Afrikako erliebea nahiko horizontala eta uniformea da; goi-ordoki oso zabalak ditu, ibai-arro handiak eta mendigune bakartu batzuk. Orografiaren ikuspegitik, Afrikak 600 metroko batez besteko altuera du; hau da, Ipar Amerikaren edo Hego Amerikaren antzera, baina Asiak (950 m) baino gutxiago; hori bai, beste kontinenteek ez bezala, ia ez du 3.000 m baino gehiagoko altueran dagoen lurralderik.
Kontinenteko iparraldea eta mendebaldea, oro har, beherago dago ekialdea eta hegoaldea baino. Bestalde, kontinenterik zaharrena da eta higadura handia jasan du. Horregatik, haren mendiak ez dira beste kontinenteetakoak bezain garaiak: urak eta haizeak milioika urtetan zehar higatu dituzte.
Ekuatorea pasatzen da Afrikaren erdi-erditik. Horrek esan nahi du erdialdeko Afrika tropikoen artean dagoela eta klima beroa eta euritsua izaten duela urte osoan; tropikoen arteko lurraldeen iparralde eta hegoaldean, berriz, euri sasoia eta sasoi lehorra tartekatzen dira. Basamortuetan (Sahara, iparraldean; Kalahari eta Namibia, hegoaldean), aldiz, klima oso bero eta lehorra dago urte osoan.
Afrikako erliebe-unitate nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikan hiru motatakoak dira erliebe-unitate nagusiak:
- Goi-ordokiak: oso zabalak dira eta kontinente osoan daude, baina altuera handiagokoak dira hegoaldean; haiengatik esaten da kontinente horizontal eta uniformea dela. Batez besteko altuera handi samarra da, 750 m. Haietako batzuetan, eremu oso lehor edo aridoak daude (Sahara eta (Kalahari basamortuak)
- Mendiguneak: kontinenteko muturretan banatuta daude: Atlas mendiak ipar-mendebaldean, Rwenzori mendilerroa ekialdeko Afrika ekuatorialean (erdialdean), eta Drakensberg mendiak hegoaldean, ekialdeko kostatik hurbil. Jatorri bolkanikoa duten mendigune solte apur batzuk ere badaude kontinentearen erdialdean, Saharako basamortuan: Hoggar mendigunea, Aljeriako hegoaldean; eta Tibesti mendigunea, Txadeko iparraldean. Kontinentearen ekialdean, berriz, faila-sistema handi batek lurralde zati bat altxatu egin zuen (Rwenzori mendilerroa) eta beste bat hondoratu; lurralde hondoratu hau, Rift Harana deitua, hainbat aintzirak (Malawi, Tanganyika eta Turkana) eta zenbait ibaik (Nilo eta Zambezi) bete zuten, baita itsasoak ere (Itsaso Gorria). Sumendi ugari aurkitzen dira inguru honetan: Kilimanjaro, Kenia eta Elgon mendiak.
- Sakonuneak: erdialdeko goi-ordokietan zabaltzen dira; aipagarriak dira Kongo eta Niger ibaien arroan eta Qattara eta Affar sakonuneak.
Afrikako mendirik altuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauexek dira Afrikako mendirik garaienak:
Zb. | Izena | Herrialdea | Altuera |
---|---|---|---|
1 | Kilimanjaro | Tanzania | 5.889 m |
2 | Kenya mendia | Kenya | 5.184 m |
3 | Stanley mendia | Uganda/ KED | 5.065 m |
4 | Ras Dashen | Etiopia | 4.543 m |
5 | Meru mendia | Tanzania | 4.558 m |
6 | Karisimbi mendia | Ruanda/ KED | 4.507 m |
7 | Elgon mendia | Uganda/ Kenya | 4.321 m |
8 | Kamerun mendia | Kamerun | 4.095 m |
9 | Tubkal | Maroko | 4.167 m |
Itsasoak, ibaiak eta aintzirak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Itsasoak: Kontinentea urez inguratuta dago: iparraldean, Mediterraneo itsasoa du, mendebaldean Ozeano Atlantikoa, eta ekialdean Indiako ozeanoa eta Itsaso Gorria. Guztira 26.000 kilometroko kostaldea du.
- Ibaiak: Munduko ibairik luzeena aurkitzen da Afrikan: Nilo ibaia, Mediterraneoan itsasoratzen dena. Baina badira beste ibai luze batzuk ere: Kongo ibaia erdialdeko Afrikan; mendebaldean, Niger ibaia, Atlantikoan itsasoratzen dena; eta hegoaldean, Zambezi ibaia, Indiako Ozeanoan itsasoratzen dena. Honako hauek dira Afrikako ibai nagusiak:
Izena | Luzera |
---|---|
Nilo | 6.500 km |
Kongo | 4.800 km |
Niger | 4.200 km |
Zambezi | 3.200 km |
Senegal | 1.790 km |
Limpopo | 1.750 km |
Volta | 1.500 km |
- Aintzirak: Ekialdean dago aintzira multzo bat, Afrikako Aintzira Handiak izenaz ezagutzen direnak. Honako hauek dira: