Mundu mailako haize-sistemak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Hainbat haize-sistema daude mundu mailan, kokatzen diren latitudeari eta intsolazioari lotuak. Lurreko klima sinplifikatuz, ondoko sistemak aurkituko genituzke:

MODIS mapa. Lurreko haizeek baldintzatzen dituzten hodeiak ikusten dira.


Presio baxuko ibar ekuatoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu hau ekuatoretik 5°ra dago, bai iparralderuntz zein hegoalderuntz. Eguzkiak bertako airea asko berotzen duenez, azken hau goraka doa. Azalean barealdiak dira nagusi, baina noizbehinka ekaitz bortitzak egoten dira. Garai batean haizeen eta barealdien gerriko ekuatoriala deitua zen.

Sasoiaren arabera, hainbat latitude-graduz mugitu liteke.

Haize alisioen gerrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparralderuntz eta hegoalderuntz, 5°-tik 20°-ra bitartean kokatzen dira. Airea ibar ekuatorialera desplazatzen da gora igotako aire beroak utzitako hutsunea bete asmoz. Lurraren errotazioa dela eta, ordea, ekialde-mendebalde norabidean desbideratuak dira (Coriolis efektua). Ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko alisioak dira.

Haize korronte hauek oso erregularrak dira. Altuera handian, zirkulazioak kontrako norabidea hartzen du kontralisio izena hartuz. Egoera honek Hadley zelulak deitzen diren konbekzio-zelulak sortzen ditu: hau da, haizeen "zirkuitu itxi" antzeko bat.

Sasoiaren arabera, zenbait latitude-gradu mugitu litezke iparralde/hegoaldera, sistema hauek sortzen dituzten presio-gerrikoak bezala.

Alisioak gehienbat ozeano Atlantikoan eta Barean daude garatuta. Indiako ozeanoan aldiz nahasirik aurkitzen dira Asiar kontinentearen gertutasunaren ondorioz.

Alisioen haize-gerrikoen alde batzuetan, sasoi zehatzetan, ekaitz tropikal handiak gerta daitezke: urakanak edo tifoiak deitzen dira.

Presio altuko gerriko subtropikala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20° eta 60° arteko latitudeetan kokatzen da, iparraldean zein hegoaldean.

Gerriko hau ez da ez erregularra ez jarraitua: ozeano gainean dauden zelulez osatzen da. Bertako antizikloiek erlojuen noranzko mugimendu espirala dute ipar hemisferioan, eta orratzen aurkako norabidea hego hemisferioan. Gisa honetan, haizeak bi norantza ditu: bata, ekuatorerantz, haize alisioen sistema sortuz, eta bigarrena poloetarantz, mendebaldeko haize-sistemak sortuz. Zelula hauek askoz ere garatuagoak daude udan (ikus Azoreetako antizikloia).

Presio altuek airearen beheranzko zirkulazioa eragiten dutenez, eguraldi on eta garbiranzko joera dago gerriko subtropikalean, eta lehorteak sarritan gertatzen dira. Munduko basamortuen gehiengoa leku honetan kokatzen dira, edo haize alisioen gunean bestela.

Mendebaldeko haizeen gerrikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

35° eta 60°-ko latitudeetan kokatzen da, ipar zein hego hemisferioan. Haize hauek presio altuko eremu subtropikaletatik poloetaruntz jotzen dute, mendebalde-ekialde norabidean. Haize epel hauek poloetako aire masa hotzago eta dentsoagoak topatzean, fronte polarrak deituriko ukipen-planoak sortzen dituzte. Aire beroa hotzaren gainetik jartzen denez, mugimendu zirkular bat hartzen du eta perturbazioak zein irregulartasunak agertzen dira. Egoera honetan, hodeiak eratzen dira ekaitz gogor eta fronte-sistemak eratuz.

Eremu polar antiziklonikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

60°tik 90°-ra doan eremua, bai iparrean eta baita hegoan ere. Hemengo airea hotza eta dentsoa da. Baldintza meteorologikoak antiziklonikoak izaten dira gehienetan, baina prezipitazioak urriak dira (urteko 250 mm baino gutxiago). Antartikan haizea kanpoalderuntz doan espiral gisan mugitzen da. Ekialdeko haize polarrak deritze eta abiadura handiak har ditzazkete.

Kontinente-baldintzatzaileak eta ozeano-baldintzatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haizeen zirkulazioan, aipaturiko sistemez gain, kontinenteek eta ozeanoek baldintzaturiko haizeak sortzen dira: udako eta neguko montzoiak dira.

Bestalde, ozeanoetako ur-korronteek kliman duten eragina ere oso garrantzitsua da: adb., Europako klima Atlantikoko korronte-sistemak leuntzen du. Edo, El Niño bezalako fenomenoak sor litzazke: hego polotik iparralderuntz doan ur-korrontea ohi bezain hotza ez bada, Perura heldu eta ez da mendebalderantz desbideratuko, ekialderantz baizik; eta horrek prezipitazioak modu lazgarrian areagotzen ditu.