Sealand
Sealandeko Printzerria | |||
---|---|---|---|
Principality of Sealand | |||
Ereserkia: E Mare Libertas (en) | |||
Goiburua: E Mare Libertas (Itsasotik, askatasuna) | |||
| |||
Map of Sealand.png | |||
Geografia | |||
Hiriburua | 51°53′40″N 1°28′57″E | ||
Azalera | 0,550 | ||
Kontinentea | Europa | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Monarkia konstituzionala | ||
Printzea | Roy Printzea (Paddy Roy Bates) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 27 | ||
Dentsitatea | 6.750 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Moneta | coins and postage stamps of Sealand (en) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1967ko irailaren 2a | |||
Bestelako informazioa | |||
Ordu eremua | ikusi
| ||
sealandgov.org |
Sealandeko Printzerria mikronazio bat da, estatu autoproklamatua, baina orain arte inongo gobernurik ez dio estatu izaera aitortu. Aldarrikatzen duenez, bere lurraldea Roughs Tower da, Erresuma Batuko itsas armadak itsas-gotorleku gisa erabiltzeko 1942an eraikitako itsas-plataforma. Plataforma Ipar Itsasoan dago, Erresuma Batuko Suffolk hiriko kostatik 10 kilometrora, 51° 53′ 40″ N 1° 28′ 57″ E koordenatuetan. Gainera, plataformaren inguruko hamabi itsas-milako ur territorialak ere beretzat hartzen ditu Sealandeko Printzerriak. Sealand Paddy Roy Bates-ek eta bere jarraitzaileek okupatzen dute. Batesek Sealandeko Roy Printzea izendatu du bere burua. Printzerriko lurzoru erabilgarriaren zabalera 550 m²-koa da, eta biztanleria nekez izaten da bost lagun baino gehiagokoa.
Subiranotasuna eta zilegitasuna aitortzen ez bazaizkio ere, Sealand munduko mikronaziorik ezagunenetakoa da, eta askotan erabiltzen da azaltzeko nola aplika daitekeen Nazioarteko Zuzenbidea lurraldetasunarekin lotutako gatazketan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942an, Bigarren Mundu Gerran, Erresuma Batuak HM Fort Roughs plataforma eraiki zuen, Maunsell Itsas Gotorlekuen parte gisa. Gotorlekua plataforma flotagarri batean oinarrituta dago. Plataformak dorre bi ditu, kuberta batez lotuta. Kuberta horren gainean bestelako egiturak gehitu ahal ziren.
Plataforma arrastaka eraman zen Rough Sandsera, Ingalaterrako Suffolkeko kostatik 10 kilometrora eta Essexekotik 13ra dagoen baizara. Han, urez bete zuten, hondoratzeko eta plataformaren oinarriaren kokapena finkotzeko. Gaur egun bistan dagoen egitura itsasontziaren gainegiturari dagokio. Aukeratutako kokalekua nazioarteko uretan zegoen, garai hartan Erresuma Batuak beretzat aldarrikatzen zuen bost kilometroko ur territorialetatik haratago.
Instalazioari Roughs Tower izena eman zitzaion, eta Bigarren Mundu Gerran itsas armadako 150 eta 300 soldadu artean aritu ziren bertan. Azken soldaduek 1956an alde egin zuten, eta dorrea abandonatu egin zen.
1967ko irailaren 2an, Paddy Roy Bates izeneko britainiarrak okupatu zuen dorrea. Bates irrati pirata bateko esataria zen, eta dorrean ziharduen beste irrati-pirata talde bat bertatik kanporatu ondoren, dorrearen subirotasuna aldarrikatu zuen, nazioarteko zuzenbidearen bere interpretazio pertsonalean oinarrituz.
1968an Britainiako Armadaren itsasontzi baten aurkako erasoa gertatu zen Sealand inguruko uretan. Erasoaren ondorioz, Michael Bates, Royren semea, epaitu egin zuten. Garai hartako hainbat txostenen arabera, itsasontziko eskifaiaren helburua Bates familia gotorlekutik kanporatzea zen. Beste batzuen arabera, berriz, soldaduak inguru hartako buia bat konponketa lanetan ari ziren erasoa jasan zutenean. 1968ko azaroaren 25ean, Chelmsfordeko (Essex) epaitegiak epaia eman zuen: gertakaria Britainia Handiko ur territorialetatik kanpo jazo zenez, epaitegi hark ez zuen auziaren gaineko eskumenik. Batesek auzi hori aipatu du izatezko subiranotasuna frogatzeko.
1978an, Bates kanpoan zegoela, Sealandeko Lehen Ministroak, Alexander G. Achenbachek, Alemaniako eta Holandako beste zenbait lagunekin batera, dorrea indarrez hartu eta Michael Bates bahitu egin zuten. Egun batzuk geroago askatu zuten Herbeheretan.
Batesek erresistentzia armatua antolatu eta, helikoptero bat erabiliz, gotorlekua berreskuratu egin zuen. Erasotzaileak atxilotu eta gerra-preso egin zituen. Erasoan parte hartu zuten gehienak erbesteratu egin zituzten “gerra” amaitu zenean, baina Gernot Pütz, Sealandeko pasaportea zuen abokatu alemaniar bat, traidoretzat hartu zuten, eta ondorioz, atxilotuta mantentzeko erabakia hartu zen, 75.000 DM ordaindu arte. Herbehereetako eta Alemaniako gobernuek askatzeko eskatu zioten Britainia Handiko gobernuari, baina 1968ko epaia kontuan hartuz. Londresko gobernuak berriro ere esan zuen ez zuela inongo eskumenik auzi hartan guztian. Gauzak horrela, Alemaniako Gobernuak Londresko enbaxadako diplomatiko bat bidali zuen Roughs Towerrera, Pützen askatasuna negoziatzeko. Aste batzuk igaro ondoren, Roy Batesek amore eman zuen, eta adierazi zuen diplomatikoaren bisitak argi eta garbi erakusten zuela Alemaniak Sealandi estatu izaera aitortzen diola. Alemaniak, baina, ez du halakorik baieztatu.
Erbesteratua izan ondoren, Achenbachek “erbesteko gobernua” sortu zuen Alemanian, Roy Batesen aurka, eta “Chairman of the Privy Council” titulua eman zion bere buruari. Osasun arazoen ondorioz, Achenbachek karguari utzi zion 1989ko abuztuan. Bere ordez, gobernu iraultzailearen “Lankidetza Ekonomikorako Ministroa” zen JOhanes Seigerrek hartu zuen ardura, Lehen Ministro eta "Chairman of the Privy Council" karguaz. Seigerrek Sealandeko legezko agintaria dela aldarrikatzen du gaur egun ere.
Sealandek beretzat hartzen ditu dorrearen inguruko urak, 12 miliako zabaleran, eta esaten duenez, gutxienez behin atera behar izan da ur horiek fisikoki defendatzera. Izan ere, 1990ean Sealandek tiro egin zion Erret Armadako Golden Eye itsasontziari.
Garai batean, talde espainiar batek, ustez Seigerren erbesteko gobernuarekin lotura zuenak, Sealandeko pasaporteak egon eta saldu egin zituen. Pasaporte horiek zabalkunde handia lortu zuten, batez ere Ekialdeko Europan. Pasaporte horiek, Bates familiak onartu ez zituenak, tartean azaldu ziren profil altuko hainbat krimenetan, besteak beste, Gianni Versaceren hilketan. Legez kanpoko pasaporte kopurua ikusita (ustez 150.000 ere izan zitezkeen), Bates familiak Sealandeko pasaporte guztiak baliogabetu zituen 1997an, eurek azken 30 urteotan egindakoak barne.
1968an, Erresuma Batuak bere ur territorialen barruan sartu zuen Rough Sands ingurunea. 1990-1991 bitartean, Erresuma Batuak “Sealandeko Printzerririk”sekula izan ez delako frogak aurkeztu zituen Estatu Batuetako Administrazioko Gorte batean. Bates familiak sekula ez du auzi horren kontra jo.
Legezko egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]AEBetako eta Alemaniako auzitegien epaiek argitu dute Sealandek ez duela legezko izaerarik, eta ingurunea Erresuma Batuari nazioartean aitortzen zaizkion ur territorialetan dagoela. Auzitegion arabera, Sealanden ustezko lurraldea, HM Fort Roughs, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioarena da.
Sealanden aldarrikapena (Paddy Roy Bates eta haren familiarena, alegia), estatu independentea da, ondoko hiru baldintza hauetan oinarrituta:
- Paddy Roy Bates eta haren jarraitzaileek Roughs Tower/HM Fort Roughs okupatu zutenean, 1967an, nazioarteko uretan zegoen, Erresuma Batuaren zein beste edozein estatu subiranoren eskumenetik kanpo. Horretan oinarrituta, Sealandek de jure zilegitasuna aldarrikatzen du.
- Erresuma Batuko eta Alemaniako gobernuek Sealandekin izan dituzten harremanek haren izaera aitortzen dute de facto. Horretan oinarrituta, Sealandek de facto zilegitasuna aldarrikatzen du.
- Sealanden Erresuma Batuarekiko independentzia Auzitegi britainiar batek aitortu zuen 1968an, Roughs Tower nazioarteko uretan zegoela eta Erresuma Batuaren eskumenekoa ez zela adierazi zuenean.
Nazioarteko zuzenbidean, bi pentsamolde nagusi dira estatuen sorrerari dagokionez: eratzailea eta ezagutarazlea. Teoria eratzailea estatuak sortzeko eredu estandarra zen XIX. mendean. Ezagutarazlea, berriz, XX. mendean garatu zen, aurrekoaren hutsuneak betetzeko. Teoria eratzailearen arabera, estatu bat sortzen da besteek estatu izaera aitortzen diotenean. Teoria honen barruan, batzuek uste dute aitorpen horrek diplomatikoa izan behar duela, eta beste batzuek, berriz, nahikoa dela estatu izaera aitortzea. Argi eta garbi, ez dago estaturik Sealanden izaera bide diplomatikoaz aitortu duenik, baina Batesen arabera, Alemaniarekin izandako negoziazioek berez “estatu izaera aitortzea” zekarten. Estatuen teoria ezagutarazlean, entitate bat estatu bihurtzen da estatu izateko baldintza minimoak betetzen dituen unean, Montevideoko Bilkuran zehaztutakoaren arabera. Horren arabera, estatu subiranoa sortzeko betebehar bakarrak hauek dira: lurralde zehatza, biztanleria iraunkorra, gobernua eta beste estatu subiranoekin harremanetan hasteko ahalmena izatea. Betebehar horiek ez diote gutxieneko tamainarik edo kopururik bete behar, baina haien ezaugarri nagusiak hartu beharko dira kontuan.
Estatu izaera lortzeko antzeko irizpide multzo bat aurki daiteke Europar Batasuneko Badinter Artekaritza Batzordearen Iritzietan. Batzordearen arabera, lurraldea, biztanleria eta aginte politikoa izateak definitzen dute estatu bat. Batzordearen ustez, gainera, estatuen sorrera eta desagertzea izatezko kontua da, eta gainontzekoen errekonozimendua adierazpen hutsa baino ez da.
1987an, Erresuma Batuko Parlamentuak Akta bat onartu zuen, ur territorialak 12 itsas miliara (22 km) zabaltzeko, hori egiteko eskubidea, nazioarteko legeriaren arabera, 1958tik bazuen ere. Lege horrek, eta osteko beste batzuek ere, arautu behar izan dute uharte artifizialen eraikuntza eta legezko egoera. Sealandek ere Erresuma Batuak baino egun bat lehenago hedatu zuen ur territorialen gaineko aldarria 12 itsas miliara.
Itsas Legeari buruzko Nazio Batuen 1982ko Hitzarmenaren arabera, ez dago bitarteko legerik, ez bestelako aukerarik, inguruko estatu batek onartutako edo eraikitako eraikuntza baten izaera aitortzeko. Ondorioz, une hartatik aurrera ezin da uharte artifizialik eraiki gero estatu subiranotzat edo estatuaren lurraldetzat jotzeko, gune ekonomiko esklusiboa edo ur territorialak hedatzeko asmoz.
Subiranotasuna arrakastaz onartzeko aukera bakarra, beraz, subiranotasun hori 1982 baino lehen ere de facto bazela frogatzea da.
Badirudi Erresuma Batuko gobernuaren politika komentariorik ez egitea eta erabakirik ez hartzea dela, hartara behartuta ez badago behintzat. Londresko gobernuaren agiriek erakusten dutenez, Erresuma Batuak planak prestatu izan ditu dorrea indarrez hartzeko, baina unean uneko Lehen Ministroek ez dituzte gauzatu, bizitzak galtzeko arriskuaren eta harreman publikoen alorreko zein legezko hondamendia ez eragitearren.
1978an, Alemaniako auzitegi batek ondorioztatu zuen Sealand ez zela onartzeko moduko nazioa: “Gizakiak eraikitako plataforma artifizial bat, Sealandeko Dukerria deritzona bezalakoa, ezin da ezta ‘lurraren azaleko zatitzat’ edo ‘lurraldetzat’ jo, eta lurraren azaleko zati jakin bat okupatzen duten egiturak soilik hartu ahal dira estatuko lurraldetzat nazioarteko legeei dagokienez”. 1990ean, AEBetako Administrazioko Auzitegi batek deliberatu zuen Sealand ez dela onartzeko moduko nazio subiranoa, Merkataritza eta Industria Saileko James Murphyk aurkeztutako frogei jarraiki. Epai hori AEBetako Auzitegi Federal batek berretsi zuen 1991an.
2005eko abenduaren 6an, The Times egunkariak argitaratu zuen gobernu eta auzitegi britainiarrek azkenik onartu egin zutela Sealand “Britainia Handiko lurralde nazionaletik kanpo dagoela […] eta ez dela Erresuma Batuaren parte”; hala ere, The Timesek ez zuen informazio gehiagorik eman, eta ez da konfirmaziorik egon beste inongo iturrirengandik.
Bates familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legezko egoera edozein dela ere, Batestarrek agintzn dute Sealanden, nazioarteko errekonozimendua duen entitate subiranoa izango balitz bezala, oinordetza bidezko erret agintea bere eginda.
Sealanden sorreratik, Roy eta Joan Batesi “Sealandeko Roy eta Joan Printze Gorenak” deitzen zaie barruan. Roy Bates “Subiranoa” da, eta Joan Batesek “harekin batera agintzen duela” esaten da. Haien semeari, berriz “Michael Printze Gorena” deitzen diote. Michael Bates “Printze Erregentea” da 1999tik. Dirudienez, Estatuburuaren funtzioak eta Gobernuburuarenak ere betetzen ditu. Sunderlandeko Unibertsitateak 2004ko azaroaren 25ean antolatutako mikronazioei buruzko jardunaldi batzuetan, Michael Batesen semea den James aritu zen Sealanden ordezkari gisa, eta haren tratamendua “James Printzea” izan zen.
Sealandeko “erret familiak” Erresuma Batukohiritartasuna mantentzen duela uste da. Antza denez, ez dira Sealanden bertan era egonkorrean bizi [1999]tik. Instalazioan zaindari bat edo gehiago bizi da orain, Michael Batesen ordezkari. Bates bera Leigh on Sea herrian bizi da, Ingalaterran Sealand ez denez ofizialki errekonozitutako herrialdea, Batestarrek pasaporte britainiarraz egiten dituzte nazioarteko bidaiak.
Jarduera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sealandek badu bere konstituzioa, 1974an sortua, hitzaurreak eta zazpi artikuluk osatzen dutena. Hitzaurreak Sealanden independentzia deklaratzen du, eta artikuluek, berriz, askotariko gaiak arautzen dituzte: Sealanden monarkia konstituzionala, gobernu-buegoen boterea, izendatutako Senatu aholku-emailearen zereginak, izendatutako legezko epaimahai aholku-emailearenak, armak eramatearen aurkako debekua, “Sealandeko Guardiako” kideentzat izan ezik, subiranoaren eskubide esklusiboa nazioarteko politika zehaztu edota konstituzioa aldatzeko, eta monarkiaren gizonezkoen oinordekoen bidezko jarraipena.
Gaur egun, Sealandeko gobernu-bulegoak hiru dira: Nazioarteko Harremanetarako Bulegoa, Barne Auzietarako Bulegoa, eta Posta, Telekomunikazio eta Teknologiarako Bulegoa. Itxuraz, Sealandeko gobernuaren atal gehienek ez daude jardunean, edo Sealandetik bertatik kanpo dihardute. Roy Batesek Sealandeko Estatuko Korporazio bat ere sortu zuen, eta “estatuaren garapenaren” erantzukizuna eman zion Sealanden fundaziotik denbora gutxira, baina haren gaur egungo egoera eta jarduera mota (jarduerarik baldin badu), ezezagunak dira.
2000. urtean, Sealand nahiko ezagun egin zen hedabideetan, bertan HavenCo[1] izeneko datu zerbitzari berri bat instalatu baitzen. Datu zentruak Roughs Towerren kontrola bereganatu zuen praktikan. Sealandeko webgune ofiziala ren arabera, ez da bestelako bisitaririk edo jarduerarik onartuko. Roughs Tower okupatzeko eskubidearen aldarrikapena Michael batesek mantentzen du orain, bere aita Roy bigarren planora erretiratu ondoren.
Sutea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006ko ekainaren 23an, Sealandeko goiko plataformak su hartu zuen matxura elektriko baten ondorioz. Sutean lagun bat zauritu zen, eta Harwich salbamendu txalupari deitu zioten haren berri emateko. RAFen salbamendu helikoptero batek zauritutako laguna dorrean bertan hartu hartu eta Ipswicheko ospitalera eraman zuen. Harwixh salbamendu txalupa Roughs Towerren inguruetan geratu zen harik eta suhiltzaileen ontzi batek sua amatatu zuen arte. .[2]
Suaren osteko konponketa lanak Church and East Ltd [3] enpresaren esku daude. Enpresak txosten periodikoak idazten ditu, eta egin dituzten aurrerapausuen argazkiak ere erakutsi izan ditu. Zaharberritze taldeko kide batek lanen segimendu pertsonala egiten du bere webgunean. .[4]
Zaharberritzea 2006ko azaroan bukatu zen, sutearen arrasto guztiak ezabatu ondoren.[5]
Sutearen ondorioz, Printzerrian haize turbina bat instalatu zuen Church and Eastek.[6] Horrela gainera, dorrearen ondorio ekologikoak murriztu egiten dira.
Transferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an, Sealand transferitzeko merkatuan jarri da, Espainiako InmoNaranja higiezinen agentziaren bidez.[7] Argi eta garbi azaltzen da Sealand ez dagoela salgai, printzerri bat saltzerik ez dago eta. .[8] Hartzaileari 750.000.000 euro inguruko kopurua eskatzen zaio. ).[9][10][11] “Zortzi digito edo gehiagoko” eskaintzak ere onartzen dira. .[12]
Transferitzeko aukeraren berri izan bezain pronto, The Pirate Bay, munduko BitTorrent zerbitzaririk handi eta ezagunenetako batek, bere burua eskaini du Sealanden ardura hartzeko. Transferentzia ordaintzeko, dirua biltzeko kanpaina bati ekin dio, eta Sealandeko gobernuarekin hitz egiten hasi da. Dena den, telebistaz zabaldutako elkarrizketa batean, Michael Printze Erregenteak adierazi du berak ez diola Sealand The Pirate Bayri saldu nahi, copyright legeen inguruan dituen uste pertsonalak direla eta. Jabetza aldaketa gauzatuko den, beraz, zalantzan dago. .[13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20020119184905/http://havenco.com/
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20061213051709/http://www.bobleroi.co.uk/ScrapBook/Sealand_Fire/Sealand_Fire.html
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20140606201441/http://churchandeast.co.uk/sealand.htm
- ↑ (Ingelesez) Xtrasi.co.uk
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20140304151403/http://www.churchandeast.co.uk/Sealand%20update%204.html
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20090307092100/http://www.churchandeast.co.uk/images/SealandPhotos/windpower/green.html
- ↑ (Gaztelaniaz) InmoNaranjaren webgunea
- ↑ (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20070119183804/http://www2.noticiasdot.com/publicaciones/2007/0107/0201/noticias020107/noticias020107-1054.htm
- ↑ (Ingelesez) BBC News
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.inmonaranja.es/sealand.html
- ↑ (Ingelesez) Evening Star, 2007ko urtarrilaren 20a.
- ↑ (Ingelesez)http://www.smh.com.au/news/world/for-sale-worlds-smallest-country/2007/01/08/1168104905597.html For sale, World's smallest country
- ↑ (Ingelesez)http://www.cbc.ca/thehour/video.php?id=1306 Michael Batesekiko elkarrizketa CBC telebistan
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Sealandeko gobernua
- Sealandi buruzko artikulua Argian