Pirritx, Porrotx eta MariMotots
Pirritx, Porrotx eta MariMotots | |
---|---|
![]() | |
Datuak | |
Jatorria | Lasarte-Oria (Gipuzkoa) |
Urteak | 1987ko abenduaren 24a - gaur egun (35 urte) |
Taldekideak | |
Aiora Zulaika Joxe Mari Agirretxe Mertxe Rodriguez | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
www.katxiporreta.eus | |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Pirritx, Porrotx eta MariMotots Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez aktoreek osaturiko pailazo hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian eta gaur egun Euskal Herriko pailazorik ezagunenak eta arrakastatsuenak dira. Beraien errekorra urte batean 205 emanaldi eskaintzea da. Urtero-urtero emanaldi berri bat sortzen dute eta berarekin batera, abesti berriak ere bai. 35 urteko ibilbidean 29 ikuskizun eta 37 disko grabatu dituzte. Guztira, 439 abestitik gora grabatu dituzte.
2002an 15 urte bete zituen pailazo taldeak eta Beti zuekin... Katxiporreta!! ikuskizunarekin ospatu zuten. 2012an berriz, 25. urteurrenean Sentitu, pentsatu, ekin! saio berezia sortu zuten. 2022an 35 urte bete zituzten eta ospatzeko Urteak bete, abenturak bizi! ikuskizuna taularatu zuten.
Pailazo-taldearen inguruan Irrien Lagunak ekimena sortu da, pailazoen merchandising produktuak saltzeko.
Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egungoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Hasierakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Pailazoen urtez urteko bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta MariMotots izenarekin ezagunak badira ere, bere garaian Takolo, Pirrutx eta Porrotx bezala hasi ziren; geroago, Takolo, Pirritx eta Porrotx izan ziren; eta, Takolok taldea utzi zuenean, Pirritx eta Porrotx.
2013an, 25 urte bete zituztenean, Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunean Takolok bisita egin zien.
Pailazoa | 1987-1996 | 1997-2006 | 2007-2016 | 2017-2023 | |||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Takolo | Agustin Mujika |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Pirrutx | Patxi Sanz |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Porrotx | Joxe Mari Agirretxe | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Pirritx | Ainhoa Beristain |
Aiora Zulaika | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
MariMotots | Mertxe Rodriguez |
Beste pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hik Hasiko filma * errepikatutako pertsonaia |
Aktorea | Pertsonaia | Urtea | Ikuskizuna / Filma |
---|---|---|---|
Alex Tetuan[1] | Txerri kuttin | 1993 - 1994 | Kokororikoko |
Saturnino | 1994 - 1995 | Txiztil | |
Tiburtzio jauna | 1995 - 1996 | Beltzi | |
Porrontxio | 1995 - 1996 | Beltzi | |
Tantaka Yotanka | 1996 - 1997 | Tantaka Yotanka | |
Titiriteroa | 1997 - 1998 | Makarroiak | |
Patatari jauna | 1997 - 1998 | Makarroiak | |
Jaxinto Bustiblai | 1997 - 1998 | Makarroiak | |
Mackey jauna | 1998 - 1999 | Baserrian | |
Tarrapatata pirata | 1999 - 2000 | Plisti-plasta | |
Serapio | 2000 | Zatoz jolastera! (Hik Hasi) | |
Fermina zezena | 2000 - 2001 | Parrandan | |
Toribioto erregea | 2001 - 2002 | Aupa Kintxo! | |
Barrabas pirata | 2002 | Jolasen altxorra! (Hik Hasi) | |
Porrontxio | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Patatari jauna | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Tarrapatata pirata | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Nikasio jauna | 2003 - 2004 | Poxpolin Marisorgin | |
Txilipito jauna | 2004 - 2005 | Patata, patata! | |
Anakleto | 2005 - 2006 | Maite zaitut | |
Eurolio jauna | 2006 - 2007 | Mari Motots | |
Joxe | 2007 - 2008 | Eskerrik asko! | |
Petrol jauna | 2008 - 2009 | Piratak | |
Xabi bihurri | 2009 - 2010 | Irrien lagunak | |
Olentzero | 2009 - 2010 | Irrien lagunak | |
Lagun txakurra | 2010 - 2011 | Ongi etorri Pupu eta Lore | |
Belekoiren laguntzailea | 2011 - 2012 | Zazpikoloroa | |
Zazpikoloroa | 2011 - 2012 | Zazpikoloroa | |
Anakleto | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Tantaka Yotanka | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Patatari jauna | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Txilipito jauna | 2013 - 2014 | Bizipoza | |
Roke | 2014 - 2015 | Txo MikMak txikia | |
Estanislao | 2015 - 2016 | Amalur | |
Zeledon | 2016 - 2017 | Tipi-tapa korrika! | |
Jeronimo | 2017 - 2018 | Borobilean | |
Ziriport | 2018 - 2019 | Musua | |
Zebra | 2018 - 2019 | Musua | |
Aiora Zulaika | Izeba Maritxu | 1997 - 1998 | Makarroiak |
Mertxe Rodriguez | Amona Josefina | 1998 - 1999 | Baserrian |
Teresa Markesa | 1999 - 2000 | Plisti-plasta | |
Amona Josefina | 2000 | Zatoz jolastera! (Hik Hasi) | |
Bittori alkate anderea | 2000 - 2001 | Parrandan | |
Kintxo Barrilete | 2001 - 2002 | Aupa Kintxo! | |
Amona Josefina | 2002 | Jolasen altxorra! (Hik Hasi) | |
Itsas-neska | 2002 | Jolasen altxorra! (Hik Hasi) | |
Amona Josefina | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Izeba Maritxu | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Kintxo Barrilete | 2002 - 2003 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | |
Poxpolin Marisorgin | 2003 - 2004 | Poxpolin Marisorgin | |
Amona Josefina | 2004 | Ilargiaren sekretua (Hik Hasi) | |
Madame Banu | 2004 | Ilargiaren sekretua (Hik Hasi) | |
Tider | 2004 - 2005 | Patata, patata! | |
Romí | 2005 - 2006 | Maite zaitut | |
Mari Motots | 2006 - 2007 | Mari Motots | |
Mari Motots | 2007 - 2008 | Eskerrik asko! | |
Oihana Sanchez | Mari Mototsen ama | 2006 - 2007 | Mari Motots |
Mari Mototsen ama | 2007 - 2008 | Eskerrik asko! | |
Kattalin | 2008 - 2009 | Piratak | |
Izeba Arantxa plantxa | 2009 - 2010 | Irrien lagunak | |
Mari Kalanbre | 2010 - 2011 | Ongi etorri Pupu eta Lore | |
Belekoi anderea | 2011 - 2012 | Zazpikoloroa | |
Loreto (Mari Mototsen ama) | 2013 - 2014 | Bizipoza | |
Estralurtarra | 2013 - 2014 | Bizipoza | |
Txo MikMak txikia | 2014 - 2015 | Txo MikMak txikia | |
Ilargi | 2015 - 2016 | Amalur | |
Andereño Maribel | 2017 - 2018 | Borobilean | |
Olentzero | 2018 - 2019 | Musua | |
Loreto (Mari Mototsen ama) | 2020 - 2021 | Amaren intxaurrak | |
Kristina Ropero | Nagore sendagilea | 2007 - 2008 | Eskerrik asko! |
Tiritatxo medikua | 2010 - 2011 | Ongi etorri Pupu eta Lore | |
Alex Tello | Largabista | 2010 - 2011 | Ongi etorri Pupu eta Lore |
Martin bertso | 2010 - 2011 | Ongi etorri Pupu eta Lore | |
Patakon pirata | 2011 - 2012 | Zazpikoloroa | |
Otsoa | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Gorka | 2013 - 2014 | Bizipoza | |
Igor | 2013 - 2014 | Bizipoza | |
Plastiker | 2014 - 2015 | Txo MikMak txikia | |
Periko lapiko | 2015 - 2016 | Amalur | |
Patakon pirata | 2016 - 2017 | Tipi-tapa korrika! | |
Izaskun Forcada | Kintxo Barrilete | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! |
Poxpolin Marisorgin | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Amona Josefina | 2012 - 2013 | Sentitu, pentsatu, ekin! | |
Hermelinda | 2014 - 2015 | Txo MikMak txikia | |
Plastik zaunk | 2014 - 2015 | Txo MikMak txikia | |
Jenny | 2015 - 2016 | Amalur | |
Neska txiki | 2016 - 2017 | Tipi-tapa korrika! | |
Poxpolin Marisorgin | 2016 - 2017 | Tipi-tapa korrika! | |
Mari Domingi | 2018 - 2019 | Musua | |
Txanponi anderea | 2020 - 2021 | Amaren intxaurrak | |
Tiritatxo medikua | 2020 - 2021 | Amaren intxaurrak | |
Txilipito jauna | 2020 - 2021 | Amaren intxaurrak |
Taldearen bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Olentzeroren etorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoen aurreko urteak (1982-1987)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1982an Lasarte-Oriako haurren %80ak A ereduan ikasten zuten, gaztelaniaz, eta kalean ere ez zen euskara askorik erabiltzen. Agustin Mujika irakaslea zen Lasarte-Orian A ereduan eta Joxe Mari Agirretxek magisteritza ikasi zuen eta haurren eta euskararen bueltan ibiltzen zen. Biak Lasarte-Oria euskaldundu dezagun euskara taldeko kideak ziren, eta herrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz haurrentzat zerbait egitea erabaki zuten.
Gabonetan Olentzeroren etorrera antolatzen hasi ziren herrian. Ordurarte Olentzero ikastolara bakarrik iristen zen, eta beste ikastetxeetan ez zuten honen berri. Beraz, herri osorako ikuskizuna antolatzeari ekin zioten. Joxe Marik egiten zuen Olentzeroren papera eta Agustinek gitarrarekin ongi etorria ematen zion baserritarrarera. Beraiekin batera Xixuko ahatea ere aritzen zen. Ekitaldian, maila ezberdinetako haurrak, banan-banan oholtzara igotzen ziren Olentzerori kantatzera.
Takolo, Pirrutx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoen sorrera (1987-1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bost urte eman zituzten Olentzeroren etorrera antolatzen. 1987an, ordea, ekitaldia luze joaten zela ikusi zuten. Horrenbeste klase oholtzara igoz eta jaitsiz, haurrak aspertzen hasten zirela. Horregatik, arintze aldera, pailazoak sartzea erabaki zuten eta Takolo, Pirrutx eta Porrotx sortu ziren.
Kasete batean Imanol Urbietaren lau abesti grabatu zituzten eta ikastetxeetan banatu zituzten haurrek ikas zitzaten. Horrela pailazoen Olentzerori bihurrikeriak egiten zizkioten, eta esketx eta esketx artean haur guztiekin batera lau kantak abesten zituzten. Ikuskizun laburragoa eta dibertigarriagoa egin zuten.
Lehenengo emanaldia 1987ko abenduaren 24an eman zuten Lasarte-Oriako Zamaburu plazan. Takoloren papera Joxe Mari Agirretxek egin zuen, Pirrutxena Patxi Sanzek eta Porrotxena Agustin Mujikak. Donostiako Gros auzoko Angelita dendan traje luze batzuk egin zituzten eta horiek jantzi zituzten.[2]
Pailazo taldea egun baterako sortu zen berez, baina 6 hilabete geroago, 1988ko maiatzan, Euskararen II. maratoia antolatu zen Lasarte-Orian, bertan beste emanaldi bat eskaintzeko eskatu zieten pailazoei, eta hauek baiezkoa eman zuten. Bigarren saio horretarako, ordea, Takoloren eta Porrotxen paperak aldatu zituzten. Joxe Marik ez zuen ongi abesten eta Agustinek bai. Ondorioz, ongi kantatzen zuenak pailazo azkarraren pertsonaia egitea erabaki zuten, eta ordutik aurrera Agustin Takolo izan zen eta Joxe Mari Porrotx. (Euskararen maratoi honetan Aiora Zulaikak, gaur egungo Pirritxek, 11 urte zituen eta herriko txistulari taldearekin txistua jo zuen. Pailazoen emanaldia ikusi zuenean, handitan pailazo izan nahi zuela erabaki zuen. 11 urte geroago, 1998an, sartu zen pailazo taldean).
Bi emanaldi horiek eskaini eta AEKren dei bat jaso zuten Usurbildik emanaldi bat eskaintzeko. Han ere ikuskizuna burutu zuten eta pixkanaka-pixkanaka herriz herri zabalduz joan ziren Euskal Herri osora iritsi arte.[3]
Hasierako saio horietan oraindik ez ziren aktoreak, euskaltzaleak ziren. Beraz, lotsa eta beldun pixka batekin ateratzen ziren saioa egitera. Lanean hasi aurretik patxaranari trago bat eman eta zezenak bezala, zuzen-zuzen ateratzen ziren publikoari begiratu ere egin gabe.
Hasiera horietan Takolok gitarra bat eramaten zuen eta zuzenean abesten zuten.[4] Hala ere, ez zeukaten euskarri musikalik. Musikak ez zuen garrantzia handirik beraien lehen saioetan, eta ikuskizunak esketxetan oinarritzen ziren.
Lehenengo diskoak eta bideoa (1992-1994)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bost urte herriz herri ibili eta gero, mugarria izan zen 1992. urtea. Urte horretan beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Hau umorea. Abesti gehienak Imanol Urbietarenak ziren, eta berari eskeini zioten lehenengo disko hau.[5] Hortik aurrera, saioetan musikari garrantzia handiagoa ematen hasi ziren. Emanaldietan diskoetako abestiekin playback egiten hasi ziren.
Urte berean, Agustin Mujika, Zaldibiara joan zen bizitzera eta taldea "Lasartear-goierritar" bihurtu zen. Ikuskizunaren entseguak ere Zaldibian egiten hasi ziren, kultur etxeko dantza-gelan eta antzokian. Beraien almazena eta lokala ere herrian zuten.[6]
Lehen diskoa atera eta beraien saioek oinarri musikala beharrezkoa zutela jabetu ziren. Orduan, Ordiziako Musika Eskolako irakaslea, Oneka Garmendia, ezagutu zuten, eta beraiekin elkarlanean aritzea proposatu zioten. Honek baietz erantzun eta musika eskolako haurren laguntzarekin Beti martxan (1993) eta Ongi bizi (1994) diskoak kaleratu zituzten.
Oneka askotan haserretu egiten zen pailazoekin, izan ere, garai hartan dena presaka egiten zuten eta hiru aste lehenago pasatzen zizkioten haurrek ikasi beharreko kantak. Hamabost abesti inguru ikasi behar izaten zituzten hiru astetan, gero diskoa grabatzeko. Haurrek egun osoa estudioan ematen zuten eta neka-neka eginda amaitzen zuten. Hala ere, denek hurrengo urtean bueltatu nahi izaten zuten.
Azkeneko disko hau eta gero, 1994an, lehenengo aldiz ikuskizun bat grabatu zuten: Kokororikoko. Ordutik aurrera, ikasturtero ikuskizun bat sortu eta grabatzen hasi ziren (gaur egun oraindik segitzen dute).
Pirrutxek taldea utzi (1994-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urte berean etorri zen hurrengo aldaketa. Patxi Sanz (Pirrutx) Zubietako lanbide eskolan lanean hasi zen eta pailazo lanak denbora asko eskatzen zuenez, taldea utzi behar izan zuen zazpi urte eta gero. Hala ere, pailazo taldeak aurrera segitu zuen eta Ainhoa Beristain zaldibiarrak bete zuen Pirrutxen papera. Hilabete batzuetan emakume batek bete zuen gizonezkoaren pertsonaia.
Agustin, Patxi eta Joxe Mari hezkuntza mundutik zetozen, baina Ainhoak lau urte zeramatzan antzerkia egiten eta ikuspegi berri bat sartu zen taldean.[7]
Takolo, Pirritx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pirritx iritsi (1995-1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ainhoa Beristain taldera iritsi zenez, 1995ean Pirrutxen pertsonaia desagertu eta Pirritx sortzea erabaki zuten.
Ainhoak bete zuen pertsonaia hori hurrengo hiru denboraldietan eta hiru ikuskizunetan parte hartu zuen: Kili-kili (1995-1996), Tantaka Yotanka (1996-1997) eta Makarroiak (1997-1998).
Pailazo taldea pixkanaka handitzen ari zen eta goierritar asko izan ziren, Ainhoa Beristain bezala, era batera edo bestera lagundu zutenak. Taldea handitu zen, baina herrikoitasuna ez zuten galdu. Gertukoak izaten eta ikuskizun handiak zein txikiak eskaintzen jarraitu zuten. Takoloren gitarrarekin hasi eta pixkanaka sormena lantzen eta gidoi hobeagoak lortzen joan ziren. Arropak eta dekoratuak ere beraiek egiten zituzten inguruko jendearen laguntzarekin.
Pirritx 'berria' (1998-2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiru denboraldi eta gero, 1998an Ainhoa Beristainek taldea utzi eta Aiora Zulaikak bete zuen bere tokia. Aiora, ordurako pailazo taldean zebilen Ainhoaren ordezkapenak eta pertsonaia txikiagoak egiten (esaterako Perez sagutxoa edota Maritxu izeba). Orduan berari eskatu zioten Pirritxen papera betetzeko, eta honek onartu egin zuen. Aiora Zulaikak Pirritxen paperean ofizialki egin zuen lehenengo ikuskizuna Baserrian izan zen (1998-1999). Gaur egun ere, berak segitzen du pertsonaiaren azalean.
Zaletuen artean, txiki-txikienak Takolorengana hurbiltzen ziren. Takolo pailazo serioa eta azkarra da; irakaslearen figura egiten duena. Haurrak, beraz, txikitan irakaslearen figura horrengana gerturatzen ziren. 6-8 urteko haurrei ordea Porrotx gustatzen zaie, bere bihurrikeriak atsegin dituzte. Eta Pirritxen zaletuak mota guztietakoak dira. Neskei asko gustatzen zaie Pirritx.
Hurrengo ikuskizunak Plisti plasta (1999-2000), Parrandan (2000-2001) izan ziren.
Bihurrikerietatik heztera saltoa (2001-2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoen lehenengo urteetako helburua haurrak euskaraz entretenitzea zen eta urte asko zeman zituzten bide horretatik. Orduan jabetu ziren, haurrek beraiek imitatzen zituztela eta pailazoak eredu ere bazirela. Horregatik bihurrikeriak egiteaz gain, hezten ere lagundu behar zutela erabaki zuten.
Pixkanaka, ikuskizunetan haurrak hezteko abestiak sartzen hasi ziren. Esaterako: 1995-1996 ikasturtean Semaforo hori ("Begira alde batera eta gero bestera, kotxeak geldi daude, ni banoa aurrera..."), 1997-1998 ikasturtean Dabadabadu ("Gosaldu, bazkaldu eta afaldu ondoren beti, garbitu hortzak, ez ahaztu...")...
Hala ere, abesti solte hauez gain, ikuskizunak eta abestiak sortzerako garaian, haurrei gustatzen zitzaizkien gauzei buruzkoak egiten zituzten: inauteriak, parranda, izozkiak, lasterketak... Iturri hori ordea pixkanaka bukatzen hasi zen eta ikuskizun berrietarako ideiak agortzen joan ziren.
2001. urtea mugarria izan zen pailazoentzat. Urte horretan Takolo, Pirritx eta Porrotx Nikaraguako Somoto herrira joan ziren bisitan, eta itzultzean Aupa Kintxo! (2001-2002) ikuskizuna argitaratu zuten. Handik aurrera, gizarte-gaiak lantzen hasi ziren eta urtero emanaldi ezberdin bat sortzen. Abesti hezitzaileez gain, ikuskizun osoak bihurtu zituzten hezitzaile. Horrela, gai berri hauek askoz ere mamitsuagoak ziren eta azkarrago osatzen zituzten ikuskizunak (familia motak, homosexualitatea, etorkinak...).
Pailazoek 15 urte (2002-2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2002-2003 ikasturtean berriz, pailazo taldeak 15 urte bete zituen eta urteurrenerako ikuskizun berezia prestatu zuten: Katxiporreta!! Bertan urte horietako esketxik onenak errepikatu eta ordurarteko abestirik ezagunenak abesten zituzten.
Takolok taldea utzi (2003-2004)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hurrengo urtea izan zen pailazo hirukotearen azkenekoa. Poxpolin Marisorgin (2003-2004) emanaldiaren bira amaitu zutenean, Agustin Mujikak (Takolo) taldea utzi zuen 16 urte eta gero. 2004ko irailaren 18an izan zen Takoloren azkeneko emanaldia. Lasarte-Orian bi saio eskaini zituzten. Dena hasi zen tokian eta moduan amaitu zuen ibilbidea: bere sorterrian eta Olentzeroren etorrerarekin.
Agustin irakaslea zen, eta ezin zuen pailazo lanarekin uztartu. Horregatik, erabaki bat hartu behar eta pailazo taldea utzi behar izan zuen. Asko kostatu zitzaion erabakia hartzea eta gaizki pasatu zuen: Orain hobeto nago, baina hasieran oso triste egon nintzen, eta momentu txarrak pasatu nituen.[8] Hala ere, Goierriko haurrekin elkarlana ez zen eten eta Ordiziako, Zaldibiako, Idiazabalgo eta Legorretako haurrek parte hartzen jarraitu zuten hurrengo disko eta ikuskizunetan.
Guztira hamar urte eman zituzten Takolo, Pirritx eta Porrotx izenarekin.
Pirritx eta Porrotx[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hirukotetik bikotera + 'Maite zaitut' abestia (2004-2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Takolok taldea utzi zuenean, erabaki zuten inork ez ordezkatzea Agustin eta beste pertsonaia berririk ez sortzea. Beraz, pailazo taldea hirukotea izatetik bikotea izatera pasa zen. Hurrengo urteetan Pirritx eta Porrotx izenpean ibili ziren herriz herri.
Lau denboraldi egin zituzten bikote moduan. Patata, patata! (2004-2005), Maite zaitut (2005-2006), Mari Motots (2006-2007) eta Eskerrik asko! (2007-2008).
Etapa honetan, 2005ean Maite zaitut abestia sortu zuten izen bera zeraman ikuskizunerako. Kantak sekulako arrakasta izan zuen eta gaur egun oraindik abesten segitzen dute. Abestia beste 6 hizkuntzetara itzuli dute:
- Katalanera (2007)
- Galizierara (2009)
- Arabierara (2010)
- Sardinierara (2011)
- Ingelesera (2014)
- Kalonierara (2015)
Gainera, bi bertsio berezi ere egin dituzte:
- Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (2012)
- Eta Demode quartet taldearekin (2016)
Itxura aldaketa (2005-2006)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Garai honetan, itxura ere aldatu zuten. 2004ean, Patata, patata! ikuskizunean, Pirritxek ileordea aldatu zuen. Arrosa kolorekoa izaten segitzen zuen, baina beste estilo batekoa. Hurrengo ikasturtean berriz, 2005ean, Maite zaitut ikuskizunean, Porrotxek ere ileordea berritu zuen. Ile beltza izatetik urdina izatera pasa zen.
MariMotots iritsi (2006-2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2006ean, MariMototsen (Mertxe Rodriguez) papera sortu zuten Mari Motots ikuskizunerako. Mertxe ez zen berria taldean. Aurretik beste pertsonaia asko eginak zituen (Kintxo Barrilete, Amona Josefina, Teresa Markesa, Poxpolin marisorgin...).
MariMotots denboraldi bateko pertsonaia bakarrik sortu zuten, baina azkenean hurrengo ikuskizunean ere jarraitu zuen. 2005eko Gabonetan Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez ospitalera joan ziren haurrak bisitatzera eta bertan Ane Perez Alberdi (Ane Pirata) 17 urteko neska ezagutu zuten. Minbizia zeukan, baina sekulako indarra transmititu zien. Beraz, bisita amaitu bezain laster, Joxe Marik Mertxeri esan zion: MariMotots, datorren urtean mototsak eroriko zaizkizu.[9]
Beraz, 2007-2008ko denboraldian MariMototsen pertsonaiarekin segitu eta Eskerrik asko! saioa sortu zuten. Bertan MariMototsi mototsak erori zitzaizkion eta minbiziaren gaia landu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoek. Ikuskizun honek era guztietako kritikak jaso zituen. Batzuk onak, haurrentzat irakasgai oso ona zela esanez; eta beste batzuk txarrak, haurrentzako gai egokia ez zela esanez.
Pirritx, Porrotx eta MariMotots[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hirukotea berriro (2008-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Minbizia landu zuten ikuskizunetik aurrera, MariMotots pailazo taldean sartzea eta pertsonaia finko bezala jartzea erabaki zuten. 2008az geroztik, beraz, taldean hiru dira berriro, bi pailazo eta beraien laguna: Pirritx, Porrotx eta MariMotots.
Izen horrekin egin dituzte hurrengo ikuskizun eta disko guztiak, eta gaur egun ere horretan segitzen dute. Hurrengo lanak Piratak (2008-2009) eta Irrien lagunak (2009-2010) izan ziren.
Piratak ikuskizuna egiten ari zirela, Aiora Zulaikak taldea utzi zuen haurdun geratu zelako. Beraz, Piratak ikuskizunaren denboraldi erditik aurrera eta Irrien lagunak ikuskizunean Porrotx eta MariMotots bakarrik aritu ziren. Pirritx bideo-deien bidez agertzen zen, baina ez zen zuzenean taula gainean aritzen. Haurrei azaldu zieten Pirritx haurdun zegoela eta baserrian geratu zela Amona Josefina eta Joxepa behiarekin deskantsatzen. Guztira 16 hilabete eman zituen Aiora Zulaikak tauletatik kanpo.[10]
Pupu eta Lore + Irrien lagunen kluba (2010-2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2010ean Aiora Zulaika ama izan zen, eta urte bereko irailean lanera itzuli zen. Haurrek bazekiten Pirritx haurdun egon zela, eta, hori aprobetxatuz, ikuskizunean Pirritx ere ama izatea bururatu zitzaien. Orduan, 2010eko azaroan Ongi etorri Pupu eta Lore (2010-2011) saioa estreinatu zuten. Bertan Pupu eta Lore iritsi ziren, Pirritxen seme-alaba bikiak.
Haurrak jaiotzearekin batera, Irrien Lagunen Kluba sortu zuten. Bertan Euskal Herriko haurrek Pirritxen seme-alabak hezten laguntzea nahi zuten. Horretarako, hezteko zein balio nahi zituzten erabaki zuten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Balio bakoitzarentzat pertsonaia bat sortu zuten: Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.
Segidan, 2011-2012 ikusturtean egin zuten ikuskizuna Zazpikoloroa izan zen.
Pailazoek 25 urte + Takoloren bisita (2012-2013)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
25. urteurrena iritsi zen 2012-2013 denboraldian, eta saio berezia prestatu zuten urtemuga honetarako ere. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna eta diskoa kaleratu zituzten. Bertan Amona Josefinak 100 urte betetzen zituen eta urtebetetzea ospatzearekin batera urte guzti horietako istorioak eta pertsonaiak ere gogoratu zituzten.
Ikuskizun honetarako prestatutako diskoa ere berezia izan zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituzten ordurarte zituzten abestirik ezagunenak, eta lagun zaharrak ere itzuli ziren beraiekin kolaborazioak egitera. Diskoan haurrek abestu zuten, baina baita pailazoen sorrerako lehenego diskoan parte hartu zuten haurrek ere (dagoeneko heldututa). Ikuskizun horrekin egin zuten diskorako eta DVDrako grabatu zuten emanaldirako Takolo pailazoa ere itzuli zen bisita egitera.[11]
Gaur egun (2013-2023)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Beraien azkeneko ikuskizunak hauek izan dira: Bizipoza (2013-2014), Txo MikMak txikia (2014-2015), Amalur (2015-2016), Tipi-tapa korrika! (2016-2017), Borobilean (2017-2018), Musua (2018-2019), Bizi dantza (2019-2020), Amaren intxaurrak (2020-2021) eta Kuikui (2021-2022).
2022ko abenduaren 24an 35 urte bete zituzten pailazoek eta hori ospatzeko, 2022-2023 ikasturtean Urteak bete, abenturak bizi! ikuskizuna plazaratu zuten azkeneko urtetako abenturak eta abestiak gogoratuz.
Gaur egun, oso ezagunak dira Euskal Herri osoan, herriko jaietan, nahiz ikastetxeetan egiten dituzten emanaldiak. Urtean 120-150 emanalditik gora ematen dituzte eta beraien errekorra ikasturte batean 205 saio eskaitzea da.
Kataluniako "lehengusuak": Pitx, Potx i MariCuetes[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maite zaitut abestiak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian eta ondorioz, beste hizkuntza batzuetara itzuli zen. Bertsioen artean katalez egindakoa dago. Lax'n'Busto rock musika taldeak T'estimo molt egin zuen.
Musika taldeak pentsatu zuen Pirritx, Porrotx eta MariMototsek ongi funtzionatuko zuela Katalunian ere. Bertan oso pailazo gutxi baitago. Urtebetetze festetara joaten direnak bakarrik. Horregatik, pailazo taldeak eta Lax'n'Bustok elkarlanean, euskal pailazoen Kataluniako bertsioa sortu zuten: Pitx, Potx i MariCuetes.
Gidoia eta abestiak euskaratik katalanera itzuli zituzten eta jantziak, dekoratua eta atrezzoa Pirritx, Porrotx eta MariMototsen berak ziren.
Hirukote berri honek 2011ko ekainean eskaini zuen lehenengo saioa Katalunian eta herriz herri aritu zen oso erantzun onarekin. Kataluniako publikoak eta bertan bizi diren euskaldunek gustu handiz hartu zituzten.
Maite zaitut ikuskizunarekin aritu ziren herrialde osoan zehar eta 20 emanalditik gora eskaini zituzten. Guztira, 10.000 ikuslek baino gehiagok ikusi zuten ikuskizuna eta ia sarerra guztiak saldu zituzten.
Urtebete pasatxo aritu ziren saioak ematen eta 2012ko abenduaren 30an azkeneko emanaldia eskaini zuten Bartzelonako Poliorama antzokian.[12]
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazoek, beraien 35 urteko ibilbidean 37 disko eta 29 ikuskizun grabatu dituzte. Lehenengo musika diskoa 1992an egin zuten eta estreinekoz 1994an grabatu zuten beraien emanaldi bat.
Guztira, 439 abestitik gora grabatu dituzte.
Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Urtea | Pailazoak | Diskoa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 1992 | Takolo, Pirrutx eta Porrotx | Hau umorea | Elkar |
2 | 1993 | Beti martxan | Elkar | |
3 | 1994 | Ongi bizi | Elkar | |
4 | 1995 | Takolo, Pirritx eta Porrotx | Kili-kili | Matxinsalto (Elkar) |
5 | 1996 | Tantaka Yotanka | Matxinsalto (Elkar) | |
6 | 1997 | Makarroiak | Matxinsalto (Elkar) | |
7 | 1998 | Baserrian | Matxinsalto (Elkar) | |
8 | 1999 | Plisti Plasta | Matxinsalto (Elkar) | |
9 | 2000 | Parrandan | Matxinsalto (Elkar) | |
10 | 2001 | Aupa Kintxo! | Matxinsalto (Elkar) | |
11 | 2002 | Beti zuekin... Katxiporreta!! | Matxinsalto (Elkar) | |
12 | 2003 | Poxpolin Marisorgin | Matxinsalto (Elkar) | |
13 | 2004 | Pirritx eta Porrotx | Patata, patata! | Katxiporreta |
14 | 2005 | Maite zaitut | Katxiporreta | |
15 | 2006 | Mari Motots | Katxiporreta | |
16 | 2007 | Eskerrik asko! | Katxiporreta | |
17 | 2008 | Pirritx, Porrotx eta MariMotots | Piratak | Katxiporreta |
18 | 2009 | Irrien lagunak | Katxiporreta | |
19 | 2010 | Ongi etorri Pupu eta Lore | Katxiporreta | |
20 | 2011 | Zazpikoloroa | Katxiporreta | |
21 | 2012 | Sentitu, pentsatu, ekin! | Katxiporreta | |
22 | 2013 | Bizipoza | Katxiporreta | |
23 | 2014 | Txo MikMak txikia | Katxiporreta | |
24 - 25 | 2015 | Amalur / Euri tanta banintz | Katxiporreta | |
26 - 27 | 2016 | Tipi-tapa, korrika! / Haizearen herrira | Katxiporreta | |
28 - 29 | 2017 | Borobilean / Antzinako zuhaitza | Katxiporreta | |
30 - 31 | 2018 | Musua / Familia milakolore | Katxiporreta | |
32 - 33 | 2019 | Bizi dantza / Irri dantza | Katxiporreta | |
34 | 2020 | Amaren intxaurrak | Katxiporreta | |
35 | 2021 | Kuikui | Katxiporreta | |
36 - 37 | 2022 | Urteak bete, abenturak bizi! / Ez gara jaitsiko! | Katxiporreta |
Filmografia (Grabatutako ikuskizunak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Noiz grabatua | Pailazoak | Ikuskizuna | Non grabatua | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|---|
1 | 1994ko ekainaren 12a | Takolo, Pirrutx eta Porrotx | Kokororikoko | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | Euskal Telebista |
2 | 1995eko irailaren 23a | Takolo, Pirritx eta Porrotx | Txiztil | Anoetako polikiroldegia | Matxinsalto (Elkar) |
3 | 1996ko azaroaren 8a | Beltzi | Beasaingo Usurbe antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
4 | 1997ko martxoaren 16a | Tantaka Yotanka | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
5 | 1998ko otsailaren 7a | Makarroiak | Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxea | Matxinsalto (Elkar) | |
6 | 1999ko martxoaren 18a | Baserrian | Irungo Amaia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
7 | 2000ko ekainaren 1a | Plisti plasta | Irungo Amaia antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
8 | 2001eko maiatzaren 15a | Parrandan | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
9 | 2002ko urtarrilaren 24a | Aupa Kintxo! | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
10 | 2003ko apirilaren 3a | Beti zuekin... Katxiporreta!! | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
11 | 2004ko maiatzaren 20a | Poxpolin Marisorgin | Tolosako Leidor antzokia | Matxinsalto (Elkar) | |
12 | 2005eko apirilaren 20a | Pirritx eta Porrotx | Patata, patata! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta |
13 | 2006ko apirilaren 5a | Maite zaitut | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
14 | 2007ko urtarrilaren 10a | Mari Motots | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
15 | 2008ko martxoaren 5a | Eskerrik asko! | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
16 | 2009ko martxoaren 4a | Pirritx, Porrotx eta MariMotots |
Piratak | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta |
17 | 2010eko maiatzaren 8a | Irrien lagunak | Urnietako Sarobe antzokia | Katxiporreta | |
18 | 2011ko martxoaren 30a | Ongi etorri Pupu eta Lore | Urnietako Sarobe antzokia | Katxiporreta | |
19 | 2012ko martxoaren 6a | Zazpikoloroa | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
20 | 2013ko martxoaren 16a | Sentitu, pentsatu, ekin! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
21 | 2014ko martxoaren 8a | Bizipoza | Donostiako Victoria Eugenia antzokia | Katxiporreta | |
22 | 2015eko martxoaren 7a | Txo MikMak txikia | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
23 | 2016ko urtarrilaren 23a | Amalur | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
24 | 2017ko martxoaren 11a | Tipi-tapa, korrika! | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
25 | 2018ko martxoaren 10a | Borobilean | Tolosako Leidor antzokia | Katxiporreta | |
26 | 2019ko ekainaren 18a | Musua | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
27 | 2020ko urtarrilaren 25a | Bizi dantza | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
28 | 2021eko urtarrilaren 23a | Amaren intxaurrak | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
29 | 2022ko urtarrilaren 29a | Kuikui | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta | |
30 | 2023ko urtarrilaren 28a | Urteak bete, abenturak bizi! | Andoaingo Bastero antzokia | Katxiporreta |
Hik Hasi-ko filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Urtea | Filma | Ekoizlea |
---|---|---|---|
1 | 2000 | Zatoz jolastera! | Hik Hasi aldizkaria |
2 | 2002 | Jolasen altxorra | Hik Hasi aldizkaria |
3 | 2004 | Ilargiaren sekretua | Hik Hasi aldizkaria |
Boikotak eta zentsurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazo taldeak kritika eta boikot gogorrak jasan izan ditu eskuineko alderdien partetik. Arrazoia beraien emanaldietan euskara eta euskal kultura sustatzea, euskal presoen eskubideen aldeko adierazpenak egitea, eta Aiora Zulaika eta Joxe Mari Agirretxe ezker abertzaleko kideak izatea dira.
2001-2002 (Euskal Herria)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hainbat eragile politikok bultzatuta eta indar mediatiko boteretsuen laguntzarekin, Takolo, Pirritx eta Porrotxen aurkako kanpaina hasi zen 2001. urtean. Urte hartan, kanpaina haren ondorioz, 20 emanaldi galdu zituen pailazo taldeak.
2002an berriz, pailazoak kontratatzeko asmoa zuten elkarte askok atzera egin zuten presio politikoengatik. Udal batzuek boikota egin zieten pailazoei eta gainera, herri horietako elkarteak eta ikasteetxeak presionatu eta mehatxatu egin zituzten pailazoak kontratatu ez zitzaten (xantaia ekonomikoak eta bestelako oztopoak).
Arazo honen aurrean, 2002ko uztailaren 1ean, Takolo, Pirritx eta Porrotx Donostiako kaleetara atera ziren egoera salatzera. Beraiei babesa ematen izan ziren, besteak beste: Maialen Lujanbio (bertsolaria), Koldo Izagirre (idazlea), Agurtzane Intxaurraga (Hika), Jokin Fachado, Ramon Agirre, Arantxa Gurmendi eta Jaione Albeniz (aktoreak), Imanol Ubeda (musikaria), Txan magoa...
Hauek izan ziren boikota egin zieten adibide batzuk:[13]
- LASARTE-ORIA: Pailazoen herria da Lasarte-Oria. Bertan sortu zen taldea. Hala ere, udalak AEK diru-laguntzarik gabe utzi zuen pailazoek emanaldia eskaini zutelako. Ondorioz, AEKk antolatzen duen Korrika kulturala laguntzarik eta baimenik gabe geratu zen. Gainera, Olentzeroren jaialdia era klandestinoan egin behar izan zuten. Desfilerako udaltzain, argindar eta baimenik gabe.
- DONOSTIA: Donostiako Bagera elkarteak 10 urte bete zituen 2001ean. Horregatik, 2002ko apirilaren 13an, pailazoen emanaldi berezi bat antolatu zuten Antzoki Zaharrean, Donostiako Udalak lagunduta. Ramon Etxezarreta (PSE-EE), Donostiako kultura zinegotzia zenak ordea, pailazoak Takolo, Piritx eta Porrotx izango zirela jakin zuenean, saioa bertan behera utzi zuen. Hala ere, Bagera elkarteak aurrera segitu zuen, baina Etxezarretak egindako mehatxuekin beldurtuta, azkenean bere horretan geratu zen egitasmoa. Pailazoek ordea, ez zuten etsi eta beraien kabuz segitu zuten antolatzen. Orduan, Antzoki Zaharra alokatzea debekatu zieten eta emanaldirik egin gabe geratu ziren.
- BILBO: Bertako alkate zenak, Iñaki Azkunak (EAJ), esan zuen Takolo, Pirritx eta Porrotxek ezin zutela ez Bilbon ez beste inon emanaldirik eskaini. Horregatik, Gazte Topaguneako antolatzaileei debekatu egin zien Atxuri ikastetxea erabiltzea emanaldia egiteko. Emanaldi hau 2002ko maiatzan ziren egitekoak.
- GASTEIZ: Euskal jaien eta auzoetako jaien batzordeek Takolo, Pirritx eta Porrotx kontratatu zituzten beraien jaietarako. Gasteizko Udalak orduan, diru-laguntzen murrizketak ezarri zizkien batzorde hauei, zigor gisa. Gainera PSOE-PPko agintariek publikoki "terroristak" eta "proetarrak" deitu zieten pailazoei.
- EZKERRALDEA: Sestaoko, Barakaldoko, Santurtziko eta beste herri batzuetako udalek horri horietako antzokiak erabiltzea debekatu zieten bertako ikastetxeei. Beraz, pailazoek ikastetxeetan bertan egin behar izan zituzten emanaldiak.
- IRUN: Irungo AEK-k ikasturte amaierako jaialdia egin nahi izan zuen pailazoekin, Amaia antzokian. Baina Fernando San Martin (PSE-EE), kultura zinegotziak horren berri izan zuenean, antzokiaren erabilera ukatu zion elkarteari. Beste aukerarik ezean, saioa 2002ko maiatzaren 19an egin zuten Hondarribian eta sekulako arrakasta izan zuen. 1000 ikusle joan ziren eta 200 sarrerarik gabe geratu.
- ERRENTERIA: Langaitz ikastolak 25 urte bere zituen 2001ean. Hori zela eta Beraungo frontoian Takolo, Pirritx eta Porrotxek ikuskizuna eskaini behar zuten. Udalak ordea, frontoia erabiltzeko baimena atzera bota eta saioa eskaini gabe geratu ziren.
- ATARRABIA: Lorenzo Goikoa ikastetxe publikoak pailazoen emanaldi bat antolatu nahi izan zuen. Atarrabiako alkateak, Alfonso Ukar Zaratiegi (UPN), ordea, herriko frontoia, kiroldegia eta plaza erabiltzea debekatu zien. Ondorioz, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolan egin behar izan zuten saioa.
2013 (Euskal Telebista)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urte honetan Txirri, Mirri eta Txiribiton beteranoek erretiroa hartu zuten eta ondorioz, Euskal Telebista pailazorik gabe geratu zen. Egoera horren aurrean, telebistak Pirritx eta Porrotx kontratatzeko aukeran pentsatzen hasi zen ETB 3rako.
Orduan, Carlos Urkijok (PP), Espainiako Gobernuaren Euskal Herrian zuen ordezkariak, idatzi bat egin zuen pailazoak ez kontratatzeko eskatuz. Bertan idatzi zuen Joxe Mari Agirretxe eta Aiora Zulaika Lasarte-Orian zinegotzi izan zirela Batasuna alderdiarekin eta ondorioz, ETArekin lotura zutela.
Pirritx eta Porrotxek zabaltzen duten mezua distortsionatuta dagoela esan zuen eta Iñigo Lamarca, arartekoari, idatzi bat bidali zion adin txikikoen eskubideak zaindu zitzan.[14]
Euskal Telebistak ez du sekula pailazo taldea kontratatu programarik egiteko. Ez iskanbilaren aurretik, ezta ondoren ere.
2019-2020 (Nafarroa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- IRUÑEA: Pirritx, Porrotx eta MariMototsek Bizi dantza ikuskizuna eskaini behar zuten 2019ko azaroaren 29an, Iruñeko Baluarte jauregian. Bertako alkateak, Enrique Mayak (UPN), ordea, ez zuen nahi hauek bertan emanaldia eskaintzea, ideologia kontuengatik. Esan zuenez, bera alkate den bitartean Pirritx, Porrotx eta MariMototsek ez dute bertan emanaldirik eskainiko.
- Horregatik, hilabete bat lehenago, urrian, berrikuspena txosten bat egiteko eskatu zuen (oso ezohikoa dena). Txosten horren ondoren, pailazoei esan zieten kontratua baliogabea zela eta ondorioz emanaldia bertan behera utziko zutela.
- Iñigo Santxo, pailazoen abokatuak ordea, kontratua ongi egina zegoela esan zuen. Urtebete lehenagotik itxita zegoen data eta Maider Belokik, kulturako zinegotziak, sinatu zuen hitzarmena. Kasua beraz, Nafarroako Kontseiluaren eskuetan geratu zen.[15]
- Nafarroako Kontseiluak pailazoei eman zien arrazoia, baina ordurako abendua zen eta ondorioz, emanaldia egin gabe geratu zen.
- Pailazoek ordea, ez zioten uko egin Iruñean saioa egiteari eta beraien kabuz Anaitasunan antolatu zuten ikuskizuna. Alkatearen nahiaren kontra egin zuten saioa eta sekulako arrakasta izan zuen. 2.500 ikusle inguru bildu ziren pailazoak ikustera.[16]
- LIZARRA: 2020ko otsailaren 5ean pailazoak emanaldia ematekotan ziren Lizarrako Lizarreria kiroldegian. Dena prest zeukaten, baina azkeneko momentuan, bertako alkateak, Gonzalo Fuentesek (Navarra Suma) baimena kendu zien bertan ekitaldia egiteko. Antolatzaileak orduan, beste toki baten bila hasi ziren eta Remontival pilotalekuan egitea erabaki zuten. Astebete eskas falta zen emanaldirako eta alkateak, bigarrenez, baimena ukatu zien.
- Lizarran ezin izan zuten emanaldia egin eta azkenean, ondoko herriak, Oteitzak luzatutako eskaintza onartu behar izan zuten. Emanaldia otsailaren 5ean burutu zen, baina alboko herrian, Iturtxipia kiroldegian.[17]
Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Anekdotak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Pailazoen hasieratan tortillaren esketxa egiten zuten. Takolok arrautza airera bota eta ez zen puskatzen. Gero Porrotxek beste bat bota eta hau puskatu egiten zen. Trikimailu hori egiteko, Agustinek arrautza bat egosi egiten zuen eta errotulagailuarekin markatu, eta gainontzekoak egosi gabe uzten zituen. Pailazoek ordea, ez zekitena zen, garai hartan plastikozko arrautzak saltzen zituztela.
- Pailazoen hasieran, 1987 urte inguruan, Bolibarreko apaizak deitu zien pailazoei. Herriko baserri bat erre zela eta dirua biltzeko ikuskizun bat emango ote zuten. Baietz esan eta ikuskizunaren aurretik apaizak sekulako bazkaria prestatu zien, ardo eta guzti. Ardo zuria, gorria, patxarana... Gehitxo edan eta taula gainera atera ziren gero. Esketx batean, pailazo batek besteari kolpe bat eman eta besteak geldi-geldirik geratu behar zuen, estatua bat bezala. Baina ezin geldirik egon eta balantzaka hasi zen. Lotsatuta alde egin zuten handik.
- Behin Nafarroan, Areson, ikuskizun bat eskaintzen ari zirela, arrautzak puskatzearen esketxa egin zuten. Takolo eszenatik ateratzen zen eta bitartean Pirritxek eta Porrotxek arrautzak puskatzen zituzten malabarismoak egiten. Orduan: "Arrautzarik gabe gelditu gara eta Takolo segituan etorriko da!" Momentu horretan, publikoko 12 urte inguko haur bat ziztu bizian altxa eta baserrira joan zen. Berehala itzuli eta dozena bat arrautza eman zizkien pailazoei. Esketxaren amaiera inprobisatu behar izan zuten.[18]
Istorio hunkigarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Guraso batek Joxe Mari Agirretxeri kontatu zion bere semea ospitalean koman zeukala eta esnatzera zihoanean, medikuak esan ziola zerbait galdetzeko. Erantzun errazeko zerbait galdetzeko, ea nola erreakzionatzen zuen ikusteko. Orduan amak galdetu zion: "Nola esaten du Porrotxek?" Eta haurrak erantzun zion: "Katxiporreta!".
- Ameriketako Estatu Batuetako Boisen haur bat zegoen ordura arte euskaraz hitz egin nahi izaten ez zuena. Behin, pailazoekin motibatuta, euskaraz hizketan hasi zen.
Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Pailazoek beti euskaraz egiten dituzte saio guztiak. Hala ere, kanpora joan izan direnean eta kasu berezietan, beste hizkuntzetak erabili izan dituzte. Nikaraguara joan zirenean gaztelaniaz egin zuten. Kuban izan zirenean berriz, gaztelaniaz baina kubatar azentuarekin. Eta Etiopian euskaraz, bainatigrinerara itzultzeko itzultzaile batekin.[19]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Alex Tetuan pailazoa jubilatu da, baina erretiratu ez» EiTB.
- ↑ «30 urte Takolo, Pirrutx eta Porrotxen sorreratik» Kulturklik.
- ↑ «Takolo' Lasarterako sortu zen, baina Euskal Herri osorako balio du» Txintxarri.
- ↑ «Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezi elkarrizketa» Argia.
- ↑ «Lasarteko pailazoek 25 urte» Berria.
- ↑ «Takolo, Pirritx eta Porrotxen 25 urtetako ibilbidea» Goiberri.
- ↑ «Takolo, Pirritx eta Porrotxi elkarrizketa 1996an» Hik hasi.
- ↑ «Agustin Mujika Takolori elkarrizketa» Berria.
- ↑ «MariMototsi mototsak erori eta pirata zapia jantziko du» Gara.
- ↑ «Aiora Zulaikari elkarrizketa ama izan eta gero» Galtzaundi.
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMototsek 25 urte» Diario Vasco.
- ↑ «Pitx, Potx i MariCuetes Bartzelonan» El periodico de Catalunya.
- ↑ «2001-2002an pailazoek jasotako boikot eta zentsura kasuak» Euskaldunon Egunkaria.
- ↑ «Urquijok ETBri eskatzen dio ez kontratatzeko Pirritx eta Porrotx» Gara.
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMototsek ez dute emanaldirik eskaniko Baluarten» EiTB.
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMototsek Anaitasunan emanaldia eskaini dute zailatsun guztien gainetik» Noticias de Navarra.
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMotots baimenik gabe Lizarran» Noticias de Navarra.
- ↑ «Arrautzak puskatzen segitu dute» Gara.
- ↑ «Pirritx, Porrotx eta MariMototsek Katalunian eta beste hizkuntzetan» Txintxarri.