Louis Daguerre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau zientzialariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Agerre.
Louis-Jacques-Mandé Daguerre.

Louis-Jacques-Mandé Daguerre, Louis Dagurre bezala ezagunagoa (Cormeilles-en-Parisis, 1787ko azaroaren 18a – Bry-sur-Marne 1851ko ekainaren 10a) fisikari, kimikari, margolari eta antzoki-dekoratzailea izan zen. Argazkigintza modernoari egindako ekarpen garrantzitsuengatik da ezaguna. Besteak beste bere lorpenen artean daude dagerrotipoa asmatzea, eta lehendabiziko aldiz gizakia argazki batean ateratzea. Daguerre euskal jatorrikoa zela esan ohi da, Agerre abizenekoa.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daguerreren gurasoak Ipar Euskal Herrikoak zirela uste da, eta lan-arazoengatik Parisen bizitzen jarri zirela. Oinarrizko hezkuntza jaso zuen Daguerrek, eta 14 urterekin lan munduan sartu behar izan zuen. Abila zen negozio kontuetan, zein arte eta letra arloetan. Marrazketarako gaitasunak zituela eta, arkitekto laguntzaile modura hasi zen lanean. Halere, perspektiba zuten objektuak marraztetik antzokiak dekoratzen amaitu zuen. Dekoratzaile gisa hiru urtez aritu zen Daguerre, eta, Parisko Prevost eszenografo esanguratsuaren ondoan hasi zen lanean.

Sakontzeko, irakurri: Diorama

Daguerrek Diorama asmatu zuen, sakonera ilusioa ematen zuen instalakuntza bat. Ikusleari ilusioak sortzen zitzaizkion mugimenduan zeuden objektu erraldoi eta soinu zein argi efektuekin. Esaterako, bataila edota ekaitz baten erdian egotearen sentipena helarazten zitzaion ikusleari. Hori guztia sinesgarria izateko, margolanak oso errealistak izan behar ziren eta arrazoi horregatik, ganbera ilunaren kontzeptua aplikatu zion Dioramari. Ondorioz bere antzokietako dekorazioak oso ezagun bilakatu ziren. Parisko opera antzokira iritsi ziren bere instalazioak. Frantziako Ohorezko Legioaren domina jaso zuen 1802an. Napoleon Bonapartek ezarri zion domina.

Dagerrotipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Dagerrotipo

Joseph Nicéphore Niépcerekin harremanetan jarri zen Daguerre eta halako elkarlan moduko bat eratu zuten. Bere asmoa instalakuntzetan sinesgarritasun gehiago lortzea zen eta horretarako ganbera beltza ikertzea behar zuen. Niepcerekin elkarlanean aritu zen ikerketak eginez, harik eta Niepce hil zen arte. Haren heriotzaren ostean, 1839an, Dagerrotipoa aurkeztu zuen Daguerrek.

Funtsean, lentea atxikita zeraman ganbera beltz bat zen Dagerrotipoa. Kobrezko xafla bat ere bazeukan, zilar nitrato geruza bat gainetik zuela. Argi iturri baten aurrean esposizioa egin ostean, gatz arruntaz osatutako geruza bat gelditzen zen zilar nitratoaren gainean. Ondoren, merkurio lurrunarekin irudia lortzen zen. Asmakuntza hark argazkigintza modernoaren lehendabiziko zutabeak ezarri zituen. Dagerrotipoak une historikoak islatzeko aukera ematen zuen.

Asmakuntza oso ezaguna egin zen eta 500.000 ale egin ziren urte batean.

Lehendabizikoz gizakia argazki batean atera zenekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Boulevard du Temple kalea. Lehendabiziko aldiz agertzen da gizakia argazki honetan.

1838an atera zen lehendabizikoz gizakia argazki batean. Zapata-garbitzaile bat eta bere bezeroa azaltzen dira Parisko Boulevard du Temple kalean. Kalean jende asko zebilen arren, bi pertsona horiek baino ez dira agertzen argazkian. Honen arrazoia da esposizio denboran zehar ezinbesteko denboran egon zirela geldi biak.

Zarauzko argazki museoak (Photomuseum) monolito bat eskaini zion Louis Daguerri. 2006ko abuztuaren 19an ezarri zen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Louis Daguerre Aldatu lotura Wikidatan