Itzulbidaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urdanetaren bidea

Itzulbidaia (gaztelaniaz: Tornaviaje) edo Urdanetaren bidea Ekialdeko Indietatik Ameriketarainoko itsas ibilaldia zen, Ozeano Barea ekialderantz zeharkatuz egiten zena. Haizea kontra izanda, ezinezkoa zitzaien XVI. mendeko nabigatzaileei, Andres Urdaneta ordiziarrak 1565ean lortu zuen arte. Hark Kuroshio itsaslasterra jarraitu zuen iparraldeko 42º-ko latitudean Filipinetatik Ameriketara iristeko.

Aurkikuntza hori funtsezkoa izan zen Asia, Amerika eta Europaren arteko merkataritza harremanetarako. Haren ondorio zuzena izan zen Manilako galeoia, nabigazio linea bat ezarri baitzen berehala hego-ekialdeko Asiaren eta Amerikaren artean. Jarraitutako bidea beti izan zen bera: Acapulcotik Guameraino iparraldeko 12 graduko latitudean zehar joan ohi ziren, zuzen-zuzen, eta handik iparralderantz, Manilaraino. Itzulera Urdanetaren bidea jarraituz egin ohi zen, iparraldeko 42º-ko paralelora iritsiz, Kaliforniaraino jarraitu eta, kostaldean zehar, Acapulcora. Nabigazio lerro hori 1815ean itxi zuten, Magallanes galeoiak azken bidaia egin zuenean.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendeko nabigatzaile handientzat arazo larria zen Ozeano Barea ekialderantz ezin zeharkatzea. Mexikotik Filipinetara joaten ziren haizeak lagunduta, baina, haizea kontra izanda, ezinezkoa zitzaien ekialderako bidaia egitea. Izan ere, munduaren inguruko lehen itzulia arazo horri esker osatu zuten Juan Sebastian Elkanok eta Victoria itsasontziaren eskifaiak. Fernando Magallaesek, espedizio hartako buruak, ez zuen joan nahi Filipinetatik mendebalderantz Europara itzultzeko. Atzera, Amerika alderantz nabigatu eta ekialderako bidaia egin nahi zuen etxera itzultzeko. Baina hori ezinezkoa zen garai hartan, eta mendebalderantz jarraitu behar izan zuten munduaren inguruko lehen bira osatu arte.[1]

Polinesiarrek Urdanetak baino askoz lehenago nabigatu zuten Ozeano Barean ekialderantz. Pazko uhartea eta Hawaii kolonizatu zituzten Ozeaniatik abiatuta. Bidaia hura, ustez, oso hegoaldetik eta itsasontzi txikietan egin zuten. Oso zaila da haien berri jakitea, baina oso litekeena da Ozeano Barean bizi ziren indigenek ederki jakitea nola egin ekialderako bidaia. Historialariek uste dute Urdanetak berak Filipinetako indigenekin harremana izan zuela, eta nabigazioari buruz hitz egin zutela Loaisaren espedizioan.[1]

Loaisaren espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loaisaren espedizioa

1525eko uztailaren 24an, Karlos I.ak Moluka uharteetara bidali zuen espedizio bat, Fray García Jofré de Loaisa komendadorearen agindupean. Zazpi itsasontzi abiatu ziren, haietako bat Juan Sebastian Elkanoren ardurapean, Sancti Spiritus; Andres Urdaneta ontzi hartan joan zen. Ez dago oso argi zein zen Urdanetaren zeregina. Batzuek esaten dute Elkanoren morroi joan zela, baina ez dirudi hori egia denik. Espedizio hartan Elkano hil egin zen, eta haren azken nahia Urdanetak jaso eta sinatu zuen; morroi batek nekez egingo zuen horrelakorik.[1]

Bitxikeria badirudi ere, espedizio hartan, Elkano eta goi mailako nabigatzaileak hil ziren, Loaisa bera barne, eta ez marinel xumeak. Horren arrazoia Urdanetaren idatzietan azaltzen da. Sei itsasontzitan zihoazen eta, bidaiaren une batean, kapitain eta ofizial guztiak elkartu eta bazkari bat egin zuten; arrain berezi batzuk jan zituzten, eta intoxikatu egin ziren. Intoxikazioaren sintomak idatziz jaso zituen Urdanetak eta, horri esker, idazle batzuek ziurtzat ematen dute gaixotasuna ziguateraren sindromea zela. Urdanetak ondo aztertzen zuen gaixotasuna, ikuspuntu zientifiko batetik, eta dena oso argi idatzita utzi zuen.[1]

Ziguatera ez zen gaixotasun arrunta. Orain badakigu tropikoko arrain eder batzuek duten neurotoxina batek eragiten duela. Koloretako arrainak dira, haragi ederra dutenak, eta oso zapore onekoak. Urdanetak jaso zuen sintomak poliki-poliki agertu zirela. Arrain haiek kapitainek eta ofizialek bakarrik jan zituzten, ez marinel xumeek. Horregatik hil ziren haiek. Marinel arruntek beste elikadura bat zuten, ez hain ona, eta horregatik ez ziren intoxikatu.[1]

Urdaneta eta bizirik iraun zutenak denbora asko egon ziren Moluka uharteetan. Urdanetak berak bederatzi urte eman zituen han, eta ongi ezagutu zituen hango ingurua, hango itsaslasterrak eta abar. Hango jendearekin mintzatu zen, eta informazio guztia jaso. Gainera, hizkuntzetarako erraztasun handia zuen eta, horregatik, historialariek uste dute haren bitartez izan zituztela harremanak indigenekin. Munduari bira emanez itzuli ziren Europara, baina litekeena da Moluketan zegoen bitartean Urdanetak eskarmentua eta informazioa lortu izana hurrengo batean Ozeano Barean atzera nabigatzeko.[1]

Legazpiren espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ematen zuen hurrengo aukera hori Pedro de Alvarado konkistatzailearen eskutik etorriko zela, Urdaneta Ozeano Barean barrena egiteko beste espedizio batera gonbidatu baitzuen. Baina Alvarado 1541eko uztailean hil zen, eta espedizioa bertan behera geratu. Orduko Urdaneta Espainia Berrian zegoen, eta hurrengo hogeita hamar urteetan hantxe bizi izan zen. Historialarientzat urte ilunak dira, ez baitago informazio asko Urdanetaren garai hartako bizitzari buruz. Dena dela, aipatzekoa da 1553an fraide sartu zela.[1]

Urte batzuk geroago izan zuen Urdanetak itsasora itzultzeko hurrengo aukera. Filipe II.ak espedizio baterako deitu zion, Filipinetara joateko. Erregearen kezka zen antimeridianoa non zegoen ikertzea: Tordesillasko Itunaren arabera, meridiano batetik mendebaldera dagoen lur aurkitu berria Gaztelarentzat izango zen, eta ekialdera dagoena Portugalentzat. Modu horretan, Amerikako lurralde gehienak bereganatuko zituen Gaztelak. Baina meridianoak munduaren beste aldean ere banatzen zituen lurrak. Filipe II.ak aitzakia horrekin eskatzen zuen Filipinen jabetza (eta eskuratu egin zuen, horregatik dute uharteek izen hori). Hala ere, ezinezkoa zitzaien antimeridiano hura non zegoen zehaztea.[1]

Artetxe historialariak idatzi zuen Urdanetak erregeari esan ziola bere kalkuluen arabera Filipinak portugaldarrei zegozkiela. Filipinetara joateko aitzakiaren bat beharko zuela, berez uharte haiek Portugalgo aldean zeudelako. Beste nabigatzaile gipuzkoar ospetsu bat zen espedizioaren burua: Miguel Lopez Legazpi. Filipinetara joan ziren, eta hango uharteak erregearen izenean hartzeari ekin zioten. Gero, espedizioaren bigarren helburu nagusia burutzeko agindu zion Legazpik Urdanetari: Amerikara itzultzea Ozeano Barea ekialderantz zeharkatuta.[1]

Itzulerako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulerako bidaia ez zen erraza. Bost espedizio saiatu ziren bidaia hura egiten Urdanetarena baino lehen. Baina, ekaitzak zirela, itsaslasterrak zirela, haizea zela, gaixotasunak zirela... aurreko espedizio guztiek kale egin zuten. 1565ean, Urdanetak bidaia hura egitea lortu zuen, garai hartakoen ikuspuntutik oso bide arraroa hartuta. Ekuatoretik iparralderantz urrundu zen, kontrako haizeak eta itsaslasterrak saihesteko, eta zirkulu maximotik itzuli zen Amerikara, biderik motzenetik.[1]

Jose Ramon de Miguel historialariaren arabera, ziur asko Toledoko latitude berberetik joan nahi zuen, eta neurketa astronomiko batzuen bidez lortu zuen. 39 gradu inguruko latitudean zegoenean, Urdanetak maniobra arraro batzuk egin zituen (mapan M-itxurako ibilbidea), ustez zentzurik gabekoak, baina oso ulergarriak zeharkako nabigazioa beharrezkoa dela kontuan hartuta. Horri esker, Kuroshio itsaslasterra harrapatu zuen, eta ekialderantz bidaiatu ahal izan zuen. Kalifornia inguruko kostara iritsi zen, eta handik Acapulcora itzuli zen 1565eko urrian.[1]

Itzulbidaia egiten zuen Manilako galeoia 1590ean

Urdanetaren aurkikuntzaren ondorioa izan zen Manilako galeoia. 1566ko maiatzaren 1ean hasi zen, San Jerónimo ontzia Acapulcotik irten zenean, eta 1815era arte iraun zuen Filipinak eta Mexiko arteko garraioa egiten. Izan ere, Urdanetaren bidea XIX. mendera arte izan zen Ozeano Barea ekialderantz zeharkatzeko erreferentzia nagusia. Gerora, beste bide batzuk egin zituen posible nabigazioaren teknologiak.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l Roa Zubia, Guillermo. Andres Urdaneta, Itzulerako bidaiaren aita. Elhuyar, 242. zenbakia, 2008ko maiatzak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-28.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]