Ordua Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iruñeko udaletxeko erlojua.

Euskal Herrian, Europa Erdialdeko ordua (CET, UTC+01:00) erabiltzen da neguan eta Europa Erdialdeko udako ordua (CEST, UTC+02:00) udako ordutegi gisa, bai Hego Euskal Herrian zein Ipar Euskal Herrian. Ordutegi bakoitzaren ondorioz, eguzki denboraren eta erlojuetan ikusten den orduaren arteko aldea oso handia da, ia hiru ordukoa udan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora estandarra indarrean sartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko beste leku askotan bezala, eguzki denbora erabiltzen zen Euskal Herrian XIX. mendearen amaierara arte.

Ipar Euskal Herrian, 1891ra arte, hiri bakoitzak bere eguzki denbora zerabilen. XIX. mendean zehar, trenbidearen ordutegia zehaztea gauza zaila zen, herri bakoitzak bere ordutegia baitzuen. Horregatik, trenbideek Parisko eguzki-denbora hartu zuten irizpide gisa. Trenek, hala ere, ordutegi hori baino bost minutu gutxiago markatzen zuten, berandu iristen ziren bidaiariei bost minutuko itxaron-denbora emateko[1]. Pixkanaka, hiriek Parisko ordua hartu zuten eurena markatzeko[2]. 1891n Metropolitar Frantzian ordua bateratu zen, Parisko eguzki denbora eredu hartuta[3].

Hego Euskal Herrian, 1878an erabaki zen trenbideek zerbitzatzen zuten hiri nagusiaren ordua izan behar zutela[4], eta tren geltoki bakoitzak erloju bat jarri behar zuela. Bilbo eta Donostia artean ordu alde handirik ez bazegoen ere (3 minutu eta 33 segundo)[5], pixkanaka erlojuak Madrilgo orduarekin bateratzen joan ziren, trenbideak Madril eta gainontzeko hiriak lotu ahala. Tarte batez, garraio konpainiak izan ziren ordua doitzearen arduradunak, eta hirietan erloju publikoak instalatu zituzten, euren eremua ofiziala zen ordua emateko, adibidez Boulevardeko erlojua, Donostian[6]. Gai zibiletarako eguzki denbora erabili zen 1900eko abenduaren 31ra arte. 1900eko uztailaren 22an Francisco Silvela Espainiako ministroen kontseiluko presidenteak Maria Kristina Austriakoa erreginaordeari —Donostian uda pasatzen ari zen— proposatu zion Espainia penintsularrak Greenwich meridianoko ordua (UTC+00:00) hartzea ordu estandartzat, 1901eko urtarrilaren 1etik aurrera. 1900eko uztailaren 26an Donostian sinatu zen ordu ofiziala ezartzeko dekretua.

1911ko martxoaren 9an, Ipar Euskal Herrian ere Greenwich meridianoko ordua ofizial bilakatu zen, Hego Euskal Herriko ordutegi berberarekin. Era berean, eguna 24 ordutan zatitu zen, 12 orduko bi zatitan egin beharrean, Meridianoaren Nazioarteko Konferentziak 1884an gomendatu zuen bezala. Hala ere, dekretuak ez zuen Greenwich hitza aipatu, baizik eta Parisko orduari 9 minutu eta 21 segundo kentzea izango zela ordu ofizial berria, efektiboki GMTrekin bat eginez baina Parisko ordua erreferentziatzat erabiltzen segituta[7][8]. Ordu aldaketak are gehiago erraztu zuen trenbideen funtzionamendua[9].

Udako ordutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako ordutegia 1916ko ekainaren 14an hasi zen erabiltzen Ipar Euskal Herrian, udan UTC+01:00 ordura pasatuz. Lehen Mundu Gerran ohikoa izan zen aldaketa hori Europako gune askotan. Ekainaren 14ko 23:00tan ekainaren 15eko 00:00ak izan ziren. 1917an André Honnoratek lege bilakatu zuen aldaketa hau, 291 aldeko botorekin eta kontrako 177rekin. Helburua energia-kontsumoa jaistea izan zen. Gerra amaituta, 1923ko maiatzaren 24ean berriro ere onartu zen udako ordutegia izatea[10], inguruko nazio aliatuen ordutegiak mantentzeko asmotan. Bigarren Mundu Gerra arte, urriko lehen larunbatetik UTC+00:00 ordutegia erabiltzen zen udaberrira arte; martxoko azken larunbatetik apirileko hirugarrenera bitarteko batean, UTC+01:00 ordutegia hartzen zen uda osorako.

Hego Euskal Herrian, udako ordutegia 1918an ezarri zen lehen aldiz[11], Lehen Mundu Gerra amaituta, baina askotan kendu zen, adibidez 1920-1923 tartean, 1925ean, 1930ean eta Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian (1931-1936). Espainiako Gerra Zibilean berriro erabili zen, baina aplikazio data ezberdinak izan zituen bandoaren arabera. 1937ko ekainean Bilbo erori baino bi egun lehenago errepublika udako ordutegira aldatu zen, frankistek maiatzaren 22an egin zuten aldaketa; tarte batez Bizkaian bi ordutegi egon ziren, beraz. Bando errepublikanoak lehen aldiz aldatu zuen ordutegia UTC+02:00 izateko udan, udako ordutegia bi aldiz jarraian sartuz: 1938ko apirilaren 2an ordu bat mugitu zen ordutegia aurrera, CET ordutegia ezarriz, eta hilabetearen amaieran, apirilaren 30ean, beste ordu bat mugitu zen aurrera, CEST ordutegia hartuz. 1938ko urriaren 2an ordu bakarra atzeratu zen, CET ordutegiarekin. Hala ere, horrek ez zion eragin Euskal Herriari, 1937an erori baitzen faxisten eskuetan. 1939ko apirilaren 1ean, gerra amaituta, GMT ordutegia berrezarri zen Hego Euskal Herrian, eta bi aste geroago, apirilaren 15ean, udako ordutegia.

1973ko petrolioaren krisiaren ondorioz, 1974tik aurrera udako ordutegia etengabe erabili da Hego Euskal Herrian. Berdin gertatu zen 1976tik aurrera Ipar Euskal Herrian, 1975eko irailaren 19ko dekretuaren ondorioz[12]. Neurria behin-behineko gisa aurkeztu bazen ere, etengabe erabili da hurrengo mende erdian. Hego Euskal Herrian, 1981ean, lau urtetik behin gaurkotzen den direktiba bat ezarri zen, martxoko azken igandetik iraileko azken igandera bitarte ordua aldatzeko, betiere gaueko 01:00etan.

1996an 2000/84/EC Direktiba onartu zen Europar Batasunean[13], ordutegiak harmonizatzeko, eta geroztik ordutegi berbera dago beti Hego zein Ipar Euskal Herrian. Udako ordua, bi eremuetan, urriko azken igandean kentzen da, eta ordu aldaketa gaueko 02:00 eta 03:00en artean alternatzen egiten da.

Europa Erdialdeko ordua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greenwicheko Errege Behatokian dagoen erlojua, UTC orduaren oinarria. Ipar zein Hego Euskal Herrian bertako erlojuak baino ordu bat gehiago erabiltzen da neguan eta bi ordu gehiago udan.

1940an Francisco Francok Hego Euskal Herriko ordua berriro ere aldatu zuen[14], Europa Erdialdeko ordua ezartzeko. 1940ko martxoaren 16an, gaueko 23:00etan, martxoaren 17 izan zen jada. 1942an ordua ofizial egin zen, Bigarren Mundu Gerran Alemaniak okupatutako lurraldeekin bat egiteko asmoarekin. Gerra amaituta ere, okupatutako herrialdeek Berlingo ordu eremua mantendu zuten (Belgika eta Herbehereak barne)[15].

Urte berean, Frantziaren okupazio alemaniarra izan zen. Arrazoi praktikoak zirela eta, Alemaniako ordua erabiltzen hasi ziren (UTC+02:00, uda baitzen)[16]. Okupazioak aurrera egin ahala, erlojuak ere ordubete aurreratzen joan ziren. Okupatutako eremua Europa Erdialdeko orduarekin bateratu zen, baina Frantzia Askeak Greenwicheko udako ordua zerabilen. Horrela, Zuberoak eta Nafarroa Behereko zati batek UTC+01:00 erabiltzen zuen eta Lapurdik eta Nafarroa Behereko zatirik handienek, aldiz, UTC+02:00. 1940ko azaroan ez zen neguko ordutegia berrezarri; beraz, udako ordutegian mantendu ziren Ipar Euskal Herriko bi eremuak.

1941eko maiatzaren 5ean, Vichyko gobernuak erabaki zuen Frantzia Askeko ordua eta Frantzia okupatuko ordua bateratzea, garraioak eta ekintza militarrak errazteko. 1942ko azaroaren 11n, alemaniarrek eta italiarrek Frantzia Librea ere okupatu zutenean, Berlingo ordua eta haien ordu-aldaketak ezarri ziren Ipar Euskal Herri osoan. Nazien okupazioa Ipar Euskal Herrian 1944an amaitu zen[17], baina gerra amaituta ere Europako mendebaldeko herrialdeek segitu zuen Alemaniako orduarekin (UTC+02:00 udan). 1945eko abuztuaren 14an Charles de Gaullek agindu zuen Frantzia Metropolitarreko ordua berriro ere UTC+00:00ra itzultzea neguan, bi aldaketa eginez: lehenengoa irailaren 16an, bigarrena azaroaren 18an, eta udako ordutegia bertan behera uztea 1946an. Irailaren 16an lehen aldaketa egin zen, baina azaroaren 5ean bigarren aldaketa bertan behera utzi zen: Frantzia 1976 arte UTC+01:00 ordu-eremuan geratu zen, udako ordutegirik gabe[16]. 1978an orduaren definiziorako Parisko meridianoa kendu zen eta UTC oinarritzat erabili zen[18].

Ordu eremuaren inguruko kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako ordutegia kentzeko proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015etik aurrera Europako Parlamentuak behin baino gehiagotan eztabaidatu du udako ordutegia kentzeko proposamena, baina Europako Batzordeak ez du erabakirik hartu, herrialdeen arteko adostasunik ez baitago[19][20]. 2018an inkesta bat egin zen Europan, 4,6 milioi pertsonak hartu zuten parte eta gehiengoak udako ordutegia kentzea proposatu zuen[21], baina ez da oraindik lege Europar Batasunean[22]. Eztabaida horretan, Frantziak UTC+02:00 betirako ordua izatea proposatu du[23], udako ordutegian geratuta, baina Espainiak, udako ordu aldaketa mantentzea[24].

Hego Euskal Herria UTC+00:00 izateko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundua 24 ordu-eremutan zatituz gero, Euskal Herri osoarentzat gertuen dagoen ordua Greenwich meridianoko ordua da (UTC±00:00). Eguzki orduarekin alderatuta, Bilbo eguzkia baino ordu 1 eta 20 minutu aurreratuago doa neguan eta 02:20 udan[25]; Iruñea ere antzera, 01:13rekin neguan eta 2:13rekin udan[26][oh 1]. Hala ere, Hego Euskal Herrian 1940tik UTC+01:00 erabili da neguan eta UTC+02:00 udan. Neurri hori behin-behinekoa zela esan bazen ere, aldaketarik ez da izan[27].

2013an Espainiako Gobernuak orduen afera ikertzeko azpibatzorde bat sortu zuen (Ordutegiak arrazionalizatzeko, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko eta erantzukizun partekatua aztertzeko azpibatzordea; gaztelaniaz: subcomisión para el estudio de la Racionalización de Horarios, la Conciliación de la Vida Personal, Familiar y Laboral y la Corresponsabilidad). Azpibatzorde horrek proposatu zuen Espainiako ordua ordu bat atzeratzea, UTC+00:00rekin bat eginez, produktibitatea eta familia bizitza hobetzeko helburuarekin[28][29][30]. Aldaketa eginez gero, Hego eta Ipar Euskal Herrian ordu ezberdina izango litzateke[31].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ordu-tarte hau kalkulatzeko udaberriko ekinozioko eguerdia hartu da kontuan. Minutu batzuetako aldea egon daiteke kontsultatzen den egunaren arabera

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Angelier, Maryse. (1998). Voyage en train au temps des compagnies, 1832-1937. "La Vie du rail et des transports" ISBN 978-2-902808-80-9. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  2. (Frantsesez) «Newsroom» SNCF (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  3. (Frantsesez) texte, France Auteur du. (1891-01-01). «Bulletin des lois de la République française» Gallica (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  4. Olaizola, Juanjo. (2012-09-21). «Historias del tren: TIC, TAC, TIC, TAC» Historias del tren (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  5. (Gaztelaniaz) Múgica, Ainhoa. (2018-10-25). «Cuando Donostia y Bilbao tenían distinta hora» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  6. Olaizola, Juanjo. (2013-02-18). «Historias del tren: EL RELOJ DEL BULE» Historias del tren (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  7. (Frantsesez) Krugler, Gilles. (2009-03-15). «Allemagne, décembre 1918. Les premières heures de l’occupation» Revue historique des armées (254): 76–81. ISSN 0035-3299. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  8. (Frantsesez) «1911 : « On a changé l’heure de Paris ! »» RetroNews - Le site de presse de la BnF 2018-01-29 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  9. (Frantsesez) texte, Parti social français Auteur du. (1911-03-11). «Le Petit journal» Gallica (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  10. Poulle-Drieux, Yvonne. (1999). «La France à l’heure allemande» Bibliothèque de l'École des chartes 157 (2): 493–502.  doi:10.3406/bec.1999.450989. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  11. «Cambio horario 2023 España (Madrid) - hora actual - huso horario» cambiohorario.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  12. Décret n°75-866 du 19 septembre 1975 RELATIF A L'HEURE LEGALE EN 1976. 19 septembre 1975 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  13. (Ingelesez) Directive 2000/84/EC of the European Parliament and of the Council of 19 January 2001 on summer-time arrangements. 2001-01-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  14. (Gaztelaniaz) «Fascinante documento histórico sobre el cambio de hora en España» Anfisbena 2015-03-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  15. Poulle-Drieux, Yvonne. (1999). «La France à l’heure allemande» Bibliothèque de l'École des chartes 157 (2): 493–502.  doi:10.3406/bec.1999.450989. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  16. a b Poulle-Drieux, Yvonne. (1999). «La France à l’heure allemande» Bibliothèque de l'École des chartes 157 (2): 493–502.  doi:10.3406/bec.1999.450989. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  17. Watson, Cameron. (2003). Modern Basque history: eighteenth century to the present. Center for Basque Studies, Univ ISBN 978-1-877802-16-4. (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  18. «Légifrance» www.legifrance.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  19. (Ingelesez) «Summertime: changing the clocks» Epthinktank 2016-03-24 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  20. (Ingelesez) «EU Politicians Speak Up to Remove DST» www.timeanddate.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  21. (Ingelesez) «Press corner» European Commission - European Commission (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  22. «Procedure File: 2018/0332(COD) | Legislative Observatory | European Parliament» oeil.secure.europarl.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  23. «Fin du changement d'heure - Assemblée nationale» www2.assemblee-nationale.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  24. «Informe de la Comisión para la reforma de la hora oficial» www.lamoncloa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  25. (Ingelesez) «Sunrise and sunset times in Bilbao, March 2023» www.timeanddate.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  26. (Ingelesez) «Sunrise and sunset times in Pamplona» www.timeanddate.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  27. (Gaztelaniaz) «Se cumplen 70 años de un cambio de horario que no nos corresponde» BAQUIA 2010-03-15 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  28. (Gaztelaniaz) «España quiere poner en hora su reloj» Diario ABC 2013-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  29. «Spain Time Zone Change Debated By Spanish Lawmakers» web.archive.org 2016-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  30. «El Congreso baraja cambiar nuestro horario al británico para conciliar vida laboral y familiar» www.publico.es 2013-09-19 (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).
  31. «Euskal Herria bi ordu-eremutan banatuta?» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]