Lertxun gorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Lertxun gorri
2010-kabini-purple-heron.jpg
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPelecaniformes
FamiliaArdeidae
GeneroaArdea
Espeziea Ardea purpurea
Linnaeus, 1766
Datu orokorrak
Masa 51 g
Zabalera 1,35 m
Lertxun gorria lumak atontzen.
Lertxun gorria hegan.

Lertxun gorria (Ardea purpurea) ardeidae familiako hegaztia da[1]. Afrika eta Asia hegoaldeko hegaztia da. Euskal Herrian ere uda partean ikusten dugu Ebroko haranean nagusiki.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lertxunen ohiko ezaugarriak ditu, hegazti liraina, lepo eta hanka luzeak, eta labana itxurako moko zorrotza. Lertxun hauskararekin alderatuta kolore arre-gorrixkak nagusitzen zaizkio, hortik bere izena, eta txikixeagoa ere bada, 75-80 cm arteko luzera, 150 cm inguruko hego-zabalera eta 800 eta 1.250 gramo artean pistazen du[2].

Buruak, lepoak eta sabelaldeak kolore arrea dute baina marra ilunak eta zuriak ditu goitik behera lezkadi eta ihidietan kamuflatzen laguntzen diotenak. Bizkarraldea eta hegoak grisagoak dira baina luma gorrixka batzuk ere agertzen zaizkio. Hankak horixkak dira. Buruko marra ilunek irisazio berdexkak dituzte eta luma ilun bi ateratzen zaizkio atzerantz. Mokoa iluna da goikaldean eta horia azpialdean. Begia ere horia da. Sexu dimorfismorik ez du ageri[3].

Hegan ari denean koartzen itxura tipikoa hartzen du, lepoa bildua, hegoak erdi-tolesturik eta hankak luzaturik buztana baino haratago.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardeidoak hegazti urtarrak dira eta lertxun gorria gainerakoak baino gehiago. Padura, aintzira eta ibai bazterretako lezkadietan bizi da eta ez du ur gaziarekiko edo gezarekiko preferentziarik agertzen[2]. Urtegi edo ubideetan ere agertzen da, beti ere landaretza sarria badute[4].

Egunsentian eta ilunabarrean egoten da aktibo eta egunean zehar deskantsatu egiten du, kumaldi garaian ez bada[3]. Lezkadietan ezkutaturik egoten da eta erraz izutzen da arrisku txikienarekin. Ez da zuhaitzetan pausatzen, lurrean egotea nahiago du[4][5].

Migrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharaz hegoaldeko Afrikan igarotzen du negua[6] eta maiatza aldera iparralderantz jotzen dute. Orduan agertzen da Euskal herriaren hegoaldeko aintziratan eta bertan kumatzen du. Guardiako aintziretan[7], Vianako Las Cañas aintziran[8] eta Pitillasko aintziran[9] esate baterako. Abuztua iristen denean hegoalderako bidaiari ekiten diote[2].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehizatzeko orduan hegazti bakartia da. Ur ertzeko lezkadietan kamuflaturik, geldi geldi egoten da eta harrapakina ondoan duenean eraso azkar batekin harrapatzen du. Batzuetan poliki mugitzen ere ikusten da animalia bati jarraika. Ez da lertxun hauskara bezain arrainzalea eta anfibioak, narrastiak, intsektuak (matxinsaltoak bereziki) eta ugaztun txikiak jaten ditu, baina arrain txikiak ere bai. Inoiz ahate edo kopetazurien habiatik arrautzak ere harrapatzen ditu[2][3].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonia txikiak eratzen ditu ugalketa garaian, normalean monoespezifikoak, hau da, ganerako koartzekin ez da elkartzen. Lezkadi trinkoenak aukeratzen ditu eta landare urtarrak erabiliz metro bateko altueran plataforma bat eraikitzen du. Emeak 4-6 arrautza urdinxka jartzen ditu bertan eta guraso biek txitatzen dituzte 25-26 egunetan zehar. Txitak lumatxa grisez jaiotzen dira eta habian mantentzen dira erabat garatu artean[2]. 10 egun dituztenean habia inguruan ibiltzen hasten dira eta 45-50 egun dituztenean erabat garatu eta beren kabuz baliatzen hasten dira.[3]

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Linneok deskribatu zuen 1766 urtean, Systema Naturae liburuaren hamabigarren edizioan. Ardea purpurea izena jarri zion, "koartza morea" esan nahi du[10]. Lau azpiespezie ezagutzen dira[11]:

  • Ardea purpurea purpurea (Linnaeus, 1766), Afrika, iparraldeko Europan eta hego-mendebaldeko Asian bizi dena.
  • Ardea purpurea bournei (René de Naurois, 1966), Cabo Verden bizi dena.
  • Ardea purpurea madagascariensis (Oort, 1910), Madagaskarren bizi dena.
  • Ardea purpurea manilensis (Meyen, 1834), Asian bizi dena.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2008). Ardea purpurea. In: IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species
  2. a b c d e «Lertxun gorria, hegoaldeko hegaztia - Zientzia.eus» zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  3. a b c d «Garza imperial», SEO/BirdLife.
  4. a b Witherby, H. F. (editorea) (1943) Handbook of British Birds, Volume 3: Hawks to Ducks. H. F. and G. Witherby Ltd. 133-137 or..
  5. «Garza Imperial» www.pajaricos.es . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  6. (Gaztelaniaz) Blog, Aves (2019-01-12) «Garza Imperial: Características, Color, Hábitat Y Curiosidades» Blog De Aves . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  7. «Ficha-Vertebrados Continentales de la CAPV» www.nekanet.net . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  8. Txantiloi:EU Imaginanet.com © 2020 (2020-01-01) «2019 Hegaztien behatokia datuak,» www.lagunadeviana.es . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  9. Oiartzabal, Ainhoa (2003-10-26) «Pitillaseko aintzira. Urak agintzen duenean» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  10. (Frantsesez) Linné, Carl von (1707-1778) Auteur du texte (1766-1768) Systema naturae per regna tria naturae : secundum classes, ordines, genera, species cum characteribus, differentiis, sinonimis, locis. Tomus 1 / [Pars 1 / Caroli a Linné] . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.
  11. www.worldbirdnames.org . Noiz kontsultatua: 2020-01-01.