Tamesis
Tamesis[1] (ingelesez: Thames) Ingalaterrako hegoaldea zeharkatzen duen ibaia da, Erresuma Batu osoko bigarren luzeena dena. Besteak beste Oxford, Reading, Windsor eta Londres zeharkatzen ditu, eta iturria Gloucestershireko konderrian kokatuta dago.
Ibaiak izugarrizko eragina izan du Londresen garapenean. Hiria ibaiaren ipar-ertzean fundatu zen eta mende askotan zehar zubi bakarra egon zen, Londres zubia (London bridge), hain zuzen ere. Honen ondorioz, Londresko hirigunerik garrantzitsuena iparraldean kokatuta dago, baita zinema, antzerki, gune historiko eta turistikorik inportanteenak ere. XVIII. mendean zubi gehiago eraiki zirenean, hiria norabide guztietan zabaldu zen.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teoria onartuenaren arabera Britoi hizkuntza zeltiarreko Tamesas hitzetik dator eta dirudienez "iluna" esan nahi du. Historian zehar hitz beraren hainbat aldaeraz idatzi izan da, Tamesas, Temese, Tamisiam... Latinez Tamesis da eta ingelesez Thames, silaba bakarrean ahoskatua. Oxford parean Isis ere esaten zaio.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamesis ibaia duela 58 milioi urte sortu zen drainatze apal gisa. Isostasiaren eraginez duela 20.000 urte izotzak atzerantz hasi zirenean luraldeak gorantz egin zuen eta orduan hartu zuen gutxi gorabehera gaur egun duen ibilbidea.
Ibaiaren kontrola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarren aurreko garaitik Tamesis inguruak giza jarduera garrantzitsua izan zuen. Nabigaziorako erabili zen eta errota eta zubien aztarna ugari ere aurkitu izan dira. Erromatarren garaian finkatu zen Tamesis ibaiaren bidea. Garai hartan Londres ingurua padura eta hezegune handia zen. Hauek Ingalaterra konkistatzeko ibaiaren inguruan hainbat gotorleku eraiki zituzten.
Erdi Aroan Londres hiriburu bihurtu zen eta Tamesis ibaiaren kontrola auzi garrantzitsua izan zen erresuma berriaren egonkortasunerako. Gilen I.a Konkistatzailea izan zen Tamesis ibaiaren haran guztia kontrolatzen lehena eta hainbat gaztelu eraiki zituen ertz bietan. garrantzitsuena Londresko dorrea izanik. Hurrengo erregeek jauregi ugari eraiki zituzten ibaiertzean.
Kutsadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI mendean Westminster Hiria eta Londres Hiriaren arteko komunikabide garrantzitsuena bihurtu zen ferry sistema bat ezarri zenean. XVIII eta XIX mendeetan hiriaren biztanleria handituz zihoala ikusirik padura eremuak drainatu eta urbanizatu egin ziren. Honetaz gain lantegi ugari ere ezarri ziren, asko oso kutsatzaile zirenak. Populazioaren hazkundeak, lantegien isuriek eta ibaiko garraio itzelak Tamesis zabor eta hondakinez bete zuten. 1832 eta 1865 artean kolera izurri ugari izan ziren eta milaka biztanle hil ziren. Viktoria erreginaren senarra zen Alberto Printzea bera ere sukar tifoideoz hil zen 1861 urtean. 1858 urteko uztaila eta abuztuan Erresuma Batuko Komunen Ganbera ere hustu behar izan zen usain jasaneziaren erruz. Kutsaduraren maila goren horri Great Stink izena eman zitzaion. Estolderia ezarri zen arazoari aurre egiteko. Honi esker eta ondoren XX mendean industria astunaren gainbeherari esker ibaiaren uraren kalitatea nabarmen hobetu zen.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX mendearen amaieran trenbide sarea ezarri zen eta ondoren errepideak gehitu ziren eta Tamesis ibaia gurutzatzeko zubi berriak eraiki ziren. Gaur egun 214 zubi eta 17 tunelek zeharkatzen dute ibaia bere ibilbide osoan.
Uholde ezagunak eta hesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamesis ibaiak hainbat uholde eragin zituen XX mendean:
- 1928ko urtarrilaren 7a: Londres erdigunean jasan duen uholderik handiena.
- 1947ko martxoa: Tamesis haran osoan gertatui zen prezipitazio ugariko negu batean.
- 1953ko urtarrilaren 31: Canvey uhartea estali zuen.
1953ko gertaeren ondoren Hermann Bondik egindako txostenak ibaiean hesi handi bat egiteko ideia sortarazi zuen, Tamesiseko hesia (Thames Barrier). 1974an hasi zituzten lanak eta 1984an jarri zuten martxan. 4'87 metrotako igoera aurrikusten denean aktibatzen da. Hasiera batean urtean bizpairu aldiz erabiliko zela uste izan zen baina 6-7 aldiz erabiltzen ari dira azken urteotan. 2013-14 denboraldian marka guztiak hautsi zituen, 50 aldiz erabili behar izan baitzen.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arraunketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamesis ibaian ospatzen den kirol jarduera ezagunena Oxford-Cambridge estropada da, The Boat Race izenaz ezagutzen dena. Henley Royal Regatta ere garrantzi handikoa da. 200 arraun taldetik gora daude Tamesis ibaiaren ibilbidean, guztira 8.000 arraunlaritik gora direlarik.
Kayak eta kanoa lehiaketak ere jokatzen dira Hurley Lock, Sunbury Lock eta Boulter's Lock bezalako ibilbide itxietan. Klubik garrantzitsuena Royal Canoe Club da, Trowlock uhartean dagoena, Richmond upon Thames udalerrian.
Punting-a ere bertako jarduera tipikoa da. Punt txalupa laua da eta gondola gisa erabiltzen da.
Belauntziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamesis ibaiaren ibilbide osoan nabigatu daiteke belauntziz. Klubik ezagunena Oxford da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2011-1-14).[Betiko hautsitako esteka]