Tolosako Musika Banda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tolosako Musika Banda
Datuak
Motamusika taldea
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1828
Facebook: 113412600215508 Edit the value on Wikidata

Tolosako Musika Banda herriko erakunderik zaharrenetakoa da, 1828tik aurrera behintzat, datu dokumentatuak badirelako. Euskal Herriko banda zaharrenetakoa ere bada.[1][2][3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosako musika banda baten lehen aipamena, 1622ko apirilekoa da. Loiolako San Inazioren kanonizazioa Tolosan izan zenez, bertako banda batek parte hartu zuen  Iruñea eta Donostiako musikari batzuen laguntzarekin. Datu zehatzagoak badira 1828tik aurrera,  ekainaren 2an, Jose Mateo de Ezpeletaren zuzendaritzapean, Fernando VII.a erregeari ongi-etorria egin zitzaionean parte hartu zuen Tolosako musika bandak. 18 partaide zituen orduan eta Musica Marcial de Aficionados deitzen zitzaion. 1834ean nolabait Udalarena izatera pasatu zen. Euskal Herriko zaharrenetakoa da beraz, Irun eta Hondarribikoekin batera, gehienak XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran sortu baitziren: Bilbo (1867), Eibar (1887), Gasteiz (1894), Zumarraga (1894), Iruñea (1919).[4]

Beste aipamen garrantzitsua 1845ekoa da, Martin Lakarraren zuzendaritzapean, Isabel II.a erreginaren aurrean aritu zenean Musika Banda Idiakez jauregian. Errege-erregin eta agintari askoren aurrean jo izan du bere historia luzean zehar. Karlistaldietan etenaldi garai batzuk ezagutu zituen Bandak. Rufo Montilla izan zen Inauterietako piezak partiturara pasatu zituena XIX. mendearen amaieran.1886an Donostiako Nazioarteko Alardean eta 1892an Bilboko Musika Banden Lehiaketan parte hartu zuen. 1916an Donostiako Banden Alardean izan zen.  1936ko Gerraren ondoren etenaldia izan zuen eta 1944ean berrantolatu zen Banda Felipe Bernard zuzendari bezala arituz. Hamarkada askotan zehar, Musika Bandak dantza saioak eskaini zituen urteko igande arratsalde guztietan Tolosako plaza Berrian, Zerkausian eta Zumardi Txikian.

1995ean, Tolosako Udalak hala bultzatuta, Udal Musika Banda izaten utzi eta kultur elkartea osatu zuen, Tolosako Musika Banda izenarekin. Aurretik, urte askotan zehar, Udalarekin zuen hitzarmena mantendu du ordutik: 25 emanaldiko egutegia urtean, ordutegia, entseguetarako egoitza eta zuzendaria Udalaren kargu, diru laguntza dieta, uniforme, instrumentu eta konponketak egiteko… 2019an bi aldeek akordio hau berretsi zuten beste 25 urtetarako.

2012tik, Enrike Arostegi Eguzkitza da zuzendaria eta Idoia Balza Garmendia zuzendariordea. Azken honek, bere zereginen barruan, urtero kontzertu bat zuzentzen, eta Tolosako Musika Banda zuzendu duen lehen emakumea izan da. Bandako lehen emakume musikaria berriz, Maria Eugenia de Pedro izan zen, 70. hamarkadaren bukaeran.

Urteko egutegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalarekin 25 emanaldi ditu hitzartuta Tolosako Musika Bandak: kontzertuak, dianak, prozesioak, kalejirak…

Hauek dira urtero errepikatzen diren batzuk:

  • Eguberriak: Olentzero eta Errege kontzertuak, Errege Kabalgata.
  • Inauteriak: kontzertua,[5] Danborrada, Diana.
  • Sanjoanak: sua, diana, Alardea, prozesioa, kontzertua, bezperak, Aurreskua.
  • Auzoetako jaiak: Amaroz, Berazubi, Larramendi…
  • Adinekoen egoitzetan: Iurreamendi, Uzturre.
Inauterietako Diana 2012an. Argazkilaria: Nestor Ardanaz.

Kontzertu asko Udal Txistulari Bandarekin batera eskaintzen ditu. Herriko dultzainari taldeekin, Tolosa Kantarirekin[6] eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin ere hainbat emanaldi izan ditu. Eta herriko hainbat musikariren kolaborazioa ere izan du bere historian zehar kontzertu jakin batzuetan. Garagardo Azokan eta Eduardo Mokoroa Musika Eskolaren Aste Musikarian ere askotan parte hartu izan du.

Zuzendariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1828-33: Jose Mateo Ezpeleta

1833-46: Martin Lakarra

1846-60: Antonio Fernandez Artabeitia

1860-76: Antonio Buenetxea

1878-85: Felipe Gorriti

1886-96: Rufo Montilla[7]

1896-1906: Eduardo Mokoroa

1906-20: Justo Saizar[8]

1921-22: Felix Azurza

1922-33: Feliciano Beobide[9]

1933-40: Felix Azurza

1944-61: Felipe Bernad[10]

1961-64: Manuel Valmaseda

1965-83: Jose Antonio Ruiz Bona[11]

1983-2012: Luis Maria Garcia Artetxe[12][13][14]


2012-…: Enrike Arostegi Eguzkitza[1] [15][16]

Azken hamarkadetako saio bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosako Musika Bandak kontzertu berezi ugari antolatu ditu azken hamarkadetan, herriko beste taldeekin elkarlanean, San Joan jaietan Euskal Herria plazan. Jose Antonio Ruiz-Bona zuzendariaren ametsetako bat izan zen, baina proiektu hori burutu gabe hil zen 1983an. Hurrengo urtean, 1984ean, Luis Mari Gartzia Artetxeren zuzendaritzapean, Ruiz-Bonaren omenez antolatu zen lehen aldiz kontzertu berezi hori, talde guztien artean “Eusko Irudiak” interpretatuz, eta gero hainbat urtetan antzeko partaide eta programekin errepikatu zen: 1985, 1986 (Jesus Guridi eta Aita Donostiaren omenez), 1988 (Feliciano Beobideren omenez), 1989, 1990, 1991, 1992 (Santa Maria parrokiako abesbatzak, orkestrak eta organoak ere parte hartuz), 1993, 1994, 1998 (Kilometroak 98) eta 2006 (Tolosaren 750. urteurrena Zumardi Handian). Kontzertu jendetsu hauetan ohiko partaideak izan dira Tolosako abesbatzak (Hodeiertz, Eresoinka, Abeslari Lagunak, Leidor, Tolosako Orfeoia), dantzari taldeak (Udaberri, Harkaitz, udal dantza tailerra), txistulariak, txalapartariak, irrintzilariak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, trikitilariak… beste herri batzuetako hainbat talderekin batera. Euskal doinu eta dantzak izan dira kontzertu berezi horietako osagarri nagusiak: “Txanton Piperri”, “Euskal Musikaren Gorespena”, “Maite”, “Larrain dantza”, “Dantzari dantza”, “Mendi mendiyan”, “Hamar euskal melodia”, “Nafarroako Gorteetako Eresia”, e.a.

Sanjoanetako emanaldi bereziak ere eskaini izan ditu euskal musikari ezagunekin: Oskorri folk taldearekin 2008ean eta Urko abeslariarekin 2019an.

Bandaren 150. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu zituen: musika astea 1984ko Santa Zeziliaren inguruan (hitzaldia Tolosako musikariei buruz, emanaldi bereziak Donostiako Perkusio Taldea, Donostiako Kontserbatorioko ikasle orkestra, Irungo Hari Boskotea eta Nobel Ganbara Taldearekin, ohiko Santa Zezilia kalejira eta kontzertua) eta San Joan kontzertu berezia 1985ean.

Musikarien zaindaria den Santa Zezilia egunaren inguruan ere, eguneko kalejiraz gain,[17] herriko beste musika taldeekin aritzen da herriko antzokietan, garai batean Iparragirren eta gaur egun Leidorren: Udal Txistulari Banda, Isidro Larrañaga eta Maiatz akordeoi orkestrak, abesbatzak, Giro arte eta Musika Eskolako dultzainari taldeak...

Irribanda ikuskizuna Pirritx eta Porrotx pailazoekin 2014ean Tolosako zezen plazan.

Haurrentzako kontzertu didaktikoak eskaini izan ditu hainbat pailazo talderekin: Txirri, Mirri eta Txiribitonekin 1998an, Poxpolo eta Mokolorekin 2007ean[18] eta Pirritx eta Porrotxekin 2014ean.

2002an martxa-kalejiren Konposizio Lehiaketa antolatu zuen Bandak eta Enrique Hernandis konposatzaile valentziarraren "Festival comarcal" martxa-pasodoblea izan zen irabazlea.

Musika banden alardeak antolatu izan ditu: 2001n Getaria, Errenteria eta Irungo bandekin, 2007an Sakanako Haize berriak, Getaria eta Zumarragako bandekin eta 2018an Berriozar eta Uztaritzeko bandekin.[19][20][21] Tolosako bandak parte hartu du beste alarde batzuetan: 1999an Errenterian eta Irunen, 2003an Hondarribian 2011n Getarian eta 2017an Berriozarren. Gainera 2007an Bergaran izan zen bertako bandaren 175. urteurrenean, 2011n Tafallan bandaren 150. urteurrenean eta 2019an Iruñean, La Pamplonesa bandaren mendeurrenean, kasu honetan beste 60 bandarekin batera.

Beste hainbat euskal herritan ere eman izan ditu kontzertuak: Tafallan (Felipe Gorritiren omenez),[22] Urretxun (Jose Maria Iparragirreren mendeurrena), Leitza, Portugalete, Azpeitia, Beasain, Deba, Usurbil, Hernani, Lasarte, Andoain (Jose Manuel Lopezen omenez), Villabona, Irura, Alegia...

Euskal Herritik kanpora, Madrilen izan zen 1988n TVEko Nueva Gente programan eta Euskal Etxean eta Grauseko (Huesca) jaietan 1988an eta 1989an.

Tolosan bertan, normalean herriko kale eta plazetan eskaintzen ditu bere kontzertu, diana, kalejira, prozesio eta danborradak, baina auzo gehienetan ere jo izan du: Izaskun, Berazubi, Amaroz, Larramendi, Belate, San Esteban…

Herriko beste urteurren berezi batzuetan ere parte hartu izan du: Jesusen Zerbitzarien mendeurrenean 1986an, zezen-plazaren mendeurrenean 2003an, pasodoble kontzertua eskainiz bertan, eta Tolosako Batailaren mendeurreneako Alardean 2011n,[23] 2012an eta 2013an.

Eta hainbat kontzertu eta emanaldi desberdin ere eskaini ditu: Pablo Sorozabalen omenez 1997an, Groseko kaldereroetan 2001ean, Navarrerias jota taldearekin 2002an, Bonberenean 2007an, Arimaz orkestrarekin 2008an, Nafarroako Konkistaren 500. urteurrenean 2012an, Errepublikako doinuak 2013an, UEMA egunean 2014ean, pasodobleak 2017an eta 2020ean, filmetako musika Topic-en 2018an, zarzuelak Topic-en 2019an, konposatzaile lagunen doinuak 2020ean...

Partaide bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendarien artean, Felipe Gorriti eta bere ikasle Eduardo Mokoroa izan dira nabarmenenak, konposatzaileak eta Santa Maria parrokiako kapera maisuak ere izan zirelako.

Enrique Ugarte orkestra zuzendaria Tolosako Musika Bandako partaide izan zen oboea joz 1968tik 1979an Alemaniara bere ikasketak jarraitzera joan zen arte. Gaur egun orkestra zuzendaria da Alemanian.

Udaletxe aurrean 2019ko San Joan egunean. Argazkilaria: Iñaki Elola.

Bestalde, Bandako hainbat partaidek jo izan dute Euskadiko Orkestran. Perkusioan Jose Carrera orkestra sortu zenetik erretiroa hartu arte aritu zen eta gaur egun Igor Arostegi bandakide ohia EOSeko perkusiojolea da. Bandako beste hainbat musikarik kolaborazio solteak egin dituzte orkestra horretan. Eta Iñaki Urkizu, garai batean Bandan tronpetajolea izandakoa, gaur egun Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea da.[24][25]

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tolosako Inauteriak. 1987[26]
  • Macromassa talde katalanarekin batera. 1989 (Bideoaldia)[27]
  • Tolosako Musika. 2006 (Tolosaren 750. urteurrena, Udal Txistulari Bandarekin batera)[28]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Linazasoro, Iñaki. (1985). Tolosa herri musikaria. Tolosako Udala ISBN 84-7086-133-6..
  2. «Musika Bandak 190 urte ditu - Tolosa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  3. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «La banda sonora de Tolosa desde 1828» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  4. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «La Banda de Música de Tolosa cumple casi dos siglos de historia» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-16).
  5. Tolosako Musika Bandaren iñauterietako kontzertua (2015). (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  6. «Tolosako musika banda eta Tolosa Kantari - TBX.eus» tbx.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  7. «Montilla, Rufo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  8. «Saizar Urkola, Justo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  9. «Beobide Udaquiola, Feliciano - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  10. Gran Enciclopedia de Navarra | BERNAD MAGAÑA, FELIPE. (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  11. «Ruiz Bona, José Antonio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  12. (Gaztelaniaz) ««La Banda de Música me ha dado alegrías y muchos amigos»» El Diario Vasco 2012-02-10 (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  13. ««Herritarrek ez dute musika kulturarik» - Tolosa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  14. Luis Mari Gartzia Artetxe oroituz.... (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  15. (Gaztelaniaz) ««Necesitaba el último empujón y me lo han dado mis compañeros»» El Diario Vasco 2012-03-10 (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  16. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «"En Liverpool todos los niños tocan la guitarra mientras que en Tolosa aspiran a tocar en una charanga"» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  17. Tolosako Musika Banda Xexili egunean 2016. (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  18. (Gaztelaniaz) «Poxpolo eta Mokolo Tolosako musika bandarekin, bihar» El Diario Vasco 2007-05-26 (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  19. Tolosako Musika Bandaren 190. urteurrena ospatzeko, banden topaketa egin dute. (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  20. (Gaztelaniaz) «La Banda, 190 años de música» El Diario Vasco 2018-09-29 (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  21. «Musika banden topaketa, larunbatean, Tolosan - Tolosa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  22. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Tafalla rinde homenaje mañana a Felipe Gorriti» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  23. (Gaztelaniaz) «La batalla de Tolosa, 200 años después» El Diario Vasco 2011-02-15 (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  24. «Bilbao Musika» www.bilbaomusika.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  25. (Gaztelaniaz) Deia. «Bilboko Udal Musika Banda udaberriko kontzertu zikloari emango dio hasiera» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  26. (Gaztelaniaz) «Álbum Tolosako iñauteriak, Tolosako Musika Banda | Qobuz: descargas y streaming en alta calidad» Qobuz (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  27. «Tolosako Banda Munizipala-k interpetatzen dio Macromassa-ri, by Macromassa» Víctor Nubla (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).
  28. Txiribita. (2009(e)ko ekainakren 18(a), osteguna). «EKAITZALDI: Tolosako Musika (2006)» EKAITZALDI (Noiz kontsultatua: 2021-09-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]