Maafe
Maafe | |
---|---|
Erregosi | |
Osagaiak | haragia |
Historia | |
Jatorria | Mali |
Maafe (aldaerak: mafé, maffe, Maffe, kakahuete saltsa, tigadèguèna, Tigh-na-Dege edo tigadene), kakahuetez eginiko saltsa da, mendebaldeko eta erdialdeko Afrikan oso ezaguna. Maafe hitza saltsa honekin eginiko plater osoa izendatzeko ere erabil daiteke.[1]
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maffe hitza wolofera, fula eta mandingo hizkuntzetan erabiltzen da, bambara hizkuntzako "manfi" (= saltsa) hitzetik eratorria.[2]
Maafea Maliko mandinga eta bambara herrietan sortu zen. Mandinga hizkuntzan domodah edo tigadegena esaten zaio (kakahuete-gurin saltsa: "tige" = kakahuetea, "dege "= orea eta "na" = saltsa). [1] [3] Halere, Senegalen domodah beste plater bati esaten zaio, eta maafe izena plater osoari ematen zaio. Alegia: saltsa honekin prestatutako errezetei.[2]
Maafea Senegaleko eta Gambiako talde etniko askoren platerik gogokoena da. Koloniar garaian kakahuete laborantzaren gorakada izugarriarekin, maafea Mendebaldeko Afrikan hedatu zen, baita hortik kanpo ere, hala nola Kamerunen edo Frantzian .
Prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maafea egiteko haragia (yapp), oilaskoa (guinaar) edo arraina (dienne) erabil daiteke. Aparte egositako arroz kreolearekin laguntzen da (ñaari cin tipoko platera da, beraz).[4] Adibide bezala, jarraian maafe guinaar prestatzeko errezeta emango dugu.[5]
Osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]6 bat pertsonarendako:
- Oilasko bat.
- 200 g. kakahuete ore.
- Kg. 1 barazki (azenarioa, patata, kalabaza, alberjinia, boniatoa, aza... gustuen eta aukeraren arabera).
- Tipula 2.
- Tomatea.
- Berakatz ale 2.
- Piper gorri 2.
- Koilarakada txiki 1 espezia (bakoitzaren gustuaren eta aukeraren arabera; mendebaldeko Afrikan tradizionalki erabiltzen dena sunbala izenekoa da).
- Olioa, gatza, piperrautsa.
Prozedura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ontzi batean oilaskoa oliotan frijitu, kanpoak kolorea hartu arte.
- Oilaskoari tipula xehetua eta piperra gehitu, tipulak urre kolorea hartu arte.
- Berakatza eta tomatea gehitu. Egosi 2'.
- Kakahuete-orea, espeziak, gatza, piperrautsa eta litro 1 ur gehitu. Egosi 30-45'.
- Arrozarekin lagunduta aurkeztu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b James McCann. Stirring the pot: a history of African cuisine, p132. Ohio University Press, 2009. ISBN 0-89680-272-8
- ↑ a b Papa Samba Diop, « Mafé, maafé, maffé », in Glossaire du roman sénégalais, L'Harmattan, Paris, 2010, p. 347
- ↑ Emma Gregg, Richard Trillo. Rough guide to the Gambia, p39. Rough Guides, 2003. ISBN 1-84353-083-X
- ↑ Les mots du patrimoine : le Sénégal. Éditions de archives contemporaines 2006 ISBN 2914610335. PMC 71887592. (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).
- ↑ «Poulet mafé (à la sauce d'arachide)» www.afrik-cuisine.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).