Riisitunturi Parke Nazionala

Koordenatuak: 66°13′35″N 28°29′31″E / 66.22639°N 28.49194°E / 66.22639; 28.49194
Wikipedia, Entziklopedia askea
66°13′35″N 28°29′31″E / 66.22639°N 28.49194°E / 66.22639; 28.49194
Riisitunturi Parke Nazionala

Noukavaararen gailurretik ikusten den PNeko parajea.
KokalekuaPosio, Lappi
 Finlandia
Azalera77
Sorrera1982
Bisitari-kopurua8.000 (2007)
ArduradunaMetsähallitus

Riisitunturi Parke Nazionala (finlandieraz, Riisitunturin kansallispuisto; ipar samieraz, Riisitunturi álbmotmeahcci) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen parke nazional bat da. Koillismaa izeneko eskualde muinotsu eta basotsu batean dago, Posio udalerri lappitarraren hegoaldean. Nahiz eta Kitkajärvi aintzirak ez dauden babestutako eremuaren barruan, parke nazionaletik aintzira erraldoi eta ospetsu hauetara doazen ibilbide asko daude [1].

1982. urtean sortu zuten bertako baso eta inguruak babesteko eta 77 km²-ko azalera dauka. Bisitari gutxien jasotzen dituen Finlandiako parke nazionaletako bat da, natura basatiaren erdian dagoenez bertara iristea nahiko zaila delako. Oulanka Parke Nazionaletik eta Korouoma Natura Erreserbatik gertu dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta, gaur egun, parke nazionalak bertako natura basatia babesten duen, aspaldian, zenbait triskantza egin zituzten bertako biztanleek. 1930eko hamarkadan bertako baso guztiak bota egin zituzten eta samien ohitura zaharrei amaiera eman zitzaien. Antzinean, samiek Koillismaa eskualdeko oihanetara eramaten zituzten neguetan elur-orein etxekotuak bertako likenez elikatzeko. Hala ere, deforestazioaren ondorioz, ohitura honi bukaera eman behar izan zioten eta samiek iparralderantz joan behar izan zuten [2].

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elur-oreina basoan.

Parke nazionalaren ezaugarri berezienak zingirak eta muinoak dira. Kitkajärvi aintziren inguruan dagoen eremuak 300 metro goitiko altuera dauka eta parkeari izena ematen dion muinoa, hain zuzen, bertako lekurik garaiena da. Riisitunturik 465,3 metro dauzka. Eurasia iparraldean dagoen taiga eremu zabalenaren barruan dago parkea eta bertako ezaugarri nagusienak goroldio eta izeidiak dira. Gaur egun dauden basoek ez dauzkate ehun urte baino gehiago; izan ere, 1930eko hamarkadan herritarrek eremu honetako oihan guztiak bota zituzten bertako egurrari probetxu ateratzeko asmoarekin. Bestalde, muino garaienetan ez dago landarerik eta tundra eremu latza nagusitzen da. Basoaz eta muinoez gain, zenbait aintzira txiki daude bertan.

Bertako hegazti ohikoenen artean, larre-buztanikarak, negu-txirtak, negu-txontak, txio horiak eta zisne txistulariak daude. Eremu muinotsuetan eta basoetan ikus daitezkeen ugaztun nagusiak, elur-oreinak eta hartz arreak dira [3].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markatutako 30 km-ko bide-sarea dago. Parke nazional guztian zehar dauden bide hauek oinezkoentzat, txirrindularientzat eta eskiatzaileentzat dira eta luzera desberdinetakoak dira. Bide luzeenak, 20 km dauzkan UKK Trail ibilbidea da; motzena, aldiz, 4,3 km-ko luzera duen Riisin Rääpäsy bidea da. Hilgabeko arrantza eta perretxikoen bilketa onartuak daude parke nazionalean eta lo egin ahal izateko zenbait borda ere badaude [4].

Bertara iristeko, Kuusamotik Kemijärvira doan Valtatie 5 autobidea edo Kuusamotik Posiora doan Kantatie 81 errepidea hartu behar da. Ez dago parke nazionalaren sarrerara doan garraio publikorik, baina Kuusamo aireportua eta Kemijärvi udalerriko tren-geltokia hurbil daude [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]