Edukira joan

Patxi Etxeberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Andoaingo idazle jesuitari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxeberria».
Patxi Etxeberria
Bizitza
JaiotzaAndoain1900eko apirilaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLoiolako santutegia1989ko abenduaren 1a (89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
txinera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea, apaiz katolikoa eta misiolaria
Ezizena(k)Abalegi'ko P. eta Ibiltari
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Inguma: francisco-etxeberria-tolosa-1900-1989 Literaturaren Zubitegia: 464

Frantzisko Etxeberria Tolosa, edo Patxi Etxeberria (izengoitiz Abelegi´ko Pi; Andoain, 1900eko apirilaren 23a - Loiola, Azpeitia, 1989ko abenduaren 1a), gipuzkoar jesuita, idazlea eta itzultzailea izan zen.

Frantzisko Etxeberria Tolosa Andoaingo Goiburu bailarako Merdiladi baserrian jaio zen 1900eko apirilaren 23an.[1] Hamaika haurridetan zaharrena zen. Andoaingo eta Gasteizko seminarioetan ikasi ondoren, 1925ean apaiztu zen. Hurrengo urteak Arabako Lalastran eta Goierriko Ezkion eta Itsason eman zituen.[2]

Seminarioan hasi zen idazten. 1921ean, Urdinburuko Bittor bakarrizketa eman zuen argitara, eta urte horretan bertan hasi zen Euskal-Esnalea aldizkariko kolaboratzaile izaten. Horiek horrela, 1929an Argia aldizkariko zuzendari bilakatu zen. Hurrengo urteko uztailean, ordea, kargua utzi zuen Jesusen Lagundian sartzeko.[2]

1931ean Espainiako Gobernuak jesuitak kanporatu batzituen, Belgikako Tournaira erbesteratu behar izan zuen Lagundiko kide batzuekin batera. 1933an, Txinara joateko agindua jaso zuen. Bertan, 1937ko japoniar inbasioa pairatu behar izan zuen, eta komunistek agintea hartu zutenean lau urte igaro zituen etxetik atera gabe. 1953ean Taiwanera joan zen.[2]

1956an Erramun Olabidek itzulitzako Bibliari azken ukituak ematera etorri zen Bilbora. 1958an argitaratu zen Itun Zaar eta Berria. 1959an Taiwanera itzuli zen, eta handik Handik Filipinetako Iloilo hirira bidali zuten 1975ean. 1987ko abenduan itzuli zen Loiolako Santutegira, eta bertan hil zen 1989ko abenduaren 1ean.[2]

Idazle ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle oparoa izan bazen ere, ez zuen egundaino libururik argitara eman. Haren idazlanak barreiaturik daude zenbait aldizkaritan, eta galdurik beste anitz, Txinan ondutakoak batez ere. Interes handikoak dira senitarteko eta lagunei idatzitako eskutitzak, batzuetan berak ateratako argazkiez hornituak.[2]

Artikuluak eta bertsoak idatzi zituen gehienbat, baina baita ipuinak, itzulpenak eta moldaketak ere. Euskal Esnalea, Argia, Euzko-gogoa, Karmel, Egan, Olerti, Jesus'en biotzaren deya eta Zeruko Argia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.[2]

Urdinburuko Bittor bakarrizketa eman zuen argitara 1921. urtean, eta zazpi urte geroago Virgilioren Eneida-ren zenbait bertso euskaratu zituen. 1933ko uztailean, garaile atera zen Urretxuko Olerki Egunean Bost lore poemarekin.[3] 1957an Daviden salmoak itzuli zituen Dabid´en Eresiak izenburupean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Echeverría Tolosa, Francisco (1900-1989). Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2026-1-2).
  2. a b c d e f Garmendia, Elixabete. Patxi Etxeberria (1900-1989). Bidegileak, euskara.euskadi.net (kontsulta data: 2026-1-2).
  3. Etxeberria, Patxi. Bost lore. basquepoetry.eus (kontsulta data: 2026-1-5).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]