Edukira joan

Oiartzungo Trabajadorik

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oiartzungo Trabajadorik
Irudia
Motagertaera
Denbora-tarte1939 - 1942
KokalekuOiartzun
HerrialdeaEuskal Herria

Oiartzungo Trabajadorik. 1939 eta 1942 urte artean lan-batailoietan Oiartzunen aritutako Frankismoko preso eta langile behartuak dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939. urtearen amaieran ekarri zituzten Miranda de Ebrotik lehen trabajadorik Oiartzunera, behartutako lanak egitera. Gerra zibilak milaka hildako, preso, errefuxiatu, zauritu eta elbarri eragin bazituen ere, gerra ondoren gertatu zen giza eskubideen aurkako erasorik handiena. Galtzaileei errepresio bortitza ezarri zitzaien, isun, konfiskazio, desjabetze eta legegabekerien bidez. Jende asko zegoen espetxeetan eta kontzentrazio-zelaietan, eta esklabotza erabili zuen Frankismoak, berak sortutako gerraren ondorioz birrinduta geratu ziren hainbeste azpiegitura berreraikitzeko.

Autoritate frankistak presoen lanei neurri legalak ezartzen hasi ziren eta 1937ko Inspección de campos de concentración de prisioneros deritzan legearen bitartez kontzentrazio-esparruak antolatu ziren, presoak sailkatu ziren, eta Langileen Batailoiak sortu ziren, bi funtziorekin: politikoa eta ekonomikoa. Garaileen esku zegoen hauen lan indarra, eta merkea izateaz gainera, esklabotza gisako lan behartuek, pertsona deuseztatu eta makurraraztea zuten helburu. Egoera fisikoan eta gogo aldartean eragitea bilatzen zuten. Langile haiek meategiak ustiatzeko, errepideak egiteko, zubiak eraikitzeko, bunker eta defentsa gotorlekuak eraikitzeko, basotze lanak egiteko eta beste hainbat zereginetarako erabili zituzten. Ehunka obra jarri ziren martxan, batez ere lan militarretan aritu ziren, industria, meagintza edo azpiegiturak eraikitzen. Estatu osoan 100.000 preso inguru, 550 bataloietan antolatuta. Hortik 60 baino gehiago Euskal Herrian. Fusilatuez gain, asko gaixotasunak, goseak eta hotzak jota hil ziren.[1]

Euskal Herrian, Nafarroa eta Gipuzkoa izan ziren trabajadore gehien hartu zituztenak. Hitlerrek Bigarren Mundu gerra galduz gero, Frantziara ihes egindako errepublikanoen balizko erasoen beldur zen Franko, obsesio bihurtu arteraino. Izabatik Iruneraino hainbat gotorleku, metralladore-kabi eta lurrazpiko koartel eraiki zituzten. Ia 40.000 gatibu aritu ziren lanean, batez ere muga inguruko gotorlekuak eginez, bunkerrak eta errepideak eraikita.

Oarsoaldean 18 batailoi eratu ziren 4 urteren buruan. Guztira 12.355 preso aritu ziren Aritxulegin, Pikoketan, Jaizkibelen, Lezon, Gaintxurizketan, Arkalen, Erlaitzen, Errenterian, Pasaian... errepideak eta gotorlekuak eraikitzen.[2] Hauen artean zeuden sozialistak, anarkistak, gudariak, PNV eta ANVkoak.[3]

Bataloi motak [aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Batallones de Trabajadores de Prisioneros de Guerra (BBTT). 1937ko erdialdean sortua: preso errepublikar ugariri irteera emateko. 1940. urtean ezabatua.
  • Batallones Disciplinarios de Trabajadores (BDT). 1940ko maiatza-ekaina arte luzatzen da. Urtebete baino gehiago preso zeuden erregimen aurkakoak askatzen dituztenean batailoi hauetan biltzen dituzte.
  • Batallones Disciplinarios de Soldados Trabajadores (BDST). 1942ko urte arteraino luzatzen da. 1036-1941 arteko kintoak osatutako Batailoiak. (1915-1920  urte bitartean jaiotakoak)

Errepideak egitea izan zen eginkizun nagusia Oarsoaldeko eskualdean. Jaizkibel mendia zeharkatzen duen bidea langileek egin zuten (BDST 38). Errepide taktiko gisa hartu zituzten Gurutzetik Lanbarrenera doana eta Sistiagatik Aiako Harrian barrena Erlaitzera zihoana. Estrategikoa zen, aldiz, Ergoiendik Lesakarakoa. Bunker ugari eta barrakoiak ere eraiki zituzten.[4]

Oiartzungo trabajadorik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzunen 3.000 trabajadore inguru aritu ziren esklabo lanetan. Aritxulegi, Babilonia eta Arkaleko kokagunetan bildutako langileak preso zeuden, lan egitera behartuak, eta ihes egiteko tentaldian ez zitezen eror, muturreko neurriak hartzen zituzten agintari militarrek. Zortzi langile fusilatu zituzten: Felipe Ledesma Cano; Manuel Vancell-Sola; Antonio Lopes de Dios; Mariano Calvo Herrador; Francisco Murillo Davila; Jose Sanchez Molero; Jose Sirena Inza. Hauek guztiak 1940ko otsailaren 15ean fusilatu zituzten. 1939ko abenduaren 19an fusilatu zuten beste langile bat, Casimiro Garcia Valle. Guztira 8. Hauen hezurrak hilerrira eraman zituzten.[5] Indar-lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra: ogi gutxi eta makilakada asko, baina ematen zieten tratuak helburu jakina zuen. Miguel Angel Melero Vargas, Malagako Unibertsitateko Historia Modernoko Departamentuko, ikertzaileak “Antequera entre rejas” [6] liburuan dio:

«El objetivo de los campos de trabajo era conseguir que los penados, además de cumplir la condena, fueran útiles a la sociedad en guerra. Por otro lado, el sentimiento moral y la destrucción anímica, constituían también un factor fundamental. ¿Qué se pretendía con este sometimiento y esta destrucción? Conseguir la degradación total de la persona, porque un ser humano así, en esas condiciones, era incapaz de organizarse políticamente, y eso es justo lo que se buscaba, la limpieza profunda de reminiscencias izquierdistas».[7]

Guillermo Aizpuru, trabajadore izandakoak, Oarso Bidasoko Hitzan, 2013ko ekainean argitaratutako elkarrizketatik hartua da honokoa:

«Ez pentsatzeko egoerak pasatu genituen Babiloniako kanpamentuan» «Kanpamentuan ez genuen jateko tokirik, ezta deskantsatzeko lekurik ere» «Ura lortzeko Oiartzungo baserri batera joaten ginen, 300 metrora»[8]

Kattin Txiki elkarteak urteak daramatza Oiartzungo trabajadorin oroimen historikoa berreskuratu eta dagokien errekonozimendurako omenaldiak eta ekintza ezberdinak gauzatzen. Berak egin ditu gaiaren inguruko ikerketa, indusketa eta zabalkuntza lanak herrian. Isiltzen ez den isiltasuna liburu eta dokumentalean bildu ditu gertatutakoak eta ondorioak.[9][10]

Oiartzungo trabajadorik lanean aritutako eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo hiru errepide eginarazi zizkieten 1936ko gerran gatibu hartu zituzten trabajadoreei.

  • Babilonia esaten zitzaion eremuan, Gurutze auzoko Sistiagatik Irunera doan bidea, Pikoketa, Aiako Harria eta Erlaitzeko gainaldetik Ibarlara iristen den errepidea.
  • Aritxulegin, gaur egun Arritxulo aterpea dagoen tokiaren inguruan. 22 kilometroko errepidea eta harkaitzetan zulatutako tunela egiteko lanak izan ziren Euskal Herrian trabajadore gehien mugiarazi zituztenak, gehienak Espainiatik ekarritakoak: Extremadura, Andaluzia, Katalunia, Toledo...
  • Arkaleko eremuan. Gurutze auzoa eta Lanbarren industrialdea lotzen dituen errepidea eraiki behar izan zuten, hiru kilometro eta erdikoa. Horrez gain, Arkaleko goiko aldera doan bide bat ere eraiki zuten, eta tunel bat ere zulatu behar izan zuten, Irungo lurretaraino iristen zena. Gaintxurizketako goialdetik hurbil dagoen tunel hori ez dute eraitsi oraindik.[11] [12]

Trabajadorin memoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015ean, Babilonia, Aritxulegi eta Arkalen , trabadorik biltzen ziren hiru eremutan kokatu ziren panel informatiboak.

Luis Ortiz

2015eko uztailaren 25ean, Oiartzungo udala eta Kattin Txiki taldeak Trabajadoreei omenaldi ekitaldia, tartean Trabajadoriak, Frankismoaren esklabuak Oarsoaldean dokumentalaren aurkezpenarekin.[13]

Omenaldia

2024ko otsailaren 17an Arkale mendian trabajadoreen barrakoi bat berreraiki zuen Kattin Txiki elkarteak, memoriarako toki bilakatzeko helburuarekin. Berez lehen zeuden barrakoien erreplika txiki bat egin da, izan ere, 35mko bi barrakoi izan baitziren bertan. Aritxulegin fusilatu zituzten zortzi pertsonen oroigarria dago. Uste da preso batzuek ihes egin zutela, eta horrelakorik berriz gertatu ez zedin, eskarmentu gisa hil zituztela, ausaz aukeratuta.[14]

DDST 38an egon zen Iñaki Eizmendi “Basarri” bertsolaria. Aiako Harrian kokatu zuten batailoian osatu zituen bertsoak:[15] [1] (398 or.)

Nork egin du gure galde? Aiako Arritan gaude, baña beti bezin trebe...trailaralai, trialaralai... Lanean gogoz aritzen gera soldatarik jaso gabe, berreun nagusi badaude gure artaldeân jabe... Guk umore ona alare! triailarala, lai, lai, lai, lai...guk umore ona alare!

Otz-aldi eta goseak ta barau egun luzeak guk baditugu paseak; trailaralai, trialaralai... Gorputzari on egiten nunbait! gallur ontako aizeak, nola baigeran gazteak, sano dauzkagu esteak, ez egonarren beteak triailaralai, lai, lai, lai, lai...ez egonarren beteak.

Goizean ekin lanari, egunsentian pozgarri, txori guziak kantari; trailaralai, trialaralai... Eziñ atera gentzake orain iñoiz adinbat izardi, erdietan gaude geldi, al degunean exeri... zertan nekatu geiegi? triailaralai, lai, lai, lai, lai... zertan nekatu geiegi?

Oiartzungo neskatillak, muxu-gorri biribillak, izan zaitezte abillak; trailaralai, trialaralai... Zertan maitatzen dituzute kaleko ume zirtzillak, Aitxulei'n daude trankillak saltzeko dauden opillak, pare gabeko mutillak triailaralai, lai, lai, lai, lai...pare gabeko mutillak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «2009 isiltzen ez den isiltasuna lurpetik berreskuratutako memoria» issuu (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  2. (Gaztelaniaz) «Hasiera» Kattin txiki (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  3. https://vimeo.com/273126422
  4. (Gaztelaniaz) «Trabajadoriak» Kattin txiki (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  5. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  6. Melero Vargas, Miguel Angel. (2006). «Antequera entre rejas. Antequeranos prisioneros de la guerra y el franquismo» La Guerra Civil española 1936-1939 [Recurso electrónico]: congreso internacional, Madrid 27, 28 y 29 noviembre de 2006, 2006, ISBN 978-84-9641-162-3 (Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales (SECC)): 136. ISBN 978-84-96411-62-3. (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  7. (Ingelesez) «2009 isiltzen ez den isiltasuna lurpetik berreskuratutako memoria» issuu (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  8. «Historiaz betetako fotogramak» Oarsoaldeko Hitza 2015-07-10 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  9. (Ingelesez) «2009 isiltzen ez den isiltasuna lurpetik berreskuratutako memoria» issuu (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  10. (Ingelesez) «ISILTZEN EZ DEN ISILTASUNA AGIRIEN TXOSTENA KATTIN-TXIKI TALDEA 200 ALE» todocoleccion.net (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  11. «Esklaboen memoriari, aterpea» Berria 2024-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  12. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-07-07). «Gatibuak memorian betikotzeko» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  13. «Historiaz betetako fotogramak» Oarsoaldeko Hitza 2015-07-10 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  14. Iglesias, Peli Lekuona eta Zuriñe. (2024-04-12). ««Trabajadoriak», Frankismoan bortxaz lanean ibil ziren presoak Lezon eta Oiartzunen» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
  15. Nork egin du gure galde. Basarri. (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]