Pitagoras

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pitagoras, Atenaseko eskola margolanean. Raffaello, 1509.

Pitagoras Samoskoa, grezieraz Πυθαγόρας, (Samos, K. a. 580 inguru – Metaponto, K. a. 495 inguru) Antzinako Greziako matematikari eta filosofo bat izan zen. Matematikan, Pitagorasen teoremarengatik da ezaguna eta zenbakien bitartez dena azal daitekeela pentsatzen omen zuen. Musikan, eskala pitagorikoak bere izena darama. Metenpsikosi edo arimaren transmigrazioaren dotrina ere zabaldu zuen. Filosofian, Platonengan eragina izan zuen eta bere burua filosofotzat jo zuen lehenengoa izan zela ere jaso da. Pitagorismo izendatu den mugimendu erlijioso garrantzitsu baten sortzaile, mistikotzat jo izan da historian zehar. Ildo horretatik, mugimendu esoteriko anitzetan eragin duen pertsonaia izan da, Rosae Crucis mugimenduan kasu. gaztelaniaz, pitagorín izenez deitu ohi zaie oso azkarrak diren mutikoei [1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiazko eta alegiazko historiak daude nahasturik Pitagorasen bizitzari buruzko kroniketan. Heraklides Pontokoa, Klearko eta Aristoxenos jakintsuek alegiazko egitateak eta gertaerak jasotzen dituzte hari buruz. Pitagoras Apolo edo Hermesen seme zela idatzi izan da. Azpimundura jaitsia eta ondoren berriz ere bertatik ekarria ere omen zen. Halaber, urrezko izterra zeukala eta nonahitasunezkoa zela aipatu da. Kristau aroko lehenengo mendeetan Pitagorasi buruz Apolonio Tianakoak eta beste neopitagorikoek idatzitako alegiazko historiak onartu ziren, eta gerora Jambliko eta Porfirio neoplatonikoengan eragina izango zuten.[2] Gainera, Pitagorasek ez zuen ezer idatzi, eta seguru asko horregatik ere bere jarraitzaileek Pitagorasenak ez ziren lanak eta asmakuntzak —Pitagorasen teorema, kasu— egotzi zizkioten. Jarraitzaileek osaturiko pitagorismoak ez du, hortaz, lagundu bere bizitzaren eta lanaren berri zuzena izaten. Horrela, ikertzaile zenbaitek Pitagorasen ekarpenak eta pentsamendua neurriz gain balioztatu direla adierazi dute.[3]

K. a. 580. urtearen inguruan Samos uhartean jaio zelako datuak fidagarriak dira, ordea.[4] Apolodororen arabera, 40 bat urte izango zituen 532. urtean, Polikratesen tirania dela eta Samos utzi Krotonara joan behar izan zuenean. Han komunitate izpiritual bat sortu zuen, gizon eta emakumez osaturikoa, bizitzako alderdi guztiak arautzen zituena. Komunitateaz gaindi, jarraitzaileek bizitza politikoan ere parte hartu zuten, joera aristokratiko batez, eta ildo horretatik Krotona eta Sibaris hiriek K. a. 510. urtean elkarrekin izan zuten borroka aipatzen da, Sibaris hiriaren suntsipenaz bukatu zena.[5] Borroka hartan Milo pitagorikoa izan zen buru, eta komunitateko kideek ere parte hartze nabarmena izan zuten.

Azkenik, matxinada demokratiko bat ere izan zen pitagorikoek bultzaturiko erregimen aristokratikoaren aurka. Horren ondorioz, jazarpen luzea jasan behar izan zuten pitagorikoek eratuak zituzten komunitate guztietan. Pitagorasek Metaponto hirian aurkitu zuen babesa, eta han hil omen zen.[6] Pitagorikoen aurkako jazarpenean asko hil ziren. Bakan batzuek ihes egin zuten, eta sektatzat iraun zuten K. a. IV. mende arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pitagorín, Diccionario de la lengua española. Espasa-Calpe.
  2. Franco Volpi: Enciclopedia de obras de filosofía, 1676. orrialdea.
  3. Jonathan Barnes: Los presocráticos, 125-128. orrialdeak.
  4. Franco Volpi: Ibid..
  5. Wilhem Capelle: Historia de la filosofía griega, 42. orrialdea.
  6. Franco Volpi: Ibid..

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pitagoras Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Pitagoras