Oñatiko Ur Jauziak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Oñatiko Ur Jauziak S.A. Gipuzkoako Oñati udalerrian kokatutako energia enpresa publiko bat da. Herriko gune ezberdinetan kokatutako sei ur-jauziren bidez, energia hidroelektrikoa sortzen du eta, Oñargi enpresa publikoaren eskutik, energia berriztagarri hori banatzen du herriko etxeetara, launa langilerekin. Orotara 5,5 MWeko ezarritako potentzia du enpresak, 6 turbina hidroelektriko eta eguzki plaken 3 instalaziorekin.

Enpresaren argindar ekoizpena Oñatiko etxeen kontsumoa bestekoa izan daiteke (2021ean, 12,8 gwh inguru), prezipitazioen arabera; ur-jauziok 14,3 gwh inguru ekoitzi dezakete urtean batez beste (Elgeako parke eolikoak Oñatiko lurretan ekoizten duenaren laurdena inguru). Jardun industrialaren ondorioz herriko argindar kontsumoa dezente handiagoa denez, unean-uneko defizit eta soberakinak sare orokorrarekin berdintzen ditu. Bere aldetik, Oñargi, argindar banaketa enpresa publikoak, 3 transformagailu zentro printzipal ditu goi-tentsioko sareari lotuta eta 50 transformazio zentro, erdi eta behe-tentsiokoak, herriko argindar sarea kudeatzeko.

Oñatiko Ur Jauziak. Olate.

Akziodunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizpen guneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sei ur-jauziren indarra baliatzen du Oñatiko Ur Jauziak S.A. enpresak. Olateko guneko lau ur-jauzietan bere ekoizpen osoaren %80 pasa lortzen du eta, gainerakoa, Urdaola eta Tokillo izenekoekin. Olateko zentralera iristen den Zapatak (Akuegi presa) gainerako guztiek adina ekoizten du; Jaturabe (Olate), Saratxo eta Arantzazu dira beste hirurak.

Ekoizpen datuak guneka (2021) kwh % Erreka / Auzoa Ezarritako

Potentzia (kw)

Ur emaria

(litro/segundu)

Emari ekologikoa

(l/sg)

Zapata 6.434.582   50 Arantzazu 2.345 907 50
Jaturabe (Olate) 1.945.115   15 Araotz 955 1.000 50
Saratxo 1.879.003   15 Araotz 586 295 50
Arantzazu 495.670   4 Gorostola, Sustargaizto eta beste 820 161 50
Tokillo 1.259.546 10 Ubao (Berezao)
Urdaola 755.510   6 Eguzkitza

Iturria: Oñatiko Udala eta Nafarkoop[1] (GoiEner Taldea).

Oñatiko Ur Jauziak. Olate. Hoditeria: Zapata.
Oñatiko Ur Jauziak. Olate. Hoditeria: Jaturabe, Saratxo, Arantzazu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1893: Biain y Cía-k lehen argindar enpresa lokala sortu zuen Oñatin, Araotzeko Ubao ibaiaren urak baliatuz. Hiru oñatiar, Hipolito Biain, Juan Zubia eta Enrique Uriarte izan zituen bultzatzaile; etxe eta kaleak argindarrez hornitzeko helburua zuen. Herrialdean sorturiko bigarrena izan zen Gipuzkoako Merkatal Erregistroaren datuen arabera, Donostiako "Compañía eléctrica de San Sebastián"en ondoren. Hamarkada hortakoak baina, beranduagokoak dira, Tolosa, Zarautz, Pasaia, Irun edo Donostiako beste batzuk[2].

Aurretik (XIV-XV mendeetatik) errotak ohikoak ziren Oñatiko erreketan. Olateko zentralean Lamiategi Goiko errotaren azpiegitura baliatu zuen[3] hein batean Biain y Cíak, Araotz errekaren indarra erabiltzeko emakida balituz.

1901: Arrasaten La Cerrajera Guipuzcoana (CG) sarraila enpresa sortu zuten irailak 22an, 1900ean Vergarajauregui, Resusta y Compañía (VRC) enpresatik irtendako langile batzuek. Aurretik (1869an) sortua zen VRC, 1856an Oñatin eratutako Urcelay, Vergarajauregui y Compañía enpresaren jarraipen gisa.

1906: ekainak 22an CG eta VRC enpresen bategitetik Arrasaten Unión Cerrajera de Mondragon (UCEM[4]) sortu zen. Jardun industrialerako indar elektriko premia handia zuenez, Biain y Cía bereganatu zuen, auto-hornikuntza helburu, Centrales Hidroeléctricas de Union Cerrajera eratuz. Oñatiko urek sortu argindar elektrikoa Bergarako premiak estaltzeko ere erabili zen.

1908-1915 Oñatiko Udal jabetzako lehen argindar zentralak jarri ziren martxan: Olaran errekan (48 kwa, 3000 V-tan), eta Urdantegietan (103 kwa). Hartara, lehen argindar lerro munizipala sortu zen, 9 kilometrokoa, 151 kwa potentziakoa eta batez beste 250 kwh-ko ekoizpena zuena.

1917: Urdaolako zentrala eraiki zuen Union Cerrajerak, Lamiategi izeneko errota zegoen tokian.

1921: Olaran eta Urdantegietako zentralen ekoizpena nahikoa ez zela eta, Oñatiko udalak akordio bat sinatu zuen Union Cerrajerarekin, Saltos de Olate zentralaren energia soberakina aprobetxatzeko. Orduan eraiki zen egun egoitza nagusia dena. Bertan Zapata, Urdaola, Tokillo eta Jaturabeko ekoizpena zentralizatu zen. UC akronimoa (Union Cerrajera) ikusgai da oraindik eraikinaren hormetan.

1925: Oñatiko Udalak argindar horniduraren munizipalizaziorako espedientea abiatu eta 1927an gauzatu zuen. Erabaki horrekin, Union Cerrajera instalazioen zati batez desjabetu zuen udalak, horniduraren monopolioa eskuratuz.

1929: Oñatiko Udalak Hidroeléctricas Ibérica Antonio Lezama enpresarekin akordioa egin zuen, enpresa horrek industria erabilerarako banaketa egin zezan. Aldiz, etxeetarako banaketa eta kale argiteria, udalaren ardurapean gelditu ziren.

1967: Antonio Lezamak Iberduerori  jarduera saldu ondotik, Oñatiko Udalak indarra handitzeko eskaera egin zion azken honi, herriko energia beharrak handitzen ari zirela ikusita. Enpresak uko egin eta Espainiako Industria Ministeritzak udalari arrazoi eman arren, eraldaketa zentru berri bat eraikitzeko premiak jarraitzen zuen; eta horren kostua, handia. Orduan, Iberduerok 2.600.000 pezeta eskaini zizkion udalari herriko argindar banaketa sarea erostearen truke. Udaletxean eztabaida handiak izan ostean, Oñatiko Udalak eskaintza txarretsi eta bide propioa egitea erabaki zuen, Bustinzulon Eraldaketa Zentru berri bat eraikiz.

1989 Eli Galdos alkate zela, Oñatiko Ur Jauziak elkarte anonimoa sortu zen, Union Cerrajerari bere zatia erosita. Bi hereneko partaidetzarekin abiatuta, azkenik %90 udalaren esku gelditu zen eta %10 Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) esku. Hori guztia, 850.000.000 pezetaren truke (5,1 milioi euro inguru); eragiketarako hartutako mailegua 2007an kitatu zuten.

1992 Erreforma esanguratsuak burutu ziren, 350 milioi pezetako inbertsioarekin (2,1 milioi euro) eta Olateko zentrala eguneratu zen. Horrek udalaren zorpetzea %40rainokoa izatea eragin zuen.

2015eko uztailan EEEk Oñatiko Ur Jauziak-etik irteteko asmoa formalki adierazi zion Oñatiko Udalari eta berau bazkide tekniko baten bila hasi zen.

2018an GoiEner Oñatiko Ur Jauziak enpresaren bazkide bihurtu zen urriak 11an, Energiarekin kooperatibaren bidez. Mikel Biain Oñatiko alkate zela, kapital handitze bat burutu zen eta, 445.000 euroko ekarpenarekin, enpresa oñatiarraren %10eko partaidetza eskuratu zuen energia berriztagarrien kontsumo kooperatibak[5][6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]