Maki (frankismoaren aurkako gerrilla)

Makia edo mendi gerrilla[1] Espainiako Gerra Zibilean eta hurrengo urteetan Espainian sortu zen frankismoaren aurkako gerrilla izan zen. Maki deitzen zaio hala borrokalarien taldeari zein pertsona bakoitzari, mugimenduko kideari. Behin Espainiako gerra bukatuta talde hauek borrokan jarraitu zuten, gehien batean mendietan ezkutatuta, nahiz eta inguru hiritarretan laguntzaileak izan. Ideologikoki komunistak eta anarkistak ziren.
Frantzian zeuden soldadu errepublikano asko ere Frantziako Erresistentzian sartu ziren, Frantziako makian, alegia. Espainiako azken makiak, Ramón Vila eta José Castro, hurrenez hurren 1963an eta 1965ean hil zituzten. Gerrillaren garai indartsuena 1938tik 1950 arte luzatu zen. Haien aurkako errepresioa bortitza izan zen.
Ekintzen eragin eremua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendiko gerrilla
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kantauri itsasoko ertza: Galiziatik Kantabriaraino, bereziki Asturias eta Leóngo iparraldean eta Palentzian. 1948an, Lezo Urreiztietak mendietan bakartutako hamarretik gorako maki talde bat ebakuatu zuen itsasontziz Donibane Lohizunera. Kantabrian azken makia 1958an hil zuten, Bedoya.
- Levante: Teruel, Castelló, Valencia eta Cuenca.
- Penintsula erdian: Extremadura, Kordobako probintziaren iparraldean, Ciudad Realgo probintzia, Toledo, Ávilako probintzia eta Erdialdeko Sistema.
- Andaluzian: bi alde zeuden: Cádiz batetik, Granada eta Málaga bestetik.
- Mantxa: gune txikiagoa izan zen.
- Aragoi Garaia: gune txikiagoa izan zen.
- Katalunian: Bagesen eta Berguedàn.
Hiriko gerrilla
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendiko ekintzen oihartzuna eskasa zen. Horregatik, makien ekintzak hirietara ireki ziren:
- Bartzelonan eta Kataluniako beste herriak: garrantzitsuena izan zen. Maki horren atzean CNT sindikatua eta FAI zeuden eta gizartearen babesa handiagoa zuen.[2]
- Madrilen: indar gutxiago izan zuen. Komunisten babesa zuen eta gutxi iraundu zuen.
- Málaga eta Granada: bi taldek ospe handia lortu zuten, Antonio Rayarena eta Quero anaienak.[3]
- Bilbon.
Gerrillaren faseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Gerra Zibilean zehar faxistek hartutako inguruetan erresistentzia taldeak sortzen dira.
- Bigarren Mundu Gerrak Errepublikaren aldeko soldadu asko Frantzian harrapatzen ditu. Horietako asko Frantziako Erresistentzian integratzen dira. Agrupación de Guerrilleros Españoles antolatzen da.
- 1944tik aurrera, nazien porrotarekin batera, gerrillari askok gerra penintsulara eraman nahi dute. Arango haranaren inbasioaren saiakerak porrot egiten du. Dena dela, talde batzuk penintsulan sartzen dira eta bertan zeuden gerrilleroekin elkartzen dira.
- 1945 eta 1947 artean mugimendua indartsu dago. Halaber, frankisten errepresioa gerrilleroen eta populazioaren aurka indartu zen. Militante asko hil zituzten.
- 1948tik aurrera Alderdi Komunistaren jarrera aldatu zen. Poliki-poliki gerrilleroen taldeak desegin ziren.
- 1952an azken talde garrantzitsuak penintsulatik atera ziren. Barrualdean gelditu zirenak oso sakabanatuta zeuden eta, askotan, bizirauteko borrokatu behar zuten.
- 1956an komunistek «Adiskidetze Nazionala»ren politika zabaldu zuten.
- 1963an Ramón Vila gerrillari anarkista Guardia Zibilak hil zuen.
- 1965an José Castro gerrillaria Guardia Zibilak hil zuen.
Makia Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpaina handiak eta Nafarroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina muga igarotzeko bide gertuena zen talde askorentzako. Izan ere, euskaldun asko aritu zen makian, esaterako Luis Fernández bilbotarra. Zuzendaritzan, Jesus Monzón eta Carmen de Pedro zeuden, guztiak Alderdi Komunistaren militanteak. 1944an, Arango haranaren inbasioarekin batera, gerrillari talde bat , urriaren 3an, Erronkaribartik Hego Euskal Herrian sartu zen; urriaren 7an, beste talde batek gauza bera egin zuen Orreagatik. Liskar handiak izan ziren eta hildako ugari, tartean Miguel de la Mano falangista.
Nafarroan ere, inbasio baten beldurrez, gerrillarien aurkako hamazazpi talde, ia 2.500 gizon, prestatu ziren. Dena den, gerrillariek nahiago zuten Nafarroako mugan lasaitasuna mantentzea, bide egokia baitzen Penintsulan armak eta makiak sartzeko. Hala ere, liskar ugari izan ziren. Nafarroako errepresioaren datuak ere oso gogorrak izan ziren: 35 gerrillari hil zituzten, eta 200 baino gehiago atxilotu.[4] 40ko hamarkadako istilu hauetakoak dira 2020ko udan ikertutako Imotzeko bi makiren gorpuzkiak.[5]
Bidasotik eta itsasotik Gipuzkoara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talde handien inbasioaren porrota ikusita, PCEk estrategia aldatu zuen: 1944an eta 1945an 40 maki baino gehiago muga igaro zuten talde txikietan, batzuk txalupaz, Hondarribitik. Celestino Uriarte, Sebastián Zapirain, Asensio Arriolabengoa, Fermín Isasa eta beste batzuk gerrillaren buruan jarri ziren, baina ez zuten arrakasta izan: Euskal Herria ez zen horrelako borrokarako inguru egokia. Errepresioa oso gogorra izan zen. Guardia Zibilak Gipuzkoako taldeak desegin zituen: 16 maki hil eta 23 atxilotu zituzten; kolaboratzaile asko ere espetxeratuak izan ziren. Errepresio horretan, Melitón Manzanas nabarmendu zen.
Donostialdean ere, makien aurkako errepresioa ezagutu zen. Ondorioz, Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an. 1947ko urriaren 17an hil zituzten Felipe Villegas Nieto, Gerardo Santos Alvarez "Katiuska" eta Matias Garcia Bañuelos "Matias", Konporta auzoko etxe batean, egungo Ibaeta auzoan.[6] Hurrengo urtean, 1948ko azaroaren 16an, Asturiastik Ipar Euskal Herrira ihesi zihoan beste bat hil zuen Guardia Zibilak, Zubieta inguruan: Alfredo Barcena Garcia, "El Peque" edo "El Chaval" ezizenez ezaguna eta Cristino brigadan ibilitakoa. Epaiketarik gabe exekutatu zuten.[6]
Gipuzkoako azken makia, Frantzisko Etxeberria Isarri, Oiartzunen harrapatu zuten, 1951ko urtarrilean. Nafarroan ezagutzen den azken ekintza 1961ko abuztuaren 8an izan zen: Valentín González El Campesino Guardia Zibilarekin topo egin zuen Iratin; dirudienez, Frantziako Zerbitzu Sekretuen salaketa baten ondorioa izan zen.[4] Aipatu behar da, azkenik, nahiz eta makiak ados ez izan, Nafarroako makia Aragoiko egituran egokituta zegoela.
Makiak zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El laberinto del fauno (euskaraz 'Faunoaren labirintoa', ingelesezko izenburua: Pan's Labyrinth) 2006ko Guillermo del Toro zinema zuzendari, gidoigile eta ekoizlearen fantasiazko drama filma bat da. Gerraondorengo giroan kokatzen da, Pirineoetako herri galdu batean.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dolors Marín Silvestre. Clandestinos. El maquis contra el franquismo. Plaza & Janés. Bartzelona, 2002. ISBN 84-01-53053-9
- Mikel Rodríguez Álvarez. Maquis. La guerrilla vasca (1938-1962). Txalaparta argitaletxea.ISBN 84-8136-195-X.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://dle.rae.es/maquis
- ↑ Dolors Marín, 291.
- ↑ Jorge Marco. Hijos de una guerra. Los hermanos Quero y la resistencia antifranquista. Granada, Comares, 2010
- ↑ a b http://www.euskonews.eus/0081zbk/gaia8102es.html
- ↑ Lartzanguren, Edu. «Bi makiren gorpuzkiak atera dituzte Imotzen» Berria (kontsulta data: 2020-07-27).
- ↑ a b «Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak», Beñat Parra.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz): Espainiako RNEren dokumentala, 2013/06/29.
- (Frantsesez): Gerrilleroen hiztegia.
- (Gaztelaniaz): Emakume makiak.
- (Gaztelaniaz): Makia Euskal Herrian, Mikel Rodríguezen artikulua, Euskonews & Media 81.zbk (2000 / 6 / 2-9)