Sally Nyolo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Sally Nyolo
Sally Nyolo.jpg
Bizitza
Jaiotza Lekié1963 (53/54 urte)
Herrialdea  Kamerun
Jarduerak
Jarduerak abeslaria eta musikagilea
Genero artistikoa world musica
http://sallynyolo.com

Sally Soleinie Nyolo (Lekié, Kamerun, 1963) kamerundar kantari bat da. Zap Mama taldeko kidea izana da. Album askotan hartu du parte korista gisa eta bost disko sortu ditu bere kasa: Tribu, Multiculti, Beti, Zaione (Lusafrika disketxearekin) eta Mémoire du Monde. Egunkaria euskal egunkariak Tribu argitaratu zuen herrialde ezberdinetako beste hainbat diskorekin batera.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sally Nyolo Kamerun hegoaldekoa da jaiotzez. Eton herrian sortu zen, Eyen-Meyong komunitatean, Tala herritik hurbil, Lékié eskualdean. Sally Nyoloren arabera, Eton komunitatekoek "Bat egiten dute erritmoetan, tonuetan, bizitza ulertzeko eran. Han elkarrekin bizi dira egunero bizitza eta musika". 13 urterekin jaioterria utzi zuen eta geroztik Parisen bizi da. Nerabezaroan zehar, hainbat taldetan kantatzen du eta unibertsitate garaian eguneroko ekintza bilakatzen.

Sally-k 1984tik 1994ra esperientzia profesionala lortzen pasatuko du korista gisa, bai artista frantsesekin zein afrikarrekin, besteak beste: Jacques Higelin, Sixun, Nicole Croisille, Touré Kunda, Princess Erika...

Baina Sally Nyolo-k sortu ere egiten du, eta 1991n bere bakarkako karrera hasten du France-Culture-n emititzen den "Le Jeune Joseph" irrati-serieko musika konposatuz. Hurrengo urtean, Gérard Louvain produktorea berarekin harremanetan jartzen da "Ashakara" filmeko musika banda originalean lan egiteko. "Semengue" kanta interpretatuko du bertan (BMG disketxeak albumean aterea).

1993an, Kamerundar gazteak Parisko hainbat lekutan jotzen ibiliko den taldea sortuko du. Abuztuan Peter Gabriel-ek bultzatutako world music festibal ezagunera, "Womad"-era, gonbidatua da. Aukera hau aprobetxatuko du Wiltshire estudioetan, Gabriel-en "Real World" disketxearekin, lau kantako album bat argitaratzeko: "Djini Djome" da kantarik azpimarragarriena.

Zap Mama[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Handik gutxira, Sally Nyolo-k Marie Daulne topatuko du, Zap Mama taldeko liderra. Marie-k talde honetako kide egiteko proposamena luzatzen dio. Topaketa honek ahots-polifoniadun talde honen abentura miresgarriari hasiera ematen dio. Sally-k taldearen bigarrena den Sabsylma albumean agertzen den "Les Mamas des Mamas" kanta konposatzen du, Crammed Discs disketxe belgak argitaratua. Segidan, Zap Mama taldekoak munduaren txoko guztietan zehar kontzertuak ematen hasten dira; Japonian eta Montreuxen bi zuzeneko disko grabatuko dituzte.

Tribu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996an, Sally Nyolok bere lehenengo bakarkako albuma, Tribu, argitaratzen du Lusafrica disketxearekin. Kanta guztiak (12 orotara), Sally-k idatziak eta konposatuak direnak, Etoneraz daude, kantariaren ama-hizkuntzaz. Kanta guztiak daude berak konposatuak, bat ezik: Tam-Tam, Sylvin Marc-ekin batera egindakoa. 1997an, Bilboko Jaialdi Tropikalean hartzen du parte Tribu ikuskizunarekin. Ahots ederraren jabe eta talentudun koristez inguratua, Sally Nyolok arrakasta nabarmena lortzen du.

Hauek dira disko honetan agertzen diren kantak:

  • Tribu (1'01)
  • Shana (3'56)
  • Tamtam (3'51)
  • Awono (4'26)
  • Dvouni (3'50)
  • Mamterry (3'40)
  • Nkoule (0'43)
  • Awou (3'47)
  • Bidjong bimane (4'58)
  • Djine (3'46)
  • Noongo (3'22)
  • Neguem (4'09)


Pedro Elias Igartua-ren hitzetan: "Tamtam gaiak ahots trataera eta gitarraren laguntza delikatuak eta sofistikatuak ditu. Shana, ordea, bere lagun baten haurdunaldia ospatzeko idatzi zena, mbalax soinuaren bidetik dabil, erresonantzia karibetar ugari eskainiz. Hirugarren eredua, berriz, Tribu-ren lehen pieza, etoniarren ahots tradizioaren erraietara sartzen da. Mamterry edo Ndongo bezalako abestiek, Tribu-k bezalaxe, trobadoreek ahoz transmititutako oroitzapenen tradizio zaharrak aipatzen dituzte, kanpotik interpretatuta badaude ere. Zenbait abestiren beste ezaugarria hauen narratzeko egokiera da; Awono-n, adibidez, eta baita Awau-n ere, Sally Nyolok begi bat bere tradizioan duela konposatzen du, baina erritmo aldaketetan arreta ipinita beti ere, zorroztasunez batzuetan eta erabat urratzaile bihurtuz beste batzuetan, nahiz eta gitarrak, baxuak eta teklatuak oso gutxitan azaldu. Sally Nyolok zioenez, Tribu omen da Kamerunen bizi izandako musikak utzi zizkion sentsazioen isla. Baina hori baino gehiago ere bada, mundu tradizionalerako begirada alegia, bere konposaketa propioetatik abiatuta eta Sally Nyolo musika afrikar abangoardiaren zati ere badela sentitzeari utzi gabe."

Disko honetan parte hartu duten musikariak: Sally Nyolo (ahotsa, perkusioak), Christophe Lesage (gitarra), Sylvain Marc (gitarra, baxua), Guy Sangué (baxua), Noël Ekouabi (baxua), Xavier Desandre-Navarre (perkusio osagarria, bateria), David Mirandon (perkusio osagarria), Moktar Samoa (bateria).

"Découverte RFI 97" saria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko Ekainean, Sally-k Radio France Internationale irratiak emandako Découverte 97 saria irabazten du. Manu Katché buru duen epaimahikoak Tribu bere kalitate artistikoengatik eta Sally afrikako musikari berrien belaunaldiko kantari itxaropentsuenetako bat izateagatik saritzen du horrela. Albumaren 300.000 ale salduko dira munduan zehar (AEBetan kopuru osoaren herena).

1998ko udaberrian Multiculti albuma argitaratuko du, berriz ere kultura-nahasketa arrakastatsu bat erakutsiz afrikar erritmo tradizionalen eta 90.en hamarkadako musikaren artean. Kamerundar gazteak bere kontinenteko musika tradizionalen ezagutza ona frogatuko du beste behin ere, haien moldaketa aberats bat sortzean. Maiatzaren 28an, Parisko New Morning-en bere bira berriari hasiera emango dio.

98ko Abuztutik Irailera, 20 bat kontzertuz osatutako bira egingo du AEBtan eta Kanadan zehar; nolabaiteko arrakasta lortuko du hasieratik. Europara itzuli eta, Espainiar estatuan jarraituko du bere bira, ondoren Réunion uhartean eta azkenik Frantziar estatuan urte amaiera arte. Abenduan, Parisko Cité de la Musique-en Jacques Higelin-en kontzertu batean agerpen bat egiten du.

2000ko Urtarrilean, Sally-k Beti album berria argitaratzen du; afrikako tribu baten izena daraman diskoa. Zati bat Kamerunen grabatua, album honek jatorria herrialde honetako oihanaldean duen "bikutsi" erritmoaren izaera gorde gura du. 2000ko udaberriko biran zehar, kantari afrikarra musika honen enbaxadore egiten da frantses ikuslegoaren aurrean, baina baita alemandarren eta quebekiarren aurrean ere (Maiatzan eta Uztailean, hurrenez hurren). Zernahi gisaz, lehenik eta behin (Maiatzaren 1etik 7ra) bere herrialdean kantatuko du Yaoundé-ko "Rencontres Musicales"-en karietara.

2001-eko udan, Sally-k bira bat eskainiko du Frantziar, Espainiar, Portugaldar, Italiar eta Suitzar estatuetan zehar, eta urte berean, urrezko disko bat lortuko du No Mélène Ziga Nda kantari esker, 100.000 kopiatik gora saltzeagatik. Kanta hau Sallyk idatzia eta Michel Aimék musikatua da, Yannick Noah-ren albumean agertzeko egina.

Zaione[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002ko urrian bere laugarrena den Zaione diska agertzen da, aurreko urtean sortutako semearen izena daraman albuma. Bere bikutsia hainbat artista frantsesen estiloei moldatzen du, hala nola Nicoletta, Nina Morato, Muriel Moreno edo Jean-Jacques Milteau. Princess Erika lagun kamerundarrarekin batera, reggaerekin ausartzen da Jah Know diskoko lehen single-an.

Parisko "Opus Café"-n lau kontzertu eskeini ostean, 2003ko Martxoan bira bat hasten du Alemanian eta Suitzan zehar. 19an Japoniara joango da Frankofoniaren Astearen karietara kantatzeko, Tokio-ko Quattro klubean. Maiatzean jaioterrira itzultzen da, Doualara zehazki, "Douala Massao" emakume-ahotsen nazioarteko festibalean parte hartzeko. Lortu duen ospe internazionala berresten dute Italian, Belgikan eta Londresen ematen dituen kontzertuak (azken honen kasuan "African Music Festival"-en karietara). Martinho da Vila kantari brasildarrak bere Conexoes albumerako elkarrekin duo bat egiteko eskatuko dio.

Zaione-tik landa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko Martxoan, David Murray-ren sorkuntzan ("Pouchkine") parte hartuko du Parisko eskualdean ematen den "Banlieues Bleues" festibalean aurkezteko. Ekainan estudio bat irekiko du Yaoundé-n eta bere disketxe propioa sortzen du, "Tribal Production"; Kamerungo musika munduari bultzada bat ematea du helburu.

Ber momentuan, udan zehar, kamerundar musikariak Mémoire du Monde disko berriari azken ukitak ematen dihardu. Album berri hau elektro-akustikoa da, arina eta sakona, 6/8 bikutsi erritmoaz gain blues eta reggae doinuak erabiltzen dituena. Frantsesez eta Etoneraz daude kantak, eta bi lekutan grabatua izan da: Kamerunen, bertako musikariekin batera, eta Parisen, bere taldearen laguntzarekin. Album hau Sally-k idatzia, konposatua eta ekoiztua izan da erabat; Michel Aimé, Marc Étienne eta Sylvain Marc-ek kolaboratu duten kantuak ez ezik. Disko honetan Zap Mama-ko ahizpa izandako Sylvie Nawasadio-ren eta Bokué pigmeoen ahotsak ere entzun ditzazkegu.

Sally Nyolok lan handia egiten du Kamerunen bertako musika sustatzeko. Bertakoen harrotasun iturri da, bereziki jaioterri duen Eton Herriarentzat. 2006an artista kamerundarrez osatutako disko bat argitaratu da nazioartean: Sally Nyolo & The Original Bands of Yaoundé / Studio Cameroon (World Music Network). Kamerunen Original nº1 izenpean argitaratzen da.

Urte berean, Sally Nyolok Désert Rebel proiektuan hartzen du parte iparraldeko eta hegoaldeko beste hainbat musikarirekin batera: Nigeriako Abdallah Ag Oumbadougou, Gizmo (Tryo frantses taldeko kidea), Imhotep (IAM-eko taldekidea), Daniel Jamet (Mano Negra eta Mano Solo-ko taldekidea) eta Amazigh Kateb (Gnawa Diffusion-eko taldekidea). Proiektu honek Nigerren laguntza zehatz batzuk egiteko dirua lortzea du helburu.

Kamerundar kantaria Dan Ar Braz-en azken diska den "Les Perches du Nil" diskoan agertuko da berriz (Columbia 2007). Berarekin batera hainbat kontzertutan hartuko du parte: Festival Interceltique de Lorient, Festival du bout du Monde, Festival du Chant Marin...


Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artista eta ekoizle gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "La Nuit à Fébé" - Sony/RCA (2011)
  • "Mémoire du Monde" - Pias/Cantos (2007)
  • "Sally Nyolo & the original Bands of Yaoundé – Studio Cameroon" World Music Network (2006)
  • "Zaïone" - Lusafrica/BMG (2002)
  • "Béti" - Lusafrica/Naive (2000)
  • "Multiculti" - Lusafrica/BMG (1998)

Artista gonbidatu gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "The Rough Guide to Acoustic Africa" - World Music Network (2013)
  • "Les Perches du Nil" - Columbia (2007)
  • "Conexoes" - (2004)

Filmetako musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bonjour Antoine (1998)
  • Blue in the Face (Brooklin Boogie, 1995)
  • Ashakara (1992)


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]