Luis Santaló
Luis Antonio Santaló Sors (Girona, Katalunia, 1911ko urriaren 9a - Buenos Aires, Argentina, 2001eko azaroaren 22a) katalan matematikaria eta ikertzailea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientzia Zehatzak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1935). Ikasketak egin ondoren, Hanburgon aritu zen lanean urtebetez Virgen Blázquez irakaslearekin, geometria integralaren alorrean. Espainiara itzuli zenean, bertako Gerra Zibila hasi zelarik, aire-armadan sartu behar izan zuen.
Gerra bukatuta, Argentinara joan zen, eta hamar urtez bizi izan zen han, Rosarion, Unibertsitateko Matematika Institutuan lan egiten. 1949an, Princetonera joan zen ikasketak sakontzera. Hurrengo urtean, Buenos Airesen jarri zen bizitzen, eta Zientzia Zehatzen Fakultatean hasi zen lanean. Energia Atomikoko Batzorde Nazionalean eta La Platako Unibertsitatean ere lan egin zuen.
XX. mendeko geometra handienetako bat izan da, eta nazioarteko aldizkari ospetsuenetan argitaratu dira bere ikerketa-lanaren emaitzak. Gainera, hogei bat liburu eta monografia argitaratu ditu, hala nola Historia de la Aeronáutica (1946), Introduction to Integral Geometry (1953), Geometrías no euclidianas (1961), Vectores y Tensores con sus aplicaciones (1977) eta Geometría Proyectiva (1966). Zenbait akademiatako kide eta unibertsitatetako doktore izendatu dute, eta sari asko jasotakoa da; 1983an, adibidez, Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea saria jaso zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.