Perämeri Parke Nazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Koordenatuak: 65° 37′ 22″ N, 24° 19′ 10″ E / 65.62278°N,24.31944°E / 65.62278; 24.31944

Perämeri Parke Nazionala
Bothnian Bay Kemi.jpg
Kokalekua Kemi eta Tornio, Lappi
 Finlandia
Azalera 157
Sorrera 1991
Bisitari-kopurua 6.000 (2007)
Arduraduna Metsähallitus

Perämeri Parke Nazionala (finlandieraz, Perämeren kansallispuisto) Finlandiako Lappi eskualdearen hegoaldeko Botniako badian dagoen parke nazional bat da. Zehazki, Kemi eta Tornio hirien artean dago eta 157 km²-ko azaleratik %98,4a ur-eremua da; izan ere, Perämeri Botniako badiaren finlandierazko izena da. Hegazti espezie desberdinen ugaritasunagatik, uharte txikien multzoengatik eta balio historikoagatik bereizten da parke nazional hau [1].

1991. urtean sortu zen, bertako natura eta uharri bereziak Kemiko portuak eta Tornioko industriak sortutako kutsadurengatik babesteko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspalditik, udan batik bat, arrantzaleak eta ehiztariak joan izan dira bertako uharteetara. Selkä-Sarvi uharte handienean esaterako, 300 biztanle zituen arrantza-herri bat sortu zen XVI. mendeko gosete garaian. Botniako badian arrantzatzen zituzten arrain ospetsuenak izokinak eta sardinzarrak dira. XX. mende hasieran, udako herri-arratzak bertan behera uzten hasi ziren, motoredun txalupek arrantza errazten zutelako.

Debekuaren urteetan, 1919 eta 1932. urteen artean, irla hauek kontrabandoaren uharteak bihurtu ziren. Zamariak bertan gordetzen zuten salgaia, batik bat, 1924. urtean Botniako badian hondoratutako alemaniar itsasontzi batetik lortutako salgaiak; honen eta suediar mugaren ondoan egotearen ondorioz, mito ugari sortu zen uharte hauen inguruan eta uharte madarikatu eta izugarri bihurtu ziren [2].

Parke nazionala sortu zenean, naturarekin batera, Selkä-Sarvi, Pensaskari eta Iso-Huituriko arrantza-herriak eta bertako historia aberatsa babestea lortu zuten.

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala Botniako badiaren ipar-ekialdeko muturrean dago eta itsaso zabalaz gain, olatuek ertz arrokatsuak moldatu dituzten hogeita hamar uharteek osatzen dute. Uharte handi eta garrantzitsuenak hegoaldeko Selkä-Sarvi eta Maa-Sarvi, eta iparraldeko Iso-Huituri, aintzira bat duen Pensaskari eta hareazko hondartza ederra duen Vähä-Huituri dira. Nahiz eta irla gehienak arrokatsuak diren, zahar eta handienetan baso txikiak ere aurki daitekze; esaterako, Selkä-Sarvi eta Vähä-Huituri uharteetan koniferoen basoak daude. Gaur egun, oraindik, Izotz Aroak eragindako depresioak dirau eta uharte berriak sor daitezke edozein unetan; uharte gazteenak esaterako, mila urte baino ez dauzka.

Uharri babestuek ere beren lekua dute parke nazionalean eta bizidun askoren udako habitata bihurtu da. Animalia babestu gehienak hegaztiak dira; hain zuzen, 60 hegazti espezie desberdinek habiaratzen dute bertan. Ikusiak izan direnen artean, aipatzekoak dira ahate buztanluzeak, ahatebeltz hegazuriak, aliota arktikoak, antxeta txikiak, antzara hankagorriztak, arrano arrantzaleak, belatxarreak edo bele txanodunak, bernagorri arrunt eta ilunak, borrokalariak, buztanikara zuriak, ipurzuri arruntak, erroiak, eskandinaviako lagopodoak, harri iraulariak, hegaberak, ipar-gailupak, udaberri-lore goiztiarrekin batera parke nazionalaren ikur diren ipar-txenadak, istingorrak, itsas mikak, kaio beltza, hauskara, ilun eta mokohoriak, kuliska pikart eta zuriak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, lertxun hauskarak, marikoi isatslaburrak, martin hegazuriak, murgilari handiak, negu-txontak, okil handiak, pottorroak, sasi-txinboak, temminck txirriak, txenada arrunt eta txikiak, txirri arruntak, txirritxo handiak, ubarroi handiak eta zuhaitz-belatzak [3].

Esan beharra dago, parke nazionala 1991. urtean sortu zela bertako natura eta uharri bereziak Kemiko portuak eta Tornioko industriak sortutako kutsadurengatik babesteko. Izan ere, portua km gutxi batzutara baino ez dago eta parke nazionalaren sorkuntzari esker, itsasontzi pisutsuek bertako natura berezian duten eragina txikia da. Gainera, bertan hazten dira herrialde osoan oso arraroak diren, babesturik dauden eta parke nazionalaren ikurretako bat diren udaberri-lore goiztiarrak.

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kilometro bateko ibilbide bat dago Selkä-Sarvi uhartean. Bertan, inguruko hegaztien joan-etorriak, egurrezko sauna eta arrantza-herri berriztatuak ikus daitezke udan. Iso-Huituri uhartean bestalde, XIV. mendeko Piispankivi izeneko harrizko murru bat ikus daiteke, Uppsala eta Åbo elizbarrutien muga markatzen zuen murrua. Azkenik, aipatzekoa da Vähä-Huitturin dagoen hareazko hondartza, kemitar eta torniotarren udako egonleku gogokoena.

Uharteetara iristeko, Kemitik ateratzen diren itsasontziak hartu beharra daude, haien artean, neguan Botniako badiako izotza hausteko gaitasuna duen Sampo izotz-hausle ospetsua [4][5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Perämeri Parke Nazionala

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]