Orazio Gentileschi
Orazio Gentileschi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Pisa, 1563ko uztailaren 19a |
Herrialdea | Italia |
Talde etnikoa | Italiarra |
Heriotza | Londres, 1639ko otsailaren 7a (75 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Lantokia(k) | Erroma Fabriano Genova Paris eta Londres |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | manierismoa |
Genero artistikoa | erretratua genero-margolana margolaritza historikoa margolaritza erlijiosoa |
Orazio Lomi de Gentileschi (Pisa, 1563 – Londres, 1639ko otsaila), eskuarki Orazio Gentileschi deitua, italiar margolari barrokoa izan zen. Bera izan zen Caravaggioren eraginpeko italiar margolari nagusia, haren estiloa interpretatzen hobekien asmatu zuena.
Erroman, Genoan eta Frantzian ibili zen lanean, eta azkenik Ingalaterran. 1626tik aurrera, Karlos I.aren gorteko pintore ofiziala izan zen. Egonaldi horiei esker, ezagutarazi zuen Caravaggio, haren bertsio biguinago bat eginez. Erretratugile gisa ere nabarmendu zen. Artemisia Gentileschi margolariaren aita izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orazio Gentileschi bere anaiorde Aurelio Lomirekin abiatu zen margolaritzan, Toscanako manierismoaren eraginpean. 1570 inguruan Erromara joan zen, eta han, Agostino Tassi paisaia-margolariarekin batera, freskoak margotu zituen Santa Maria Maggiore, San Giovanni Laterano eta San Nicola in Carcere elizetan, 1590-1600 urteetan, Tassiren paisaietako irudiak eginez.
XVII. mendeko lehen urteetan ezagutu zuen Caravaggioren lana, zeina urte haietan Erroman baitzen. Gentileschik garai hartan egin zituen margolanetan (David eta Goliat, 1610 aldean, National Gallery of Ireland, Dublin; Santa Zezilia eta aingeru bat, 1610 aldean, Galleria Corsini, Erroma), Caravaggioren keinu dramatiko ezohikoak eta konposizio monumentala ageri dira, haren errealismoa eta haren pertsonaien ereduak, eta orobat argi-ilunak. Pixkana-pixkana Caravaggioren estilotik aldenduz joan zen ordea; Toscanako lirismoaren aldera egin zuen, kolore arinagoak erabiliz eta, hein batean, hasierako manierismora itzuliz.
1621-1623 urteetan Genovan egon zen, eta han margotu zuen bere maisulana, Deikundea (1623, Galleria Sabauda, Turin), Caravaggioren eraginaren gutxitzea argi erakusten duena. Konposizioaren egitura jarrera dramatikoetan oinarritzen da artean ere -aingerua eta Andre Mariarenak-, eta eszena oso hurbiletik dago ikusia, idealizaziorik gabe, Caravaggioren modura. Giroa, hala ere, aurreko lanetakoa baino soilagoa eta lirikoagoa da, koloreak arinak dira, eta argi-ilunik ez dago.
Frantzian denboraldi bat egin ondoren, 1616an Ingalaterrara joan zen, Karlos I.a erregeak gonbidaturik; hil arte geratu zen han, gorteko margolari lanetan, eta emeki-emeki orijinaltasuna eta interesa galduz joan zen bere margokera. Gentileschiren azkeneko lan handietako bat sabaiko margolan sail bat da, Erreginaren Etxerako egina, Greenwichen, 1635 ondoren margotua seguraski (gaur egun Londresko Marlborough Housen dago).
Hori baino garrantzitsuagoa da ziur asko Moises uretatik salbatua, 1633an Filipe II.a Espainiakoarentzat margotua (Pradoko Museoa, Madril). Gentileschiren obra honek barrokotik ez du ezer, areago baita manierismoaren ondokoa: forma bizien mugimendua ez da garrantzitsua, eta argiaren gorabeheren joko fin baten bitartez adierazten da gorputzen gotortasuna eta gauzen kualitatea. Burgesia berriaren margolaritza zen, eta Poussin baten klasikotasun intelektualetik bezain urrun zegoen Caravaggioren azken lanen naturalismo bortitzetik; ez dago horren kidekorik, ez bada XVII. mende erdialdeko Herbehereetan, Utrechteko eskolan.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-7-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Orazio Gentileschi |