Udalbiltza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Udalbiltza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoa da, Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionala, azken mendeetan nazio erakunderik ez izateak Euskal Herrian sortu duen erakunde desitxuratzeari aurre egiteko helburua duena. 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna Jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. Legez kanpo utzi zuten, eta, prozesu luze baten ondotik, 2013ko martxoaren 2an berregituratu zen, Mertxe Aizpurua lehendakari zuela. 2016tik Luis Intxauspe da lehendakaria.

Udalbiltzaren printzipioak eta helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalbiltzaren sorrerari buruzko bideoa
  1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
  2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
  3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
  4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
  5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.

Udalbiltzaren funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalbiltza udalez eta udal hautetsiz osaturiko nazio erakundea izanik, udalen eta udal hautetsien atxikimendu libre eta demokratikoan oinarritzen da. Erlijioan, sexuan, ideologian edo bestelako ezaugarrietan oinarritutako eragozpenik gabe, herritarrek Euskal Herriko 685 udalerrietan hautatu dituzten udal hautetsiek dute parte hartzeko eskubidea, Euskal Herriari inposatu zaizkion muga juridikoen, politikoen eta administratiboen gainetik. Azken urteetan hainbat dinamikatan aritu den arren, Udalbiltza erakunde bakana da.

Udalbiltzako erabakigunerik gorena Batzar Nagusia da. Hori dela-eta, Euskal Herriko udal hautetsi guztiek deituak izateko eta parte hartzeko eskubidea dute. Urteko plangintza, aurreko urteko balantzea, ekimen nagusiak eta Udalbiltzaren eguneroko jarduera koordinatzen duen Batzorde Eragilearen osaera erabakitzen dute Batzar Nagusira joaten diren udal hautetsiek.

Ekimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko Naziotasun Aitormena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

125.000 sinadura bildu zituen Herri Ekimen baten eskaerari eta 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko” 15. artikuluari jarraiki, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzea erabaki zuen 2001eko martxoan egindako II. Batzar Nagusian, eta agiriari aterabidea eman eta hura eskuratu ahal izateko prozedurari ekin zion.

Euskal Curriculuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko urtarrilean, urtebeteko harremanen ostean, Udalbiltzak, Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak Euskal Curriculuma sortzeko prozesua abian jartzea hitzartu zuten.

Udal Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Udal Hitza" Udalbiltzaren hiruhilabetekaria da. Paperezko bertsioa eta posta elektronikozko doako bertsioa dago.

Ikerbiltza programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitatearen mailan dabiltzan ikasle eta irakasleekin lankidetza-sareak sortzeko Udalbiltzaren programa da Ikerbiltza.

Lehen aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999ko otsailaren 6an, 21 alkateren deialdiari erantzunez, Iruñeko Carlos III zinema aretoan Euskal Herri osoko 317 udalerritako 666 zinegotzi eta alkate bildu ziren[1]. Bilkura hau Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren garaian geratu zen eta gerturatu ziren hautetsi asko hitzarmen horren sinatzaileak ziren EAJ, EH, EA eta AB alderdietako kideak ziren, beste batzuk independenteak zirelarik. Iruñeko bilkuran aho batez onartutako adierazpenean helburu batzuk zehaztu ziren: "Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditzea, Euskal Herriaren garapen osoa eragozten duelako eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko beharrezkoa delako lurralde artikulazioa".

Dena den, Udalbiltza, instituzio bezala, Bilboko Euskalduna Jauregian 1999ko irailaren 18an sortu zen. Sortze bilkura horrek zazpi lurraldetako 1.778 hautetsiren parte hartzea izan zuen. Bertan, aho batez, bost printzipio programatikoren inguruko adostasuna lortu zen, bitan laburbildu daitezkeenak: Euskal Herria nazio bezala aldarrikatzea eta, era berean, euskal herritarrak eskubide osoko subjektutzat onartzea; bestalde, instituzio lanari esker, Euskal Herri osoko lurraldeetako udalerrien arteko garapen politika bateratuak sustatzea, herrialde ezberdinetako politikak kohesionatzearren, hizkuntza normalizazio, garapen sozio-ekonomiko, lurralde antolakuntza eta plangintza, eskubide demokratikoen defentsa, hezkuntza, kirola eta kulturaren sustapenaren alorretan.

Lan sail ezberdinak antolatu ziren eta 2000. urterako Kudeaketa Plana lantzen hasi ziren. Lanketa eta onarpena Udalbiltzako lehen Batzorde Eragilearen eskutik etorri zen. Batzordea EAJ zazpi kidek, EHko lauk, EAko hiruk eta ABko batek osatzen zuten. Lehen Kudeaketa Plan hau 2000. urteko udaberrian onartu zen.

Udalbiltzaren geldialdia eta zatiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtearen hasieran zegoen giro politiko gatazkatsuak (ETAren su-etenaren haustura, atxiloketak...) Estatu espainiar eta frantsesek erakunde nazionalaren aurka hartutako jarrera oldarkorrak eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2000ko udaberrirako iragarrita egotearen ondorioz izan ziren alderdikeriek ia erabat geldiarazi zuten Udalbiltzaren jarduera: ebazpenak ez ziren aho batez onartu (Aberriko Eguneko agiria izan ezik), udal aurrekontu askotan ez zen Udalbiltzarentzat aurreikusitako sailik bideratu eta Kudeaketa Planaren onarpena udara arte atzeratu zen.

Irailaren 16an, hainbat hautetsik (Gehienbat EHkoak baina baita EA, AB eta independenteak ere) 2000ko irailaren 30ean Iruñean bilkura egiteko deia egin zuen, alderdien arteko liskarren gainetik, Udalbiltzaren jarduera bultzatzearren.

Iruñeko Carlos III zinema aretoan izan zen bilera, eta Euskal Herriko 500 hautetsi baino gehiago bildu ziren, udaletakoak eta bestelako erakundeetakoak. Udalbiltzaren jarduera sustatzeko deia egin zitzaien bertan bildutakoei, eta agiri bat onartu zen. Iruñeko bileran sortutako Udalbiltzaren aldeko hautetsien mugimenduak hainbat bilera egin zuen hurrengo hilabeteetan, Udalbiltzaren 2000. urteko plangintza abian jarri eta Udalbiltzaren Batzorde Eragileari geldialdia gainditzeko eskatzeko.

Halere, aipatu egoera ez zen gainditu, eta EAJk eta EAk Batzorde Eragilean zituzten ordezkariek Udalbiltzaren eskumen eragile osoa izango zuen organo berri bat sortzea erabaki zuten 2000ko azaroaren 22an, hain zuzen ere, Zuzendaritza Batzordea izenekoa, geroago UDALBILTZA® sortuz. Batzorde hori EAJko eta EAko udal hautetsiek soilik osatzea erabaki zen, Euskalduna Jauregiko Batzar Nagusian erabakitakoaren aurka. Beraz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ia lau (Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta ia Nafarroa Garai osoa) ordezkaritzarik gabe geratu ziren batzorde horretan.

2001eko urtarrilean Udalbiltzaren Batzar Nagusia deitzearen aldeko 920 hautetsiren sinadurak bildu ziren. Batzar horrek Bilboko Euskalduna Jauregian onartutako printzipio programatikoak berretsi eta 2001rako kudeaketa plana onartu, 2000. urtekoan oinarrituz. Batzar Nagusia 2001eko otsailean egin zen Donostiako Kursaal jauregian, Euskal Herri osoko 780 hautetsi bertaratu zirelarik. Gauzak horrela, momentu honetatik aurrera bi Udalbiltza egongo ziren: lehenengoa, Kursaalean bildu ziren hautetsiek osatua eta bigarrena UDALBILTZA®-Udalbide (EAJ eta EAko hautetsiez osatua).

Auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko apirilaren 29an, udal hauteskundeen atarian, Espainiako Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak 8 hautetsi eta langile atxilotzea agindu zuen. Era berean, Udalbiltzaren Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Astigarragako egoitzak zigilatu zituzten eta Udalbiltza Partzuergoko (Erakundeak baliatzen zuen zuzenbide-figura) zein Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko kontuak blokeatu zituzten. Azkenik, Udalbiltzaren jarduerak bertan behera gelditzea agindu zen.

Maiatzean Udalbiltzako beste hiru ordezkariren (haien artean garai hartako erakundeko presidente eta Ondarroako alkate zen Loren Arkotxa) kartzelatzea agindu zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean. Ekainean erakundeko beste kide bat atxilotua izan zen. Pertsona hauek guztiak 2004ko apiril arte kartzelatuta egon ziren. Urte horretan Udalbiltzako 22 kideren (aurrekoak gehi beste batzuk) kontrako prozesatze autoa diktatu zen. Pertsona hauetako gehienak sufragio unibertsalaren bitartez demokratikoki aukeratutako hautetsiak, kultura, hezkuntza, herri-garapen, normalkuntza politikoa, bakea eta antzeko esparruetan lan instituzionala egite soilagatik auziperaturik zeudela defenditu zuten.

2007ko irailean Udalbiltzaren jarduera etendura altxatu zen baina hiru egunen buruan, irailaren 12an, 22 auziperatuen kontrako fiskaltza-eskaerak aditzera eman ziren: ministerio fiskalak erakunde terroristako kide izateagatik 10 urteko kartzela zigorra eskatzen zien denei eta bost urte gehiagokoa lau auziperaturi fondo publikoen bidegabeko erabiltzeagatik. Dignidad y Justicia elkarteak arrazoi berberengatik 15 eta 23 urteko kartzela zigorrak eskatu zituen.

Udalbiltzaren kontrako ahozko epaiketa 2010eko uztailaren 15a eta urriaren 26a bitartean burutu zen, eta 2011ko urtarrilaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako auzipetu guztiak absolbitu zituen.

Bigarren Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalbiltzako lehendakaria den Mertxe Aizpurua.

Udalbiltza berrantolatu asmoz, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian 2013ko martxoaren 2an ekitaldia egin zuten Euskal Herriko 600 hautetsitik gora. Usurbilgo alkatea zen Mertxe Aizpurua hautatu zuten lehendakaritzarako. Berrantolaketak 1.227 hautetsiren (31 Lapurdikoak, 4 Nafarroa Beherekoak, 279 Nafarroa Garaikoak, 392 Bizkaikoak, 100 Arabakoak eta 412 Gipuzkoakoak) eta Euskal Herri osoko 393 udalerriren sostengua izan zuen, haien artean 153 alkaterena.[2]

2013 bukaeran 1.400 hautetsiren eta 176 alkateren babesa zeukan Udalbiltzak; haien artean Trebiñuko alkatearena.[3]. 2013ko batzarrean, sorrerako printzipioak berretsi eta lehentasunak ezarri zituzten: lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriaren nazio egituratzean laguntzea, herrien arteko saretzea, Euskal herritartasuna ereitea eta nazioartea lantzea[4]. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak 2013an adierazi zuen Udalbiltzaren Donostiako batzarrerako «alderdi moduan» ez zutela gonbidapenik izan. Udalbiltzak zehaztu zuenez, alderdi eta koalizioek ez zuten atxikimendu deirik jaso, udal hautetsiek baizik. Aizpuruak argitu nahi izan zuen udalbiltzakide izatea «pertsonalki egindako hautua» zela[5].

2014ko urriaren 4an, Udalbiltzak urte politiko hasierako batzar orokorra egin zuen, Uztaritzen, kohesioa ardatz hartuta. Pirinioetako proiektuaren, herritartasunaren eta itunen balantze bat egin zuen[6]. Egun berean, Udalbiltza.eusen ageri zenez, 1.424 udalbiltzakide zeuden. 177 alkateak ziren. Egun horretatik aurrera, gehiago izango ziren, Ipar Euskal Herriko martxoko udal bozen ostean Udalbiltzak kide gehiago lortu baitzituen[7].

Batzarrean jakinarazi zen Iparraldeko 108 kide zituela bere baitan. Udalbiltza 1999an sortu zenean, Ipar Euskal Herriko 30 hautetsik eman zuten atxikimendua. Lapurdikoak 68 ziren, Zuberoakoak 22 eta Nafarroa Beherekoak 18. Biltzarrak 1.471 udalbiltzakide zituen ; haietatik 183, alkateak ziren. Kohesioa zen urte politikorako Udalbiltzak hautaturiko hitza. Kohesioa lurralde, herritar eta udalerrien artean. 2014rako 592.120 euroko aurrekontua zeukan[8]. Udalbiltzak Uztaritzen egindako batzarrak honako ildoak onartu zituen urte politiko berrirako: lurraldeen eta herritarren kohesioa, senidetzeak (Hurbiltzen programa), aniztasuna, udalerrien arteko ezagutza, eskualde baztertuenen garapena, Pirinioak, ikerbiltza programa, Nazio Eraikuntzaren Behatokia, Erri Gora, euskara eta euskal kultura, ikurrak eta nazioartea[9].

Urriaren 28an, Udalbiltza diruz lagundu zuten udalen aurkako helegiteak jarri zituen Urkijok. Hemezortzi udalek jasoa zuren Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren helegitea, eta biltzarrak salatu zuen posible zela "beste askok jasotzea". "Udalbiltza arlo ekonomikoan ito nahian dabil" adierazi zuten[10].

Urriaren 31ean, burujabetza energetirako gida aurkeztu zuen Udalbiltzak. Nafarroa Behereko hainbat enpresaburu, hautetsi eta garapen eragileren aurrean aurkeztu zuen, Energiaren Goizak jardunaldien baitan[11].

Abenduaren 16an, Pirinioetarako diru laguntzen bigarren deialdia ireki zuen Udalbiltzak. Deialdian, 28 proiekturekin, 120.000 euro banatuko zituen Udalbiltzak. Bestalde, hitzarmena sinatu zuten Udalbiltzak eta Cederna Garalur elkarteak[12].

2015eko urtarrilaren 13an, Udalbiltzak 2015ean 24 proiektu bultzatuko zituela Pirinioak biziberritzeko jakin zen eta mugaren bi aldeetako 108 herritara hedatuko zen[13].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Udalbiltza Aldatu lotura Wikidatan