Migel Joakin Eleizegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Migel Joakin Eleizegi
Altzoko erraldoia.jpg
Altzoko erraldoiaren marrazkia, Frantzisko Lopez Alenek 1846an egina. Bertan ikuskizun baterako espainiar armadako jeneralez jantzita agertzen da.
Bizitza
Izen osoa Migel Joakin Eleizegi Arteaga
Jaiotza Altzo1818ko uztailaren 6a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Altzo1861eko azaroaren 20a (43 urte)
Jarduerak
Jarduerak nekazaria
Altuera 2,42 metro
Izengoitia(k) Altzoko Erraldoia

Migel Joakin Eleizegi Ateaga, ezagunagoa Altzoko Handia edo Altzoko Erraldoia ezizenarekin, Altzoko hizkeraz Altzoko Aundie[1] eta Tolosaldeko hizkeraz Altzoko Aundiya[2] (Altzo, Gipuzkoa, 1818ko uztailaren 10a - ibidem, 1861eko azaroaren 20a) oso gizaseme garaia zen, akromegalia deritzon gaixotasunaren ondorioz.

Ospe handia izan zuen eta handiki ugari ezagutu Europan zehar, baita zenbait garaiko europar monarka ere[3].

Bere bizitzako gertakarietan inspiratuta 2017an Handia filma estreinatu zen.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2,27 metroko garaiera zuen, eta besoak gurutzean jarriz gero esku batetik besterako distantzia 2,42 metrokoa zen. Bere pisurik handiena 203 kilo izan zen. Inguruko zapata-dendetan bere oinen neurriko zapatarik saltzen ez zutenez, espreski beretzat egindako 39 zentimetro luzeko zapatak jazten zituen. Gaur egun oraindik ere Paris hirian berak erabiltzen zituen ahuntz larruz egindako eskularruak gordetzen dira, hatz loditik txikira 31 zentimetrokoak. Berak jantzi eta gaur egun arte gorde izan diren bi kopa-kapel bakoitzak 3/4 puntu neurtzen dituzte, alegia, buruaren diametroaren 62 zentimetro.

Bere erraldoitasuna hipofisiaren gaixotasun baten ondorio zuzena zen: akromegalia. Eritasun hau 20 eta 40 urte bitartean gertatzen da eta bere ondorioz ohikoak dira honako osasun-arazoak: giharretako mina, artikulazioetakoa, ibiltzeko makulu baten beharra eta osteoporosia, besteak beste[4].

Nortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon ona, apala eta langilea zela deskribatu dute. Gizatasun handiko pertsonatzat zuten ezagutu zutenek. Ez zen harroputza, lotsatia baizik, bere altuera zela eta. Esate baterako, bai bere azken testamentuan bai Isabel II erreginari igorritako instantzia batean, bere burua naturaren abortutzat jo zuen.

Bestetik, bere erlijiotasuna nabarmendu izan da. Bere testamentuan aldez aurretik ordaindutako 500 mezak utzi zituen[5].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosatik gertu dagoen Altzo herriko Ipintza Zar baserrian jaio zen (egun Ipintza Haundi izenez ezaguna)[5], bederatzi seme-alabetako familian. Bere haurtzaroaz ez dago gauza jakin askorik, berak 10 urte zituela, bere ama hil zela baino ez. Bere gaztaroa, berriz, oso arrunta izan zen: pilota partidak, igandetan mezatara, nekazari... Baina lasaitasun hura Migel Joakinek 20 urte bete zituenean desagertu zen. Orduan akromegalia gaixotasun larria jasan zuen, denbora gutxian asko haziz. Dirudienez, bizilagunak, sarritan ikusten zutelako edo, ohituta zeuden mutilaren tamainarekin. Tolosara joaten zenean, ordea, benetako ikusmira sortzen zuen eta guztien ahotan egoten omen zen haren handitasunari buruzko aipamenen bat. Horrek zeharo lotsarazten omen zuen Joakin. Horren ondorioz, geroago, bere familiak "10 xentimoko museoak" direlakoetan sartu zuen, alegia, ezohiko ezaugarri fisikoak zituzten gizakien ikuskizunetan[5].

Egindako bidaiak eta ikuskizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartan, Phileas Taylor Barnum izeneko gizon iparramerikarra oso ospetsua egin zen mundu osoan, zirkuan akromegaliak desfiguratutako pertsonak ikusgai jartzen zituelako eta horrek eraginik izan zuen Lekunberriko Jose Antonio Arzadunen egitasmoan, elkarte bat osatu baitzuen, erraldoia herriz herri eraman eta dirua egiteko. Kontratuan, besteak beste, Migelek erretzeko behar zuen tabako guztia elkartearen gain egongo zela eta zegoen lekuan egonda ere, Elkarteak mezara joateko aukera eman beharko ziola zehazten zen. Bere anaia zen Juan Martin lagun izan zuen bidaietan.

Migel bidaiak egiten hasi zen, turkoz eta espainiar armadako jeneralez mozorrotuz. Lehendabiziko ikuskizuna Bilbon egin zuten[6]. Ondoren, Espainian (1841ean Madrilen egon zen) eta gero Europan zehar bidaiatu zuten eta han 'euskal erraldoia' bezala aurkeztu, zenbait grabatuk erakusten dutenez.

29 urte zituenean Portugal eta Frantzia bisitatu zituen eta Madrilen Elisabet II.a, Frantzian Luis Filipe erregea, Portugalen Maria de la Gloria erregina eta Viktoria I.a Ingalaterran bisitatu zituela egiaztatzen duten agiriak daude. Emakume ingeles batekin ezkondu nahi izan zuten ekonomikoki onura ekar zekiokeelako, baina Joakinek benetan nahi zuena etxera itzultzea zen. Ezkongabe iraun zuen bizitza osoan zehar.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1859an makaltzen hasi zen, akromegaliaren ondorioz, eta ikuskizunetan parte hartzeari utzi behar izan zion. 1867an, 43 urte zituela, hil zen, jaiotetxean, biriketako tuberkulosi baten eraginez eta Altzoko hilerrian lurperatua izan zen. Migel Joakin zendu eta denbora batera, etnologo batzuek bere sendiarengana jo omen zuten Joakinen hezurrak erosteko asmoz, ohikoa baitzen XIX. mendeko antropologoen artean gizaki “ez arrunten” gorpuak aztertzea. Familiak ezezkoa eman zuen[5].

Handik gutxira, hilobitik haren hezurrak lapurtu zituztela zabaldu zen halako batean, hobitik ateratzerakoan ez zeudela han zioen herriko jendeak[7]. Bi hipotesi nagusi aztertzen dira. Luis Angel Sanchez Gomez antropologo madrildarraren arabera, seguru asko osteoporosiak jota zegoen Joakin, eta, beraz, oso litekeena da lur azpian berehala eta erabat desegin izana haren hezurrak. Beste hipotesia, Pako Etxeberria forentsearen ustez erabat baztertu ezin daitekeena, zera da, hezurrak Londreseko laborategiren batean gordeta egotea. Ez dago, ordea, bata ala bestea proba dezakeen inongo frogarik.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]