Süleyman Demirel
Sami Süleyman Gündoğdu Demirel (Isklamköy, Isparta probintzia, Turkia, 1924ko azaroaren 1a - Ankara, 2015eko ekainaren 17a) turkiar politikaria izan zen, Turkiako lehendakari (1993) eta lehen ministro (1965-1971, 1975-1977, 1979-1980, 1991-1993) izandakoa.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniaritza-ikasketak egin zituen. 1961ean, Justiziaren Alderdiko kide egin zen, eta alderdiko lehendakari hautatu zuten hiru urte geroago. Bere alderdiak 1965eko hauteskundeak irabazi zituenean, lehen ministro izendatu zuten. Mendebaldera pixkanaka hurbiltzeko politika bultzatu zuen, eta berriro hautatu zuten 1969an. 1971n, ordea, Turkiako bortxakeria politiko gero eta handiagoa zela eta, haren dimisioa eskatu zuen armadak.
1975ean, gobernuko buruzagitza eskuratu zuen ostera. 1977ko hauteskundeetan, galtzaile atera zen, baina atzera gobernuko buruzagitza lortu zuen bi urte geroago. Hala ere, Turkia pairatzen ari zen langabezia-tasa handia eta indarkeria zirela medio, militarrek agintea hartu, eta kargutik kendu zuten 1980an. 1982ko Konstituzioa onartu ondoren, politikatik baztertu zuten, baina lehen ministro izendatu zuten ostera 1991n, Bide Zuzeneko Alderdiko buruzagi gisa. 1993ko maiatzean, Turgut Ozal (1927-1993) lehendakaria hil zenean, Turkiako Errepublikako lehendakari izendatu zuen Legebiltzarrak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.