Maoriera
Maoriera | |
---|---|
Reo Māori | |
| |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Zeelanda Berria |
Hiztunak | 100.000–160.000 inguru |
Rankinga | Ez 100 mintzatuenen artean |
Ofizialtasuna | Zeelanda Berria |
Eskualdea | Polinesia |
UNESCO sailkapena | 2: kaltebera |
Araugilea | Maoriera Batzordea (Te Taura Whiri i te Reo Māori) |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza isolatzailea eta aditza-subjektua-objektua |
Alfabetoa |
latindar alfabetoa eta Māori writing system (en) ![]() |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-1 |
mi |
ISO 639-2 |
mao mri |
ISO 639-3 |
mri |
Ethnologue |
mri |
Glottolog |
maor1246 |
Wikipedia |
mi |
Maoriera[1] (maorieraz: Māori [ˈmaːɔɾi ahoskatua]; edo te reo Māori [tɛ ˈɾɛɔ ˈmaːɔɾi], «maori hizkuntza») maori etniakoen mintzaira da. Zeelanda Berriko (maorieraz: Aotearoa) hizkuntza ofiziala, ingelesarekin batera.
Hala ere, hizkuntza gutxitua da; eta, etorkizunera begira, egoera ez da ona. Gutxi gorabehera, 150.000 hiztun dituela kalkulatzen da (zeelandaberritar guztien % 3,75, eta maorien % 14 inguru). Egun, hiztun gehienak Ipar uharteko iparraldean eta ekialdean bizi dira, Northland eta Gisborne eskualdeetan zehazki.
Polinesiar jatorrikoa da, eta senidetzat ditu beste hiru hizkuntza: rarotongan (Cook uharteak), tahitiera eta hawaiiera.
Maoriera Zeelanda Berrira Polinesiako biztanle batzuek eraman zuten, ziur aski Tahititik hara joandakoek, orain dela 600-800 urte.
Polinesiako ekialdearen hizkuntzen sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Rapa Nui.
- Ekialdeko erdialdekoak:
- Rapan.
- Tahitiarrak: Tahitiera, rarotongan (Cook Uharteak) eta maoriera.
- Markesarrak: Markesera eta hawaiiera.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XIX mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1814an, misiolari batzuk saiatu ziren, lehenengo aldiz, maoriera alfabeto erromatarrez idazten.
- 1840an, Waitangiko ituna sinatu zuten. Orduan, Zeelanda Berriko hizkuntza nagusia zen artean.
- 1842an, lehenengo egunkaria argitaratu zuten.
- 1850eko hamarkada inguruan hasi zen haren gutxitze prozesua, Erresuma Batutik joandako pertsonen hizkuntza nagusituz joan zen bitartean, ingelesa alegia. 1858an 56.000 maori inguru erroldatu zituzten.
- 1860ko hamarkadatik, eskolan maoriera erabiltzea debekatzen hasi ziren; horren ondorioz, hizkuntzaren prestigioa murriztu egin zen.1867an, berriz, Native Schools Act dekretua kaleratu zuten.
XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1920 inguruan, Sir Āpirana Ngata hasi zitzaien maori komunitateei ohartarazten hizkuntzaren erabileraren garrantziari buruz.
- 1930eko hamarkadan, maori gehienek artean egiten zuten maorieraz.
- 1940ko hamarkadan hasi zen hirietarako emigrazio handia. Hortik aurrera hiztun galera izugarria izan zen.
- 1961ean, Hunn Report delako txostenak maoriera jo zuen maorien bizimoduaren aztarna edo erlikiatzat.
- 1970eko hamarkadaren hasieran, hiriguneetako talde batzuek (Ngā Tamatoa eta Te Reo Māori Society) ekin zioten hizkuntzaren biziberritzeari.
- 1975 inguruan, inkesta batek azaldu zuen maorien % 20k (70.000 pertsona, gehienak adinekoak) bakarrik hitz egin zezaketela jariotasunez. Urte hartan, Ngāti Raukawa, NgātiToa eta Te Āti Awa taldeek hasi zuten Whakatipuranga Rua Mano hizkuntza ekimena.
- 1978an, Rūātoki School delakoa lehendabiziko eskola elebiduna bilakatu zen.
- 1980ko hamarkadan hasi ziren lehenengo irrati emisioak: Te Upoko o te Ika eta Radio Ngāti Porou.
- 1986an, 50.000 hiztun kalkulatu zituzten, maorien % 12.
- 1987an, Māori Language Act dekretuaren bidez, maorierak estatus ofiziala lortu zuten. Te Taura Whiri i te Reo Māori eta Te Kōhanga Reo National Trust erakundeak sortu zituzten.
- 1993an, Te Māngai Pāho hedabideetako agentzia sortu zuten. Ordurako, tokian tokiko 20 irratik emititzen zuten herrialde osoan.
- 1995an, He Taonga Te Reo, hizkuntzaren urtea, ospatu zuten.
- 1997an kalkulatzen zen 13.000 haurrek, 32.000 ikaslek ertaineko zikloetan eta beste 55.000 heldu inguruk maoriera ikasten zutela.
XXI. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 2001ean, Health of the Māori Language Survey inkestak 136.700 hiztun kalkulatu zituen guztira.
- 2003an egin zituzten 7th Polynesian Languages Forum – Te Reo i te Whenua Tipu jardunaldiak, Wellingtonen.
- 2004ko martxotik Māori Television hasi zen emititzen, ele bitan.
Hiztunen mapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esan bezala, hiztun gehienak bizi dira Ipar uhartean, zehazki iparraldeko muturrean: Northland edo Te Tai Tokerau eskualdean 45.000 maori inguru bizi dira, Ngāpuhi, Te Aupōuri, Te Rarawa, Ngāti Kahu, Ngāti Kurī eta Ngāti Whātua iwi-etan.
Hawke's Bay eskualdean (Te Matau-a-Māui), bereziki, Te Urewera aldean. Waikaton, Taupo aldean batik bat. Eta komunitate handienak, azkenik, Gisborne eskualdean (Te Tai Rāwhiti) daude, East Cape-ko inguruetan.
Australian kalkulatzen da 12.000 hiztun bizi zirela 2016an.
Hitzak eta esamoldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Kia ora: Kaixo.
- Kia kaha: Indartsua izan.
- Tāne: Gizon.
- Wahine: Emakume (wāhine, emakumeak).
- Aroha: Maitasun.
- Whare: Etxe.
- Ika: Arrain.
- Tohorā: Balea.
- Kuri: Txakur.
- Rākau: Zuhaitz.
- Puke: Muino.
- Marama: Ilargi.
- Whetu: Izar.
- Moana: Itsaso, laku.
- Awa: Ibai.
- Waka: Kanoa.
- Wai: Ur.
- Ata: Itzal.
- Wai: Nor?
- Aha: Zer?
- Hea: Non?
- Āhea: Noiz?
- E hia: Zenbat (gauza)?
- Tokohia: Zenbat (jende)?
- Pēhea: Nola?
- Tēhea: Zein?
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Maoriera Batzordearen webgunea
- Egunkariak
- Ngata hiztegi elebiduna
- Webster's hiztegia
- Fonologiaz (ingelesez)
- Maoriera ikasteko (ingelesez)
![]() |
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |