Edukira joan

Manuel Losada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Losada

Bizitza
JaiotzaBilbo1865eko urriaren 16a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
BizilekuaBegoña
HeriotzaBilbo1949ko urriaren 9a (83 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
KidetzaKurding Club

Galo Manuel José Losada Pérez de Nenin (Bilbo, Bizkaia, 1865eko urriaren 16a - 1949ko urriaren 9a) margolaria eta kartelgilea izan zen.[1] Lekuona, Bougereau eta Carriérerekin hasi ondoren, Parisa joan zen ikastera. Ignacio Zuloagarekin eta Anselmo Guinearekin batera Bilboko Kurding Club eratu zuen.

Jaioterrian eta Parisen egin zituen margolaritza-ikasketak. Pintore, zaharberritzaile, muralgile, kartelgile, eszenografo eta liburu-marrazkilari gisa egin zen ezagun.

Parisen sei urte eman ondoren Bilbora itzuli zenean, bere guraso eta aitona-amonen herria margotu zuen, Zazpi Kaleetako Bilbo harena, kapela luzeko jaunak eta dama dotoreak prozesioen edo jaien errituetan murgilduta ibiltzen zirena. Losadak eraikin publikoen, zezen-jaien edo Plaza Barriko agerraldien irudiak finkatu zituen, baita Areatzako pasealekua, erraldoiak eta buruhandiak ere. Pertsonaia eta une hauek ageri dira Losadaren laguna zen Emiliano Arriagaren lanetan ere, eta horietako batzuk, oraindik ere, XX. mendeko Bilboko jaien albisteetan jasotzen dira; Terentzio jauna eta Tomasa andrea erraldoiak, edo Txomin Barulloren pertsonaia bizirik diraute gaur egungo Bilboko Aste Nagusietan. 12.000 biztanle eskas zituen Bilboren nostalgia burges hori sintetizatzen du Losadak, nahiz eta Parisetik itzuli zenean 40.000 pertsona baino gehiago zeuden hirian, eta zabalduz zihoan gainera.[2]

Interesgarria da ikustea nola Arruek, Artetak edo Ucelayk herri-dantzaren dokumentazio bat utzi zuten bitartean, Losadak txistulariaren funtzio instituzionala dokumentatu duen, txistularia ez baita herri-musikari soila, guztiz kontrakoa baizik: ordezkaritza politiko eta instituzionalaren musikaria da, eta hortik bere uniformea.[2] Txango txistularia gutxienez lau koadrotan jaso zituen. Bilboko Sociedad Bilbainaren aretoetan ikus daiteke “pastel”-margolan batean, Danbolinteroa izenburuko koadroan ere bai (Terentzio jauna eta Txango, txistularia // Don Terencio y Chango, El txistulari). Losadaren koadroak Terentzio erraldoia irudikatzen du, Bilboko jaietako kartoizko pertsonaia bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegiko aretoetan bi koadro daude, Erraldoiak herriaren pozaz inguratuak (Gigantes rodeados de la alegría del pueblo) eta Gargantúa (80 x 356 cm bakoitza), Foru Aldundiak 2012an zaharberrituak biak.[3][4][5][6]

1897an Gregoria Moya Odriozolarekin ezkondu zen, eta harekin hiru seme-alaba izan zituen: Flora, Alberto eta Maritxu. Bere lehen etxebizitza Najan izan zuten, baina Marzana kalera joan zen 1917ra arte. Orduan Begoñara mugitu ziren, “Etxe Handia” izeneko pisu batera. 1929an inauguratu zuten Pedro Gimon arkitektoak diseinatu zion txaleta, Losadak goialdean pinturekin apaindu zuena. Askoz lehenagotik (1899) Arbieto kalean estudio berri bat egina zuen.[7]

Bilbo zaharreko ohiturak jasotzen dituzten olio pintura asko utzi zuen. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako urgazle (1909), Bilbon sortu berri zen Arte Eder Museoko zuzendari (1913), eta Bilboko Artisten Elkarteko ohorezko lehendakari izendatu zuten (1945).

Erakusketa ugari egin zituen Euskal Herrian, Europan eta Espainiako estatuan, Madrilen izan ezik.

Lan nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Losadaren etxea Zabalbide kaletik eta Santa Monika kaletik gertu zegoen, Begoñan. Argazkiko eskiuin aldean.

Muralista gisa, Kurding kluberako obra handia margotu zuen (1894), eta 1945ean, tamaina handiko mihise bat egin zuen, zezenketaren inguruko gaiarekin, Bilboko Cocherito Klub ospetsurako. 1911n, Azkueren Itsasora operarako apainketa irudikatu zuen, eta 1914an, Oscar Rochett-en Malvina obrarako.

1930ean, Jose Oruetak idatzitako Memorias de un bilbaíno liburua irudiz hornitu zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Galo Manuel José Losada Pérez de Nenin. .
  2. a b «Losada - Danbolinteroa | Artitz Guggenheim Bilbao» www.guggenheim-bilbao-artitz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-02).
  3. «Losada - Danbolinteroa | Artitz Guggenheim Bilbao» www.guggenheim-bilbao-artitz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
  4. (Gaztelaniaz) Frade Villar, K-Toño. (2011-12-01). «‘Txango’ y los txistularis» Bilbao aldizkaria: 51..
  5. Losada Pérez de Nenín, Manuel. «Desfile en Bilbao con la Iglesia de San Antón al fondo.» www.artnet.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
  6. Cava Mesa, María Jesús. (2006-11-01). Más que un maestro del “pastel”. .
  7. (Gaztelaniaz) Cava Mesa, María Jesús. (2006). «Manuel Losada, 1865-1949, Más que un maestro del “pastel”» Bilbao (Bilbodo udala): 9..
  • Manuel Losada (1865-1949), Catálogo razonado (óleos, pasteles, dibujos). Bilbao 2004. ISBN 978-84-609-2936-9
  • Los cuadros del Kurding Club. En el Centenario de la Sociedad Filarmónica. Varios autores. Museo de Bellas Artes de Bilbao 1996.
  • Manuel Losada. M. Llano Gorostiza. Espasa Calpe. Madrid 1975
  • Bilbao en el arte. Volumen 2. Javier Viar. Bilbao 2000. ISBN 84-8056-192-0
  • Juan de La Encina y el Arte de su tiempo, 1883-1963. Varios artistas. Bilbao, ISBN 8480261137

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]