Torca del Carlista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Torca del Carlista
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaKarrantza
Koordenatuak43°15′49″N 3°23′19″W
Ezaugarriak
Garaiera712
Sakonera355

Torca del Carlista Karrantzan (Bizkaia) dagoen leizea edo troka da. Ezaguna da batez ere barruan Europako lurrazpiko gelarik handiena gordetzen duelako (munduko hirugarren handiena).[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karrantza haranaren mendebaldean dago, Armañongo Natura Parkearen baitan, Raneroko multzo karstikoan, Peña Ranero (beste izenez Picón del Carlista) tontorretik oso hurbil: mendiak 729 metrotako garaiera du, eta leizearen sarrera 712 metrotan dago. Sarrera Bizkaian badago ere, lurpeko zatirik handiena Kantabriako lurretatik zehar hedatzen da.[2]

Neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabaleran, kobazuloak 4 Guggenheim museok adinako lekua hartzen du. Altueran, sarrerako putzuak Iberdrola Dorrearen garaiera du; leize osoak, berriz, Eiffel Dorrearena.

Leizearen sarrera ez da oso handia, 5 x 2 m inguruko arrakala bat; hortik behera, 68 metrotako jeitsiera bat dugu GEV Gela Handiaren erpineraino (“Jon Arana Gela Handia” ere esaten zaio). Puntu horretan hormak bistatik desagertzen zaizkigu eta kanpai formako areto ilunaren erdian jeitsiko gara, -152 metrotako sakoneran lurra ukitu arte.

Gela Handia  harri blokez beteta dago. Hauetatik asko tren bagoi baten tamainakoak dira, eta horregatik gela zeharkatzea neketsua eta arriskutsua da. Brujula erabili behar da norabidea ez galtzeko; ez dira gutxi, Gela Handian zehar galdu eta leizetik ateratzeko soka aurkitu ezin izan dutenak.

Gela Handiaren dimentsioak: 497 m luze, 287 zabal, 97 altu dira. Torca del Carlista osoak 738 metrotako garapena du, eta 355 metrotako sakonera. Zabalerak 103115 metro karratu hartzen ditu.[3]  

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai Torca del Carlista, bai Pozalaguako Haitzuloa Kretazeo Goiztiarreko  karaitz arrezifaletako sare karstikoaren parte dira. Raneroko karaitza Aptiar-albiar aroan sortu zen (duela 125-100.000.000 urte), itsas hondoan. Gero harri hori hainbat lekutatik hautsi zen. Faila horietan sakonera handitik etorritako ur termala sartu zen, eta dolomia harriak karaitzaren arteko hutsuneak bete zituen. Hurrengo urteetan, horrela sortutako mendi multzoan karstifikazio prozesua hasi zen; baina kareharriaren ohizko disoluzio prozesuari dolomiaren desegiteko erraztasuna gehitu zitzaion. Itxura denez, horixe dugu Torca del Carlistaren ezohizko dimentsioen arrazoi nagusia.

Gela Handiak hiru sektore ditu: goikoa, behekoa eta Pozalagua Sektorea. Zatirik handienean sabaitik eroritako harri bloke handiz beteta dago; Pozalagua Sektorean, gelaren mendebaldean, kolada estalagmitiko handi bat aurkitzen dugu; haren bestaldean, 20 m eskasetara, Pozalagua Kobazuloa dugu. Izan ere, itxura guztien arabera, kolada estalagmitiko honen sorreraren aurretik, biak kobazulo bakarra ziren.

Gela Handitik beherantzko galerien zati batzuetan jatorrizko sabai freatikoa ikus dezakegu; gela handiak eta txikiak ere aurkitzen ditugu, esplorazioan parte hartu zuten espeleologia taldeen izenekin; baita espeleotema ikusgarriak ere; bidea sifoi batean amaitzen da.[3]

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carlista-Pozalagua konplexuan lagin biologikoak luzaroan jaso dira. Bibliografian ditugun aipuen, eta EHUko Harpeetako Faunaren bilduman dagoen materialen arabera, kobazulo hauetan izaki ugari bizi dira. Hauen artean, espezie troglobioak soilik zerrendatuko ditugu: Quaestus minos; Mesoiulus stammeri san-cipriani; Nemastoma sexmucromatum; Pseudosinella lesi; Zospeum suarezi; Eschatocephalus vespertilionis; Troglohyphantes cantabricus; Nemastomella sexmucronata; Stenasellus virei dollfusi; Trichoniscoides cavernicola; Lithobius drescoi; eta zalantzekin, Arrhopalites eta Litocampa espezieak.[3]

Klimatika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobazuloak sarrera bakarra izatean, bertako klima barorespirazio izeneko fenomenoaren menpe dago: eragin nagusia kanpoko eta barruko presio atmosferikoen arteko gradienteek dute, eta neurri txikiago batean kanpoko airearen tenperaturak.

Barruko tenperatura oso egonkorra da; 2014-2015 urteetan eginiko kontrolen ondorioz, Torca del Carlista barruan 11,26 °Ctako tenperatura dago urte osoan, eta kanpoko tenperaturen gorabeheren eragina bakarrik sarrerako putzuaren goiko aldean igartzen da.[3]

Toponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen, mendi honen toponimoa “Pondra” zen, aintzinako "Mapa del M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya"n ikus dezakegunez (Tomas Lopez, 1769).[3] Halere, XIX gizaldiaren ostean izen hau ahaztua geratu zen, gaur ezagutzen dugunaren mesedetan; kondairak dioenez, ihesi zetorren soldadu karlista bat erori zen bertan, zaldi eta guzti. Halere, 1957tik hona Torca del Carlista esploratu duten espeleologia talde ugariek ez dute leizean erorketa honen inolako arrastorik aurkitu.[4]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leizea 1957an aurkitu zuen Bizkaiko Espeleologia Taldeak (BET edo GEV), auzoko biztanleen informazioei jarraika. Urte horretan, Eugenio Sojo -28 metrotara dagoen erlaitzeraino jeitsi zen, eta bertatik zundaketa egin zuen, leizeak -60 metrotatik gorako sakonela zuela ikusita. Haientzat gehiegi zela iritzita, inguruko espeleologia taldeei laguntza eskatu zieten. Horrela, 1958ko apirilean, BET, Aranzadi ZE eta Burgoseko Edelweiss taldeko kideak bildu ziren leizea jeisteko.[5]  Apirilaren 4ean, Felix Ruiz de Arkautek zuzendutako operazioan, lehenik Jose Luis Txintxurreta jeitsi zen. -28ko erlaitzean kokatuta, Jose Luis Puente sokaz aseguratu zuen, -45ko beste erlaitzera ailegatu arte; honek Jon Arana aseguratuko zuen.

Aranak beherantz jarraitu zuen, aluminiozko zurubian behera, sokari lotua. -68 metrotako sakoneran, tximiniaren hormak zabaltzen hasi ziren, eta -80 inguruan begi bistatik desagertu zitzaizkion; handik aurrera iluntasunaren erdian jeisten jarraitu zuen. Denbora luze baten ostean, -154 metrotako sakoneran blokeak ikusi zituen eta haien artera jeitsi zen. Hasierako une estuen ostean (labaina ere atera zuen, han aurki zezakeenaren beldur), bere onera etorri zen eta 45 minutuz puntu haren inguruak miatzen aritu zen: Aranak ezin izan zituen gelaren mugak ikusi. Euskal espeleologoen artean laster zabaldu zen leize erraldoi honen berria.[3]

1958ko udan, Euskal Espeleologoen Elkargoak III Euskal Espeleologia Jardunaldiak ospatu zituen Karrantzan. 136 pertsonak parte hartu zuten, eta ekitaldi askoren artean Torca del Carlistaren esplorazioa nabarmendu zen.[6] Espedizio honetan Gela Handia miatu zen, eta kobazuloaren jarraipena aurkitu zen; galeriaz galeria, eta gelaz gela, -355 metrotako sakoneraino ailegatu ziren. Puntako taldea Felix Ruiz de Arkautek eta Jon Aranak (Aranzadi), Jose Luis Puentek (Edelweiss), Adolfo Erasok (Manuel Iradier) eta Isaac Santestebanek (Vianako Printzea) osatu zuten, eta haiei laguntzen beste 10 espeleologo aritu ziren, txandaka. Espedizio honetan leizearen krokis topografikoa egin zen, topografia zehatzagoa aurreragorako utzita.[7]

1958ko urrian, Bizkaiko GUM taldeak (Grupos Universitarios de Montaña) espedizioa antolatu zuen Torca del Carlistaren topografia zehatza egiteko. Espainia mailako deialdia egin zen (GUM-ak Sindicato Español Universitario SEU-ren azpitaldea zen), eta Valencia, Granada eta Bilboko 17 espeleologok parte hartu zuten. Dolomitas del Norte harrobiak laguntza logistikoa eman zien, espeleologoak lagin geologikoak ateratzearen truke. Ekipo topografikoak 10 egun igaro zituen lurpean: lanaren zatirik handiena Carlos Pellonek (zuzendaria), Anibal Herrerok eta Jesus Garbayok egin zuten, txandakatutako beste espediziokideek lagunduta.[3] GUM-ek osatutako mapa topografikoak -359 metrotako sakonera eman zuen, eta hura izan da urte askoan erreferentzia nagusia. 2014ean eguneratu zenean (-355 metrotako sakonera emanda) prezisio handia zuela baieztatu ahal izan zen.[8]

Euskal Espeleologoen Elkargoan adostutako esplorazio eskualdeen banaketan, gaur egunean Torca del Carlista Esparta Espeleologia Taldearen ardurapeko esplorazio eremuan dago. Ikerketan zein bisitan sartzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Castresana, Elixane. (2017-II-13). «Un libro explora la inmensa torca del Carlista de Karrantza» Deia (Noiz kontsultatua: 208-I-13).
  2. Bizkaia naturala Revista de los parques naturales de Bizkaia (14): 4-5..
  3. a b c d e f g Autore Asko. (2016). La Torca del Carlista, uno de los mayores volúmenes subterráneos del mundo. Sua Edizioak ISBN 9788482166223..
  4. Rodriguez, Haritz. «Cueva de Pozalagua y la Torca del Carlista, un viaje a las profundidades de Karrantza» Tokitan.tv (Noiz kontsultatua: 2018-I-13).
  5. Granja, Josu. (2012). «Sobre el origen de la espeleología asociativa en Bizkaia. Mitos y realidades» Karaitza (Oñati) (20): 50-57..
  6. Vianako Printzea Erakundea. (1976). 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974). Nafarroako Foru Aldundia, 60 or..
  7. Eraso, Adolfo. (1959). Resultados de exploración y estudio morfológico de la caverna Torca del Carlista, de Carranza. In: Memoria de la Asamblea Regional de Espeleologia. Carranza (Vizcaya), 1958.. Bizkaiko Foru Aldundia.
  8. Dulanto, Diego. NUEVA TOPOGRAFÍA DE LA TORCA DEL CARLISTA (2104). Bº de Ranero. Karrantza (Bizkaia). (Noiz kontsultatua: 2018-I-13).