Philanthropinum Dessau
Philanthropinum Dessau | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Alemania |
Alemaniako estatua | Saxonia-Anhalt |
Alemaniako hiri-udalerri | Dessau-Roßlau |
Koordenatuak | 51°50′17″N 12°14′44″E / 51.8381°N 12.2456°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1774 |
Philanthropinum XVIII. mendean Dessau hirian (Saxonia-Anhalt estatua, Alemania), sortutako eskola bat da, pedagogia modernoaren aintzindaria, eta Philanthropin izena hartu zuten ikastetxeen eredua.
Ikastetxe historikoa (1774-1793)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikastetxea 1774ean sortu zen. Filantropismoan oinarritutako hezkuntza berriaren aintzindaria izan zen, eta ondoren bere ereduari jarraitzen ikastetxe gehiago ireki zirenean, Philanthropinum Dessau izenez ezagutu zen.
Johann Bernhard Basedow-ek (1724-1790) Christian Heinrich Wolke-rekin (1741-1825) sortu zuen. 1774ko abenduan ireki zen Neumarkt-eko Rautenstockschen etxean [1] [2] Hasiera batean iralasleen prestakuntza zentro gisa pentsatuta bazegoen ere, nobleziaren eta herritar aberatsen semeen ikastetxe bihurtu zen; bertako irakasteko metodo berriak Europa osoan ospetsu bihurtu ziren.
Basedow eta Wolke-rekin batera, Philanthropinumean beste hezkuntza erreformatzaileak aritu ziren, hala nola Ernst Christian Trapp (1745-1818) pedagogia katedraduna; Christian Gotthilf Salzmann (1744-1811), Philanthropin Schnepfenthal sortuko zuena; August Friedrich Wilhelm Crome (1753-1833); Carl Wilhelm Kolbe der Ältere (1759-1835) filologo eta artista;[3] Friedrich von Matthisson (1761-1831) poeta eta antzerkigilea...[4]
Basedow-ek Daniel Chodowiecki (1726–1801) garaiko artista grafiko alemaniarrari testuliburu bat ekoiztea enkargatu zion. Gainera, Chodowieckik irudi panel ugari sortu zituen eta beste grabatzaile batzuen lana gainbegiratu zuen. Elementarwerk liburua literatura ilustratuko hezkuntza eredu bihurtu zen. [2] [5]
1777an, Leopold III Anhalt-Dessauko dukeak Dietrich jauregia eskolaren esku utzi zituen, eta egoitza hara aldatu zen. Lehen hiru ikasleetatik bat Friedrich von Anhalt-Dessau (1769-1814) izan zen, Leopold III-aren semea. Philanthropinumek ikasle kopuru handiena 1782/1783 bitartean izan zuen, 53 ikaslerekin. Gehienak guraso ilustratuen semeak, eta haien artean Europa Mendebaldeko, Iparraldeko eta Ekialdeko batzuk. Eskolaren sorreran ikasleen 2/3 klase ertainekoak ziren; 1785etik aurrera, ordea, ia denak aristokratak izan ziren.[2]
Philanthropinuma 1793an itxi zen, ikasle kopurua nabarmen jaitsi eta unibertsitateko tentsioek irakasle askoren irteera eragin zutenean; finantza eta antolakuntza arazoak ere izan zituzten. Hala ere, beste ikastetxeen eredu izaten jarraitu zuen: Alemanian bakarrik, 60 Menschenfreunde ("Filantropia") eskola baino gehiago sortu ziren, eta Frantzian, Suitzan, Errusian eta Ipar Amerikan ere hainbat ikastetxek bere eredua jarraitu zuten. [2]
Philanthropinumen mugimenduarekin lotutako funtsa dokumental historikoa Dessauko Anhalteko Liburutegian gordetzen da .
Pedagogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Philanthropinumen sartzeko ez zegoen erlijio edo klase eragozpenik. Noblezia tituluak ez ziren erabiltzen. Mutilak soilik onartzen ziren. Berdintasuna azpimarratzeko, ikasleek uniformea eta ile motza erabiltzen zituzten.[2]
Ikasgaiak bizitza praktikora zuzenduak ziren, hizkuntza modernoak, natur zientziak, jarduera fisikoak, kirola (gimnasia) eta esku lanak barne, Alemaniako hezkuntza historian lehen aldiz. [2] Filantropistak genero-irakaskuntzaren alorrean ere aitzindariak izan ziren: Basedow hasieratik gai honi garrantzia eman zion; Wolkek ikasgai praktikoak eman zituen; Salzmannek sexu hezkuntzari buruzko lehen monografia idatziko zuen eta Campek bi liburuki prestatu zituen.
Philanthropinumaren lanak Europa osoan oihartzuna izan zuen arren, Anhalt-Dessau printzerriko beste ikastetxeek ez zuten inolako erreformarik egin. Eztabaida nahiko eragin bazuen ere, balorazio gehienak positiboak izan ziren. Immanuel Kantentzat Philanthropinumak hezkuntza sisteman iraultza eta “burgesiaren erreforma” ekarri zuela zioen. Johann Gottfried Herderrek, berriz, esan zuen "Basedowi ez liokeela txahalik hazteko emango, are gutxiago jendea". [2] Carl Gottfried Neuendorf teologoak bakarrik (Philanthropinum-en irakasle izandakoak) lortu zuen funtsezko aldaketak eta berrikuntzak aurrera eramatea, oposizio handia gaindituz: derrigorrezko eskolatzea eta eskola-kuoten salbuespenak ezarriz, eta eskola eta eliza bereiziz. [6]
Philanthropinum lizeo berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean Dessauko Hauptmann-Loeper-Gymnasium ikastetxeak Goethe - Bigarren Hezkuntzako III Lizeoa izena hartu zuen; Alemaniako Errepublika Demokratikoan gymnasium motako ikastetxeak desagertu baitziren. 1945eko uztailean eskola Dietrich jauregira aldatu zen, jatorrizko Philanthropinuma hartu zuen eraikin berera alegia. Ikastetxeko lehen zuzendaria Karl Schulze-Wollgast izan zen, eta 1945eko urriaren 1ean 142 ikasle eta 8 irakasle taldearekin lanean hasi zen. 1947tik aurrera ikastetxeari Philanthropinum izena berreskuratzeko baimena eman zitzaion, Basedowen ikastetxearen tradizio aurrerakoiarekin jarraitzeko asmoz.
Ikasle kopurua gero eta handiagoa zela eta, 1950ean Philanthropinumeko ikasleen zati bat Mauerstraßeko VII Lizeora mugitu zen. 1961etik aurrera Friedrich-Naumann-Straße kaleko Udal Eskola Komertzial zaharraren eraikinera pasatu ziren, Rosa Luxemburg EOS ikastetxearekin partekaturik. 1968an bi eskolek bat egin zuten, Philanthropinum Bigarren Hezkuntza Hedatuko Zentrua izena hartuz. Dessauko Helduen Hezkuntzarako Zentroa ere urte luzez eraikin horretan izan zen.
1990eko Alemaniaren bateratzea ekarri zuen aldaketa politikoen ondoren, Philanthropinuma gymnasium bihurtu zen berriro eta berrikuntzak egin ziren, beste gymnasium batzuekin bat eginez. Gaur egunean Philanthropinumak 800 ikasle inguru eta 60 irakasle baino gehiago ditu,[7] eta zuzendaria Astrid Bach andrea da.
Ikasle ohiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dieter Hallervorden, Abitur 1953 [8]
- Manfred Bieler, batxilergoko titulua 1952an
- Steffi Lemke, institutuan lizentziatua 1988an
- Peter Kuras, institutuan graduatua 1976an
- Cornelia Lüddemann, institutuan lizentziatua 1986an
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ im Zweiten Weltkrieg 1945 zerstört
- ↑ a b c d e f g Das Philanthropin und andere pädagogische Aktivitäten in Anhalt-Dessau. Zeitstrahl, Bildungsserver Sachsen-Anhalt (online)
- ↑ Michael Niedermeier: Philanthrop und Patriot: Kolbe als politischer (Sprach-)Lehrer. In: Norbert Michels (Hrsg.): Carl Wilhelm Kolbe. Künstler, Philologe, Patriot. Katalog zur Ausstellung. Dessau/Zürich/Paderborn. Imhoff, Dessau/Petersberg 2009, ISBN 978-3-86568-517-9, S. 133–149.
- ↑ Michael Niedermeier: Matthisson als Pädagoge am Philanthropin in Dessau. In: Erdmut Jost, Christian Eger (Hrsg.): Friedrich von Matthisson (1761–1831). Dichter im Zeitalter der Freundschaft. Mitteldeutscher Verlag, Halle/S. 2013, ISBN 978-3-95462-022-7, S. 29–43.
- ↑ Christoph Danelzik-Brüggemann: Mit Bildern lernen. Die Dessauer Philanthropen und die Entstehung des illustrierten Schulbuches. In: mittendrin – Sachsen-Anhalt in der Geschichte. Katalog zur Ausstellung. Dessau 1998.
- ↑ Vater Franz, der Erschaffer der Dessau-Wörlitzer Kulturlandschaft.
- ↑ Philanthropinum: Derzeit 745 Schüler. In: Mitteldeutsche Zeitung vom 27. Dezember 2012, abgerufen am 28. Mai 2021.
- ↑ Biografie bei weltdeswissens.de