Txopa (arraina)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Spondyliosoma cantharus» orritik birbideratua)
Txopa (arraina)
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSpariformes
FamiliaSparidae
GeneroaSpondyliosoma
Espeziea Spondyliosoma cantharus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Artikulu hau arrainari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txopa (argipena)».

Txopa edo birlotea[1] (Spondyliosoma cantharus) Sparidae edo urraburuaren familiako ur gaziko arrain bat da, ekialdeko Ozeano Atlantikoan, Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean bizi dena.[2]

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txopa izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian:[1]

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
ahotxikia[3] Mundaka
birlotea
olalla Gipuzkoa
partximiki Ondarroa, Lekeitio
txopa Getaria
zapatari Hondarribia
zapatero Bermeo, Mundaka

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

45 zentimetro inguruko luzera du, gehienez ere 60 cm. Jasotako txopa handienak 1'2 kilogramotako pisua zuen[4].

Gorputza alboetatik zapaldua du. Burugaina eta bizkarraldea oso konkortuak ditu. Kolorez urdin grisaxka da eta dozena bat lerrok zeharkatzen dute gorputza, ez dira oso nabarmenak ordea. Zaharrak direnean gorputza ilundu egiten da arre kolorea hartuz. Bizkarraldeko hegatsak 11 arantza eta 11-13 erradio bigun ditu[4].

Buruan kolore berdexka duen marra lauso bat du begien inguruan[5]. Ahoan hortz txiki ugari ditu eta erraz ikusten dira[6].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi da, Eskandinavia penintsulatik hasi eta Namibiararte. Gineako golokoan ez da aurkitzen baina Atlantikoko uhartedietan bai, Azoreetan, Madeiran, Kanarietan, eta Cabo Verde uhartedian. Gibraltar itsasartetik barrena Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean ere hedaturik dago[4].

300 metro arteko sakoneran aurkitzen da, Posidonia zelaietan eta hondo hareatsu eta arrokatsuetan[4].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie demertsala da. Gazteek talde handiak osatzen dituzte eta ur azaletik gertuago ibiltzen dira, zaharrak aldiz 300 metro arteko metrotako sakonerara jaisten dira[6]. Orojalea da, algak jaten ditu eta baita ornogabe txikiak ere, krustazeoak bereziki[4].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txopa argiak eta ilunak beste espezie batzuekin batera.

Arrain hermafroditak dira; gaztetan denak emeak izaten dira. 19 cm neurtzen dutenean lortzen dute sexu heldutasuna[4]. 24 cm-ko luzera hartzen dutenean ar bihurtzen dira[7].

Errunaldia maiatza eta ekaina artean izaten da[1] eta arrautzak hondoko hondar artean jartzen dituzte[4]. Arrak buztanarekin zulo bat egiten du eta emeak arrautzak jartzen ditu. Geruza gelatinotsu itsaskor batek multzoa trinko mantentzen du[5]. Hurrengo bederatzi egunetan arrak zainduko ditu arrautzak, larbak atera bitartean[8]. Denbora tarte horretan arrak kolorea aldatzen du, arre bihurtuz[5].

Arraina hiltzen denean, gazte ala zahar izan, denak ere arre ilun bihurtzen dira[8].

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txopak haragi zuri trinkoa du eta Mediterraneo inguruan eta Kantauri itsasertzean preziatua bada[9] ere Euskal Herriko arraindegietan ez da oso ezaguna[1]. Labean erreta, sagardo erara[9], parrilan, gatzetan edo xerratu eta plantxan jaten da[5].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «birlote» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  2. (Italieraz) Louisy, Patrick. (2006). Guida all'identificazione dei pesci marini d'Europa e del Mediterraneo. Milano: Il Castello ISBN 888039472X..
  3. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  4. a b c d e f g «Spondyliosoma cantharus, Black seabream : fisheries, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  5. a b c d «Kilometre0.cat - Receptes de cuina del llegat culinari de familiars - Chopa» www.kilometre0.cat (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  6. a b (Gaztelaniaz) «Spondyliosoma Cantharus o Chopa | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  7. (Ingelesez) «Spondyliosoma cantharus • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Choupa (Spondyliosoma cantharus)» Comerpesca (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  9. a b (Gaztelaniaz) La Chopa o Negrita (en alguna ocasión mal llamada Xargu), Pescado de Rula con Artes Sanos | Pescado de Rula. 2015-09-21 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]