Edukira joan

Teresa Alonso Otero

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teresa Alonso Otero
Bizitza
JaiotzaMadril, 1916
HeriotzaMadril, 1995 (78/79 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta erizaina

Teresa Alonso Otero (Madril, 1916ko abuztuaren 2a – ibidem, 1995eko irailaren 30a) Espainiako miliziano komunista izan zen, Espainiako Gerra Zibilean errepresaliatua.

Carmen Otero eta Julian Alonso harakinen alaba, Madrilgo Usera auzoan hazi zen, neba-arrebekin batera. Hamahiru urterekin ikasketak utzi zituen eta 1935ean, 19 urterekin, Gazte Komunisten Batasunean (UJC) sartzea eskatu zuen. 1936ko martxoan, gazte sozialista eta komunistak Gazteria Sozialista Bateratuak elkarteak bateratzen hasi ziren kongresuan ordezkari aukeratu zuten, Santiago Carrillo erakundeko idazkari zela.

Gerra Zibilaren hasieran "Julio Mangada" izeneko zutabean sartu zen, Userako bere kideekin batera, eta "Aida Lafuente" izeneko batailoiko kide izan zen. 1936ko urriaren hasieran, Avilako frontea eraitsi zenean, Mangada Zutabea Madrilera itzuli zen, defentsa indartzeko. Data horietan erabaki zuten emakumeek borroka militarra utzi eta atzegoardiara itzultzea.

Madrilen tailerren sorreran parte hartu zuen, baina Madrilgo guduan fronteko lerro bat Usera auzoan zegoenez, gurasoen etxea bonbardatua izan eta gero, Valentziara eraman zituzten. Hegazkin-pilotua izateko eskaria egin bazuen ere, baztertua izan zen. Ondoren, odol-ospitale batean egin zuen lan erizain gisa, Benicasimen ikastaro trinko bat egin ostean. Bere formakuntza politikoarekin jarraitu zuen, eta alderdiaren idazkaritza politiko militarraren ardura hartu zuen Castellonen, non gero senarra izan zena ezagutu zuen, Florencio Blanco.

Madrilen zegoen, Casadoren Estatu Kolpea gertatu zenean. Valentziara ihes egin zuten, baina ontziratzea lortu ez eta "Los Almendros" izeneko kontzentrazio-esparrura eraman zituzten. Senar-emazteak banandu egin zituzten eta Teresa Alacanteko zinema batean sartu zuten. Ondoren, Madrilera eraman eta aske utzi zituzten. Hala ere, amaren lehengusina batek salatu zuen, 1936an senarraren eta bi seme-alaben hiltzaileak babestea leporatzen zion.

Puerta del Soleko Gobernazio ziegetara eraman zuten, eta hantxe konturatu zen haurdun zegoela. Irailaren 14an, Ventasko emakumeen espetxera eraman zuten, eta ondoren Santo Domingo el Real komentura, Claudio Coello kalean, espetxe gisa gaiturik zegoena. Erditze egunak hurbiltzen ari zirenean, Ventasera eraman zuten. Martxoaren 25ean Gerra Kontseilu batek epaitu zuen, UGT-ko Libertad Martín Morales eta Eugenio Arconesekin batera.[1] Hogeita hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Egun batzuk geroago erditu zen, eta semearekin espetxean geratu zen, familia baldintza gogorren aurrean. Orduan bere senarra hiru urteko soldaduska egitera deitu zuten.

1940ko ekainaren 24an Saturrarango espetxean sartu zuten. 1944an desegin zutenean, Zornotzako espetxera aldatu zuten.[2] Espetxean egindako lanei esker kondena murriztu zuen. 1946ko abuztuaren 9an aske utzi zuten. Ateratzean, senarra atxiloturik zegoen Guadarramako makiarekin batera, epaiketaren zain. Auzia artxibatu egin zen.

Franco hil zenean, Alderdi Komunistan militatu zen berriro.

  • 2010ean Victoria Cuevas Fernándezek Teresa Alonso Oteroren biografia bat idatzi zuen, gerra eta kartzela urteak kontatuz.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Buscador de represaliados de la Guerra Civil española» buscar.combatientes.es.
  2. [http://juandelostoyos.com/pdf/mujerescarceles.pdf «Cárceles y prisiones de mujeres en la Guerra Civil. Los casos de Amorebieta y Durango»] Juan de los Toyos Fundazioa.
  3. admin. (2018-07-03). «El recuerdo me duele» de Victoria Cuevas. Edita Fundación Domingo Malagón | La fiesta del PCE. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]