SS Sirio

Wikipedia, Entziklopedia askea
SS Sirio
DC-1906-33-d Sirio.jpg
Fabrikazioa
FabrikatzaileaRobert Napier and Sons (en) Itzuli
Historia
Zerbitzuaren hasiera1883
Koordenatuak37°39′07″N 0°39′10″W / 37.651869°N 0.652864°W / 37.651869; -0.652864Koordenatuak: 37°39′07″N 0°39′10″W / 37.651869°N 0.652864°W / 37.651869; -0.652864
Ezaugarriak
Luzera115,8 m
Erruna12,8 m
Zingoa7,6 m
Identifikazioa
Berezko-portuaGenova

SS Sirio italiar lurrunontzi transatlantikoa izan zen, 1906ko abuztuaren 4an hondoratu zena Palos lurmuturretik hurbil, Iberiar penintsularen hego-ekialdean. Ezbeharrean 250 pertsona baino gehiago hil ziren, gehienak Argentinara zihoazen italiar eta espainiar migratzaileak.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SS Sirio lurrunontzia Glasgoweko Robert Napier & Sons ontzioletan eraiki zuten, Societa Italiana di Trasporti Marittimi Raggio & Co enpresarentzat, eta 1883ko martxoaren 26an itsasoratu zen lehenbiziko aldiz. 2.273 tonako desplazamendua, 4.141 tonako tonaje gordina, 115,8 metroko luzera, 12,8 metroko zabalera, eta 7 metroko sakonera zituen. 1883ko uztailean, Italia eta Argentinaren arteko bidaia erregularrak egiten hasi zen;[2] 15-20 egun behar zituen Genova-Las Palmas-Buenos Aires-Montevideo itsasbidea egiteko. Buenos Aires-Montevideo-Rio de Janeiro-Cadiz-Genova zen itzulerako bidaia. Konpainiak beste bi ontzi zituen, Orione eta Perseo, itsas-ibilaldi bera egiten zutenak, eta irteerak 15 egunetik behin izaten ziren.[3][4]

1885ean, Navigazione Generale Italiana-k erosi zuen ontzia, eta Hego Amerikako linea berarekin segitu zuen. 1891n sakonki eraberritu zuten: 5.400 zaldi-potentziako motorra ezarri zioten, gurutzaldian 15 korapiloko lastertasuna erdiestea ahalbidetzen ziona, eta bidaiarientzako lekuak berrantolatu zituzten. Horren bitartez, 1.320 lagunentzako tokia edukitzea lortu zen: 40 lehen mailako geletan, 80 bigarren mailakoetan, eta 1.200 hirugarren mailako ohatzeetan. Miseriatik ihesi, Brasilen edo Argentinan kokatu nahi zuten italiar eta espainiar migratzaileak izaten ziren bidaiari gehienak.[2][oh 1] Denera, 135 aldiz egin zuen Ameriketako itzulia, 1906an hondoratu zen arte.[4]

Hondoratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1906ko abuztuaren 2an, SS Sirio Genovatik abiatu zen Rio de la Platara bidean. Biharamunean 50 espainiar migratzaile hartu zituen Bartzelonan, eta berriz itsasoratu zen, Cadizerako norabidean.[2] Abuztuaren 4ko arratsaldean, Espainiako kostaldearen parean zegoen, Cartagenako portutik milia gutxi batzuk ekialdera. Itsas tarte arriskutsua da hori, bi uhartexka (La Hormiga eta El Hormigón) eta urpeko zenbait harkaitz baitaude Palos lurmuturraren aurrean. SS Sirio-ko kapitainak, Giuseppe Picconek, bazuen arrisku horren berri, eta baita eskifaiak ere, askotan ibiliak baitziren ur haietan.[2]

Halako batean, ontziaren gilak urpeko harkaitz bat, Bajo de Fuera delakoa, jo zuen. Bat-batean, branka goratu eta txopa urperatzen hasi zen. Talka bortitzak airean bota zituen marinelak eta bidaiariak. Pertsona ugari atera ezinik geratu zen hondoratzen ari zen krosko zatian. Gainaldean izua gailendu zen, eta migratzaile askok uretara jauzi egin zuten, igerian ez zekiten arren. Beste batzuk logeletara jaitsi ziren, bertan gelditutako senitartekoen eta lagunen bila. Izan zen labankadaka ibili zenik ere, salbatxalupetan sartu edo igeri-jaka lortu ahal izateko.[2]

SS Sirio-ren hondoratzea, 1907, Benedito Calixto

Istripua gertatu orduko, La Hormiga-ko eta Palosko itsasargizainek larrialdi seinaleak egin zituzten. Espainiar kostaldetik abiaturik, bizkor hurbildu ziren Joven Miguel goleta eta zenbait arrantzontzi; eskifaikide gehienak eta ehunka migratzaile salbatu ziren haien ahalegin heroikoari esker.[4] Salbamenduan aritu zirenetako batzuei ohore-domina eman zitzaien.[1] Cartagenako bizilagunek beren etxeetan hartu zituzten bizirik ateratako bidaiariak.[4] Zifra ofizialen arabera, 293 pertsona hil ziren ezbeharraren ondorioz, baina hildako gehiago izan zirela uste da, ontzian erregistratu gabeko bidaiari klandestino ugari baitzihoazen, ehun baino gehiago agian.[2]

Ondorengo asteetan, espainiar eta britainiar egunkariek jokabide desegokia egotzi zieten Piccone kapitainari eta ofizial batzuei. Lekuko batzuek erran zutenez, kapitainak ontzitik alde egin zuen istripua gertatu zenean, bidaiariei lagundu gabe. Italiako egunkariak, berriz, salaketa horiek gezurtatzen saiatu ziren.[1][2] Italian egindako ikerketa ofizialak ondorioztatu zuen SS Sirio ontziak migratzaileen trafiko klandestinoan jarduten zuela, eta isilpeko geldialdiak egiten zituela bidaiari horiek hartzeko. Abuztuaren 4an bertan egina zuen arauz kanpoko geldialdi bat Alziran, eta galdutako denbora berreskuratzeko asmoz erabaki zuen kapitainak kostaldetik ahal bezain hurbil itsastatzea. Giusseppe Piccone 1907ko apirilean hil zen Genovan.[4]

Sirioren hondoratzea herri kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SS Sirio-ren naufragioak samin handia eragin zuen biktimen sorterrietan. Iparraldeko Italiako Il Sirio herri baladak gertaera lazgarri hura gogoratzen du.[5]

Il tragico naufragio della nave Sirio Sirio ontziaren zorigaiztoko hondoratzea

E da Genova i Sirio partivano
per l’America varcare, varcare i confin
e da bordo cantar si sentivano
tutti allegri del suo, del suo destin.

Urtò il Sirio un terribile scoglio,
di tanta gente la mi-la misera fin:
padri e madri abbracciava i suoi figli
che sparivano tra le onde, tra le onde del mar.

Più di centocinquanta annegati,
che trovarli nessu-nessuno potrà;
e fra loro un vescovo c’era
dando a tutti la sua be-la sua benedizion.

Sirio Genovatik abiatu zen
Ameriketarantz, azken mugarantz
eta kantuak entzuten ziren ontzian
denak pozik beren etorkizunaz.

Harkaitz izugarri bat jo zuen Siriok,
hainbat jenderen fin gaiztoa:
aitek eta amek seme-alabak besarkatu zituzten
desagertu zirenak itsasoko olatuen artean.

Ehun eta berrogeita hamar baino gehiago itorik,
ezin izanen ditu inork aurkitu;
Tartean apezpiku bat zegoen
denei bere bedeinkapena ematen.[oh 2]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Beste iturri batzuen arabera 1.300 bidaiari eraman zitzakeen: lehen mailan 80; bigarren mailan, 40; hirugarren mailan, 1.160.
  2. Izan ere, bi apezpiku zihoazen ontzian ezbeharra gertatu zenean. José de Camargo Barros, São Pauloko apezpikua, izan zen, lekukoen erranetan, bidaiariei bedeinkapena eman ziena; haren hilotza Algeriako itsasertzean agertu zen. Bestea José Marcondes Homem de Mello zen, Belémgo apezpikua, onik ateratzea lortu zuena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Hernández, Raúl. El hundimiento del 'Titanic del Mediterráneo' cumple 111 años. La Verdad egunkaria, 2017ko abuztuak 5, laverdad.es (Noiz kontsultatua: 2019-1-7).
  2. a b c d e f g Il naufragio del piroscafo "Sirio". terzaclasse.it (Noiz kontsultatua: 2019-1-7).
  3. Società Italiana di Transporti Marittimi Raggio & Co., Genoa 1882-1885. theshipslist.com (Noiz kontsultatua: 2019-1-8).
  4. a b c d e Gómez-Vizcaíno Pagán, José María. El Titanic de los pobres. La Gaceta de Cartagena egunkaria, pepetriton.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2019-1-10).
  5. Il tragico naufragio della nave Sirio. it.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-1-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]