Migel Irazusta Aritzetegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Migel Irazusta Aritzetegi
Bizitza
JaiotzaAlkiza1665eko abenduaren 24a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBergara1743ko otsailaren 13a (77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa
Enplegatzailea(k)Espainiako monarkia
Genero artistikoaChurriguerescoa
Rococo architecture (en) Itzuli
Artikulu hau eskultoreari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Migel Irazusta».

Migel Irazusta Aritzetegi (Alkiza, 1665ko abenduaren 24aBergara, 1743ko otsailaren 13a) arkitekto eta eskultorea. Sakamidra bailarako Aginaga baserrian sortu zen eta Joan Irazusta idazlearen lehengusua zen. Gurasoak Joan Martin Irazusta eta Madalena Aritzetegi izan ziren eta hamar senidetatik zazpigarrena izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago apenas daturik Migelen bizitzaz ezta non eta nola ikasi zituen arteak ere. Garai hartan ez zegoen arkitektura-ikasketa ofizialik, baina testamentuan bere buruari 'Maestro de Arquitectura del Rei nuestro Señor' dio[2].

Denbora luzez Madrilen bizi eta aritu zen lanean. Hala ere, 1718 arte ez dago bere lanen arrastorik Madrilen, urte hartan San Felipe El Real komentuko erretaula nagusiko trazak egin zituen.

Bere azken urteak Gipuzkoan pasa zituen. Alkiza 1731an hiribildu izendatu zutenean herriko lehen alkatea izan zen.

Migel ez zen ezkondu. Bizitzako azken urteetan Bergarara joan zenean (1739-1743) iloba Madalena Sarobek lagundu zuen. Bergarako Santa Marina elizan ehortzi zuten.

Testamentuan ondasun gehienak Aginaga baserriko Asentsio ilobari utzi zizkion eta Joan Irazusta lehengusua izendatu zuen albazea. Testamentuan Madalena Saroberi altzariak eta arropak utzi eta Alkizan etxea erosteko emaniko 80 dukatak barkatu zizkion.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretauletarako trazak izan ziren bere lan nagusiak. Hala ere, erretaula batzuk tailatu zituen. Pintura-lanak eta beste artelan batzuk landu zituela jakina da. Bestalde bere eragina ondorengo artista batzuengan sumatzen da hala nola Toledoko Pedro de Lunarengan eta Tomas Jauregirengan, Joan Elias Intxaurrandiagaren koinatua bera.

Irazusta Gipuzkoa errokoko estiloa zabaltzeko oinarrietako bat izan zela kontsideratzen da[3].

Erretaulatako trazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitekturan traza esaten zaio obra bat egiteko egiten den marrazkiari edo diseinuari. Guztira, bere testamentuan jasotzen duenez hamazazpi traza burutu. Trazagilearen sona lortu zuen eta erretaula barrokoen hedapenean zeregin bikaina jokatu zuen.

Lan batzuk aipatzearren: Madrilgo San Felipe El Real komentukoa erretaula nagusia (1718 aldera); Toledoko Villarrubia herriko San Bartolome elizako erretaula nagusia (1722 aldera); Bergarako Santa Marina elizako erretaula nagusikoa eta bi alboetakoak: Purgatorioko Arimen eta Errosarioko Andre Mariaren erretauletakoak (1736-1743); Valladolideko Karmeldar Oinetakodunen Komentuko San Joakin eta Eskuaren Andre Mariaren Kaperetako bi erretauletakoak, (1739) eta Idiazabalgo San Migelen elizako erretaula nagusikoa (1741)

Tailatutako erretaulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duda-mudako obrak albora utzita, bost erretaula behintzat burutu zituen Migel Irazustak: Alkizan San Martin elizako erretaula nagusia eta San Joan Bataiatzailearena eta Bergaran, Santa Marina elizako aldare nagusikoa eta alboko Purgatorioko Arimen eta Arrosarioko Andre Mariaren erretaulak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2006). Oilategitik. Alkizako Oilategitik Kultur Elkartea, 46-49 or..
  2. Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2001). Alkiza auzo eta hiribilduaren : azterketa historikoa (1348-1950). Alkizako Udala, 422 or. ISBN 84-606-3058-7. PMC 434253952. (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).
  3. Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2001). Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950). Alkizako udala, 435 or. ISBN 84-606-3058-7..