Suitzako Konfederazio Zaharra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Suitzako Konfederazio Zaharra
Alte Eidgenossenschaft

1291 – 1798
Konfederazioa
Historische Karte CH 18 Jh.png
Konfederazioa XVIII. mendean
Sorrera 1291
Frantsesen inbasioa 1798
Hiriburua Zürich (XVI. mendetik aurrera)
Aurrekoa
Banner of the Holy Roman Emperor with haloes (1400-1806).svg Erromatar Inperio Santua
Ondorengoa
Errepublika Helvetikoa Flag of the Helvetic Republic (French).svg

Suitzako Konfederazio Zaharra (egungo alemanez: Alte Eidgenossenschaft; antzinako alemanez: Eidgenossenschaft; frantsesez: République des Suisses; latinez: Republica Helvetiorum) gaur egungo Suitzako estatuaren aitzindaria izan zen. Konfederazio eran zegoen antolatuta, hau da, kantonamendu izeneko estatu txiki independenteen federazio gisa. XIII. mende amaieratik 1798ra arte iraun zuen, frantsesek konfederazioa inbaditu zuten arte alegia. Ondoren, epe-laburreko Errepublika Helvetikoa bihurtu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mende hasieran, Europako ekonomia eta merkataritzaren berpiztea zela-eta, hobera egin zuten Mediterraneoko eta Ipar itsasoko gune nagusien arteko komunikazioek. Horren ondorioz, 1230 inguruan, eta Alpeetan zeharko bidea erraztearren, San Gotardoko mendatean zubi bat eraiki zen Reuss ibaiaren gainean.

Bide berri horretatik pertsona eta salgai asko igarotzen hasi zelarik, bat-batean aberastu ziren Uri eta Schwyz kantonamenduetako biztanleak; aldi berean, urruneko leku haietaz ohartu zen Habsburgo familia ahaltsua, eta berehala saiatu zen lur horietan nagusitzen. Habsburgotarren kontrako erresistentzian, Frederiko II.a enperadorearen laguntza izan zuten kantonamenduetako biztanleek, frankizia gutunak eman baitzizkien hark Uriko biztanleei (1231ean) eta Schwyzekoei (1240an), enperadorearen babesa ziurtatzen zietenak.

XIII. mendearen erdialdean, eta Renaniako hirien eta Inperioko beste erakunde politikoen joerari segituz, alegia, elkar babesteko ligak osatzeko joerari jarraituz, kantonamenduen lehen bateratze bat egin zen, bakearen defentsarako. Lehen agiri horren gainean, eta Habsburgotarren injerentzia etengabeei kontra egiteko ahaleginean, kokatu behar da 1291eko Batasuna; aurrekoak ez bezala, eragin politiko garbia zuen dokumentu hark, eta Uri, Schwyz eta Unterwalden kantonamenduak elkartzen zituen. 1309an, inperioko frankiziak berretsi zizkien Henrike VII.ak kantonamendu horiei.

Hala ere, gudu zelaian berretsi behar izan zuen onespen politiko hori Konfederazio jaio berriak eta, hala, 1315eko azaroan Leopoldo Habsburgokoaren gudarosteak garaitu zituzten Morgartenen suitzarrek. Garaipen horren ondoren hasi zen Konfederazioa estatu burujabe moduan benetan sortzen, prozesu oso motel baten bidez, Basileako bakeraino (1499), eta, behin betiko, Westfaliako bakeraino (1648) ez baitzen erabat osatu. Bide luze horretan, eragozpen asko eta asko gainditu behar izan zuen Konfederazioak.

Alde batetik, oreka zailean mugitu behar izan zuen, alegia, bere frankizia eta askatasunak bermatzen zituen Inperioarekiko loturaren ezagutzaren eta Habsburgotarren irudiarekiko kontrakotasunean; izan ere, Rodolfo I.arekin aurrena (1273-1291), eta Frederiko III.aren erregetzatik aurrera gero (1440-1493), Habsburgo etxeak hartu baitzuen Inperioaren buruzagitza.

Horrekin guztiarekin batera, hiri kantonamendu bat erantsita lehenbizi (Luzerna, 1332), eta Zürich eta Berna gero, arazo askori aurre egin behar izan zion Konfederazioak, besteak beste, bere osagaien ugaritasunaren ondorio ziren desberdintasunetatik sorturiko barne istiluei. Gainditu zirenean, ordea, desberdintasun horiexek izan ziren Konfederazioaren alde on nagusiak.

Azkenik, hain lurralde desberdinak bateratzen lagundu zuten gertaeren artean, aipatu beharra dago eginkizun komunei heldu behar izana; horietako bat izan zen, adibidez, bailerri komunen gobernua, hala Argovia (1415) eta Turgoviarena (1460), kantonamendu guztiek batera administratu zituztenak, hartara erakunde iraunkor bat, Dieta Federala, sortuta. Beste zenbaitetan, kanpoko mehatxuak pairatu beharrak elkartu zituen kantonamenduak; errate baterako, Borgoinako duke Karlos Izukaitzaren saio etengabeak Konfederazioa bere estatuen barnean sartu nahian.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfederazioa honela banatzen zen: kantonamenduak, bazkideak, agintekidetzak, protektoratuak eta banatutako subjetuak.

Kantonamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazkideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Suitzako Konfederazio Zaharra Aldatu lotura Wikidatan