Tanke Aurreko Gizona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Tanke Aurreko Gizona
Wandmalerei -tankman-, A. Signl, Vogelsanger Straße 283,Köln-Ehrenfeld-9254.jpg
Gertakaria
Kalteak

Tanke Aurreko Gizona (Protestari Ezezaguna edo Errebelde Ezezaguna izenez ere ezaguna) identifikatu gabeko gizon baten ezizena da. 1989ko ekainaren 5ean tanke ilara baten aurrean paratu zen, aurreko egunean Tiananmen Plazan egindako protestak erreprimitzeko txinatar militarrek erabilitako indarkeria salatzeko. Aurre-aurrean zihoan tankea gizonaren ondotik pasatzen saiatzen zen bakoitzean, gizona behin eta berriz jartzen zen parean, bidea mozten. Gertakaria grabatu eta ezkutuan zabaldu zuten mundu osoak ikus zezan. Inoiz izan den irudirik ikonikoenetakoa da nazioartean. [1] Txinan, estatuak zentsuratu egiten ditu bai irudiko egoera eragin zuten gertaerak bai irudia bera ere, eta, ondorioz, jendea hura ahazten ari da.[2]

Ez dago informazio fidagarririk gizonaren identitatearen edo izan zuen patuaren inguruan; tankeko tripulazioari zer gertatu zitzaion ere ez da aditzera eman.[3] Gutxienez lekuko batek esandakoaren arabera, «Tanke Aurreko Gizona» ez da protestan tankeen aurka azaldu zen pertsona bakarra. Shao Jiang-ek, ikasleen buruetako batek, honako hau esan zuen: «Jende asko ikusi dut tankeei aurre egiten, tankeak blokeatzen». Tankearen Aurreko Gizona berezia da, argazkia atera zaion eta bideoz grabatuta dagoen bakarra delako.

Gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertakaria Tiananmen Plazaren iparraldean jazo zen, Chang’an hiribidean zehar. Zehazki, 1989ko ekainaren 5ean gertatu zen, aurreko egunean gobernu txinatarrak Tiananmenen egin ziren protestak erreprimitzeko erabilitako indarkeriaren harira.[4] Gizona hiribide zabalaren erdian geratu zen, 59 motako tanke ilara bat zetorren bidearen erdian, hain zuzen ere. Time aldizkariarentzat lanean zegoen Stuart Franklin gertaera jazo zenean, eta New York Times egunkariari eman zion horren berri: «Halako batean, tiroak entzun ziren, eta tankeak guregana zetozen bidean behera, Tiananmen Plaza atzean utzita, protestari batek bidea itxi zien arte».[1] Elastiko zuria eta galtza beltzak zeramatzan, eta eskuetan erosketa-poltsa bana zuen. [5]Tankeak geratu zirenean, gizonak keinu egin zien poltsetako batekin. Buru zihoan tankea, orduan, gizonaren ondotik joaten saiatu zen, baina gizonak behin eta berriz mozten zion bidea, indarkeriarik gabeko ekintza modura. [6] Tankea, gizona ez harrapatzearren, askotan saiatu zen ingurutik iragaten, baina motorrak gelditu zituen azkenean, eta berdin egin zuten atzetik zeuden ibilgailu blindatuek ere. Etenaldi labur bat izan zen, non gizona eta tankea ez aurrera ez atzera geratu baitziren. Behin tanke-errenkada geratuta, buru zihoan tankearen kroskora igo zen gizona, eta gidariaren eskotilan geldialdi labur bat egin ondoren, ate-joka eta deika hasi zen tankearen dorretxoan dauden sarreretan. Gero, dorretxora igo zen, eta artilleroaren eskotilan elkarrizketa motz bat izan zuela dirudi tripulazioko kide batekin. Elkarrizketa amaitu zutenean, gizona tanketik jaitsi zen. Tankeko komandantea eskotilatik irten zen momentu labur batez, eta tankeek motoreak martxan jarri zituzten berriz, aurrera jarraitzeko prest. Hori ikusita, gizona, buru zihoan tanketik metro gutxira egonik, parean jarri zen berriz ere bidea moztuz.

Bideo-irudiek urdinez jantzitako bi pertsona erakusten dituzte gizona inguruko jendearengana bultzatzen eta aldenarazten; tankeek haien bidea jarraitu zuten.[6] Lekukoak ez daude ziur gizona alboratu zuen pertsonaren identitateaz. Charlie Colek, Newsweek aldizkarirako lanean zebilen erreportariak, dio Beijingo Polizia (PSB) izan zela;[7] The Globe and Mail egunkariko Jan Wongek, berriz, gizona baztertu zutenak kezkaturiko zibilak zirela dio. 1998ko apirilean, Time aldizkariak “Time 100: Mendeko pertsona garrantzitsuenak”[6] izeneko artikuluan sartu zuen «errebelde ezezaguna». 2016ko azaroan, aldizkari berak Jeff Widenerren argazkia “Time 100: Historian eragin handieneko 100 argazkiak”[8] artikuluan sartu zuen.

Identitatea eta zoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gutxi dakigu gizonaren eta lehen tankeko ofizialaren identitateari buruz. Gertakaria jazo eta handik gutxira, Sunday Express britainiar tabloideak Wang Weilin (王维林) izeneko 19 urteko ikasle bat zela aipatu zuen, gerora «hooliganismo politikoa» eta «Askapenerako Herri Armadako kideak oztopatzea» akusatuta atxilotu zutena.[9] Hala ere, baieztapen hau ezeztatu egin zuen Txinako Alderdi Komunistak barneko dokumentuen bidez, adierazita ezin izan zela gizona aurkitu, Hong Kongen kokatutako Giza Eskubideen Informazio Zentroaren arabera.[10] Alderdikide baten hitzok ere agertzen dira aipatu dokumentuan: «Ezin dugu topatu. Haren izena kazetarien bidez lortu genuen. Ordenagailu bidez konprobatu dugu, baina ezin izan dugu topatu ez hildakoen artean, ez eta kartzelan daudenen artean ere». Gizona non egon daitekeen eta haren identitatea zein den azaltzeko hainbat teoria zabaldu dira.


Bat ez datozen hainbat istorio daude gizon haren patuari buruz. 1999an, President Club gobernuz kanpoko erakundearen aurrean egindako hitzaldi batean, Bruce Herschensohnek, Richard Nixon presidentearen idazkariorde atxikia izandakoak, salatu zuen gertakaria baino 14 egun beranduago exekutatu zutela; beste iturri batzuek diote Tiananmen Plazako gertakaria eta handik hilabete batzuetara fusilatua izan zela.[6] Red China Blues: My Long March from Mao to Now liburuan, Jan Wong-ek idatzi zuen gobernuko prentsarekin izandako hartuemanean oinarrituta, haiek ere ez zutela «inongo ideiarik gizon hura nor zen ere» eta oraindik bizirik zegoela herrialdean bertan. Beste teoria bat da Taiwanera ihes egin zuela, eta arkeologo bezala egiten duela lan bertako Jauregiko Museo Nazionalean. Azken teoria hori Hego Koreako Yonhap berri agentziak azaleratu zuen lehen aldiz.[11]

Txinako Herri Errepublikako gobernuak oso adierazpen gutxi egin ditu gertakariaren inguruan edo gertakariarekin zerikusia eduki zuten pertsonei buruz. 1990ean, Barbara Walters kazetariak Jiang Zemin Txinako Alderdi Komunistako garai hartako Idazkari Nagusia elkarrizketatu zuenean, gizonarekin zer gertatu zen galdetu zion. Hasiera batean, interprete baten bidez, honako hau adierazi zuen: «Ezin dut konfirmatu zuk aipatzen duzun gizona atxilotua izan zen ala ez» eta, ondoren, gehitu zuen: «uste dut gizona ez zutela hil».[12] Gobernuak gaineratu zuen gertakariak herrialdeko militarren «gizatasuna» erakusten zuela.[13]

Mike Wallace kazetariarekin 2000. urtean eginiko elkarrizketa batean Jiang Zeminek esandakoaren arabera, «gizon hori ez zen inoiz atxilotua izan». Gero gaineratu zuen ez zekiela gizon hura non zegoen. Gainera, tankea geratu egin zela eta ez zuela gizon gaztea harrapatu azpimarratu zuen.[14]

Nazioarteko ospea eta zentsura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidegurutzea 2014an, beste angelu batetik

Tanke baten aurrean bakarrik jarri zen gizonaren irudia Tiananmen Plazan 1989an egondako gertaeraren sinbolo bihurtu da nazioartean, eta inoizko irudi ikonikoenetako bat kontsideratzen da.[1]

PBS Public Broadcasting Service irrati-telebista publiko amerikarrak sei adituri egindako elkarrizketan esandakoaren arabera, Tiananmen Plazako protestak ahaztu egin omen dira Txinan, batez ere txinatar gazteen artean, gobernuaren zentsuraren ondorioz. Interneten ageri diren protestaren irudiak Txinan zentsuratuta daude[15]. Gertaeraren erdi-erdian Pekingo Unibertsitatea zegoen, baina, handik 16 urtera, gertaeraren irudiak ikustean, unibertsitateko ikasleek «benetan liluratuta» zeudela esan zuten. [16] Ikasleetako batek esan zuen irudia «artelan» bat zela. Frontline: The Tank Man dokumentalean jaso zenez, ikasle hark ondoan zegoen beste bati «89» xuxurlatu zion, eta horregatik ikasleak gertakariari buruz zekiena ezkutatu zuela susmatu zuen elkarrizketatzaileak.

Batzuen ustez, «Errebelde Ezezaguna», oraindik bizirik badago, inoiz ez du bere benetako nortasuna ezagutzera eman, Txinako hedabideek gobernuaren aurkako protestak zentsuratzen dituenez, ez dakielako nazioartean ezaguna dela.

Plazakoa gertatu bitartean nahiz ondoren,PSB Segurtasun Publikorako bulego txinatarrak gaizki tratatu zituen nazioarteko prentsako kideak, aurkitu ahal izan zuten material guztia konfiskatu eta suntsituz, eta, gerra-legearen baldintzapean, argazkiak ateratzea bezalako delituen aitorpenak sinatzera behartuz, espetxeratze luzeekin zigortzen diren delituak, hain zuzen.[17]

Egoera bat, hainbat irudi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost argazkilarik, zeinetatik batek materiala ez zuen argitaratu 20 urte pasa arte, lortu zuten gertaeraren argazkiak ateratzea eta PSBak materiala ez konfiskatzea. 2009ko ekainaren 4an argitaratu zuen bosgarren argazkilariak bere argazkia, lurraren mailatik ateratako bat, hain zuzen[1].

Arreta gehien erakarri zuen eta ezagunena den argazkia Stuart Franklin-ek atera zuen, Time eta Life aldizkarietan agertu zelarik. Charlie Cole kokatuta zegoen balkoi berean zegoen Franklin, eta ikasle frantses baten bidez lortu zuen argazki-filma Txinatik ateratzea, hark eraman baitzuen te-kutxa batean ezkutaturik.[1]

Gertakariaren argazkirik erabiliena Associated Press-eko Jeff Widener-ek atera zuen, Beijing Hoteleko seigarren solairutik, gertaeratik 800 metrora. Widener zaurituta eta gripeak jota zegoen. Irudia Nikon FE2 kamerarekin atera zuen, Nikkor 400mm 5.6 ED-IF objektiboaz eta TC-301 telebihurgailuaz baliatuta.[18] Widener filmik gabe gelditzen ari zela, Kirk izeneko lagun batek kolorezko Fuji 100 ASA film bat lortu zion korrika eta presaka, argazkia ateratzea ahalbidetuko ziona.[1] Widenerrek argazkiak onak ez zirela uste arren, horietako bat mundu osoko aldizkariek erabili zuten, eta Europako egunkari guztien portadan agertu omen zen[19]. Pulitzer saria jasotzeko ere proposatu zuten, baina ez zuen irabazi. Hala ere, bere argazkia munduko argazkirik ikonikoenetakotzat daukagu.

Charlie Cole Newsweekentzat ari zen lanean, eta Stuart Franklinen balkoi berean zegoen. PSBko kideek, haren gela miatu eta gero, argazki-filmak suntsitu zizkioten. Horrez gain, gerra-legearen baldintzapean, argazkiak atera izana aitortzera behartu zuten, zeina kartzelan sartzeko moduko delitua den. Hala ere, erabili gabeko karrete bat eta manifestatzaile zaurituen errebelatu gabeko argazkiak bakarrik galdu zituen Colek miaketa hartan, Tanke Aurreko Gizonaren argazkiak Beijing Hoteleko komun batean ezkutatu baitzituen. Cole filma berreskuratzeko eta Newsweekera bidaltzeko gai izan zen.[1] 1990an World Press Photo of the Year saria eskuratu zuen, eta bere argazkia Life aldizkarian 100 Photographs That Changed the World (Mundua Aldatu Zuten 100 Argazki) atalean agertu zen 2003an.

2009ko ekainaren 4an, protesten 20. urteurrenaren harira, Terril Jones, Associated Press-eko erreportariak, lurzorutik ateratako argazki bat erakutsi zuen. Tankearen Aurreko Gizonari inoiz ez zioten angelu hartatik argazkirik atera. Jonasek aitortu zuenez, ez zen argazkian ageri zenaz ohartu hilabete beranduago inprimatu zituen arte.[20]

Reuters albiste agentziako Arthur Tsang Hin Wah-k Beijing hoteleko 1111. gelatik atera zituen pare bat argazki, baina agentziak tankera igotzen ari zeneko argazkia besterik ez zuen aukeratu. Ordu batzuk beranduago, ordea, tankearen aurrean zutik zegoen gizonaren argazkia hautatu zuten. Agentziako langileek, Widenerren lana ezagutu ostean, Tsangen negatiboa egiaztatu zuten, une berean ateratakoak zirela egiaztatzeko.

2013ko martxoaren 20an, Hong Kongeko Prentsako Agazkilarien Elkarteak emandako elkarrizketa batean, Wahk istorioa kontatu eta xehetasun gehiago erantsi zituen. Elkarrizketan adierazi zuenez, 1989ko ekainaren 3ko gauean, argazkiak ateratzen zebilela, ikasle batzuek jipoitu eta odoletan utzi zuten. Bat-batean, harekin zebilen argazkilari «atzerritar» batek «Ez naiz zure herrialdeagatik hilko» esan, eta alde egin zuen. Wah hotelera itzuli zen. Berriro irtetea erabaki zuenean, segurtasun publikoak ez zion utzi, eta bere gelan gelditu zen orduan, leihoaren ondoan. Azkenean , Tankearen Aurreko Gizona ikusi ahal izan zuen, eta gertakaria fotografiatu.

Argazkiaz gain, momentuan grabatutako irudiak mundu osoan zehar zabaldu ziren.Antza denez, hiru izan ziren momentu hura grabatzea lortu zutenak: alde batetik, ABC australiar irrati-telebista enpresako Willie Phua, eta, bestetik, CNN eta NBC konpainia amerikarretako Jonathan Schaer eta Tony Wasserman kameralariak.[21][22][23] Max Uechtritz (ABC) eta Tony Wasserman (NBC) berriemaileak, berriz, balkoian zeuden gertaturikoaz informatzen.[24]Ekainaren 3an tanke txinatarrek ibilgailuak eta jendea nola zanpatzen zituzten ikusitakoan, hainbat kazetari eta argazkilarik protestak punturik gorenera heldu zirela uste zuten, eta, beraz, eremu hartatik alde egin zuten askok Tanke Aurreko Gizonaren gertakaria jazo aurretik.[7][25]

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tankearen Aurreko Gizona Nevermore heavy metal taldearen The Tiananmen Man abestiaren gaia da.

Tom Clancyren The Bear and the Dragon (2000) eleberrian, Txinako agintariek Tankearen Aurreko Gizona atxilotu eta exekutatzen dute, eta, gero, garondoan tiro egiteko erabili zuten pistolaren balari dagokion faktura bidaltzen diote bizirik gelditzen ziren familiako kideei .

Family Guy telesailean, Tankearen Aurreko Gizona Peter Griffinekin ikus dezakegu plano aldaketetako batean.

Antzeko eszena bat Ingalaterrako Kasabian rock taldearen Club Foot bideoklipean (2004) dago irudikatua.[26]

Tanke Aurreko Gizonari 2007. urteko Superbad pelikulan erreferentzia txiki bat egiten zaio.

Thrash/death metal estiloko Sepultura taldearen Refuse/Resist bideoklipean Tanke Aurreko Gizonaren irudi laburrak azaltzen dira.

Lucy Kirkwooden Chimerica antzerki-obran, Tanke Aurreko Gizonaren eta tanke barruko soldadu baten zoriak fikzionatzen dira.[27] 2013ko maiatzaren 20an estreinatu zen, eta 2013ko uztailaren 6 arte ikusi ahal izan zen Almeida antzokian.

2013ko ekainaren 4an, Sina Weibo Txinako sare sozial ospetsuenak euskaraz «Gaur», «Gaur gauean», «Ekainak 4» eta «Ahate hori handia» itzuliko liratekeen terminoak blokeatu zituen. Termino horiek bilatuz gero, mezu bat agertzen zen, legeen, estatutuen eta politiken arabera bilaketaren emaitzak ezin erakutsi zitezkeela esanez. Photoshop bidez moldatutako Tanke Aurreko Gizonaren bertsio baten ondorioz iritsi zen zentsura, non gomazko ahateek ordezkatzen zituzten tankeak. Bertsioa Twitter sare sozialean zabaldu zen[28], eta une hartan Hong Kongeko Victoria Portuaren aurrean flotatzen zuen Florentijn Hofmanen gomazko ahate-eskulturari egiten zion erreferentzia.[29]

Tanke Aurreko Gizonaren irudiak Lowis Lowry-ren 2014ko The Giver filmeko egokitzapen zinematografikoan ikus ditzakegu , protagonistari indarra emateko muntaketa batean. Random House Mondadorik 2017an argitaraturiko La quimera del Hombre Tanque nobelan, 1989ko argazki ikoniko horietako bi protagonisten arteko bigarren topaketa hipotetiko bat aurkezten zaigu.[30] Berradiskidetze soziala lortzeko asmoz, txinatar liderrek, mende laurden bat igaro ondoren, Tanke Aurreko Gizonaren eta tankea gidatzen zuen gizonaren arteko topaketa baketsua transmititzen saiatu dira telebistaz.[31]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g (Ingelesez) Witty, Patrick (2009-06-03) «Behind the Scenes: Tank Man of Tiananmen» Lens Blog . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  2. businessinsider () «24 photos from the Tiananmen Square protests that China has tried to erase from history» Business Insider . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  3. BBC Newsnight (2014-06-05) Tank Man: The amazing story behind THAT photo - Newsnight . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  4. Makinen, Julie «Tiananmen Square mystery: Who was 'Tank Man'?» latimes.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  5. Langley, Andrew, 1949- (2009) Tiananmen Square : massacre crushes China's democracy movement Compass Point Books ISBN 9780756541019 PMC 245537220 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  6. a b c d (Ingelesez) Iyer, Pico (1998-04-13) «The Unknown Rebel» Time ISSN 0040-781X . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  7. a b (Ingelesez) Picture power: Tiananmen stand-off 2005-10-07 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  8. «TIME’s 100 Most Influential Images of All Time» 100 Photographs | The Most Influential Images of All Time . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  9. Detained in China and Tibet : a directory of political and religious prisoners Human Rights Watch 1994 ISBN 1564321053 PMC 29895690 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  10. (Ingelesez) «The Times & The Sunday Times» www.thetimes.co.uk . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  11. (Ingelesez) «Tiananmen Square 25th anniversary: What happened to Tank Man?» The Independent 2014-06-04 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  12. «Transcript | The Tank Man | FRONTLINE | PBS» www.pbs.org . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  13. (Ingelesez) «Tycoon prods Taiwan closer to China» Washington Post . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  14. (Ingelesez) «China's Leader Talks To 60 Minutes» www.cbsnews.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  15. «Themes - The Legacy Of June Fourth | The Tank Man | FRONTLINE | PBS» www.pbs.org . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  16. (Ingelesez) FRONTLINE (2006-04-11) «the tank man» www.pbs.org . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  17. (Ingelesez) Picture power: Tiananmen stand-off 2005-10-07 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  18. (Ingelesez) «"Tank Man": The Picture That Almost Wasn't» www.cbsnews.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  19. «WebCite query result» www.webcitation.org . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  20. «Pomona College Magazine :: PCM Online» web.archive.org 2010-03-06 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  21. (Ingelesez) Wurth, Bob (1900) «Books and essays by Bob Wurth on the Asia/Pacific Region» trove.nla.gov.au . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  22. Toh Hun Ping (2013-07-22) WILLIE PHUA on Australia Broadcasting Corporation (ABC) 7.30 Report, 29 November 1996. . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  23. (Ingelesez) Blog, World «Recalling the spirit of Tiananmen» World News . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  24. (Ingelesez) «Timeline: ABC marks 40 years of reporting from China» ABC News 2013-11-01 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  25. CNN (2011-05-19) Photojournalist on Tiananmen Square tank standoff . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  26. WIZ (2014-04-14) KASABIAN clubfoot feat Dinara Drukarova . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  27. (Ingelesez) «Chimerica, Almeida Theatre - theatre review» Evening Standard 2013-05-29 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  28. (Ingelesez) Tatlow, Didi Kirsten (2013-06-04) «Censored in China: 'Today,' 'Tonight' and 'Big Yellow Duck'» IHT Rendezvous . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  29. (Ingelesez) «- The Washington Post» Washington Post . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  30. Sombra Macarrón, Víctor, 1969- La quimera del Hombre Tanque (Primera edición. argitaraldia) ISBN 9788439732921 PMC 1005921860 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.
  31. (Ingelesez) Leica Tiananmen video angers China 2019-04-19 . Noiz kontsultatua: 2019-05-09.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tanke Aurreko Gizona Aldatu lotura Wikidatan