Edukira joan

Uhartedia Parke Nazionala

Koordenatuak: 60°N 22°E / 60°N 22°E / 60; 22
Wikipedia, Entziklopedia askea
Uhartedia Parke Nazionala
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
Motaparke nazional
Azalera500 km²
Geografia
Map
Koordenatuak60°N 22°E / 60°N 22°E / 60; 22
Estatu burujabe Finlandia
Regional State Administrative AgencySouth-Western Finland Regional State Administrative Agency
Finlandiako eskualdeakJatorrizko Finlandia
Finlandiako udalerriakPargas

Uhartedia Parke Nazionala (finlandieraz, Saaristomeren kansallispuisto; suedieraz, Skärgårdshavets nationalpark) Jatorrizko Finlandia eskualdean dagoen parke nazional bat da. Parke nazionala osatzen duen uhartedia Itsaso Baltikoan dago, Åland uharteetatik hurbil eta Kimitoön eta Väståboland udalerrietan, eta Izotz Aroan sortua izan zen. Guztira, 500 km² dauzka eta 2.000 uharte eta irlatxo daude. UNESCOren Biosfera Erreserba da eta 2007. urtean PAN Parks ziurtagiri bat jaso zuen [1].

Parke nazionala 1983. urtean sortu zuten Korpo, Nagu eta Dragsfjärd udalerri ohiek eta gaur egun, eskualdearen motore turistikoa bilakatu da.

Uharteetan Harri Aro berantiarretik (k.a. XX.-XIII. mendeen artean) iritsi zaizkigun giza aztarna batzuk daude. Garai hartan, Izotz Aroa amaitu eta iparraldeko klima leuntzen hasi zenean, Uhartedia leku oso emankorra zen. Itsas txakur, hegazti eta arrain ugari zegoen, haien artean, gaur egun gutxi batzuk baino ez daude bakailaoak. Mende haietan, Itsaso Baltikoko herrien arteko merkataritza eta adiskidetza izan ziren nagusi, batik bat, Uhartedian bizi ziren herritarren artean. Gaur egun, Uhartedia Parke Nazionala deitzen diogun eremura biztanleak Burdin Aroan iritsi ziren lehenbizikoz. Biztanle hauek, ziurrenik, ez ziren oso egonkorrak izango bertara XIII. mendean suediarrak iritsi ziren arte [2].

Biztanleriak gora egin zuen XVI. mendera arte. Uhartediaren baliabideek biztanle gehiago onartzen ez zituztenean, biztanleria jaisten hasi zen. Iparraldeko Gerra Handiaren eta Izurri Beltzaren agerraldi berri baten ondorioz, Uhartedian bizitzea ezinezko bihurtu zen eta herritar gehienek alde egin zuten. Nahiz eta, teknika berrien garapenak ihesaldi masiboa saihestu zuen, XX. mendeko hirien sustapenak herritarrak behin betiko urrundu zituen Uhartedia Parke Nazionala osatzen duten herrietatik.

Bengtskärreko itsasargia.

Gaur egun oraindik herrixka batzuk iraun dute eta parke nazionalaren arduradunak Uhartedia zaintzeaz arduratzen dira. Ingurune hau finlandiar askoren "uda paradisu" bilakatu da; 1994. urtetik gainera, Finlandian dauden bi Biosfera Erreserbetako bat da [3].

Uhartedia Parke Nazionala Finlandia kontinentalaren eta Åland uharteen artean dago, eta munduko uhartedi handienetako bat da. Parke nazionalean Izotz Aroan sortu eta ordutik olatuek landu dituzten bi mila uharte eta irlatxo daude; nahiz eta parke nazionalaren barruan ez izan, kooperazio gunearen barruan guztira, 8.400 bat uharte daude. Bi motako uharteak daude parke nazionalean: harritsuak eta basotsuak. Harritsuetan, landaredia oso aberatsa da eta arroka gazien artean bizirautea lortu dute espezie bitxi ugari dago; uharte basotsuetan aldiz, pinu gorriak dira nagusi [4].

Uraren gazitasun maila altuagatik animalia espezie gutxi bizi dira itsasoan, hala ere, espezie gutxi hauen ugaritasunak, uhartediari bizipoza ematen dio.

Parke nazionalaren helburua, ekosistema guzti hauek eta uhartediaren kultura mantentzea, naturaren erabilera jasangarria sustatzea eta ingurumen ikerketak bultzatzea da.

Fauna eta Landaredia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhartedian guztira, 25 bat ugaztun espezie bizi dira, gehienak karraskari txikiak. Ugaztun handienen artean, aipatzekoak dira itsas txakur gris eta marmolaireak, eta altzeak. Gainera, unaiek zaintzen dituzten behiak daude, antzinean Uhartedian oso ohikoa zen jarduera.

Itsas arrano buztanzuria parke nazionalean.

Dena den, hegaztiak dira espezie kopuru handiena osatzen duten animaliak. Guztira, 132 hegaztik dute habia uhartedian; hala nola, ahate mokozabalak, antzara hankagorriztak, bernagorri arruntak, branta musuzuriak, eider arruntak, intxaurjaleak, ipar-kaioak, ipar-txenadak, desagertzeko zorian egon ziren eta gaur egun parke nazionalaren ikurra diren itsas arrano buztanzuriak, marikoi isatslaburrak, martin hegalzuriak, paita arruntak, pottorroak, desagertzeko arriskuan dauden txenada mokogorriak, txirri arruntak, txinbo gabiraiak, zisne arruntak eta kaio beltzak, hauskarak, ilunak eta mokohoriak [5].

Uhartedi honetan, herrialde osoko lizardi bakarrenetakoak daude. Ezkilaloreak, gibel-belar zuriak, hesilaharrak eta piper-belarrak bertako uharteetan aurki daitezkeen ohiko landareak dira; eta landare hauen artean, apolo tximeleta ospetsuak [6].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blåmusslan Bisitarien Gunea Kimitoön udalerriko Kasnäs herrian dago. Bertan, eta Korpoström Uhartedia Gunean, kanoan eta ontzietan ibiltzeko ibilaldiak eskaintzen dira. Uharte guztiak nahiko txikiak direnez, ibilbide luzeenak 3 km baino ez dauzka; hala ere, arrantza eta igeri egitea, eta perretxikoak hartzea onartuak daudenez, bertako ibilalbideak asko luzatu ohi dira.

Ferry eta itsasontzien bidez baino ezin daiteke iritsi Uhartedira; hauek, parke nazionalaren ertzean dauden herri gehienetako portuetan har daitezke [7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]