta ludi”. Hego Euskal Herrian “H”-a erabiltzeko ohiturarik ez zegoenez, hasieratik gauza arrotz gisa ikusi zuten.

Kontrako aldean euskara “mordoilo”-aren aldekoak zeuden, belaunaldi berria, laikoa, politikoki aurrerakoia, eta askotan, euskaldun berria. Hauek euskaran sustraitutako hitzak onartzearen alde zeuden, baita “H”-ren alde ere. Besteak beste, “H”-a Ipar Euskal Herrian erabiltzen zela argudiatzen zuten, eta bere lekua zuela bertako tradizio literarioan (Bernart Etxeparek erabiltzen zuen, adibidez). Gabriel Aresti, Jose Luis Alvarez Enparantza, “Txillardegi” eta Xabier Kintana ditugu euskara batuaren alde egin zuten belaunaldi berri honetako kide batzuk[1].

Aresti berak euskara “klaroa” defendatu zuen (propio erabiliz erdaratik hartutako hitza), eta bere hizkuntzarekiko posizioak bere ideologiarekin bat egiten zuen: euskara argi bat nahi zuen, jendeak ulertuko zuena, jendeak ikasi ahalko zuena[1] .

Batuaren eta “H”-aren alde eta aurka zeudenen baitan ere ezberdintasun ideologiko sakonak bazeuden ere, garbi dagoena zera da: euskarak nolakoa izan behar zuen eztabaidaren atzean euskal gizarteak izan behar zuen moduaren inguruko eztabaida zegoen[1] .

Aurkako erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal gizartearen sektore batzuk Euskaltzaindia Baionako Biltzarraren aurrean makurtu zela interpretatu zuten, eta taxutzen ari zen euskara batua Sabino Aranaren nazionalismo erlijiosoaren aurkako eraso gisa ulertu zuten. Honen adibide dugu 1982an Bixente Latiegi eta Dunixi Onatibiak argitaratutako liburua, Euskaltzaindiari Epaiketa (1982) izenekoa. Bertan Manuel Lekuona Euskaltzaindiaren buru zenaren hitzak aipatzen dituzte:  

“Iru gauza burutu zituala Arana-Goiri’k (...), eta iru gauza oiek auek diala: Jaungoikoari dagokion sinismena, Elizaganako leialtasuna, eta Euskal-idazkeraren batasuna. Iiru gauza orien aurka jeiki zirala ETA’ren asieran iraultzalleak Laburdi’n, Jaungoikoa kenduta Euskadira sozialismua ekarri naiean. Eta iraultza berri honen ikurrintzat H-a hartu zutela. Gorrototik jaioa dala, beraz, euskeraren barruan sortu zaigun iskamil au guzia: Arana-Goiri’tar  Sabin’eri iraultzalari auek zioten gorrototik jaioa”[3]

Ez ziren bakarrak izan. Urte batzuk lehenago José Arenazak Tus hijos y el euskera: el mito del “batua” (1974) liburua argitaratu zuen. Haren azalean, gorri koloreko “H” batetik ateratako tximistak baserri bat pitzatzen zuen.

“La h es un símbolo político aunque lo nieguen muy sesudos señores, aunque vayan vestidos de seráficos hábitos. Tan político como puede ser la hoz y el martillo, la cruz gamada o las dos a la vez. Hemos mantenido la tesis de que la ortografía achista no es más que el intento de politizar el euskera, rompiendo los moldes tradicionales, como una rama más de lo que se intenta romper: la familia, el derecho a la educación cristiana, nuestras costumbres peculiares, nuestra personalidad etc., como medio para conseguir una juventud sin moral, sin sentimientos ni conciencia de pertenecer a un pueblo con unas costumbres discutibles pero indiscutiblemente mejores de las que nos proponen a juzgar por las muestras que vemos (...) no hay duda de que todos los amigos (abiertos o camuflados) de la iglesia utilizan la h de cuya utilización son propugnadores y forzadores” [4].

60. hamarkadan, euskara batuan idazten zuten idazleek zentsura jasan behar izan zuten beraien posizio linguistiko-politikoak zirela eta. Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkariek, adibidez, Arestiren artikuluak argitaratzeari utzi zioten, edo ortografia eta morfologia aldatzen zioten. Lur argitaletxeko idazleei ez zieten utzi 1965ko lehenengo Durangoko Azokan posturik jartzen. Argitaletxea euskara batuaren alde zegoen, eta bertan argitaratzen zituzten liburuak Arestik, Ramon Saizarbitoriak, Arantxa Urretabizkaiak eta Ibon Sarasolak, besteak beste[1].

Denborarekin, ordea, euskara batua eta beraz “H”-aren alde zeudenak gailendu ziren, eta 1970an batuaren aurkako Manuel Lekuonak Euskaltzainburutza utzi zuen (edo bota egin zuten, bertsioaren arabera). Bere lekua Luis Villasante euskara batuaren aldeko fraideak hartu zuen. 1981ean EAJ-k batuaren aurkako sektorea bota zuen alderditik[1].

  1. a b c d e f g h Amezaga, Etxebarria, A. (2016). Harritik herrira. Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014. EHU.
  2. Alvarez Enparantza, J.L. (1995). Euskal Herria helburu. Amaiur.
  3. Latiegi, B.; Oñatibia, D. (1982). Euskaltzaindiari epaiketa.
  4. Arenaza, J. (1974). Tus hijos y el euskera: el mito del “batua”. Editorial Vizcaína.