Koartza hauskara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lertxun hauskara» orritik birbideratua)
Koartza hauskara
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPelecaniformes
FamiliaArdeidae
GeneroaArdea
Espeziea Ardea cinerea
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa61 g (pisua jaiotzean)
Zabalera1,73 m
Kumaldiaren tamaina3,9
Errute denbora27 egun
Burezur
Ardea cinerea

Koartza hauskara (Ardea cinerea), Ardeidae familiako hegaztia da, Europan, Asian eta Afrikako zenbait eskualdetan bizi dena[1]. Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki dezakegu mendi garaienetan salbu, eta urmael eta ibaiak atsegin ditu, bertan ehizatzen baititu bere elikagai nagusiak diren arrain eta anfibioak. Euskal Herrira negua igarotzera etortzen dira gehienak, baina badira urte osoa hemen igarotzen dutenak ere.

Izena (koartza vs. lertxun)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti hau, ardeidoen familiako kide gehienak bezala, "koartza", "gartza" edo "amiamoko" izenez ezagutu izan da beti euskaraz. Horrela aurkituko dugu 1980. hamarkada aurreko liburu eta bilketa guztietan, eta baita ahozko lekukotasunen corpusetan ere. Hala ere, nolabaiteko lapsus txikiren baten ondorioz, 1980ko hamarkadan euskara estandarrean "lertxun" (edo "lertsun") zabaldu zen ardeidoen familiako kide hauek izendatzeko, eta halaxe erabili izan zen zenbait urtez. Izen okerra da "lertxun" (edo "lertsun") koartzentzat, lertxunak kurriloak direlako (Grus grus) eta ez koartzak. Zorionez, hiztegi nagusietan aspaldi zuzendu zen akats historikoa eta 1999. urteaz geroztik modu egokian batu dituzte terminoak Elhuyar hiztegiak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, zein Euskaltermek, besteak beste.[2]

Oraindik ere "lertxun hauskara" (eta "lertsun gorria", "lertxuntxo karramarrozalea" eta abar) aurki ditzakegu zenbait webgunetan, hainbat karteletan eta liburu zein gida zaharrenetan, baina esan bezala, okerrak dira izen horiek eta saihestu beharrekoak. Hortaz, gogoan izateko:

  • koartza: Ardea cinerea eta beste hainbat ardeido (garza, herón). Euskal Herrian bertan, koartza hauskara, koartza gorria, koartza zuria, koartzatxo txikia, koartzatxo karramarrozalea, eta abar.
  • lertsuna: Grus grus, kurriloa (grulla, grue).

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koartzen familiako espezierik handienetariko bat da. 90-100 cm altuera edo luzera izan dezake eta hego-zabalera 170-200 cm-koa izan ohi da. Moko zorrotz, zuzen eta arrosa-horixkak 10-12 cm-ko luzera izatera iritsi daiteke. Lumajea grisaxka da goialdean eta argiagoa behealdean. Sorbaldetan orban beltzak dituzte. Helduen burua zuria da, begietatik atzera hedatzen diren marra lodi ilunekin. Marra hauek, motots itxurako luma ilun batzuetan amaitzen dira. Gazteen burua, aldiz, grisa da eta gorputzeko koloreak homogeneoagoak izan ohi dira. Lepoa “S” forman bildurik izan ohi du bai geldi dagoenean, baita hegan egiten duenean ere. Hau da, hegan doazenean batez ere, amiamokoetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia. Hankak luzeak eta kolore argikoak dira. Hegan egitean zuzen eta atzera bilduta izaten ditu.

Beste soinu batzuk ere egiten baditu ere, koartza hauskarak a aaarj moduko bat egiten du, ozen eta karrankaria.

Subespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardea cinerea-k lau subespezie ditu:

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika, Asia eta Europan oso hedaturik dagoen hegaztia da koartza hauskara. Europa guztian, Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta Siberia, Arabia eta Gobi basamortuaz salbu, gainerako Asiako eskualde guztietan aurkitzen baita. Europa erdialdean, Asia hegoaldean eta Afrika hegoaldean urte guztian bizi ohi da. Europa hegoaldean eta Afrika erdialdean, aldiz, negua soilik igarotzen du. Asia erdialdea, ostera, uda igarotzeko bakarrik erabiltzen du. Europan 150.000 bikotetik gora daudela estimatzen da.

Iberiar penintsula, orokorrean negua igarotzeko erabiltzen dute hegazti hauek, baina hainbat lekutan urte osoan bizi ohi dira, Doñana eta Monfragüen, esaterako. Euskal Herriko txoko batzuetan, noizbehinka, urte osoan zehar ikus daitezkeen arren, negua igarotzera etortzen dira normalean gurera. Halere, geroz eta ohikoagoak dira urte osoa gurean geratzen direnak, ibaian gora eta behera besterik mugitzen ez diren ale sedentarioak.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ura dagoen edozein ingurunetan bizi daiteke hegazti hau. Bere elikagai nagusiak urtarrak edo erdiurtarrak direnez, padura, urmael, erreka eta ibaietan ibili ohi da normalean. Ur geza zein gazidun uren ertzetan aurkitzen dira, beraz. Ihidiak atsegin dituzte, kamuflatzeko aukera eskaintzen baitute, baina ingurune irekietan ere egon ohi dira. Itsas mailatik 900 metroko altuerara bitarteko tartean bizi ohi da.

Oso ingurune ezberdinetan eraikitzen dituzte habiak hegazti hauek. Ur ingurunetik gertuko zuhaitzetan eraiki ohi dituzte beren habiak, baina badira ihidietan ere eraikitzen dituztenak, gutxiengoa diren arren. Habia lehenengoz eraikitzean, oso biluzia izan ohi da, baina urtero-urtero gehitzen dizkiote adar eta hostoak eta urteak igaro ahala, habia erraldoiak eratzen dituzte.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koartza hauskararen elikagai nagusia arrainak dira. Arrantzale bikainak dira eta ondorioz, ingurune askotara moldatzeko ahalmena lortu dute. Anfibioak ere atsegin dituzte eta dieta intsektu, mikrougaztun, suge eta beste hegazti espezien batzuen txitekin osatzen dute.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errunaldia martxoan hasten da. Habia bakoitzean 3-5 arrautza jartzen dituzte eta 25-28 egunean zehar arrak inkubatzen ditu. Eklosioa gertatu ostean, bi gurasoak arduratzen dira txiten elikaduraz.

Hegazti gazteek 8-9 asterekin uzten dute habia. 20 urtera arteko bizi-luzetasuna izan dezakete.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatu bezala, hegazti migratzailea da, orokorrean. Ugalketa garaitik kanpo nahiko lurraldekoiak diren arren, ugalketa garaian bikoteek beren kasa edo koloniatan inkubatzen dute, maiz lurraldekoitasuna desagertuz. Soziabilitate honek abantailak eskaintzen dizkie harraparien aurrean.

Ehizarako garaian hegazti bakartia da. Ehizan ari ez denean berriz, zuhaitz altuetan pausatu ohi da.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koartza hauskaren etsai nagusiak beren habiak garbitzen dituzten hegazti korbido eta harrapariak dira.

Euskal Herrian ditugun espezieen artean, itxuraz eta neurriz antzeko beste bi espezie ere aurkituko ditugu, koartza zuria eta koartza gorria, kolorearengatik erraz ezberdindu daitezkeenak.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa eremua oso zabala du espezie honek eta ez dirudi populazioak %30eko beherakadarik duenik. Gainera, 10.000 ale heldu baino gehiago daudela estimatzen da. Hori dela eta, IUCN erakundeak mehatxurik gabe sailkatu du koartza hauskara mundu mailan. Espainian Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasota dago.

Europan arrantzaleekiko konpetentzia suposatzen zuelako jazarria izan da. Gainera, garai batean ale helduak buruan motots modura altxatzen zaizkion lumak kentzeko ehizatzen ziren, luma horiek burgesiak estatusaren adierazletzat erabiltzen zituelako. Egun, ibai ertzetako zuhaitzak kentzeak suposa liezaioke mehatxurik nagusiena, berauetan eraikitzen baitu habia. Hezeguneen ur-mailaren fluktuazioak ere asko kalte dezake koartza populazioa.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife Species Factsheet
  2. Koartza hauskara. Txoriak.eus, Creative Commons BY-SA (Noiz kontsultatua: 2021-3-9).