Txirri, Mirri eta Txiribiton
Txirri, Mirri eta Txiribiton | |
---|---|
![]() Txirri, Mirri eta Txiribiton 2018an. Ezkerretik eskuinera: Kattalin Ansorena (Mirri), Juanma Zaldua (Txiribiton) eta Peru Ansorena (Txirri). | |
Datuak | |
Jatorria | Donostia (Gipuzkoa) |
Urteak |
1972ko martxoaren 25a - gaur egun (48 urte) |
Taldekideak | |
Peru Ansorena Kattalin Ansorena Juanma Zaldua | |
Informazio gehigarria | |
www.txirrimirrietatxiribiton.eus |
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskaraz aritzeko sortu zen lehenengo pailazo taldea da. 1972ko martxoaren 25an eman zuten beraien lehenengo emanaldia Donostian. Berrogei urtetik gora daramatzate taula gainean eta Euskal Telebistako pailazoak izan dira urte luzez. Oso ezagunak dira Euskal Herrian.
Hiru pailazoak xelebreak dira eta bakoitzaren nortasuna ondo definituta dago. Pailazoen eskema klasikoa jarraitzen dute: Txirri azkarra, jakintsua eta dotorea da. Mirri berriz bihurria; inbidiatsua, harroxkoa eta zirikatzailea. Eta Txiribiton pailazo inozoa; ogi pusketa, gozoa, samurra eta adiskide leiala.
Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egungoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Hasierakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Urtez urteko bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Txirri, Mirri eta Txiribiton gazteak ezagunak badira ere, urte batzuk lehenago beraien gurasoak hasi ziren pailazo lanetan. Hasiera haietan Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin hasi ziren.
Aktorea | 1972-1977 | 1978-1983 | 1984-1989 | 1990-1995 | 1996-2001 | 2002-2007 | 2008-2013 | 2014-2020 | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Xabier Otaegi |
Kixki | Txirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jose Ignazio Ansorena |
Mixki | Mirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Andoni Ezeiza |
Kaxkamelon | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Txema Vitoria |
Txiribiton | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Mikel Otaegi |
Txirri junior |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Kattalin Ansorena |
Mirri junior |
Mirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Fernando Ruiz |
Txiribiton junior |
Txirri junior |
Txirri | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Juanma Zaldua |
Txiribiton junior |
Txiribiton | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Peru Ansorena |
Txirri |
Taldearen bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kixki, Mixki eta Kaxkamelon[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sorrera (1972-1977)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Andoni Ezeiza Donostiako Parte Zaharreko Kresala elkartean euskara sustatzeko lanetan hasi ziren 1970eko hamarkada hasieran. Jolasak, lehiaketak, antzerkia, txokolatadak... antolatzen zituzten. Behin ordea, 1972an, umeentzat euskarazko ikuskizunik ez zegoela ikusi, eta hutsune hori betetzeko asmoz, pailazo taldea sortu zuten: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.[1]
Pailazoak sortzerako garaian, eskema klasikoa erabili zuten: pailazo azkarra (Kixki), lehenengo inozo eta bihurria (Mixki) eta bigarren inozo eta lasaia (Kaxkamelon). Izenak asmatzeko berriz, Donostian haurrek zozketa egiteko erabiltzen zuten abesti batean oinarritu ziren:
Xabier Otaegik egiten zuen Kixkiren pertsonaia, Jose Ignazio Ansorenak Mixkirena eta Andoni Ezeizak Kaxkamelonena. Beraien lehenengo emanaldia 1972ko martxoaren 25ean eman zuten Donostiako Kresala elkartean, 18-19 urte zituztela.
Pako Etxebeste apaizgaiaren laguntzaz hasi ziren haurrak gozarazteko, pailazo lanetan. Pakok lehendik pailazo lanak egiten zituen, gaztelaniaz eta asko lagundu zien hasieran. Gidoi batzuk eman eta ideia ere eskaini zizkien.
1974ko urtarrilean Xabier Otaegi soldaduskara joan zen Afrikako Ceutara eta urtebetez, Pako Etxebestek bete zuen Kixkiren papera. Aurrerago, Xabier bueltatutakoan ere, noizean behin egin izan zituen Mixki eta Kaxkamelonen pertsonaiak laguntza behar zutenean. Xabier 1975eko martxoan itzuli zen soldaduskatik eta gogor segitu zuten berriro lanean. Geroz eta emankizun gehiagotarako deitzen zieten eta urte horretan 30 saio eskaini zituzten Euskal Herri osoan barrena.
1975ean, Herri Gogoa disketxearekin beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Kixki, Mixki ta Kaxkamelon. Argitaratu ordea, aurrerago, 1976an egin zen. Diskoak arrakasta izugarria izan zuen eta orduan egin zuten famatu hain ezaguna den Pintto-pintto abestia.
Urtetik urtera hobetzen (1977-1981)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1977tik 1981era bitarteko martxa antzekoa izan zen. Urtean behin ikuskizuna berritzen zuten, Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu eta gero herriz herri zabaltzen zuten. Garai honetan, beste pailazoen esketxak imitatzeari utzi eta beraien gidoi propioak asmatzen hasi ziren. Saioak ere ugarituz joaten ziren urtetik urtera.
1982an hamar urte bete zituen pailazo taldeak eta ospatzeko saio berezia eskaini zuten apirilaren 4ean Donostiako Antzoki Zaharrean. Gainera, urte berean, bigarren diskoa kaleratu zuten Trikitraka Trikitron.
Taldearen krisia eta amaiera (1981-1984)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hurrengo urteetan Xabier Otaegik eta Jose Ignazio Ansorenak Andoni Ezeizarekin zuten harremana hozten joan zen eta 1984ko urtarrilaren 20an beraien azkeneko saioa eman zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurerrago, beraen arteko erlazioa okertzen joan eta haserretu egin ziren. ekainaren 6ko iluntzean, Xabier eta Jose Ignaziok Andoniri esan zioten ez zutela berarekin taldean jarraitu nahi eta honek uztea erabaki zuen.
Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek 13 urte eman zituzten Euskal Herri osoan barrena beraien saioak eskaintzen. Lehenengo urte horietan guztietan zentimorik ere kobratu gabe ibili ziren. Saioetako gastuen dirua bakarrik eskatzen zuten, beraientzat irabazirik lortu gabe.
Txirri, Mirri eta Txiribiton[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1983 amaieran Martin Ibarbia ekoizleak Xabier eta Jose Ignaziori deitu zien Euskal Telebistarako lan bana eskatzeko: Xabierri Donostiako haur danborradaren erretransmisioa egitea eta Jose Ignaziori Euskadiko Orkestrak eman behar zuen saio berezia aurkeztea. Bi eskeintzak bete eta ondoren hirugarrena etorri zen: 1984-1985 ikasturtean astero emitituko zen pailazo saio bat egitea haurrentzako. Saioaren iraupena pailazoen eskutan utzi zuten, ordu erdi edo ordubete. Hauek ordu erdi laburregia izango zela eta astero ordubeteko saioa egitea erabaki zuten.
Ordurako Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek beraien azken saioa emana zuten eta taldea eraberritu behar izan zuten telebistarako. Izena aldatu eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasa ziren. Xabier Otaegik egiten zuen Txirrirena, Jose Ignazio Ansorenak Mirrirena eta Txiribitonena egiteko berriz, Txema Vitoriari deitu zioten. Txemak aurretik ordezkapen batzuk eginak zituen eta noizbehinka pailazoekin antzeztu izan zuen.
Pailazoen izenak aldatu zituzten, baina pertsonaien izaera ez: pailazo azkarra, inozo bihurria eta mutu bihotz onekoak izaten segitzen zuten. Estetika ordea, aldatu zuten. Jantzi berriak zituzten (Mari Karmen Yuberok egindakoak) eta aurpegiko makilaia ere berriro diseinatu zuten (Karmele Soler eta Amaia Bontigi, Euskal Telebistako makilarien eskutik).
Don Don Kikilikon (1984-1988)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Telebistako programa hark Don Don Kikilikon izena zuen eta lehenengo emisioa 1984ko abenduaren 22an izan zen. Orduan hasi ziren ezagun egiten "puxtarri" hitza puntuak esateko, "Tortolika" hegazkina, "Amona Martxelon"... Lehenengo denboraldian hogeita bost atal grabatu zituzten eta denek egitura berdina zuten: pailazoen agurra eta eszena komikoa, abestia, Debuluzon lehiaketa, Amona Martxelonen ipuinak (Aizpea Goenagak egiten zuen Amona Martxelonena eta Aitona Martxelonena Paco Sagarzazuk); Tortolikaren bidaiak eta amaitzeko beste abestia (zuzeneko orkestra zuten Xabier Lizasok zuzenduta).
Don Don Kikilikonen bigarren denboraldian aldaketa nabarmenak izan ziren, 1985-1986 ikasturtean. Txanda honetan beste berrogei atal egin zituzten eta gidoilaria hartu zuten: Andoni Egaña. Ordura arte Xabier eta Jose Ignazio ziren gidoiaz arduratzen zienak. Gainera, Jaime Otamendi ere lantaldera batu zen koordinatzaile lanetan eta dekoratu berria egin zuten. Garai honetan hasi ziren chroma key teknika ere erabiltzen.
Bigarren denboraldia amaitzeko, Euskal Telebistak zuzenean eman zuen lehenengo emankizuna egin zuten. Zarauzko kiroldegitik zuzenean emititu zuten denboraldiko azkeneko saioa 3.000 haurren aurrean.
Hirugarren denboraldian, 1986-1987an, beste berrogei atal grabatu zituzten eta 100. atalera iritsi ziren. Esketx gehiago egiten hasi ziren eta Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilari lanetan hasi ziren. Gainera, Debuluzon lehiaketak tamaina handiagoa hartu zuen eta proba berriak egin zituzten. Denboraldi honetan saio bereziak ere egin zituzten: jubilatuekin, adimen urrituekin eta zuzeneko bi emanaldi Bilbotik eta Gasteizetik.
Guztira lau denboraldi egin zituzten 1984 eta 1988 urteen artean.
Berriro herriz herri (1986-1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lau urtez aritu ziren saioa egiten, 1984tik 1988ra arte. Telebistak lan asko eskatzen zuen eta lehenengo urteetan herriz herri ibiltzeari utzi zioten. Hala ere, 1986an, telebistako lana eta antzerkikoa uztartu eta berriro herrietara joaten hasi ziren, garai batean egin zuten bezalaxe. Hauek izan ziren hurrengo urteetako antzezlanak: Sorginaren kobazuloan (1986), Galtza lapurra (1987), Pantera beltza (1988-1989), Patxistein doktorea (1990-1991), Melokotonio eta olinpiadak (1992-1993) eta Xaguxarroski kontea (1994-1995). Hurrengo ikasturtean, 25. urteurrena bete zuten eta ospatzeko, beraien saiorik kuttunena errepikatu zuten: Pantera beltza (1996-1997). Aurrerago berriz, Barre egin (1998).
Funtzioa (1989-1991)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lau urtez Don Don Kikilikon egin eman ondoren, nekatuta zeuden pailazoak eta telebista mundua uztea erabaki zuten. Orduan azkeneko saioaren grabaketaren ondoren, agur modura show bat egin zuten Miramongo bulegoetan. Ikuskizun hura Mikel Lejarzak ikusi eta Euskal Telebistarako helduentzako saio bat egiteko eskatu zien Xabier Otaegiri eta Jose Ignazio Ansorenari. Behin baino gehiagotan esan zuten ezetz, baina azkenean, horrenbeste aldiz eskatu eta gero onartu egin zuten eskaria. Orduan Funtzioa sortu zuten, Xabier eta Piterren show-a. Ostiral iluntzetan, zuzenean ematen zen helduen umore saioa.
Arrakasta handia izan zuten eta hiru denboraldi egin zituzten (1989ko ekainetik otsailera, 1989-1990 denboraldia eta 1990-1991 denboraldia). Guztira 141 saio. Programa honetako hiru ataletan (Eguberrietako berezi batean, pailazoei eskainitako berezi batean eta haurrei eskainitako berezi batean) Txirri, Mirri eta Txiribiton ere agertu ziren.
Jaialdi handiak (1990-1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Funtzioa burutzeko enpresa bat sortu zuten: Ikuskin S.L. Bertan sartu zuten IZ disketxeko Fernando San Jose ere. Hurrengo urteetan enpresak hark antolatu zituen Txirri, Mirri eta Txiribitonen proiektu guztiak. Enpresarekin egitura handiko jaialdiak antolatzeko erraztasuna hartu zuten eta hainbat egin zituzten hurrengo urteetan. Garrantzitsuenetakoak bi.
- 1990eko uztailaren 15ean, Donostiako Belodromoan, Euskaldunon Egunkariaren alde egindakoa. Adiskide zuten Joxe Miel Zumalabek eta Egunkaria Sortzen taldeak eskatuta, Euskaldunon Egunkariaren alde ia 15.000 mila ikusle bildu zituzten. Jaialdi hartarako Zapi zuria abesti famatua egokitu eta Egunkaria aurrera bihurtu zuten. Hark eman zion abiada Euskaldunon Egunkariaren egitasmoari, gaur egun Berria denari.
- Gasteizko Araba Arenan (gaur egun Buesa Arena deitua) 1997ko abenduaren 18an egin zutena: egun bakar batean, goiz eta arratsaldeko funtzioetan, 8.000 haur baino gehiagoren aurrean aurkeztu zuten saioa.
Txirri, Mirri eta Txiribiton telebistan (1993-1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1993an berriro ere ETB 1era itzuli ziren pailazoak. Txirri, Mirri eta Txiribiton izeneko saioa egin zuten. Ordubeteko 24 atal grabatu zituzten eta gero, momenturik onenen bildumekin beste 11 saio sortu zituzten. Hauetan ere beti egitura berdina zen: Agurra, abestia eta esketxa; Kinkirrinera izeneko atala (haurrek kantatzeko); Jolasean ze arraio! (jolasteko); Allakuidaos atala (eztabaidarako); abestia; pasadizoak eta Azkenputz.
Atal hauetan, behin baino gehiagotan, Xabierren eta Piterren seme-alabek (Mikel Otaegi, Patrizia, Kattalin eta Peru Ansorena) pailazoen haurtzaroko irudiak antzeztu izan zituzten. Pailazo diskoaren azalean, esaterako, Mikel, Kattalin eta Patrizia ageri dira (hamar urte geroago, 2003an, hauek izan ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren paperak egin zituztenak eta gaur egungo pailazo ofizialak).

Barre busa (1999-2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Milurtekoa amaitzeko Barre busa telebista saioarekin jarraitu zuten telebistan (1999 eta 2001 artean). Telebistan lan egitea eta herriz herri ibiltzea ez ziren bateragarriak eta beraz, saioan berrikuntza bat sartzea erabaki zuten. Barre busa telebistako estudio batean grabatu beharrean, herrietako antzokietan egin zuten. Horrela, telebistako saioa grabatzeaz gain, Euskal Herria zeharkatzen zuten herriz herri. Programa asteroko ematen zuten eta ordubeteko iraupena zuen.
Horrela jarraitu zuten, telebistako saioak egiten herriz herri, hurrengo urteetan ere. Barre busa, Altza porru! eta Trikitraka Trikitron saioetan.

Altza porru! (2001-2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2001-2002 ikasturtean izan zen Txirri, Mirri eta Txiribitonen 30. urteurrena.
Ikasturte horretan, Barre busa utzi eta Altza porru! saioa egin zuten telebistan. Hau ere asterokoa eta ordubeteko iraupenarekin. Ondorengo urteetan pailazoen telebistako etsai izango zen Kakusai, lehen aldiz, denboraldi hartan agertu zen.
Altza porru! izeneko diskoa ere kaleratu zuten.
Trikitraka Trikitron + Juniorrak (2002-2010)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002 amaieratik 2010era arte, programa estilo beretsuarekin segitu zuten, baina izena aldatuta. Herriz herri joaten ziren astero-astero Pelipe izeneko trenean. Saioak Trikitraka Trikitron izena zuen eta ordubete irauten zuen. Urtero aldaketa txikiak sartu zituzten, hobetzen jarraitzeko asmoarekin.
Programa egiteko pertsonaia askoren laguntza izan zuten: Moro katua, Kakusai, Kakusina, Graxiana sorgina, Juanita detektibea, Elvi sabeliztuna, Txan magoa, Marsel magoa, Maitane, Pepitto eta Matixa.
2003-2004 denboraldian Txirri, Mirri eta Txiribiton junior izeneko pailazo gazteen taldea martxan jarri zen. Mikel Otaegi (Xabierren semea) zen Txirri, Kattalin Ansorena (Jose Ignazioren alaba) Mirri eta Fernando Ruiz aktorea zen Txiribiton. Herriz herri kuskizunak eskaintzen hasi ziren eta noizean behin Euskal Telebistako Trikitraka Trikitron saioan ere agertzen ziren.
2005ean, Pailazokeriak marrazki bizidunetako filma estreinatu zen zinema aretoetan.

Sagarra da apple (2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trikitraka Trikitron amaitutakoan, 2011ean, ekin zioten euren telebistako azken proiektuari: Sagarra da Apple.
Saio hau ezberdina zen aurrekoekin alderatuta. Bertan haurrak entretenitzeaz gain, ingelesa ikastea zen helburua. Saioa egunero emititzen zen eta 10 minutuko iraupena izaten zuen.
Belaunaldi aldaketa (2012-2013)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2012 urtean, Txirri, Mirri eta Txiribitonek 40 urte bere zituzten 1972an sortu zirenetik.
Data berezi hori ospatzeko, pailazo zahar eta gazteek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, 40 urteko algara izeneko emankizuna estreinatu zuten. Bi belaunaldiek batera egindako ikuskizun honekin bira bat egin zuten Euskal Herriko hiru hiriburuetan eta arrakasta handia lortu zuten.
2012-2013 urteetako Gabonetan aktore helduenek erretiroa hartzea erabaki zuten. Horretarako, Agur barrez ikuskizuna sortu eta 30 bat saio eman zituzten Euskal Herrian zehar. Ikuskizun honetan ere pailazo zaharrak eta gazteak batera aritu ziren, erreleboa ematen zietela eta euskal barrea pizturik mantentzeko lekukoa pasatzen zietela adierazteko.
Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharren azkeneko saioa 2013ko urtarrilaren 6an izan zen Igorren.
Txirri, Mirri eta Txiribiton gazteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txirri, Mirri eta Txiribiton erretiratu zirenean, juniorrek hartu zuten beraien lekukoa. Orain junior izena kendu eta beraiek bihurtu dira Txirri, Mirri eta Txiribiton ofizial eta bakarrak.
Sortu zirenetik zazpi ikuskizun jarri ditu martxan: Terapia, Dantzan, Txutxupe, Erromirria, Patxistein Doktorea, Zoro Gaitezen eta Xaguxarroski Kondea.
2020ko martxoaren 25ean 48 urte bete zituzten pailazoek.
Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Pailazo taldea beti izan da hirukotea 1974an Bergaran egin zuten emankizun batean izan ezik. Bertan, lau pailazo aritu ziren: Kixki, Mixki, Kaxka eta Melon (Jose Ignazio Ansorena, Andoni Ezeiza, Pako Etxebeste eta Iñaki Larrea apaiz-misiolaria).
- 1975ean, saioetarako bidaietan polizien kontroletan sarri zituzten arazoak errazago gainditzeko asmoz, pailazo profesionalen baimena ere atera zuten. Donostiako La Perla diskotekan egin zuten azterketa, garai hartan beharrezko baitzen Sindikatu Bertikaleko profesional txartela.
- Musikari garrantzia handia ematen zioten eta beraien saioetara saxofoia, bonbardinoa eta teklatu txiki bat eramaten hasi ziren. Bonbardinoa erosteko 100.000 pezetako kreditua eskatu behar izan zuten 1979an.
- Pailazoei hiru aldiz lehergailuak jarri zizkien poliziak. Lehenengo bietan ez zen txikizio handiegirik izan, baina bai hirugarrenean. Pailazoak ibili ziren hondakinak garbitzen.
- Beraien ibilbide luzeko porrot bakarra 1983an izan zuten, Pasai Antxon, Gipuzkoan. San Ferminetan, zezen plaza mugikorra jarri zuten eta zezenen aurretik Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek beraien ikuskizuna eman behar zuten. Taulara atera zirenean ordea, bertan haurrik ez zegoela eta gehienak helduak eta mozkorrak zirela ikusi zuten. Saioa hasi zuten eta esketx batean, Kaxkamelon eszenatokitik atera zenean, ikusle batek besotik heldu eta esan zion: ¡A ver cuándo acabáis, hijoputas!. Hura izan da amaitu gabe utzi duten saio bakarra.
- Don Don Kikilikon saioa irailean emititzen hastekoak ziren. Baina ETB oraindik sorrera fasean zegoen eta dena antolatzeko zegoen. Azkenean, data atzeratu eta lehenengo atala 1984ko abenduaren 22an eman zuten eta bigarrena abenduaren 29an.
- Don Don Kikilikoneko Hirugarren kapitulua 1985eko urtarrilaren 5ean, errege bezperan ematekoak ziren, baina ETBko langileek greba egin zuten eta grabatuta zegoen atal hori, ez zen inoiz emititu (saio horretan, ETBko zuzendaria zen Luis Alberto Aranberri 'Amatiño' agertzen zen).
- Egoera berezietan pertsonaia famatuek ere imitatu izan dituzte hiru pailazoak. Iñaki Perurenak Txiribitonen lehengusuarena egin zuen telebistako saio batean eta Xabier Euzkitzek, Iñaki Muruak eta Millan Telleriak Txirri, Mirri eta Txiribitonen pertsonaiak antzeztu zituzten Euskaldunon Egunkariaren aldeko jaialdi batean.
- Telebistako lanetan haien lantaldeetan hasi ziren gaur egun hedabideetan profesional famatu diren asko: Andoni Egaña, Jaime Otamendi, Karlos Zabala eta Eneko Olasagasti, Kike Amonarriz... Bai eta musikari maila handikoak aritu ere: Karlos Giménez, Aitor Amezaga, Iñaki Salvador, Joserra Senperena, Mixel Ducau... Aktoreen artean, berriz, aipagarri dira Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Ainere Tolosa...
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Papereko argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenb. | Urtea | Izenburua | Estiloa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 1984 | Barrezka | Txiste bilduma | Gordailu |
2 | 1986 | Ipurbeltz (105, 106, 107, 108, 109. aleak) | Komikia | Ipurbeltz |
3 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Afrikan | Liburua | Kea |
4 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton sendagilearen etxean | Liburua | Kea |
5 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton ilargian | Liburua | Kea |
6 | 1992 | Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan | Liburua | Elkar |
7 | 1992 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Afrikan | Liburua | Elkar |
8 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton herriko festetan | Liburua | Elkar |
9 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton igeltsero | Liburua | Elkar |
10 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton eskolan | Liburua | Elkar |
11 | 1997 | Zubiko zirkoa | Komikia | Ibaizabal |
12 | 1998 | Sir Endikaren eskopeta | Komikia | Ibaizabal |
13 | 2000 | Alima polita | Liburua | Alberdania |
14 | 2000 | Mendian | Liburua | Alberdania |
15 | 2008 | Irakurri eta margotu gure pailazoekin | Margotzeko + Liburua | Ttarttalo |
16 | 2008 | Zuri zorionak | Ipuina | Ttarttalo |
17 | 2008 | Jolasean, ze arraio! | Ipuina | Ttarttalo |
18 | 2008 | Pintto. Txirri, Mirri era Txiribitonekin | Ipuina | Ttarttalo |
19 | 2008 | Pintto. Txakur guztiak | Ipuina | Ttarttalo |
20 | 2011 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Olentzeroren laguntzaile | Ipuina | EiTB |
21 | 2011 | Hiru txerritxoak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
22 | 2011 | Txanogorritxo eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
23 | 2012 | Hamelingo txirularia eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
24 | 2012 | Txirri, Mirri eta Txiribiton, Aladino eta kriseilu magikoa | Ipuina | EiTB |
Bestelako produktu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
Telebistako saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea] |
Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- EITBren Iparragirre Sari Berezia (2005)
- Sabino Arana Saria (2006)
- Euskadiko Arte Eszenikoen Max Saria (2007)
- Telebistako Akademiaren Autonomi Haur Programa Onenaren Saria (2007)
- Merezimenduzko Argia Saria (2010)
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Jose Ignazio Ansorena, 'Mirri'ri elkarrizketa» Euskonews.
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen webgune ofiziala
- Trikitraka Trikitron azken ikuskizunak
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Youtubeko kanal ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Facebookeko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Twitterreko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Instagrameko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Flickreko kontu ofiziala