Päijänne Parke Nazionala

Koordenatuak: 61°23′12″N 25°23′36″E / 61.38667°N 25.39333°E / 61.38667; 25.39333
Wikipedia, Entziklopedia askea
61°23′12″N 25°23′36″E / 61.38667°N 25.39333°E / 61.38667; 25.39333
Päijänne Parke Nazionala

Ilunabarra Päijänne aintziran.
KokalekuaAsikkala, Padasjoki eta Sysmä,
Päijänne Tavastia
 Finlandia
Azalera14
Sorrera1993
Bisitari-kopurua12.000 (2007)
ArduradunaMetsähallitus

Päijänne Parke Nazionala (finlandieraz, Päijänteen kansallispuisto) Finlandiaren hegoaldean dagoen Päijänne Tavastia eskualdeko parke nazional txiki bat da. Parkea Päijänne aintziraren hegoaldeko 50 uharte eta irlatxoek osatzen dute eta arraunlarien eta piraguisten parke nazional gogokoenetako bat da. Päijänne aintzira, Finlandia guztiko bigarren aintzira handiena da, guztira, 1.080,63 km²-ko azalera dauka eta ia bi mila uharte. Uharte handiena eta parkearen bihotza Kelvenne izeneko uharte luzanga da [1].

Parkeak 14 km²-ko azalera dauka eta Päijänne aintziraren bereizgarriak diren natura eta historia babesteko sortua izan zen 1993. urtean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Päijänne aintzirak aspaldiko garaietatik dauzka bizilagunak. Bertako ur emankorrek arrantzale eta ehiztari asko erakarri zituen Harri Aroan, ondoren, bertako biztanle egonkorrak bilakatu zirenak. Aintziraren gehiegizko ustiapena XX. mendean hasi zen. Inguruko hiri handiak urez hornitzeko lur azpiko tunelak egin zituzten, ertzeetan udako etxeak eraiki zituzten, urazala itsasontzi kutsakorrez bete zuten eta 1910-20 urteen artean ertzetako basoak bota zituzten. Päijänne inguruko pasaia zeharo aldatu zen. Dena den, azken urteetan, kontzientzia ekologikoari esker, natura berreskuratzeko zenbait ekimen jarri dituzte habian herritarrek; hala nola, 1993. urtean aintziraren hegoaldean sortu zen Päijänne Parke Nazionala [2].

Kaio iluna.

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala Päijänne aintziraren hegoaldeko 50 uharte eta irlatxoek osatzen dute. Geologiaren eta paisaiaren arabera, bi zati desberdinetan banatu daiteke uhartea: esker sistemetan dauden hondarrezko uharteak eta Päijänne Tavastia eskualdeko ohikoak diren uharte arrokatsuak. Uharte ospetsu, handi eta bisitatuena, esker sistemako Kelvenne luzea da. Bertan, parke nazionaleko natura basati eta ohikoa ikus eta ibilbide luzeenak egin daitezke. Bertako basoetan, ezki hostotxikiak, izei gorriak, lertxunak, pinu gorriak eta urkiak bezalako zuhaitzekin aurki daiteke. Lurrean hazten direnen artean aldiz, ohikoenak andere-mahatsak, azeri-mahatsak, atxaparrak, basamarrubiak, ereinoiztxoak, gibel-belarrak, ibarretako lirioak eta Lathyrus, Vicia eta Rosa majalis landareak dira [3].

Beste leku ezagun batzuk, Pulkkilanharju amildegia eta Iso Lammassaari eta Haukkasalo irla arrokatsuak dira. Hemengo bazter lasaietan ibiltzen dira batik bat hegaztiak, aliota arktikoak, belatz txikiak eta zuhaitz-belatzak. Parke nazionaleko ikurra kaio iluna da; izan ere, espezie honen banako gehienak Finlandian bizi dira, nahiz eta, azken urteotan hauen kopurua asko jaitsi den.

Kelvenne uhartea.

Irlen artean hegan edo basoetan ikus daitezkeen hegazti asko dago, hala nola, amilotx mottodunak eta urdinak, arrano arrantzaleak, buztangorri argiak, enara arrunt eta azpizuriak, eskinosoak, euli-txori beltz eta grisak, gailupak, haitz-usoak, kaio hauskara eta mokohoriak, kaskabeltz handiak, landa-txolarreak, lertxun hauskarak, mendi-kaskabeltzak, mokokerrak, murgil lepagorriak, murgilari urrebegiak, okil beltz eta handiak, pitxartxar nabarrak, tarinak, txonta arruntak, uda-txirtak, zapelatz liztorjaleak, zerra handiak eta Finlandiako hegazti ohikoak diren zisne txistulariak [4].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kelvenne uhartean markatutako 8 km-ko bide-sarea dago. Oinezkoentzako, txirrindularientzako eta, sasoiaren arabera, eskiatzaileentzako diren bide hauek uharte guztia zeharkatzen dute eta bertako natura aparta ikusteko aukera ematen dute. Bainua onartua dago eta 700 metroko luzera duen Isohieta hondartza da uharteko leku bisitatuena. Uhartean ez dagoen natura bide ezagunena aldiz, 2 km-ko luzera duen Pulkkilanharju Natura Bidea da, bide hau, Päijänne aintzira ertzeko paisaia ikusteko modu aparta da. Azkenik, aipatzekoa da arraunlarientzako eta piraguistentzako zenbait ibilbide antolatzen direla uharteen artean, hala ere, hegaztien habitata babesteko asmoarekin nabigazioa mugatua dago.

Valtatie 24 autobidetik parke nazionalaren sarreraraino irits daiteke, hala ere, parkearen bihotza den Kelvenne uhartera iristeko itsasontzia hartu beharra dago. Padasjokiko portutik itsasontziak irtetzen dira egunero [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Päijänne Parke Nazionala

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]