Pitagoras
Pitagoras | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Πυθαγόρας |
Jaiotza | Samos uhartea, c. K.a. 580 |
Herrialdea | Samos |
Bizilekua | Crotona |
Heriotza | Metaponto, c. K.a. 495 ( urte) |
Familia | |
Aita | Mnesarchus |
Ezkontidea(k) | Teano |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Anaximandro Themistoclea (en) Hermodamas (en) Pherecydes of Syros (en) Tales |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, filosofoa, politikaria, idazlea, musikologoa eta musikaren teorikoa |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Pherecydes of Syros (en) , Anaximandro, Tales eta Zoroastro |
Mugimendua | Eskola pitagorikoa Mendebaldeko filosofia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Eskola pitagorikoa |
Pitagoras Samoskoa (antzinako grezieraz: Πυθαγόρας; Samos, c. K.a. 580 – Metaponto, c. K.a. 495) Antzinako Greziako matematikari eta filosofo bat izan zen. Matematikan, Pitagorasen teoremarengatik da ezaguna, eta zenbakien bitartez dena azal daitekeela pentsatzen omen zuen. Musikan, eskala pitagorikoak haren izena darama. Metenpsikosi edo arimaren transmigrazioaren doktrina ere zabaldu zuen. Filosofian, Platonengan eragina izan zuen eta bere burua filosofotzat jo zuen lehenengoa izan zela ere jaso da. Pitagorismo izendatu den mugimendu erlijioso garrantzitsu baten sortzaile, mistikotzat jo izan da historian zehar. Ildo horretatik, mugimendu esoteriko anitzetan eragin duen pertsonaia izan da, Rosae Crucis mugimenduan kasu.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egiazko eta alegiazko historiak daude nahasturik Pitagorasen bizitzari buruzko kroniketan. Heraklides Pontokoa, Klearko eta Aristoxenos jakintsuek alegiazko egitateak eta gertaerak jasotzen dituzte hari buruz. Pitagoras Apolo edo Hermesen seme zela idatzi izan da. Azpimundura jaitsia eta ondoren berriz ere bertatik ekarria ere omen zen. Halaber, urrezko izterra zeukala eta nonahitasunezkoa zela aipatu da. Kristau aroko lehenengo mendeetan Pitagorasi buruz Apolonio Tianakoak eta beste neopitagorikoek idatzitako alegiazko historiak onartu ziren, eta gerora Janbliko eta Porfirio neoplatonikoengan eragina izango zuten.[1] Gainera, Pitagorasek ez zuen ezer idatzi, eta seguru asko horregatik ere bere jarraitzaileek Pitagorasenak ez ziren lanak eta asmakuntzak —Pitagorasen teorema, kasu— egotzi zizkioten. Jarraitzaileek osaturiko pitagorismoak ez du, hortaz, lagundu bere bizitzaren eta lanaren berri zuzena izaten. Horrela, ikertzaile zenbaitek Pitagorasen ekarpenak eta pentsamendua neurriz gain balioztatu direla adierazi dute.[2]
K.a. 580. urtearen inguruan Samos uhartean jaio zelako datuak fidagarriak dira, ordea.[3] Apolodororen arabera, 40 bat urte izango zituen K.a. 532. urtean, Polikratesen tirania dela eta Samos utzi Crotonara joan behar izan zuenean. Han komunitate izpiritual bat sortu zuen, gizon eta emakumez osaturikoa, bizitzako alderdi guztiak arautzen zituena. Komunitateaz gaindi, jarraitzaileek bizitza politikoan ere parte hartu zuten, joera aristokratiko batez, eta ildo horretatik Crotona eta Sibaris hiriek K.a. 510. urtean elkarrekin izan zuten borroka aipatzen da, Sibaris hiriaren suntsipenaz bukatu zena.[4] Borroka hartan Milos pitagorikoa izan zen buru, eta komunitateko kideek ere parte hartze nabarmena izan zuten.
Azkenik, matxinada demokratiko bat ere izan zen pitagorikoek bultzaturiko erregimen aristokratikoaren aurka. Horren ondorioz, jazarpen luzea jasan behar izan zuten pitagorikoek eratuak zituzten komunitate guztietan. Pitagorasek Metaponto hirian aurkitu zuen babesa, eta han hil omen zen.[3] Pitagorikoen aurkako jazarpenean asko hil ziren. Bakan batzuek ihes egin zuten, eta sektatzat iraun zuten K.a. IV. mende arte.
Aurkipenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Astronomian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pitagorasek uste zuen Lurra unibertsoaren erdigunea zela, eta Ilargiaren orbita lurreko ekuatorerantz inklinaturik zegoela. Gaueko izarra eta goizeko izarra planeta bera (Artizarra) zela aurkitu zuen; lehenago bi izar zirela uste baitzuten. Horretaz gain, berak sortutako eskola pitagorikoko beste zientzialari bati (Hizetas Sirakusakoa) atxikitzen zaio lurrak bere buruaren inguruan duen errotazioaren aurkipena.
Matematiketan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matematiketan, aurkipen garrantzitsuak egin zituen Pitagorasek.
Pitagorasen teorema: Triangelu zuzen batean bi katetoek sorturiko karratuak baturik hipotenusak sorturiko karratu bera lortuko dute. Nahiz eta dirudienez Indiako eta Babiloniako matematikariek teorema lehenagotik ezagutzen zuten, pitagorikoak izan ziren formalki azaldu eta frogatu zutenak.
Solido perfektuak: pitagorikoak izan ziren bakarrik 5 poliedro erregular existitzen direla aurkitu zutenak, uste da Pitagorasek laugarreneraino zekiela nola osatu, baina bosgarrena Hipaso Metapontokoak (K.a. 470) aurkitu zuen.
Triangeluko barne angeluak: eskola pitagorikoak aurkitu zuen triangelu baten barne angeluen batura bi angelu zuzenen baturaren berdina zela.
Musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pitagorasek musika bitarteen legeak —musika eskalako noten arteko erlazio matematikoak— aurkitu zituela uste da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Pitagoras |