Soro-muxar
Soro-muxar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Rodentia |
Familia | Gliridae |
Generoa | Eliomys |
Espeziea | Eliomys quercinus (Linnaeus, 1766)
|
Banaketa mapa | |
Soro-muxarra (Eliomys quercinus) gliridae familiako karraskaria da, ipar eta, batez, ere, hegoaldeko Europan bizi dena[1]. Begien inguruan mozorro modura dituen orban beltzak ezaugarri bereizgarriak dira animalia txiki honentzat. Ile zuri luzeekin amaitutako buztan luzea eta belarri garatuak ditu. Neguan hibernazio luzea egiten du. Gainera leku beroetan bizi deneko kasutan, lehorteagatik janari eskasia badago estibazioan sar daiteke, nahiz eta hemen ez jaitsi jarduera hibernazioko milaraino.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neurri ertaineko karraskaria da eta begi beltz irtenak inguratzen dizkion ile beltzdun orbanak dira bere ezaugarri bereizgarriena. Helduek bizkarralde arre-gorrixka dute eta sabelalde zuria. Buztan luzea du, ilez estalia eta ile zuri eta beltzez osatutako pintzel deigarri batekin amaitzen dena. Mutur luzanga eta belarri luzeak ditu. Gazteak erraz bereizten dira helduetatik bizkarraldean ilaje grisa eta azpialdean zurixka baitute [2].
Populazio desberdinetakoen pisuen artean alde nabarmena dago bizi diren inguruko elikagai eskuragarritasunaren arabera, 50-170 g artean pisatzen dute; Iberiar penintsularen iparraldean nekez iristen dira 60 g-ra [2]
Hortz-formula 1.0.1.3/1.0.1.3 da, hau da, soro-muxarrak beste Mioxido guztiek bezala premolareak dituzte barailan eta maxilan. Soro-muxarraren kasuan, molarrek koroa esmaltezko gandor transbertsalak aurkezten dituzte, eta bestalde, muxar grisaren kasuan koroa planodunak [3].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa osoan aurkitzen da Britainiar Uharteak kenduta; Baltikotik eta Finlandia hegoaldetik Europa hegoalderaino, eta Uraletatik ozeano atlantikoraino. Mundu mailan gainera, Asia Txikian, Arabia iparraldean, Egipton eta Afrika iparraldean Sahararaino aurkitzen da [2]. Iberiar penintsula osoan aurkitzen da.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da espezie zorrotza habitat eskakizunei dagokienez, eta inguru lurtar nahiz zuhaiztarretan bizi daiteke eskalatzeko duen abileziagatik. Bide eta landaketak banatzen dituzten arroka handien pilaketatan aurki daiteke, eta baita pinudi, artadi, pagadi eta beste hainbat hostoerorkorren basotan, eta sastrakadi mediterraneotan ere. Gizakien etxebizitzetara hurbildu ohi da hibernatzeko bereziki, eta teilatuetan, ukuiluetan, ganbaratan, lorategietan... egiten ditu habiak; hegaztiek utzitako habiak elikagaien gordeleku gisa erabiltzen ditu [4].
Habiak zuhaitz edo zuhaixka zarratuen adarretan, paseriformeak ugaltzeko jarririko kaxatan... egiten ditu. Batzuetan hegaztiek utzitako habiatan, bereziki mikarenean, egiten du berea [5]; baina baita lurrean, harrien arteko hutsuneetan edo pinudietako azikulen pilaketetan ere [2].
Itsas-mailatik 1500m-tik gorako altitudeetaraino aurki daiteke [6]. Ugaritasunari buruzko ikerketa gutxi daude, baina populazio sakabanatuak eta ez oso dentsoak dituela onartu da [2]. Suteen aurrean beste espezie batzuk baino erantzun hobea aurkezten du bere ohitura harkaiztarrei esker [2]
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bereziki intsektiboroa den arren, hainbat motatako fruituak (Fagus, Quercus, Juniperus, Chamaerops, Pinus, Rubus...) jaten ditu batez ere udazkenean, eta ornogabeak, mikrougaztunak, anfibioak, narrastiak, hegaztien arrautzak eta txitak ere bai [7].
Ugalketa eta ontogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soro-muxarren araldiaren iraupena baldintza klimatikoen araberakoa da eta hibernazioaren iraupenarekin alderantziz proportzionala; araldia hibernaziotik irten eta jarraian hasten da eta berau hasi baino 2-3 hilabete lehenago amaitzen da. Orokorrean, klima beroetako muxarrak emankorragoak dira, araldi luzeagoa izateagatik edo intentsitate ugaltzaile handiagoa izateagatik [2].
Araldiaren iraupena Iberiar penintsularen hego-mendebaldean ikertu zen, ar sexualki aktiboak (barrabil eta semen-besikula oso garatuak) otsailetik urrira aurkitu ziren eta emeak edoskitzaroan martxotik urrira. Banako aktiboen eta inaktiboen arteko erlazio altuena, martxoa eta ekaina artean, eta iraila eta azaroa artean aurkitu zen, eta uztailean aktiboen jaitsiera ikusi zen, bai emeen kasuan eta baita arren kasuan ere. Kumaldien tamaina ere aldakorra da zonaldearen arabera, adibidez Doñanan 4-8 kumeko kumaldiak ikusi dira, txikiagoak eme gazteetan heldutan baino eta udazkeneko kumalditan udaberrikoetan baino [8].
Ileberritzeari dagokionez hiru mota bereizten dira: bata hortzen aldaketarekin batera egiten duena, eta gazte-ilajea eskuratzen du; bestea heldu-ilajea eskuratzeko egiten duena, eta hirugarrena urterokoa, ilea berriztatzeko egiten duena [9].
Begiak eta belarriak 17-21 egunera irekitzen dituzte. 35-45 egunera gazte-ilajea dute dagoeneko eta adin honekin hasten dira lehenengo ibilaldiak egiten ere [2]. 6 urte izatera iritsi daitezke [10].
Hazkuntza-abiadura urteko garai aktiboaren iraupenaren araberakoa da, horregatik zonalde hotzetakoak dira hazkuntza-abiadura handiena dutenak baina denbora-tarte txikiagoan;hautespen-indar bat dago hibernaziora erreserba nahikoarekin iristeko beharragatik. Ez dirudi klima epelagoetako muxarrek estres ekologiko hau jasaten dutenik [2].
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bereziki gautarrak dira, baina egunez ere jarduera ikusi da itxian hazitako banakoen kasuan [11]. Gainera, eguneko hainbat harrapariren dietan aurkitu da, beraz badu jarduera krepuskuluetan behintzat [12].
Hibernatzaileak dira eta beraz negua lo igarotzen dute, eta estibazioa ere egiten dute. Tenperatura baxuak eta elikagai-eskasia dira hibernazioa bultzatzen duten faktoreak, tokiko baldintzen arabera denbora-tarte desberdinean ematen da hibernazioa. Zonalde bero eta idorretan estibazioa edo udako loaldia egiten du, zenbaitetan negukoa baino luzeagoa izaten da eta antzeko ezaugarriak ditu; halere, jarduera ez da hibernazioan beste jaisten [2].
Zuhaitzetan sarri eta trebetasun handiz ibiltzen dira baina ez muxar grisa (Glis glis) beste, hauek gehiago mugitzen dira lurrean. Eremu mugatuetan mugitzen dira, jarduera zentro baten inguruan eta distantzia txikiak korrituz (40-60 m egunean). Gazteagoak gehiago mugitzen dira eta garai ugaltzailean daudenak gutxiago [2].
Taldetan bizi dira eta talde desberdinen eremuak ez dira teilakatzen. Talde barnean ez dago lurraldekoitasunik, arrak araldian daudenean eta emeak kumatzen ari direnean kenduta; kumeak habia utzi eta amarekin ibiltzen hasten direnean, amak lurraldekoitasun gogorra erakusten du beste helduekiko. Lurraldekoitasun hau desagertu egiten da kumeak independizatzen direnean [2].
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espazioari dagokionez, badirudi arratoiarekin (Rattus rattus) gainjartzen dela hainbat lekutan. Biak batera agertzen diren lekutan muxarrak leku idorragoak baina estaldura handikoak hautatzen ditu, eta arratoiak hezeenak eta landaredia zuhaizkara dutenak [13].
Bera hainbat mikrougaztunen harraparia da, basasagua (Apodemus) eta etxe-sagua (Mus) esaterako oso ohikoak dira bere dietan, eta baita paseriformeak -lo daudela ehizatzen ditu-, sugandilak... ere [2].
Oso animalia oldarkorra denez, hainbat espeziek ehizatzen dute tarteka [14]. Hegazti-harraparien artean, urubia (Strix aluco) eta hontz zuria (Tyto alba) oso ohikoak dira, baina ez dute kantitate handia ehizatzen. Badirudi zapelatza (Buteo buteo) dela eguneko hegazti-harraparien artean soro-muxarrak nahiko konstanteki ehizatzen dituen bakarra [12]. Ugaztunek ere ez dute asko ehizatzen [15].
Barne-bizkarroien artean Pseudophysaloptera, Kahmanni, Gongylonema pithyuensisi, Teronanema alcovery, Physaloptera sibirica nematodoak, eta Postorchigenes gymnesicus, Kahmannia eliomydis trematodoak aurkitu dira. Grammolichus eliomys eta Schizophthirus pleurophaeus akaroak bere kanpo bizkarroiak dira [2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Krystufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralik, J. Zima: The Atlas of European Mammals. Poyser, Londres, 1999: 298–299. orr. ISBN 0-85661-130-1
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n Moreno, 2005
- ↑ Moreno 2005
- ↑ Hernández, 1994
- ↑ Palacios, 1975
- ↑ Moreno eta Barbosa, 1992
- ↑ Gigirey eta Rey, 1999
- ↑ Moreno,2005
- ↑ Moreno, 1988
- ↑ Moreno, 1984
- ↑ Saint Girons, 1962
- ↑ a b Delibes, 1975
- ↑ Camacho eta Moreno, 1989
- ↑ Valverde, 1967
- ↑ Delibes et al, 1984
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).