Milan Hodža
Milan Hodža (Szucsány, 1878ko otsailaren 1a – Clearwater, Florida, 1944ko ekainaren 27a) eslovakiar kazetari eta politikaria izan zen. Txekoslovakiako lehen ministroa izan zen 1935etik 1938ra.
Kazetaritza ikasi zuen Budapest eta Vienako unibertsitateetan. Eslovakiako egunkariak sortu eta editatu zituen eta 1916tik 1918ra Austriako prentsa bulegoko editorea izan zen Vienan.
1905etik 1910era Hungariako Erresumako Parlamentuko diputatua eta Eslovakiako Alderdi Nazionaleko kidea izan zen, agrarianismoaren ideologoa izateaz gain. Franz Ferdinand Austriakoaren aholkularia izan zen eta Hungariako Erresuma monarkia federatibo bihurtzea proposatu zion, Eslovakiako estatu bat barne. Lehen Mundu Gerran Txekoslovakia sortzeko negoziazioetan parte hartu zuen.
Txekoslovakiako Nekazaritza Alderdiko buru bihurtu zen. 1921etik Bratislavako Comenius Unibertsitatean irakasle izan zen. 1918tik 1938ra Txekoslovakiako Parlamentuko diputatua izan zen eta Estatuan karguak izan zituen (enbaxadore Hungarian, Nekazaritza ministroa, Hezkuntza ministroa eta Kanpo Arazoetako ministroa).
Txekiarren joera zentralisten aurka agertu zen eta, azkenean, Eslovakiaren subiranotasuna babestu zuen. 1935etik 1938ra Txekoslovakiako lehen ministroa izan zen. 1936-1937an Txekoslovakia, Austria, Hungaria, Errumania eta Jugoslaviako integrazio ekonomikoa lortzen saiatu zen. Hala ere, 1938an Municheko Konferentzia onartu behar izan zuen eta dimisioa aurkeztu behar izan zuen. Suitzan, Frantzian, Britainia Handian eta 1941etik Estatu Batuetan erbesteratu zen.