Lizarra-Garaziko Hitzarmena
Lizarra-Garaziko Hitzarmena —hedabideetan, Lizarrako Akordioa izenaz ezagunagoa— 1998ko irailaren 12an Lizarran Euskal Herriko hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta herri-mugimenduk sinatutako itun politikoa da, ondoren urriaren 2an Donibane Garazin berretsia. Ipar Irlandako bake-prozesuaren ereduari jarraitu zion, eta Euskal Herriko gatazkari amaiera emateko asmoa zuen. Horretarako, inor baztertu gabe eta aurrebaldintzarik gabe, denen arteko negoziazio politikoa bitarteko nagusitzat jotzen zen. ETAk su-etena iragarri baino egun batzuk lehenago sinatu zen.
Sinatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alderdi politikoak:
- Abertzaleen Batasuna (AB)
- Batzarre
- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
- Eusko Alkartasuna (EA)
- Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA)
- Herri Batasuna (HB)
- Euskal Huritarren Egitekoak (ICV)
- Ezker Batua Berdeak (2000ko urtarrilaren 26an hitzarmenetik ateratzea erabaki zuen)
- Zutik
- Ipar Euskal Herriko Berdeak (begirale izan ziren)
- Sindikatuak:
- Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE)
- Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB)
- Eusko Langileen Alkartasuna (ELA)
- Ezker Sindikalaren Koordinakundea (ESK-CUIS)
- Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua (STEE-EILAS)
- Ezker Sindikala
- Hiru
- Langile Abertzaleen Batzordea (LAB)
- Lanaren Frantses Konfederazio Demokratikoa (begirale izan zen)
- Herri mugimenduak:
- Ahaideak
- Amnistiaren Aldeko Batzordeak
- Anai Artea
- Autodeterminazioaren Biltzarrak
- Bakea Orain
- Comité de Défénse des Droits de l'Homme en Pays Basque
- Egizan
- Elkarri
- EPSK-Gureak
- Errepresioaren Kontrako Batzordea (EKB-CAR)
- Gazteriak
- Gernika Batzordea
- Gogoa
- Gurasoak
- Hautetsi Abertzaleen Elkartea
- Herria 2000 Eliza
- Herriarekin
- Jarrai
- Presoen Aldeko Koordinaketa
- Senideak
- Sostengu Komiteak
- Uda Trebiñu
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri Batasunak (HB) eraginda, Irlandan bidean zegoen bake-prozesuaren jarraipena egiteko eta horrek Euskal Herrian izan zezakeen aplikazioa aztertzeko sortu zen Irlanda Foroa da Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren aurrekari zuzenena. Aurreko urteetako etenak gainditurik, elkarlan-giroa nagusitu zen 1998an indar politiko eta sindikal abertzaleen eta alor bereko hainbat erakunde eta herri-mugimenduren artean. Gonbidapenari uko egin zioten PP eta PSE-EE alderdiak eta CCOO eta UGT sindikatuak izan ezik, Euskal Herriko gainerako alderdi eta sindikatu garrantzitsuenak HBk bultzatutako Irlanda Foroaren inguruan gauzatu zuten lehenik elkarrizketa eta elkarlana; horren emaitza zuzena izan zen Lizarra-Garaziko Hitzarmena.
Edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lizarra-Garaziko Hitzarmenak bi parte ditu.
Lehenengo partea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmenaren lehenengo zatian, Irlandako akordioaren ezaugarriak aztertzen dira, bake-prozesua ahalbideratu zuten faktoreen azalpena eginez. Irlandar prozesuaren zazpi ezaugarri nabarmentzen dira dokumentuaren lehen atal horretan:
- Inplikatu guztiek arazoaren izaera politikoa onartu izana.
- Ez britainiar gobernuak ez IRAk ez zutela garaipen militarrik lortuko ikusi izana.
- Protagonista guztiek, hausnarketari esker, elkarrizketa enfrentamenduaren aurrean hobetsi izana.
- Irlandan zeuden tradizio guztiak ulertu eta errespetatuko zituen konponbidea eratu eta bultzatu izana.
- Bi aldeek distentsio-keinuak egiteagatik, elkarrizketak eta distentsioak indarkeriaren erabilerari eta politika bakartzaileari aurrea hartu izana.
- Irlandako herritarrei autodeterminazio-eskubidea aitortzeak —bai edukiari buruz, burujabetzarako formula berriak sortuz, bai metodoari dagokionez ere, azken hitza herritarrei emanez—, demokrazia sakontzea ekarri izana.
- Irlandako bake-prozesuan nazioarteko hainbat faktorek —Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen eta gobernuaren prozesuaren aldeko apustu sendoa eta Europar Batasuneko hainbat erakundek eginiko harrera ona— izandako zereginaipagarria.
Bigarren partea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmenaren bigarren zatiak Irlandako bake-prozesuak Euskal Herrian izan lezakeen balizko aplikazioa lantzen zuen. Zera zioen, hain zuzen: «Irlandako bake-prozesu eta akordioaren ezaugarriak kontuan izaki, Euskal Herriak nozitzen duen gatazkak ere konponbidea izan dezakeelakoan gara, betiere jarraian aipatzen diren jokamoldeak errespetatzen badira».
Euskal Herriak nozitzen duen gatazka hori honela identifikatzen du Lizarra-Garaziko Hitzarmenak: «Euskal gatazka izenarekin ezagutzen duguna jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, eta bertan estatu espainiarra eta frantsesa inplikatuta daude. Beraz, konponketak ere derrigor politikoa izan beharko du. Gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ulermoldeak desberdinak izanik, berau lurraldetasunean, erabaki-subjektuan eta burujabetza politikoan adierazten denez, aipaturikoak konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu».
Arazo horiek konponbidean jartzeko metodoari dagokionez, elkarrizketa eta negoziazio-prozesu irekia proposatzen du Hitzarmenak, inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku-hartzearekin.
Hitzarmenean proposaturiko negoziazio-prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lizarra Garaziko Hitzarmenean proposatzen zen elkarrizketa eta negoziazio prozesuak bi fase izango zituen:
- Hasierako fasearen ardatzak elkarrizketa prozesua eta negoziazioa izango lirateke, eta inplikaturiko eragileen arteko harreman eta elkarrizketa bidez gauzatu daiteke, elkarrizketa-prozesua gauzatu dadin, inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suerta daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe.
- Erabaki-fasea izango litzateke ondorengoa, bere barnean arazoaren zergatiak aztertzeko nahia eta konpromisoa daraman negoziazio- eta konponketa-prozesua. Gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeria-adierazpenik gabe gauzatuko litzateke prozesuaren erabaki-fase hori.
Hitzarmenaren egileen arabera, negoziazioa izanik hitzarmenaren ardatz nagusia, horrek osotasunezko izan behar zuen, hau da, arazoa osatzen duten eta bere ondorio diren kontu guztiak aztertuz eta erantzunak emanez. Agenda mugadunik gabe, negoziazioa ez zen hartu behar irabazi partikularren prozesu bezala, arazoaren konponbide gisa baizik.
Eta, hitzarmenaren egileen arabera betiere, konponbideak baditu hainbat giltzarri: hori erabakitzeko negoziazioak bere barnean ez du berariazko inposaketarik, euskal gizartearen aniztasuna errespetatu behar da, proiektu guztiak erdiesteko baldintza berdinetan kokatuko dira eta Euskal Herrian demokrazia sakondu behar da, hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dute, eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dute. Azken batean, Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu. Prozesu horren ondoriozko eszenari dagokionez, konponbide-erabakiak ez du eszena itxi eta behin betikorik edukiko. Alderantziz, berari esker, euskal herritarren tradizioari eta subiranotasun-asmoei aukera berriak kokatzeko moduko toki zabalak eratzea erraztuko da.
Hitzarmenaren eraginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo urtebetean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmena izenpetu ondoren, zabaltzeari ekin zioten sinatzaileek. Indar ez abertzaleen aurkako jarrera ere erabatekoa eta berehalakoa izan zen, Lizarra-Garaziko Hitzarmenak, izatez, ez abertzaleak erabat alboratzen zituela arbuiatuz, besteak beste. Nolanahi ere, Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu ondoren, aspaldian ez bezalako lankidetza-giroa zabaldu zen abertzaleen artean. ETAk su-etenari eutsi zion, eta alor politikoan lankidetzak akordio jakinak ekarri zituen EAJ-EA-EHren artean, bai 1998ko urriko hauteskundeen ondorioz eratu zen Eusko Legebiltzarrean, baita 1999ko ekaineko udal-hauteskundeetatik sortutako hainbat udaletan ere, zein urte horretako Aberri Egunerako deialdi bateratuak. Era berean, EAJ, EA, EH eta ABko ehundaka hautetsik 1999ko irailaren 18an Udalbiltza, Euskal Herriko lehen instituzio nazionala, eratu zuten. Urtea betetzean sinatzaileek kaleratu zuten agirian azpimarratzen zenez, hilabete batzuk lehenago sinesgaitza izan zitekeen abagune hark ilusioa piztu zuen sinatzaileen eta Euskal Herriko herritar askorengan. Beste alde batetik, sakondu egin zen Lizarra zela-eta alderdi abertzale eta ez abertzaleen arteko etena, eta harremanek erabat okerrera egin zuten.
Urtebeteaz geroztik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea amaitu orduko hasiko zen pitzatzen, ordea, Lizarrako espiritua. 1999ko azaroaren azken egunetan su-etena bertan behera uzteko asmoa zuela jakinarazi zuen ETAk. Lizarra-Garaziko sinatzaile askok eta askok su-etenari eustea akordioari eusteko ezinbestekotzat jo bazuten ere, 2000ko urtarrilean egin zuen ETAk su-etenaren osteko lehen atentatu hilgarria. Handik egun gutxira utzi zuen Hitzarmena horretara bildutako alderdi ez abertzale bakarrak, IU-EB koalizioak, eta EHk ez zuenez ETAren jarduera bortitza gaitzetsi, haren eta EAJ-EAren arteko harremana ere gaiztotzen hasi zen, Eusko Legebiltzarrean zeukaten akordioa bertan behera gelditu eta EHk Eusko Legebiltzarrera joateari uztea erabaki zuen arte. Udaletako akordio gehienak ere bertan behera gelditu ziren.
Abertzaleen arteko elkarlanaren eteteak ondorio politiko larriak izan zituen gerora. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren EAJ-EA gobernuak ezinbestekoa zuenez Eusko Legebiltzarrean EHren babesa, ezker abertzaleak erakunde hori utzi zuenean gutxiengoan gelditu ziren lehendakaria eta haren gobernua PP eta PSOEren oposizioaren aurrean, eta hauteskundeen aurreratzearen iragarpena ekarri zuen azkenean 2001eko martxoan egoera hark.
Lizarra-Garaziko Hitzarmenak indar abertzaleentzako erreferentzia nagusi izaten jarraitu zuen, baina hitzarmenaren garapena ia erabat eten zen 2000. urtean, egoera politiko berriaren ondorioz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gorostiaga, Hur; Manterola, Jagoba. (1998-10-01). «Lizarrako akordioaren sinatzaileak Donibane-Garazin bilduko dira bihar» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).