Pyhä-Luosto Parke Nazionala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 67°03′59″N 26°58′25″E / 67.06639°N 26.97361°E / 67.06639; 26.97361

Pyhä-Luosto Parke Nazionala
Isokuru.JPG

Isokuru euri-bide elurtua.
Kokapena Kemijärvi, Pelkosenniemi eta
Sodankylä, Lappi
FinlandiaFinlandia
Azalera 142
Sorrera 2005
Bisitari-kopurua 129.000 (2009)
Erk. Arduraduna Metsähallitus

Pyhä-Luosto Parke Nazionala (finlandieraz, Pyhä-Luoston kansallispuisto; ipar samieraz, Pyhä-Luosto álbmotmeahcci) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen parke nazional bat da. Zehazki, Kemijärvi, Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerrien artean dago eta herrialde osoko bosgarren parke nazional bisitatuena da. 2005. urtean sortu zen eta, 1938. urteko Pyhätunturi Parke Nazionalak eta Luosto natura eremuak osatzen dute. Parke nazionala, bertako muinoengatik, 400 urte baino gehiago duten izeidi eta pinudiengatik, eta samien historiagatik da ezaguna [1].

Zirkulu Polar Artikoren iparraldean dagoen lau parke nazionaletako bat da, eta lurralde artikoan ohikoak diren animaliak eta landareak bizi dira. Guztira, 142 km²-ko azalera dauka.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala 2005. urtean sortu zen eta, 1938. urteko Pyhätunturi Parke Nazionalak eta Luosto natura eremuak osatzen dute.

Noita muinotik ikusten den paisaia.

Izotz Aroaren bukaeratik Kemijoki ibaiaren ertzetan samien kokalekuak egon zirela badakigu. Hala ere, Pyhä-Luosto Nazionala dagoen eremu honen lehenengo giza-aztarnak k.a. X. mendekoak baino ez dira. Bertako biztanleak, gaur egun ia desgaturik dauden basoko samien tribukoak ziren. Ehiztariak, arrantzaleak eta fruitu-biltzaileak ziren eta neguetan baso elur-oreinen larruarekin herrixkak sortzen zituzten. Hala ere, sami tribu honen kultura XVI. mendean suediarren eraginarengatik desagertzen hasi zen. Hizkuntza galdu egin zen, xamanismoa alde batera utzi zuten eta hegoaldeko finlandiar kolonoen kultura bereganatu zuten. 1620 eta 1680 urteen artean, bertako samiak bataiatuak izan ziren eta elur-orein sakrifizioak egiten zituzten lekuak Pyhänkaste (euskaraz, Bataio sakratua) izenaren bidez berrizendatu zituzten; ordutik aurrera, Pyhänkasteenlampi, Pyhänkasteenputous eta Pyhätunturi bezalako izenak aurki ditzakegu parke nazionalean. Hala ere, jatorrizko izen asko mantendu egin dira, esaterako, Uhriharju (Sakrifizioen gailurra) edo Noitatunturi (Sorginen muinoa) [2].

Elur-oreinak PN markatzen duen errepidean.

XIX. bukaeran eta XX. mendearen hasieran, basogintza industria iritsi zen inguru honetara. Oihan eremu zabalak bota zituzten behera eta udaran Kitinen ibaiaren bidez enborrak garraiatzen zituzten. Dena den, 1938. urtean Pyhätunturi Parke Nazionala sortu zenean, industria mota hau alde batera utzi eta bertako baso zahar eta bereziak babesteari ekin zioten herritarrek.

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pyhä-Luosto berez, 35 km-ko luzera duen mendikate bat da, beharbada, munduko mendikate zaharrenaren ondorengo zuzena. Muino hauek, duela bi mila milioi urte inguru sortu ziren ozeanoaren azpian eta kuartzitazko muino hauek erraietan oraindik, olatu eta itsasoaren markak ikus daitezke. Honela, mendikate txiki honetako muino garaienak Pyhäko 540 metroko Noitatunturi eta Luostoko 514 metroko Ukko-Luosto muinoak dira.

Parke Nazionaleko berezitasun nagusienak, aldapa maldatsuak, amildegi sakonak, oihan zaharrak eta euri-bideak dira. Hain zuzen, herrialdeko euri-bide sakonena Pyhä-Luosto Parke Nazionalean dago, 220 metroko sakonera duen Isokuru euri-bidea. Bertako basoak bestalde, 400 urte baino gehiago duten izeidi eta pinudiek eta basogintza industriaren ondoren landatu ziren zuhaiztiek osatzen dituzte [3].

Fauna eta Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako basoak Basoko Lappi eremuan ohikoak diren landareek osatzen dute; esaterako, ahabiak, azaleak, azeri-mahatsak eta urki zilarkarak. Urkidiak, hain zuzen, nagusi dira baso eremuan; hala ere, ospea 400 urte baino gehiago duten pinuek eta izeiek dute.

Buztanoriak zuhaitzean.

Bertan bizi diren ugaztunei dagokienez, aipatzekoak dira besteak beste, izokin eta perka antzeko arrainez elikatzen diren eta bertako ibaietan bizi diren igarabak edo urtxakurrak, altzeak, elur-oreinak eta hartz arreak.

Dena den, animalia espezie ugariena hegaztiena da; guztira 128 espezie desberdin aurki daitezke baso hauetan, haien artean, aztoreak, buztangorri argiak, buztanikara horiak, buztanoriak, euli-txori grisak, gailupa pikartak, hontz gabiraiak, larreoiloak, siberiar eskinosoak, sorbeltz arruntak, tarinak, txantxangorriak, tuntun arruntak, urretxindor pikartak, eta zapelatz arrunt eta galtzadunak. Hegazti guzti hauek ikusteko leku aproposena Tuntunriaapa behaketa dorrea da, 5 km-ko Tunturiaapa Natura Bidearen erdialdean dagoena [4][5].

Leku aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan bezala, parke nazionalak bisitariak erakartzen dituen berezitasun ugari dauzka, esaterako:

  • Mukava Reitti: ibilbide hau, parke nazionaleko ikur nagusietatik igarotzen da eta urtero milaka kirolzale erakartzen ditu; hala nola, Pyhänkaste urmaeletik, 17 metroko Pyhänkaste ur-jauzitik, Uhriharju gailurretik, eta Isokuru, Karhukuru eta Rykimäkuru euri-bideetatik igarotzen da eta oinezkoentzako, zein eskiatzaileentzako bidea da.

Pyhä muinoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Pyhätunturi

Parke nazionalean dagoen Pyhä muinoan, Lappiko eski-azpiegitura handienetako bat dago. Pyhäjärvi herrixkaren ondoan dago, Pelkosenniemi udalerriaren hego-mendebaldean, eta sasoi eta urtaro guztietarako jarduerak eskaintzen direnez, azpiegitura hauek urte osoan irekiak daude. Iraupen eta alpino eski-pistak daude bi muinoen inguruan; Pyhä muinoan esaterako, umeentzako, hasiberrientzako eta adituentzako eski alpinoa praktikatzeko hamar pista daude, Luoston aldiz, zazpi.

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, spak, dendak eta hotelak daude inguruan. Urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak daude; hala nola, elur motor safariak, husky txakurrek eta elur-oreinek gidatutako lera safariak, Kemijoki, Kitinen eta Luiro ibaietako arrantza, txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eta piraguismo ikastaroak. Eskualdearen motore ekonomikoa da [7].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markatutako 150 km-ko bide-sarea dago. Oinezkoentzako, zein eskiatzaileentzako, zein txirrindularientzako diren bide hauei buruzko informazioa, Pyhä muinoan dagoen Pyhätunturi Bisitarien Gunean lortu daiteke. Bide luzeena, 35 km-ko luzera duen Pyhä-Luosto Basabidea da eta Pyhä-Luosto mendikate guztia zeharkatzen duen bidea da; bide motzena aldiz, 5 km-ko Tunturiaapa Natura Bidea da eta hegaztiak ikusteko bide paregabea da, bertan, Tuntunriaapa izeneko behaketa dorrea dagoelako [8].

Arrantza onartua dago parke nazional guztian; bertako ibaietan esaterako, perkak, ortzadar amuarrainak edo amuarrain arruntak arrantzatu daitezke. Gainera, Huttujärvi eta Luosto inguruko aintziretan bainua onartua dago.

Valtatie 4 edo 5 autobideetatik, edo Kantatie 82 errepidetik irits daiteke parke nazionalera. Kemijärvi, Pelkosenniemi edo Sodankylära iritsiz gero, seinaleak jarraituz bertara iristea erraza da. Garraio publikoa erabili nahi bada, Pyhä muinoko eski-estaziora doan SkiBussi izeneko autobus bat irtetzen da egunero Kemijärvi eta Rovaniemitik [9].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pyhä-Luosto Parke Nazionala Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]