Edukira joan

Paulina Ódena García

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paulina Ódena García

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPaulina Ódena García
JaiotzaBartzelona1911ko urtarrilaren 22a
Herrialdea Espainia
HeriotzaGranada1936ko irailaren 14a (25 urte)
Heriotza moduasuizidioa
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, kazetaria eta milizianoa
KidetzaNazioarteko Laguntza Gorria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Alderdi Komunista
Kataluniako Gazteria Sozialista Bateratua

Paulina Ódena García, Lina Ódena izenez ezagunagoa (Bartzelona, 1911ko urtarrilaren 22a - Cubillasko urtegia, Granada, 1936ko irailaren 14a) militante eta buruzagi komunista izan zen, milizianoa Espainiako gerra zibilean, Errepublikaren heroina.[1][2]

Bartzelonan jaio zen 1911ko urtarrilaren 22an. Bere gurasoek jostundegi bat zuten Bartzelonako Eixample auzoan. Linak familiaren negozioan lagundu zuen nerabe bat baino ez zela, lehenik laguntzaile gisa, eta gero, jostun lanak egiten.[3]

Militante komunista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
J.Pons - Museu Nacional d'Art de Catalunya

1931n, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri zenean, Konstituzio berriak herrialde honen historian lehen aldiz jaso zuen emakumeek politikan parte hartzeko eskubidea. Urte hartan bertan, Lina Ódena, ordurako Juventud Comunista - UJCE (Espainiako Gazteria Komunisten Batasuna) erakundeko kide zela, hamalau hilabetez Moskuko Eskola Marxista-Leninistan ikastera joan zen. Eskola hartan prestatu ziren etorkizunean Alderdi Komunistaren koadro politikoak izango zirenak, ikasitakoa zeinek bere herrialdearen berreraikuntzan aplikatzeko asmoz.[3]

Itzuli zenean, Partit Comunista de Catalunya (Kataluniako Alderdi Komunista) alderdiaren sorreran parte hartu zuen eta Espainiako Alderdi Komunistaren Buro Nazionalean ere parte hartu zuen, Kataluniako ordezkari gisa. UJCren III. Kongresuan ere egon zen Espainiako Alderdi Komunistaren Buro Nazionaleko kide gisa. 1933an, Kataluniako Gazteria Komunisten idazkari nagusi eta Errepublikako Parlamenturako hautagai izendatu zuten. Hauteskundeak, ordea, eskuinak irabazi zituen.[3]

1934ko urrian, CEDAko (Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa) kideak Gobernuan sartu zirenean, iraultza armatua gertatu zen, Asturiasen bi astez arrakasta izan zuena eta Katalunian Els fets del sis d’octubre (Urriaren seiko gertaerak, Kataluniako Estatuaren aldarrikapena) ekarriko zituena. Ódena fusila hartu zuen emakume bakarretakoa izan zen, Rabassada eta Sant Cugat errepideetako borroketan aktiboki parte hartuz. Mugimenduak porrot egin zuenean, Lina klandestinitatera igaro zen eta Socors Roig Internacional (Nazioarteko Laguntza Gorria) erakunde klandestinoaren kide izan zen. 1935eko abuztuan poliziak atxilotu eta fitxatu zuen Bartzelonan Asturiasko meatzarien umezurtzak ezkutuan hartu eta laguntza emateagatik.[3]

Hurrengo hilabetean, Linak Gazte Komunisten Nazioartekoaren Kongresuan parte hartu zuen. Biltzarra Danimarkan egin zen, eta bertan erabaki zen gazte komunistak beste gazte iraultzaileekin bateratzea.

Fronte Popularra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dolores Ibarruri 1936an

1936ko otsailean deitutako hauteskundeen aurrean,  ezkerreko alderdi guztiak Fronte Popularrean elkartu ziren. Ezkerraren mobilizazioarekin bat eginik, Lina Ódena Madrilera joan zen, eta han lan-etapa berri bati ekingo zion: Dolores Ibarruri, Pasionaria, lagundu zuen Asturiasen, Madrilen, Sevillan edo Kordoban egindako mitinetan.[3] Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Bartzelonan parte hartu zuen  gazte marxisten bateratzearen aldeko azken elkarrizketetan, apirilean Kataluniako Gazteria Sozialista Bateratuen (JSUC) sorrera ekarriko zutenak.

Espainiako Gerra Zibila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lina Almerian zegoen Espainiako Gerra Zibila hasi zenean. Hango borroketan aktiboki parte hartu zuen, batez Granadatik ihes egin zuten bi hegazkin-konpainia garrantzitsutako militarrekin batera. Handik egun gutxira, tokiko batzordeko ordezkari izendatu zuten. Kargu horren sinbolo gisa, Odenak egun hartatik hil arte harrotasunez eraman zituen abiazioaren hegoak bere miliziano-uniformearen gainean ikusgarri, agertzen den azken argazkiek erakusten dutenez.[4]

Emakume milizianoak 1936an.

Odena milizianoen zutabe bateko kide izan zen, Granadatik ihes egindako hainbat abiazio-soldaduz eta Almeriatik zetozen marinelez osatua. Guadix eta, geroago, Motril hartzeko agindua eman zioten. Denbora horretan, bidaia labur batzuk egin zituen Madrilera eta Bartzelonara armak lortzeko, baina berehala itzuli zen Andaluziako frontera.[4]

1936ko irailaren 14an, Granadatik gertu, Cubillasko urtegiaren ondoan, Lina zeraman kotxe gidariak okerreko bidea hartu zuen bidegurutze batean, eta ezustean topo egin zuten kontrol falangista batekin. Etsaien preso ez izateko, Linak pistola atera eta bere buruaz beste egin zuen.[3]

Lina Ódenaren gorpua duela urte batzuk arte Granadako hilerriko 122. hobian egon zen, Baselizako Patioan; baina haren berri inork eskatu ez zuenez, hobi anonimo batera pasatu zituzten bere gorpuzkiak.[4]

Lina Ódena, herri-ikonoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko udan, milizianaren irudi heroikoa berehala bihurtu zen Espainiako herriak faxismoaren aurka egindako borrokaren sinbolo. Lina Ódena bezalako ekintzaile gazteak erresistentzia antifaxistaren pertsonifikazioa izan ziren gerrari buruzko kontakizunetan. Ódena JSUren, gazte mugimendu komunistaren, buruzagi ezaguna zen, eta Emakume Antifaxisten Batzorde Nazionaleko idazkari nagusia. Espainiaren hegoaldean borrokatu zen gerraren hasieran, eta 1936ko irailean bere buruaz beste egin zuen, Granadako frontean, Francoren Ipar Afrikako oste mairu beldurgarriek harrapatzeko zorian zela. Mary Nash, Rojas. Las mujeres republicanas en la guerra civil[5]

Lina Ódena frankismoaren aurkako herri-mobilizazioaren ikono bihurtu zen, Espainiako Gerra Zibileko lehen borroketan miliziano-lanetan parte hartu baitzuen. Emakume askorentzat eredu izan zen beren gizonezko kideen alboan borroka egiteko, lehenik langile-klasea antolatuz eta gero lubakietan, eta, hala, xx. mendearen lehen erdian emakumeei esleitu zitzaien zeregin tradizionala betetzeari uko eginez. Batailoi bat egon zen bere izenarekin.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Paulina Odena García | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  2. (Gaztelaniaz) «Paulina Ódena García (Lina Ódena)» Dones de Centelles 2016-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  3. a b c d e f «Lina Ódena Garcia». Diccionari Biogràfic de Dones. Barcelona: Associació Institut Joan Lluís Vives Web (CC-BY-SA via OTRS).
  4. a b c Pozo Felguera, Gabriel. (2018). «El grave error que condujo a la muerte a la ahijada de 'Pasionaria' en el Cubillas | El Independiente de Granada» www.elindependientedegranada.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  5. Mary Nash, Rojas. Las mujeres republicanas en la guerra civil (Ed. Taurus, Madrid, 1999)

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]