Pisako katedrala
Pisako katedrala | |
---|---|
Piazza dei Miracoli | |
Kokapena | |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Toscana |
Probintzia | Pisako probintzia |
Hiria | Pisa |
Koordenatuak | 43°43′24″N 10°23′44″E / 43.723293°N 10.395502°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1063 |
Izenaren jatorria | Maria Mariaren Jasokunde |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Roman Catholic Archdiocese of Pisa (en) |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Materiala(k) | harria |
Estiloa | arkitektura erromanikoa |
Azalera | 2.000 m² |
Atalak | campanile (en) : |
Ondarea | |
Objetu kopurua | 100 item (en) |
Bisitariak urtean | 403.722 |
Kontaktua | |
Helbidea | Piazza Duomo |
E-posta | mailto:info@opapisa.it |
Telefonoa | tel:+39-050-387-2210 |
Webgune ofiziala | |
Pisako katedrala (italieraz: Cattedrale Metropolitana Primaziale di Santa Maria Assunta; Duomo di Pisa) Erdi Aroko katedral katolikoa da, Andre Mariaren Jasokundeari dedikatua eta estilo erromanikoan egina. Pisako artzapezpikuaren egoitza da.
Katedrala 1063an hasi zen eraikitzen, arkitektoa Buscheto zela. 1063an Siziliako musulmanen kontrako borrokan lortutako etekinak erabili ziren gastuak ordaintzeko. Katedralean osagai estilistiko desberdinak bildu ziren: klasikoak, Lonbardiakoak, Bizantziokoak eta islamikoak, garaiko Pisako merkatarien joan-etorrietako lurraldeetakoak, alegia. Venezian aldi berean hasi zen San Markosen basilika eraikitzen, bi itsas errepublikak lehian hasi baitziren tenplurik ederrenak zeinek eraikiko. 1118an kontsakratu zuen Gelasio II.a Aita Santuak.
XII. mendearen hasieran katedrala zabaldu zuten Rainaldo arkitektoaren zuzendaritzapean: nabe nagusia luzatu zuten Buscheto jatorrizko estiloari jarraikiz, baita transeptua ere, eta fatxada berri bat eraiki zuten, Guglielmo eta Biduino eskultoreen gidaritzapean. Data zehatzak ezagutzen ez badira ere, 1180rako bukatuta zeuden obrak.
Deskripzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar gurutzeko eraikina egiteko asmoa zuten hastapenean, erdian kupula handia zuela, baina oraingo oinplanoan gurutze latindarra du. Barnealdeak meskita handien moduko efektua sortzen du, arkuei esker, marmol zuria eta beltza aldizkatzeagatik eta inspirazio islamikoko kupula eliptikoarengatik. Bizantzioaren eragina nabaria da aldamenetako nabeen gaineko balkoietan (matroneum).
Kanpoaldeak apainduria aberatsa du: kolore askotako marmolak, mosaikoak eta brontzezko objektu ugari, gerretatik eramanak. Horietako bat da Palermotik 1061ean hartutako grifoa, teilatuan kokatu zutena. XIX. mendean kopia batekin ordeztu zuten, eta originala katedraleko museoan dago ikusgai egun.
Fatxadak marmol zuriak eta beltzak ditu, kolorezko marmolak tartekaturik daudela, Rainaldo arkitektoaren diseinuari jarraikiz. Hiru ateen gainean, lau maila daude, zeinetan arku handiak paratu baitzituzten. Haien atzean, leihoak daude, bakunak, bikoitzak eta hirukoitzak. Arku handi horiek Italiako hegoaldeko arkitekturaren eta arkitektura islamikoaren eraginekoak dira.